Josu Zabaleta (2009): 'Gaueko gezurrak': Itzulpena lantegi
Gesualdo Bufalinoren Le menzogne della notte eleberriaren itzulpena dela-eta, eleberri hori itzultzea izan zen esperientziaz hitz egiteko eskatu zidan ItzulBaitak.
Aukera bat baino gehiago nuen lanari heltzeko. Bat, klasikoa, testuari lotua: jatorrizko testuaren eta testu itzuliaren arteko alderaketa bat eginez, itzulpenaren kritikari batek egingo lukeenaren modukoa nolabait; arazo- eta irtenbide-sailkapen gisako bat, testuaren maila desberdinen arabera antolatua; "zer zailtasun izan duzu eleberri hori itzultzen?" galdetu izan balitzait bezala-edo.
Horrela adierazita barregarri samarra badirudi ere, era horretako ekarpenak interesgarriak izaten dira itzultzailearentzat, beti ematen dute zer pentsatua eta zer ikasia. Beste itzultzaileek beren itzulpenak egiteko erabiltzen dituzten irizpideak, aurkitzen dituzten oztopoak, zailtasunak, gainditu behar dituzten nekeak eta aurkitzen dituzten irtenbideak eta saihesbideak, interesgarriak ez ezik, lagungarriak ere izaten dira. Azken finean, gure artean, euskal itzultzaileen artean, era askotako testuak eta hizkuntza desberdinetatik itzultzen jardun arren, badugu denok berdintzen gaituen, leku berean jartzen gaituen faktore nagusi bat: euskara. Ez dut esan nahi euskara hizkuntza gisa, bere historiaren egoera jakin batean dagoen hizkuntza gisa baizik: normalizazio-bidean baina normalizatu gabe, baliabide gutxirekin, erabiltzen den gizartean bertan ere gutxi erabiltzen den eta euskararen gaurko egoera ezaugarritzen duten beste hainbat faktorek berebiziko eragina duten hizkuntza bat, alegia. Faktore horiek guztiak hartu behar ditu kontuan itzultzaileak, eta itzultzen ari den denbora guztian egin behar ditu horien araberako hautuak.