Bakartxo Arrizabalaga (2009): 'Wilhelm Tell', Friedrich Schiller
Testuaren idazlea Friedrich Schiller aleman poeta dugu. Schiller Alemaniako Marbach herrian jaio zen 1759 urtean eta Weimar hirian hil 1805ean. Poeta, antzerkigile, historialari eta filosofo izan zen, eta Rousseau, Shakespeare, Lessing eta Klopstock idazle eta pentsalarien eragina jaso zuen.
Frantziako iraultzaren idealak bere egin zituen; alabaina, jakobinoen terrorea sortu eta iraultzak bere ametsak betetzen ez dituela ikusteak pentsarazten dio idealen lortzeko gizakia hezi beharra dagoela eta artea eta bereziki antzerkia hartu behar direla gizakien hezteko bidetzat.
Schillerek Alemaniako "Sturm und Drang" mugimenduan, hau da, erromantizismoaren aurrekari den literaturazko eta politikazko mugimenduan hartu zuen parte. Absolutismoaren pean zen Alemanian sortu zen mugimendu horrek, garai haietan indarrean zen arrazionalismoari aurre egiten dio eta sentimenduak eta emozioak goratzen ditu. Gazteen mugimendua da, garaiko autoritateen eta printzeen aurka sortua, Frantziako iraultzaren balioak gidari dituela. Askatasuna eta giza eskubideak oinarrizko balioak zaizkio mugimendu honi, bai eta ohiko balio moral burgesen errefusa ere. Ohiko bizimodu hits eta ordenatuaren ordez pasioa eta sormena dute goratzen, eta hala, mugimendu politikoaz harago, edo hori baino gehiago, literaturazko iraultza dakar.