Juan Martin Elexpuru (2012): 'Tartufo'ren itzulpenaz gogoetan
Prosan ala bertsoan itzuli, hori izan zen Tartuforen itzulpenari heltzerakoan lehenengo hartu beharreko erabakia. Nahiz eta arriskuez jabetu, bertsoarekin ausartu nintzen, txukun samar egitea lortuz gero emaitza hobea izaten delakoan. Teatro klasiko gehientsua bertsoz idatzia dago, eta merezi du neurriak eta errimak sortzen duen atsegin estetikoa irakurleari edo antzezleari transmititzen saiatzea. Neurria zen bigarren erabakia. Frantsesezko hamabi silabak hamabostera luzatu nituen itzulpenean, euskara baino hizkuntza "laburragoa" baita frantsesa. Errima, berriz, ahalik eta aberatsena, nahiz eta sarri pobrearekin konformatu behar. Zamalkadura, informazioa lekuz aldatzea eta horrelako baliabide edo trikimailuak erabili ohi dira errima, neurria eta edukia harmonia onean konpontzeko. Itzultzaileentzat egokitutako hiztegi errimatuaren beharra ere sumatu nuen. Trataera kontuekin izandako zalantzak ere hor daude: zuka, hika edo berorika, nola berba eragin pertsonaiei? Galderak gehiago soluzioak baino. Soluzioak itzulpenean daude. Irakurle zoliak esan beharko du zuzenak diren ala ez.