Iñigo Roque (2011): Duela hamazazpi urteko itzulmoldeak Julio Cortázarren 'Hegoaldeko autopista'n

«Langintza xeheki» sail honetarako ea zerbait idatziko nuen proposatu zidatenean, pentsatu nuen onena zela behialako itzulpen bat hautatzea. Hasieran, Gatsby handiari begi eman nion, orotariko iruzkin handinahi bat egin nahirik: Fitzgerald-en estilo zilarginari erreparatu; ingelesezko esaldigintza miatu; polisistemen teoriari jarraituz, liburuaren harrera ikertu leku- denbora bakoitzean (ikus Ibarluzea, 2011); Jack Clayton-en filma landu, itzulpen intersemiotikoaren alderdiak lantzeko... Pentsatze hutsak kirioak airean jartzen zizkidan. Dendarik denda bila aritu ondoan, argitaletxera idatzi behar izan nuen ea alerik geratzen zen haien biltegian, eta, hara, amaitua zegoela erantzun zidan Xabier Olarrak adeitsu. Arnasa hartu nuen lasaiturik. Olarrak esan zidan liburua berrargitaratzeko asmotan zirela beharrezko aldaketak-eta eginda, urteak ez baitira alferrik joan. Editorearen erantzuna, jabetuko garenez, ez zen hutsala izan.

Horrenbestez, langai xerka hasi nintzen berriro; oraingoan, neurrizko testu bat aurkitu nahian, testugintza berariaz aztertzeko. Etxeko liburutegira jo, eta hantxe zegoen Julio Cortázarren Cuentos completos I turkesa keinuka trebeska. «Hegoaldeko autopista» ipuina etorri zitzaidan, bri-brau, burura. Duela hamabost bat urte irakurri nuen Ereinek argitaratutako Ipuin gogoangarriak antologian (euskaraz, beraz), eta handik urte batzuetara jatorrizko erdarazkoa. Inpresio bera eragin zidaten bi testuek -hala iruditzen zait orain, bederen-, itzulia eta jatorrizkoa ez bereizteko maneran. Hori bai, lehenbiziko irakurraldiaren harridurarik gabe, Juan Luis Zabalari ere gertatu bezala:

Estreinakoz jatorrizko hizkuntzan irakurri nuenean adinako harridurarik gabe egokitu zait ipuin honen euskarazko irakurketa, baina hala ere, Markuletaren itzulpena irakurri ahala, interesez ekarri ditut berriro gogora [...]. (Zabala, 1995)

Oroimenaren zuloak berdinduak zituen bi testuak, zedarri agerikorik gabe. Sentipen horrek eta Gerardo Markuletaren ofizio ezagunak gogatu ninduten, azkenean, itzulpen hori aukeratzera, jakituria-gose denaren gisan. Nork uko egingo, gainera, Cortázarren testua xehatzeko tirriari? Hegoaldeko autobidean galduko bagina ere, ez genuke leku hoberik aurkituko galbiderako.

Irakurri ARTIKULUA