Beatriz Zabalondo (2010): 'Printzea'ren irakurketa partikularra
Makiaveloren Printzea lanaren inguruan idatzi bat egiteko eskatu zidanean EIZIEko lehendakari Arrizabalaga andereak zer idatzi behar nuen nik esan nion. Muineraino sartu zitzaidan ikara eta pentsatuko nuela erantzun nion. Burutik kendu ezin tentazioa, batetik, baina halako lan bati heltzeko bertigoa, bestetik. "Obra handitxoa dun hiretzat", entzuten nuen neure barruan. Eta, hala ere, ezin nuen ahaztu azken Euskadi Sarian epaimahaikide izan nintzenean (2009) obra honek utzitako oroitzapena. Alderdi hau gailendu zitzaidan, izua azpian utzita.
Neure barrutik idazteko baimena jaso nuenean, lasaixeago begiratu nion kontuari. Halako batean, beraz, baiezkoa eman nuen: azterketa filologiko-traduktologiko zorrotzetik helduko niola espero bazuen lehendakariak, horretarako gai ez nuela ikusten neure burua abisatuta.
Zalantzak eta osterantzekoak gaindituta, Juan Martin Elexpururen Printzea obra berriz irakurri eta hauxe da hemen partekatu nahi dudana.