Bakartxo Arrizabalaga (2010): 'Formen matxinada' edo nola itzuli ziurgabetasuna ez areagotzeko
Helduentzat euskaraturiko literaturaz ari garenean, ohartuabeki eleberriaz aritzera mugatu ohi gara, saiakera inork ez baitu literaturatzat benetan hartzen eta olerkia, aldiz, literaturegi delako edo, itzulpen saioetatik aienatua baitugu.
Saiakera literatura omen da, halere, eta saiakera baten itzulpena aztertzera ekarriz ausartu naiz, ausart jokatu duten hala idazleari nola itzultzaileari jarraia eginik, denok jakin bai baina bere osotasunean onartzen ez dugun hori plazaratzera; alabaina, aztergai liburu hau hautatuz, hala jatorrizko idazleak nola itzultzaileak eman duten erronkari erantzun beharra dut eskuartean, zeren jatorrizko testua literatura lan ez nolanahikoa badugu, are seinalagarriagoa baita, euskal letren egungo egoeran, itzultze lan ausart eta indartsu baten ondorioz sorturiko euskarazko irakurgaia. Halatan, bada, erronkaren handia kontuan harturik, jatorrizko testuaren idazleak egin ekarpen berritzailea aipatu ondoren, itzultzaileak eskainiriko lan eskerga eta are berritzaileagoaren gaineko ibilalditxoa egitera mugatuko naiz, han-hemenka agerikoen gertatu zaizkidan xehetasunak seinalatuz, gerora gogoeta sakonagoen sustatzaile izan daitekeelako esperantzan.