Euskararen eta beste hizkuntza gutxitu batzuen arteko literatura itzulia
Garazi Ugalde Pikabea

Artikulu honek euskarak literatur itzulpenaren bidez beste hizkuntza gutxitu batzuekin izandako hartu-emana du aztergai. Fenomenoa modu deskriptiboan aztertu da horretarako bereziki prestatutako katalogo bat oinarri hartuta. Azterketan itzulpen mota horren atzean dagoen zergatiari eta funtzioari eman zaio garrantzia, bai eta itzulpenak zein testuingurutan egin diren eta horrek guztiak hizkuntzen arteko harremanez ezer adierazten ote duten argitzeari ere.

Atarikoa

Euskarak literatur itzulpenaren bidez beste hizkuntza gutxitu batzuekin izan duen hartu-emanari egin nahi izan nion begiratua Euskal Hizkuntzalaritza eta Filologia Masterraren amaierako lanean1. Euskararen eta beste hizkuntza gutxitu batzuen arteko literatura itzulpena deskribatzea eta itzulpen horien zioei erreparatzea izan zen hasierako asmoa. Fenomenoa deskribatzeko datuak eskuratze aldera, lan horretarako bereziki prestatutako literatur itzulpenen katalogo bat osatu zen, eta hura hartu zen azterketaren abiapuntutzat. Bi norabideetako itzulpenak hartu ziren kontuan katalogoan, bai erdaretatik euskararakoak, bai eta euskaratik erdaretarakoak ere; eta emaitzak ikuspegi deskriptibo batetik aztertu ziren, hizkuntza bikotekako hartu-emanean oinarrituta. Aldi berean, katalogoan bildutakoak bestelako informazio- iturrietatik eskuratutako datuekin elikatu ziren. Hala, euskararen eta beste hizkuntza gutxitu batzuen arteko itzulpen jardueraren argazki orokor bat aurkeztu nahi izan zen, harreman horiek nolakoak izan diren, zein testuingurutan gauzatu diren eta zein funtzio betetzen duten argitzeari arreta berezia jarrita. Hurbilketa horren bidez, hizkuntza gutxituen arteko itzulpenaren fenomenoaz hausnartu eta euskararekin lotuta etorkizunean ikertzeko leudekeenak azaleratu nahi izan ziren.

Itzulpengintzaren baitan, gutxiengoen inguruko ikerketa-arloan kokatzen da lana, hizkuntza gutxituak aztertzeak itzulpen ikasketei, oro har, eta hizkuntza gutxituei, bereziki, ekarpena egin diezaiokeelakoan. Orri hauetan aurkeztera goazena Euskararen eta beste hizkuntza gutxitu batzuen arteko literatura itzulia ikerlanaren emaitza da2.

Hizkuntzen arteko harremanak abiapuntu

Hizkuntza handietatik erruz itzuli ohi da beste hizkuntza handi zein ez hain handietara. Hizkuntza txikietatik besteetara egindako itzulpenak, ordea, askoz ere urriagoak izaten dira. Baina, orotara, hizkuntza txikien artean itzultzen da gutxien (Zabaleta 1991). Hizkuntza gutxituek askotariko harremanak izan ditzakete gainerako hizkuntzekin: harremanak hizkuntza nagusiarekin, beste hizkuntza handi edo ertain batzuekin, eta baita haien moduko hizkuntza txiki zein gutxituekin ere (García 2005).

Hizkuntza gutxituen lehenengo eta berezko joera prestigio eta ikusgarritasun bila hizkuntza nagusira jotzea izaten da. Hizkuntza gutxituaren eremuz kanpoko beste hizkuntza handi batzuekiko harremanak bigarren urrats modura uler litezke, eta hizkuntzen estatusari begira adierazle positiboa dira (ibid.). Hizkuntza gutxituen arteko literatur itzulpenaren bidezko harremanak, aldiz, ezohikoak izaten dira (García 2005; Grutman 2009 in Manterola 2012).

Ingurukoekiko menpekotasuna eta baliabide mugatuak direla medio, izatez ez da erraza hizkuntza gutxituek beste hizkuntza txiki batzuekin zuzeneko harremana izatea. Horregatik, ohikoa izaten zaie etxerako zein kanporako itzulpenetan zeharbidez aritzea. Horixe da, hain justu, euskararen egoera.

Euskara hizkuntza gutxitua izanik gure literatura nazioartean ezagutzera emateko itzulpenaren bahetik pasa behar du nahi eta nahi ez. Itzulpen horiek hizkuntza handietara egin ohi dira gehienbat, gaztelaniara batez ere. Eginkizun zaila da itzulpenak hizkuntza gutxitu batetik antzeko estatusa duen beste hizkuntza batetara egitea hizkuntza handiren baten bitartez ez bada (Manterola 2010).

Pentsatzekoa da hizkuntza gutxituen arteko itzulpenetan hizkuntza nagusiarekiko menpekotasuna presente egongo dela, eta hizkuntza mota horien arteko itzulpena aztertzean botere- harremanak azaleratuko direla. Grutmanek (2009) gogorarazten digu hizkuntza menderatu batetik besterako itzulpena ez dela maiztasun handiz egiten, hain zuzen, hizkuntzen arteko botere-harreman asimetrikoak direla eta. Bazterreko hizkuntza batetik beste baterako bidea erdiguneetatik pasatuta egiten da, maiz, hizkuntza nagusiagoen bitartekaritzaren bidez.

[La traducción de un idioma dominado a otro idioma dominado] no se da con tanta frecuencia, a causa precisamente de las relaciones de poder asimétricas en la galaxia de las lenguas, que canalizan el tráfico interlingüístico y lo hacen pasar por los varios centros (Grutman 2009 in Manterola 2012).

Garcíaren arabera (2005), bi hizkuntza gutxituren arteko itzulpenak –izan herrialde bereko zein beste bateko– esanguratsuak izan daitezke oso. Itzulpena hizkuntza nagusia partekatzen duten bi hizkuntza gutxituren artekoa bada, itzulpenaren helburu nagusia ez da komunikatzea izango, eta, halakoetan, itzulpenak «bestetasuna» sustatzeko egindako keinutzat har genitzake:

If two minority communities sharing the same major language resort to translation, it is clear that they do not do it to understand each other, but as a way of promoting their otherness. From that perspective, the volume of translation activity between minority languages can be an important indicator of the language status, both at the institutional and at the social level (García 2005).

Hizkuntza gutxituen arteko itzulpen jardueraren bolumena, hizkuntzen estatusaren berri eman diezagukeen adierazle garrantzitsua da, beraz. Harreman horiek aztertzeak, itzulpenak egiteko arrazoietara eta horien testuingurura hurbiltzeak, itzulpenak hizkuntza gutxituetan izan dezakeen funtzioaren berri emango digu. Ezohiko gutxitu-gutxitu itzulpen joera horren atzean egon daiteke pareko estatusa duten hizkuntzen arteko hartu-emana bultzatzeko nahi inplizitu bat, hots, azpiratzen dituzten hizkuntza nagusien morrontzatik askatzeko eta harreman orekatuagoak sortzeko asmo bat. Aldi berean, pentsa liteke, ordea, parekoen arteko hartu-emanetan ere hizkuntzen arteko botere-harremanak agertu egingo direla nolabait, eta hizkuntza nagusiek, zeharka bada ere, zeresana izaten jarraituko dutela.

Euskarazko literatur itzulpenean bada euskararen pareko estatusa duten hizkuntzekiko trukerik, eta ezohiko joera hori adierazgarria izan daitekeenez, fenomenoaren argazki orokor bat egin eta haren nondik norakoei erreparatuko diegu jarraian.

Gutxitasunaz bi hitz

Kultura eta hizkuntzak prozesu ireki eta aldakorrak diren heinean, gutxitasuna bera ere inguruarekiko harremanean zehazten den kontzeptu erlatibo eta dinamikoa da. Gutxitasun linguistikoa hizkuntzen arteko botere-harremanek baldintzatzen dute (Branchadell eta West 2004; Zubillaga 2013) eta horiek, halaber, itzulpena bera ere.

Deitu geniezaieke hizkuntza txiki, periferiko, gutxitu edo azpiratu. Inguruko hizkuntzetan eta, oro har, literaturan, askotarikoak dira euskara bezalako hizkuntzak izendatzeko erabili izan diren izendapenak. Itzulpengintzaren ikuspegitik, hizkuntza nagusien aldean gutxiago itzultzen diren horiek ditugu, tamaina eta zenbakiei begira txikiagoak izan arren, bestelako itzulpen-joerak agertzen dituztelako eta itzulpena berebiziko zaielako traduktologiarako interesgarri zaizkigunak.

Lanerako aztergaia definitu beharretik, ezer baino lehen, gutxitasunaren kontzeptuari heldu genion eta hizkuntza gutxitua zehazteko hainbat irizpide proposatu genituen3. Irizpide horiek hartu dira kontuan euskararekin literatur itzulpenaren bidezko harremana izan duten hizkuntzen artean azterketan gutxitutzat hartu direnak identifikatzeko. Hamalau agertu dira, guztira: katalana, galegoa, asturiera, aragoiera, aranera, okzitaniera, bretoia, frisiera, galesa, Eskoziako gaelera, Irlandako gaelera, yiddisha, kirgizera eta kitxua. Errealitate soziolinguistiko desberdina bizi duten hizkuntzak dira, baina guztiek ere badute nolabaiteko antzekotasun bat euskararekin: hizkuntza nagusiagoekiko harremanean bizi diren hizkuntza gutxituak dira.

Katalogoa osatzeko irizpideak

Honako irizpide hauetara mugatu da, hasiera batean, katalogoa: kronologiari dagokionez, euskal literatura bere osotasunean hartu da, data mugarik gabe. Katalogoa osatu beharreko zerrenda irekia denez, ez zaio amaiera datarik jarri nahi izan, baina azterketa egin zen unean (2014an) bildutako datuekin ateratako ondorioak aurkeztuko ditugu jarraian.

Datu-bilketarako erabili diren iturriak askotarikoak izan dira; batik bat, sarean eskuragarri dauden katalogo eta datu-baseak4. Bi norabideetako itzulpenak biltzen dira bertan, erdaretatik euskarara eta euskaratik erdaretara egindakoak. Literatur itzulpenetan jarri da arreta, literaturatik urruntzen diren datuak kanpoan utziz, baina ez da generoari dagokion bestelako mugarik ezarri: narratiba, poesia, antzerkia, saiakera, nobela grafikoa zein haur eta gazte literatura izan dira katalogoan bildu diren generoak.

Euskarriari dagokionez, berriz, liburu argitaratuetara mugatu da hasiera batean zerrenda, baina ondorio orokorrak atera ahal izateko hori nahikoa ez zela ikusirik, bestelako euskarrietan ––aldizkarietan edota sareko argitalpen digitaletan–– argitaratutakoak bildu eta aintzat hartzen saiatu gara. Katalogoa, beraz, zerrenda ireki eta osatugabe bat bezala aurkeztu nahi izan da, datu berriekin eguneratu eta elikatu beharreko tresna modura.


1. Irudia. Katalogoaren itxura

Katalogotik abiatutako azterketa

Euskarak hizkuntza hartzaile eta emaile gisa besteekiko duen harremana erakusteko asmotan, hizkuntza bikoteak hartu dira azterketarako unitatetzat.

Guztira, bi norabideetako itzulpenak kontuan hartuta, 13 hizkuntza konbinazio agertu dira katalogoan, eta, orotara, 836 sarrera bildu5. Horietatik 551 sarrera beste hizkuntza gutxituetatik euskarara ekarritakoari dagozkio eta 285, berriz, euskarak kanporatutakoari. Beraz, euskarak emandakoa halako bi da ia euskarak beste hizkuntza gutxituetatik ekarri duena. Ehunekotan, itzulpen guztietatik %65,91 etxeratutako literaturari dagokio eta %34,09 kanporatutakoari. Begira diezaiogun orain noranzko bakoitzean bildu denari:

Euskarara ekarriak

Euskarara ekarritakoek itzulpen guztien bi heren hartzen dituzte. Zazpi hizkuntza konbinazio agertu zaizkigu, eta hauek dira, bakoitzari dagokion itzulpen kopuruarekin:

katalana-euskara (391)
galegoa-euskara (151)
asturiera-euskara (3)
okzitaniera-euskara (1)
yiddishera-euskara (1)
kirgizera-euskara (3)
kitxua-euskara (1)

Euskarak emanak

Euskarak emandakoak kopuruz herena baino ez direla esan badugu ere, hizkuntza konbinazio gehiago bildu dira noranzko horretan, bederatzi guztira. Hauek dira agertutako hizkuntza pareak eta bakoitzari dagokion itzulpen kopurua:

euskara-katalana (183)
euskara-galegoa (70)
euskara-asturiera (12)
euskara-aragoiera (9)
euskara-aranera (2)
euskara-Irl.gaelera (1)
    euskara-bretoia (5)
    euskara-galesa (1)
    euskara-frisiera (1)

    Eranskinak: argitalpen eleanitzak, aldizkarietakoak eta sarekoak

    Liburu formatuan ez ezik aldizkako argitalpenetan, sarean eta bestelakoetan ere euskarazko literatura itzuli dezente dagoela kontuan hartuta, eskuragarri izan zaizkigunak zerrenda gehigarri modura bildu dira katalogoan.

    Bi hizkuntza baino gehiagoko edizio eleanitzen artean 14 sarrera bildu ditugu guztira; aldizkarietan ateratako 21 eta sareko 30 argitalpen. Informazio gehigarri hori katalogoko emaitzak osatzeko baliatu da hizkuntza bikotekako azterketan.

    Joera nagusiak

    Bildutako datuetatik ondorioztatutako joera nagusiei erreparatuz gero, hauexek dira nabarmentzekoak:

    Generoa aintzat hartuta, handia da haur eta gazte literaturako (aurrerantzean HGL) itzulpen kopuruaren eta gainerako generoetakoen artean dagoen aldea. HGL da euskararen eta beste literatura txiki batzuen artean gehien itzuli den generoa; kopuru osoaren %84,57. Gero helduentzako narratiba letorke %10,29rekin; poesia %3,11rekin, antzerkia %0,72rekin eta saiakera beste %0,72rekin. Gainerakoa nobela grafikoari eta ez-fikzioari dagokio.

    Banaketa geografikoa irizpidetzat hartuta, nabarmena da Iberiar penintsulako eta Europako zein munduko hizkuntza gutxituen artean dagoen bereizketa: bolumenari begira, askozaz ere handiagoa da euskararen eta lehenengo multzoaren arteko itzulpen kopurua gainerakoekikoa baino. Bereizketa geografiko hori kontuan hartuta aurkeztuko ditugu emaitzak jarraian.

    Euskararen eta Iberiar penintsulako hizkuntza gutxituen arteko literatura itzulia

    Katalana, galegoa, asturiera, aragoiera eta aranera dira euskararekin literatur itzulpenak trukatu dituzten Iberiar penintsulako hizkuntza gutxituak. Lehen aztarnak 1930eko hamarkadakoak badira ere, hartu-eman horiek ez dira ugaritu XX. mendearen azken hamarkadetara arte. Hona hemen bilakaera kronologiko orokorra:

    ekarriak kanporatuak
    1930-1939 1 (1934) 0
    1940-1959 0 0
    1960-1969 3 1 (1961)
    1970-1979 13 0
    1980-1989 128 23
    1990-1999 172 86
    2000-2009 212 156
    2010- 18 18
    1. Taula. Euskararen eta Iberiar penintsulako hizkuntza gutxituen arteko literatur itzulpenak: bilakaera

    Espainiar estatuko hizkuntza gutxituen arteko itzulpena fenomeno berri samarra dela esan daiteke. Euskarak katalanarekiko eta galegoarekiko izan dituen harremanak dira goiztiarrenak eta ugarienak. Norabideari dagokionez, lehenik eta behin, bi hizkuntza horietatik euskarara ekartzeko joera ageri da, 1960ko hamarkadatik aurrera; euskaratik haietarako itzulpenak, berriz, 1980ko hamarkadan hasten dira ugaritzen. Katalanaren zein galegoaren kasuan, euskaratutako literaturak bikoiztu egiten du ia euskarak haiei emanikoa. Hortik ondorioztatu daiteke, galegoa eta katalana eredu izan direla, nolabait, euskararentzat.

    Bi hizkuntza horiek euskarazko itzulpenaren baitan duten pisua esanguratsua da hizkuntza nagusiak barne hartuta ere. Euskararen, galegoaren eta katalanaren arteko harremanak kulturaren eta gizartearen esparru ezberdinetan gertatzen dira, eta literaturaren eta literatur itzulpenaren bidezkoak ere hor barruan ulertu beharko lirateke. Hartu-eman berezi hori, gertutasun geografikoaz gain, historikoki, juridikoki eta linguistikoki izan ditzaketen parekotasunen ondorio ere bada. Gainera, pentsatzekoa da, hizkuntza eta literatur sistema nagusi berberaren inguruan egoteak erraztu egiten dituela haien arteko harremanak.

    Asturierarekiko, aragoierarekiko eta aranerarekiko harremanak askoz ere berantagoak eta urriagoak izan dira, eta horien kasuan euskara hartzaile baino emaile izan da. Horren arrazoia hiru hizkuntza txiki horien estatusean egon liteke: katalana, galegoa eta euskara Espainiar estatuan hizkuntza koofizial diren bitartean, asturierak, aragoierak eta aranerak ez dute oraindik halako aitortzarik lortu, eta egoera soziolinguistiko zailagoa bizi dute. Baliteke, beraz, euskarak haietan erreferentziak bilatu beharrean, gutxitasun egoera larriagoan dauden hizkuntzak izatea, kasu honetan, euskaran ereduak bilatu dituztenak.

    Espainiar estatuko hizkuntzen arteko hartu-emanetan, hain adierazgarri zaizkigun «itzulpen osagarri edo gehigarriak» agertzen dira6. Estatuko hizkuntza gutxituetako hiztunak elebidun direla kontuan hartuta, hizkuntza nagusiak bermatu egiten du hizkuntza txikietako hiztunen arteko komunikazioa: guztiak dira gai hizkuntza nagusian idatzita dagoen literatura ulertzeko. Horregatik, jadanik gaztelaniaz argitaraturik dauden lanak estatuko beste hizkuntza gutxitu batean argitaratzeak komunikazioaz haragoko arrazoiei erantzuten diela pentsa liteke.

    Generoei dagokienez, nabarmena da multzo honetan HGLk duen nagusitasuna7. HGLri helduentzako narratibak jarraitzen dio atzetik; poesia-lanek ere badute nolabaiteko presentzia, baina antzerkia, saiakera eta nobela grafikoa oso isolatuki baino ez dira itzuli. Begira diezaiogun zehatzago hizkuntza bikote bakoitzari.

    Katalana eta euskara

    Itzulpenak hasi zirenetik gaur arte, askoz ere gehiago inportatu izan da katalanetik euskarak esportatu duena baino, bikoiztu ez ezik ia hirukoizterainoko aldearekin (391 lan ekarri eta 183 kanporatu bildu dira katalogoan).

    Katalanetik euskaratutakoari begira, HGL gailentzen da 366 sarrerarekin; helduen literaturan narratibak 11 sarrera ditu, poesiak 9, antzerkiak 3 eta saiakerak 2. Lehen bi itzulpenak (1934koa bata eta 1967koa bigarrena) poesia liburuak izan ziren8, baina 1980ko hamarkadatik aurrera narratiba gailentzen zaio. XX. mendeko azken bi hamarkadetan hainbat idazle katalan ekarri zen euskarara, hala nola, Mercè Rodoreda (Ipuin hautatuak eta Diamantearen plaza), Manuel de Pedrolo (Bigarren jatorriko makinaizkribua), Jaume Fuster (Beirazko giltzak) eta Quim Monzó (Gauza guztien zergatia). Antologien artean, itzulpena jatorrizkoaren ondoan ematen duten bi edizio elebidun ere agertu ziren garai bertsuan: Joan Salvat-Papasseiten Antologiak (1995) eta Antologia: zenbait poeta katalan (1997). Azken urteotan ere argitaratu da hainbat titulu euskaraz: Albert Sanchez Piñolen Larrua hotz (2009), Sergi Pamiesen Limoi bat imintziorik egin gabe jaten baduzu (2011), Mercè Rodoredaren Ispilu hautsia (2013) edota Hobe kontatzen ez badidazu ipuin-antologia (2014)9. Azken hamarkadak bereziki emankorrak izan dira, gainera, poesia katalana euskarara ekartzen: XXI. mendean jaso ditu euskarak Joan Margariten Miserikordia etxea (2000), Miquel Martí i Pol literatura katalan garaikideko poeta ezagunaren Marta maitea (2011) eta Vicent Andrés i Estellésen lana biltzen duen Estelles euskaraz (2013). Gainera, 2014an, Maria Mercè Marçalen poema-bilduma bat ere argitaratu zen Susaren "Munduko poesia kaierak" bilduma sortu berrian, eta Poeta katalan garaikideak antologia poetikoa berrargitaratu zen Urrezko Biblioteka bilduman. Nabarmentzekoa da poesia katalana neurri handi batean behintzat antologien bidez heldu zaigula euskarara, eta azken urteetan poesia katalan garaikideko zenbait lan berri jaso dituela euskarak, gainera. Horiez gain, aldizkarietan ere argitaratu izan da han-hemenka literatura katalana euskaraz.

    Aurkako noranzkoan, katalana da euskarak beste hizkuntza gutxituei emandako literatur itzulpenetan kopururik handiena jaso duen hizkuntza10. Generoka, HGL da nagusi 130 lanekin; helduen literaturan, narratibako 41 lan itzuli dira, poesian 5, ez-fikzioan 3, saiakeran 2, eta antzerkian eta nobela grafikoan bana. Euskal literaturan erdigunean dauden idazleen lanak dira, oro har, katalanera itzuli direnak. Bernardo Atxaga da alde handiarekin katalanez lan gehien argitaratu duen euskal idazlea. Atxagaz gain ere dezente dira euskaraz idatzi eta lanen bat itzuli duten idazleak, baina gehienen kasuan lan bat edo bi baino ez dira izan.

    Galegoa eta euskara

    Euskararen eta galegoaren arteko harremana ere oparoa izan da, eta hartu-eman horretan euskaratutako lanek bikoiztu eta pasa egiten dute kanporatutakoa11.

    Katalogoak galegotik euskaratutako 151 itzulpen biltzen ditu (1967koa lehena). Generoka, euskaratutako lanen artean HGL da nagusi 122 lanekin. Helduentzako narratibak jarraitzen dio 15 lanekin; poesiak gero 10ekin, eta saiakera eta antzerkia datoz atzetik, bina titulurekin. Hizkuntza bikote honetan, gainera, poesiako itzulpenen artean garrantzia berezia dute edizio antologikoek (hiru antologia elebidun agertu dira). Badira euskararako itzulpenetan nabarmendu diren idazle batzuk: gehien itzuli direnen artean Alfonso Rodriguez Castelao aipatu behar dugu, bost narrazio-lan, antzerki-lan bat eta saiakera batekin. Xosé Luis Méndez Ferrínen eta Uxio Novoreyra ere aipatzeko modukoak dira, lehena narratibako hiru lan itzulirekin eta bigarrena, berriz, poesiako birekin12.

    Euskaratik galegorako noranzkoan, 71 literatur lan bildu dira (1983koa da lehena). Hemen ere HGL da nagusi 54 lanekin, narratiba dator hurrena 15 sarrerarekin; eta poesia, azkenik, bi antologia-liburururekin. Narratiban, oro har, euskal literaturako idazle ezagunen lanak itzuli izan dira. Atxagarenak izan ziren 1990eko hamarkadan galegora itzultzen lehenak, eta mende berriarekin ekin zitzaion beste hainbat egile itzultzeari. Poesian bi antologia elebidun jaso dira, euskaraz eta galegoz batera emanak: A ponte das palabras / Hitzezko zubia eta Zazpi poeta euskaldun / Siete poetas vascos.

    Gaztelaniaren esku-hartzea nabaria da euskaratik galegorako itzulpenetan; izan ere, horietatik gehienak gaztelania zubi-hizkuntzatzat erabilita eginak dira. Bestalde, galegora itzulitako euskarazko lan gehienak aurrez gaztelaniaz bazeuden jada, eta, beraz, «itzulpen osagarri edo gehigarriak» dira.

    Asturiera eta euskara

    Asturietatik ekarritako hiru lan jaso dira katalogoan. Bi haurrentzako liburuak dira ––Paco Abrilen Zuek al zarete errege magoak? (1998) eta Silvia Ugidosen Nire aita etxekoandrea da, eta zer? (2010)–– ; eta hirugarrena gazteei zuzendutako Pablo Antón Marín Estradaren Bizitzaren gesala (2000).

    Euskarak asturierari eman dizkionen artean, berriz, 12 bildu dira. Guztiak HGLko literatur lanak dira, salbuespen bakar batekin (Atxagaren Obabakoak).

    Aragoiera eta euskara

    Aragoieraren eta euskararen arteko harremana aldebakarrekoa izan da: aragoierak ez dio euskarari lanik eman.

    Alderantziz, aldiz, euskaraz idatzitako 9 HGLko lan jaso ditu aragoierak. Katalogoan bildutako horiez gain, aldizkarietan ere argitaratu izan da euskarazko poemaren bat edo beste: Gabriel Arestiren “Defenderé mi casa” (Fuellas 32, 1982); “Dos cantas tradizionals de Bal de Roncal y Zuberoa” (Fuellas 57, 1987); eta Bernart Etxepareren bi poema, “Contrapás/Sautrela” (Luenga & fablas 5-6, 2001-2002).

    Aranera eta euskara

    Araneraren kasuan ere, aldebakarrekoa izan da itzulpen joera, euskaratik kanporanzkoa. Bi itzulpen bildu dira katalogoan, biak ere HGLren esparrukoak: Mariasun Landaren Izar berdea (1985) eta Aitonaren txalupan (1988), jatorrizkoak argitaratu ziren urte berean La Galerak Bartzelonan kaleratuak.

    Haur eta gazte literatura

    1970eko hamarkadaren inguruan abiatu zenetik gaur egun arte, Espainiar estatuko hizkuntza gutxituen eta euskararen arteko HGL itzulpena etengabea izan da, goranzko joera argiarekin. HGLko itzulpenen gorakada, finean, irakaskuntzan zein tokian tokiko hizkuntzen errekonozimenduan izandako aldaketen eta hortik sortutako beharrei emandako erantzunaren ondorio izan zen. Euskara hezkuntza sisteman sartzeak eta helduen alfabetatze eta euskalduntzeak irakurle potentzialen hazkuntza ekarri zuen, eta argitaletxeek behar berrietara egokitu behar izan zuten. Estatuko argitaletxeen artean eginiko argitalpen bateratuek estatuko hizkuntzen arteko itzulpena bultzatu izan dute azken hamarkadetan. Horrela sortu zen Espainiar estatuko hizkuntzen arteko HGL itzulpen- eta argitalpen-sarea eta, gaur egun ere, hein handi batean, hezkuntza-sistemari loturik dagoen generoa dela esan daiteke.

    Azterketak erakutsi du Espainiar estatuko hizkuntza gutxituen arteko HGL itzulpenak berezitasunak dituela: kopuru aldetik genero nagusi izateaz gain, gaztelaniarekin batera itzulpen eta argitalpen zirkuitu bat osatzen dute estatuko hizkuntza gutxituek13. Gaztelania, hizkuntza nagusi gisa, Espainiar estatuko HGL zirkuituaren erdigunean dago. Polisistema zentraletik bazterreko literaturetara asko esportatzen da, baina hizkuntza nagusiko literaturak ere jasotzen ditu bazterreko literaturetako lanak. Era berean, hizkuntza nagusiarekiko hartu-emanak hizkuntza gutxituen arteko harremana ere bultzatzen du, zeharka.

    Itzulpen moduari begira, hizkuntza gutxituen arteko HGL itzulpenak zuzenean ala zeharka eginak izan diren jakitea zail den arren, pentsatzekoa da sarritan hizkuntza nagusiak bitartekari lanak egiten dituela bazterreko hizkuntzen arteko hartu-emanean. Dena den, menpekotasun- harremanen zantzuak egonagatik ere, HGL desberdinen arteko itzulpen-sareak hizkuntza horietako literatur sistemak garatzen eta finkatzen lagundu izan du, eta hizkuntza gutxituen arteko geroz eta harreman orekatuagoa bultzatzen duela esan genezake.

    En su conjunto, el amplio número de traducciones de LIJ está permitiendo desarrollar las literaturas periféricas y ampliar sus repertorios, al tiempo que las aproxima entre sí y establece una relación más intensa entre ellas. Con respecto a la literatura central, en cambio, las traducciones conducen a evitar las dependencias, a establecer unas relaciones menos directas, que es lo que permite crear unas literaturas periféricas autónomas (Domínguez 2008).

    Domínguezen arabera (ibid.), polisistema periferikoen joera zentrora hurbiltzea izango da, eta harreman intersistemiko ez hain asimetrikoak garatzea. Literatura nagusiarekiko harremanean ere eragiten du itzulpen-zirkuitu horrek: erdigunearen presentzia handia izan arren, literatura txikien arteko harremanak autonomoago egiten ditu bazterreko literaturak.

    Euskararen eta Europako zein munduko hizkuntza gutxituen arteko literatura itzulia

    Honako hauek izan dira Iberiar penintsulako hizkuntza gutxituez gain euskararekiko itzulpen-harremana izan duten hizkuntzak: okzitaniera, bretoiera, galesa, Eskoziako gaelera, Irlandako gaelera, frisiera, yiddisha, kirgizera eta kitxua. Kopuruari dagokionez, askoz ere urriagoak dira multzo honetakoak aurreko atalean bildutakoen aldean. Tartean geografikoki euskarari urruneko zaizkion hizkuntzak ere badiren arren, guztien artean Europako hizkuntzak dira euskararekin itzulpen gehien trukatu dutenak. Norabideari begira, euskarara ekarri direnak okzitaniera, bretoiera, Eskoziako gaelera, Irlandako gaelera, kirgizera, yiddisha eta kitxua dira; euskaraz idatzitako lanak jaso dituztenak, berriz, bretoiera, galesa, Irlandako gaelera, frisiera eta kitxua. Jarraian, bildutako datuak aurkeztuko ditugu hizkuntza bikoteka, geografikoki euskararentzat gertukoen direnetatik abiatu eta urrutiratuz.

    Okzitaniera eta euskara

    Aipatu berri ditugun Europako eta mundu zabaleko hizkuntzen artean okzitanieratik itzuli da gehien euskarara. Katalogoan ez da liburu-formatuan argitaratutako lan bat besterik bildu, baina aldizkarietan agertuei erreparatuz gero, askoz ere zabalagoa da harremana. Okzitanieratik euskarara ekarritako bi idazle agertu zaizkigu bilaketan: Frederic Mistral idazle proventzarra eta Bernard Manciet poeta.

    Okzitanierazko literaturaren berpizkundearen sinbolo den Frederic Mistral (1830-1914) idazlearen hainbat lan itzuli izan da euskarara, baina haren lan nagusia izan zen Mireio poema epikoa da guztietan ezagunena. Orixeri egokitu zitzaion itzulpena egiteko ardura eta 1930ean eman zuten argitara Bilboko Verdes-Atxirika inprimategian, gerora Euskaltzaleak taldearen enkarguz onduko zuen Euskaldunak lanaren aurrekari gisa. Hizkuntza salbatuko zuen euskal Mistral baten esperoan zeuden garaian iritsi zen Mireio euskal letretara.

    1959an, berriz, Orixek berak itzulita, Maite mintzoa narrazioa argitaratu zen Egan aldizkarian. Aurrerantzean ere jarraitu egin zuten Mistral euskara ekartzeko saioek: Santi Onaindiak idazle proventzarraren hainbat poema euskaratu eta plazaratu zituen Olerti agerkarian 80ko hamarkadan: Eguzkiari abestia (1983), Itxas-ontzia (1983), Alestar neskatxa (1984), Gili-gila (1984) eta Orfeu-ren semeak (1985). Mistralena kasu esanguratsua da benetan, haren testuak itzultzeko nahia gaur egungo garaietaraino iritsi delako. 2014an bertan, Koldo Izagirrek itzulitako Gure herriari poema zintzilikatu zuten, esaterako, armiarma.eus atari digitalean.

    Bernat Manciet (1923-2005) okzitanieraz idatzi duen idazlerik ezagunenetarikoaren lanak ere ezagutu ditu euskarak. Mancietek, frantsesez ez ezik, «gaskoi beltza» izeneko aldaeran idatzi zuen14, eta Jon Mirande izan zen hura euskaratzen lehena: Mancieten Burua narrazioa Euzko-Gogoa aldizkarian argitaratu zen 1957an. Idazle berberaren Lo Dider de Guernica poema da euskaraz argitaratu den bestea (Gernikako bonbardaketaren sarraskia salatzen duen poema). 1994an plazaratu zen Gernikaz erranak izenez (Maiatz 21) eta, Manciet hil zen urtean, 2005ean, berrargitaratu zuen Maiatz argitaletxeak Lo Dider de Guernica edizio eleanitza (okzitanieraz, frantsesez, euskaraz eta gaztelaniaz). 2011ko azaroan, Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrenaren harira, beste berrargitalpen bat izan zuen Gernikarena izenarekin, eta hartan ingelesezko, bretoierazko eta katalanezko bertsioak gehitu zitzaizkion.

    Euskararen eta okzitanieraren arteko harremanak aldebakarrekoa dirudi, guk dakigula behintzat ez baita aurkako noranzkoan itzulpenik egin.

    Bretoiera eta euskara

    Bretoieratik euskararako jauzia Jon Mirandek egin zuen. Mirandek laguna zuen Pennaod bretoia, eta haren Lehen gauko kanta itzuli zuen euskarara15. Per Denez adiskidearen Lotazilak hamabi (Euzko-Gogoa 11-12, 1950) eta Leon Jassonen Goiztar txoriek kanta bezate (Euzko- Gogoa 5-6, 1951) olerkiak ere euskaratu zituen. Literaturaz gain, baina, bestelako itzulpen bat ere egin zuen Mirandek bretoieratik: Per Denez adiskideari hizkuntza horren egoeraren berri emango zuen artikulu bat idazteko eskatu zion, itzuli eta Euzko-Gogoan argitara emateko (Euzko-Gogoa 9-10, 1951).

    Aurkako noranzkoan, euskarak bretoierari emandako bost lan bildu dira katalogoan, guztiak ere haur eta gazte literaturari dagozkionak: Mariasun Landaren Joxepi dendaria (1985), Izar berdea (1985), Elefante txori-bihotza (2001) eta Galtzerdi suizida (2001), eta Leire Salaberriaren Euria ari duenean (2011).

    Eskoziako gaelera eta euskara

    Katalogoan hizkuntza gaelikotik euskaratutako lanik bildu ez bada ere, bada Mirandek Euzko-Gogoa aldizkarian argitaratutako itzulpen bat: Bi beleak eskoziar kanta zaharra (anonimoa, Euzko-Gogoa 3-4, 1950). Horrez gain, Ene Biotzeko Maite Argia (Hebrideetako maite-kanta) Eskoziako mendebaldeko uharteetako poema herrikoia ere ekarri zuen euskarara16.

    Irlandako gaelera eta euskara

    Mirandek bi ipuin ekarri zituen irlanderatik garaiko agerkarietara: Bi fraideak = An dá bhráthair (S. O'Neill, Euzko-Gogoa 1-2, 1956) eta Gizon-zugaitza (Séamus ó Mainnin, Egan 1-3, 1969).

    Katalogoan euskarak Irlandako gaelerari emandako HGLko titulu bat jaso da: Takolo, Pirritx eta Porrotx hondartzan (M. Murua eta J. Tokero 2001). Jatorrizkoa eta itzulpena (itzul. Séamas MacAnnaidh) urte berean eman zituen argitara Garak. Gaelerarako itzulpen bakar hori, beraz, Euskal Herritik bertatik bultzatua eta bertako etxe batek argitaratua izan zen.

    Galesa eta euskara

    Galesaren eta euskararen artean ere itzulpen-lan bakar bat aurkitu dugu, kasu honetan, Bernardo Atxagaren Sugeak txoriari begiratzen dionean (1984) narrazio-liburua. Aelwyn Williamsek itzuli zuen eta 2000. urtean eman zuen argitara Taliesinek.

    Frisiera eta euskara

    Aztertutako iturrien arabera, jatorrian euskaraz sortutako lan bat eman da frisieraz: Maite Gonzalezen Mari-Marietta (1996) HGLko lana. Albertina Soepboerrek itzulia da, eta Koperative Utjowerij-ek 1998an argitara emana.

    Yiddisha eta euskara

    Yiddishetik euskaratutako lan bat ageri da katalogoan: Isaac Bashevis Singerren Zortzi kontakizun, 2002an Koro Navarroren itzulpenean argitaratua17. Literatura Unibertsala bildumaren barruan Elkar eta Alberdania argitaletxeen eskutik iritsitako narrazio lana da. Literatur Itzulpenen Katalogoan jasotako datuen arabera, ingelesetik egina da euskararako itzulpena.

    Kirgizera eta euskara

    Krigizeraren eta euskararen arteko literatur harremana hizkuntza gutxitu horretatik itzulitako Txingiz Aitmatov idazlearen bi lanen bidez gauzatu da: Jamila eta Lehenengo maisua. Katalogoan hiru argitalpen (baina bi titulu) bildu dira guztira: Jamila Juan Kruz Igerabidek ekarri zuen euskarara eta Elkar argitaletxeko Branka sailean argitaratu zen 1994an. Lehenengo maisua Jesus Mari Lasak itzuli zuen, eta sail horretan bertan bi argitalpen izan ditu gutxienez, 1991 eta 2000 urteetan. Biak ala biak 12 urtetik aurrerako gaztetxoei zuzenduriko irakurketak dira.

    Kitxua eta euskara

    José María Arguedasen Pongoq mosqoynin (1968) da katalogoaren arabera euskarak kitxuetarik jaso duen titulu bakarra. Jose Manuel Bujandak itzulia da, eta Pamiela argitaletxeak atera zuen 1991n Pongoren ametsa izenburupean, Ilargia Kondagintza sailean18. Edizio berezia dugu hau, kitxuaz eta euskaraz ezker-eskuin elebitan emana, eta poemak zein narrazio laburrak biltzen ditu bere baitan. Liburuaren hitzaurrean bertan idazlearen asmoen berri ematen da, eta botere-harremanean bizi diren bi kulturaren eta hizkuntzaren arteko tentsioa aipatzen da, nolabaiteko paralelismo bat eginez kitxuen eta euskaldunen artean.

    Aurkako noranzkoan, 2013an, Linguae vasconum primitiae euskarazko obra fundazionala eman zen kitxuaz. Argitalpen eleanitz batean argitaratu zen, eta beste ezer baino gehiago pisu sinbolikoa duela esan daiteke.

    Atal honetan bildu ditugun itzulpenak oso jatorri, garai, testuinguru eta izaera desberdinetakoak izan dira, eta nekez atera dezakegu ondorio bateraturik. Oro har esan daiteke, baina, euskararen eta Europako zein munduko beste hizkuntza gutxitu batzuen arteko itzulpenak nahiko bakanak izan direla historian zehar. Azterketak erakutsi du, gainera, kasu batean baino gehiagotan aldebakarreko harremanak izan direla. Halere, etxeratutako zein kanporatutako lanak agertu dira.

    Itzulpenen izaerari begira, askotarikoak aurkitu ditugu: batzuk liburu formatuan argitaratu dira; beste asko, berriz, aldizkarietan, eta izan da edizio eleanitzen baitan jasota eman den itzulpenen bat edo beste ere. Liburu formatuan argitaratutakoen artean, narratiba da euskarara gehien ekarri den generoa. Aldizkarietan ateratakoen artean, ostera, poema solteak dira nagusi, eta narrazioren bat edo beste ere agertu da tartean. Euskarak eman dituen literatur lanetan, berriz, HGLko liburuak gailentzen dira, baina itzulpen horiek ere oso bakanak izan dira.

    Ondorio orokor gisa esango dugu, euskararen eta Europako nahiz munduko beste hizkuntza gutxi batzuen atalean aztertu diren hizkuntza bikoteen arteko harremanak urriak izan badira ere, egon direnek erakusten dutela beste hizkuntza gutxitu batzuetara hurbiltzeko ahalegina.

    Ondorioak

    Hizkuntza menderatu batetik besterako itzulpenak ez dira maiztasun handiz egiten hizkuntzen arteko botere-harremanen indarrak direla medio. Euskal literaturan egon izan dira, ordea, itzulpenaren bidez beste hizkuntza gutxitu batzuetara hurbiltzeko saiakerak (bai haietatik euskarara ekarriz, bai eta kanporatuz ere), eta horiexek izan ditugu aipagai. Hizkuntza nagusiekiko itzulpenaren aldean oso bazterreko hartu-emana da, baina aldi berean itzulpen horiek erakusten dute egin dela pareko hizkuntzekiko harremanak bilatzeko ahalegina.

    Identifikatutako hizkuntzak askotariko estatus eta errealitate soziolinguistikotakoak dira, eta horiek euskararekin izan dituzten hartu-emanak ere intentsitate eta norabide desberdinetakoak izan direla erakutsi du azterketak. Hasteko, alde nabarmena dago ––irizpide geografiko soiletik–– Iberiar penintsulako hizkuntzen, Europakoen eta gainerakoen artean. Euskarak beste hizkuntza gutxituekin dituen hartu-emanen artean sistematikoenak eta ugarienak, zalantzarik gabe, gurearen antzeko egoera bizi duten hizkuntzekin gertatzen dira; katalanarekin eta galegoarekin, bereziki. Geografikoki asturiera, aragoiera eta aranera ere gertuko zaizkigun arren, horiekiko harremanek ez dute zerikusirik katalanarekin eta galegoarekin ditugunekin; harremanak askoz ere urriagoak eta berantagoak izan dira. Ezin esan dezakegu gauza bera Frantziako hizkuntza gutxituez, haiekiko harremana ez baita inondik ere Espainiar estatuko hizkuntza gutxituekiko harremanaren parekoa. Nabarmen ikusten da ofizialtasun ezak hizkuntza txikien estatusean sekulako eragina duela eta halakoetan literatur sistemak berak ere ahulagoak izaten direla. Europako gainerako literatura txikiekiko harremanean okzitaniera eta bretoiera dira, azterketa honen arabera, euskararekin trukerik handiena izan dutenak. Urriagoa izan da orain arte Europako gainerako literatura txikiekiko harremana ––galesera, Eskoziako gaelera, Irlandako gaelera, frisiera eta yiddisha––, eta «munduko» izendapen zabalaren baitan utzi ditugun horiekikoak ––kirgizeraren eta kitxuaren kasua––, isolatuak eta oso bakanak izan dira. Oro har, esan daiteke Euskal Herriko errealitate linguistikoaren antzeko egoeran sorturiko testuen itzulpenak gailentzen direla.

    Hizkuntza txikiak itzulpen hartzaile izan ohi dira gehienetan, euskararen kasuak ondo erakusten duenez. Azken urteetan kanporanzko joerak indarra hartu duen arren, etxera ekarritakoak gainditu egiten du kanporatutako literatura. Beste hizkuntza gutxitu batzuekin izandako hartu-emana aztertzean ere bi norabideetako itzulpenak agertu dira, baina adierazgarria da nola kasu batzuetan euskarak gehiago eman duen hartu baino. Joera hori, itxura guztien arabera, itzulpen hizkuntza bakoitzak bestearen aldean duen estatusari lotuta ageri da. Esaterako, aranera edo asturiera gertuko zaizkigun arren, haietatik apenas euskaratu izan da ezer; haiek, ordea, zertxobait gehiago hartu dute euskaratik. Euskararena baino egoera gutxituagoan dauden hizkuntzak direnez gero, euskara eredu izan daiteke haientzat. Beste kasu batzuetan, aldiz, aurkakoa gertatzen da: urrutira joan gabe, katalanetik eta galegotik gehiago ekarri da eman baino. Horrek pentsarazten du hizkuntza konbinazio jakinetan hizkuntza gutxitu bat «hartzaileago» edo «emaileago» izango dela bikote horretako hizkuntzen estatusaren arabera. Badirudi estatus egonkorragoa duena erreferente bilakatzen dela besteentzat, eta emaile bihurtzen dela hartzaile baino. Finean, azterketak erakutsi du gutxitu-gutxitu harremanetan ere hierarkiak egon badaudela, eta egoera gutxituena bizi duenak bera baino egoera hobean dagoena hartzen duela eredutzat.

    Euskarak beste hizkuntza gutxitu batzuekin harremanak izan dituela erakutsi du azterketak, baina, horretarako, hizkuntza gutxituetako literatur lanek hizkuntza nagusiko sistematik pasatu behar izaten dute maiz, ezinbestean. Gaztelaniaren presentzia han eta hemen antzeman dugu hizkuntza konbinaziokako azterketan: txikitik txikirako saltoan zubi-hizkuntza eta tranpolin modura funtzionatzen du hizkuntza nagusiak19. Erdiguneak garrantzia izaten jarraitzen du euskararen eta beste periferia batzuen arteko hartu-emanetan.

    Aldebikoa da itzulpenak hizkuntza gutxituetan izan dezakeen eragina: arrisku eta mendekotasun adierazgarri ez ezik, eraikitzaile eta indargarri ere izan daiteke. Itzulpenak aldebiko izaten jarraitzen du gutxitu-gutxitu harremanetan: batetik, hartu-eman orekatuagoak botere- harreman asimetrikoei aurre egiteko saiakera gisa uler daitezke. Bestetik, ordea, azpiko menpekotasun eta hierarkiak azaleratu egiten dira antzeko estatusa duten hizkuntzen arteko harreman parekideagoetan ere.

    Halere, hizkuntza txikiek handiekiko hurbiltasuna eta azpiratzen dituzten indar horiek beroriek aldaketarako baliatu ditzakete. Hizkuntza azpiratuen eta bazterreko literaturen arteko zubiak hegemoniari emandako erantzuna dira eta, zentzu horretan, nork bere burua aldarrikatzeko balio dezakete.

    Difference does not have to result in the pathology of closure. A celebration of difference can lead to an embrace of other differences, the universalism lying not in the eradication of the other but in sharing a common condition of being a minor other (Cronin 1998).

    Amaitzeko, Croninen hitzak geure eginez, desberdintasunetik abiatuta besteekin harremanak izatea txikitasuna partekatu eta «bestetasun» hori ospatzeko modua ere bada, nolabait, hizkuntza eta kultura txikientzat. Euskararen kasuan, ezaugarritzen gaituen gutxitasunak sortzen duen sentsibilitatetik, beste hizkuntza/kultura gutxituekiko eta bazterreko literaturekiko itzulpenak komunikazioaz haraindiko interes bereziei erantzunez gauzatu izan dira; antzeko egoera bizi dutenak erreferente gisa hartu eta harreman orekatuagoak bilatzeko beharrak bultzatuta.


    Erreferentziak

    BRANCHADELL, Albert. & WEST, Lovell Margaret (arg.) (2005). Less Translated Languages, Amsterdam & Philadelphia: Benjamis Translation Library.

    CRONIN, Michael (1995). “Altered States: Translation and Minority Languages”, TTR: traduction, terminologie, rédaction, 8. lib., 1. zk. 85-103 or.
    ––––– (1998). “The Cracked Looking Glass Servants. Translation and Minority in a Global Age”, The Translator, 4. lib., 2. zk., 145-162 or.

    DOMÍNGUEZ, Mónica (2008). Las traducciones de literatura infantil y juvenil en el interior de la comunidad interliteraria específica española (1940-1980), Santiago de Compostela: Universidad de Santiago de Compostela.
    ––––– (2010). “Fenómenos de traducción frecuentes entre literaturas de una misma comunidad interliteraria específica”. Gallén, E.; Lafarga, F. & Pegenaute, L. (arg.), Traducción y autotraducción en las literaturas ibéricas, Relaciones literarias en el ámbito hispánico: traducción, literatura y cultura, Bern: Peter Lang, 61-74 or.

    GARCÍA, Marta (2004). “Translation of minority languages in bilingual and multilingual communities”. Branchadell, Albert. & West, Lovell Margaret (arg.) (2005). Less Translated Languages, Amsterdam & Philadelphia: Benjamis Translation Library, 105-122 or.

    JAKA, Aiora (2010). “Miranderen itzulpen argitaragabe batzuk”, Senez 39, EIZIE, 247-299 or.

    MANTEROLA, Elizabete (2010).“Euskal literatura katalanera itzulia”. Agnès Toda i Bonet (arg.), Herrialde Katalanak-Euskal Herria: Elkarbidean nazioarteko kongresua / Congrés Internacional País Basc-Països Catalans: Camins de trobada. Tarragona: Publicacions URV, 103-109 or.
    ––––– (2012). Euskal literatura beste hizkuntza batzuetara itzulia. Bernardo Atxagaren lanen itzulpen moten arteko alderaketa, EHU argitalpenak (http://www.ehu.es/argitalpenak/images/stories/tesis/Humanidades/ELIZABETE_MANTEROLA.pdf) (Kontsulta- data: 2014-02-10)

    VENUTI, Laurence (1998). "Introduction". The Translator, Studies in intercultural comunication: Translation and Minority, 4. lib., 2. zk., Manchester: St. Jerome Publishing, 135-144 or.

    ZABALETA, Jesus M. (1991). “Hedadura txiki eta ertaineko hizkuntzetako itzulpena aztertzeko zenbait aldagai bakantzeko saioa”, Senez 12, EIZIE, 17-37 or.

    ZUBILLAGA, Naroa (2013). Alemanetik euskaratutako haur- eta gazte-literatura: zuzeneko nahiz zeharkako itzulpenen azterketa corpus baten bidez, Vitoria-Gasteiz: EHU.


    1. Euskararen eta beste hizkuntza gutxitu batzuen arteko literatura itzulia Master Amaierako Lana 2014ko ekaienean aurkeztu zen Gasteizko Letren Fakultatean, Elizabete Manterola Agirrezabalaga, Aiora Jaka Irizar eta Ibon Manterola Garate epaimahaikideen aurrean. Eskerrak eman nahi nizkieke, bide batez, lana hobetzeko egin zizkidaten iruzkinengatik.

    2. Artikuluaren luze-laburra dela eta, orduko hartan ateratako ondorio orokorrak aurkeztera mugatuko gara oraingoan. Informazio zehatzagoa, argibideak edo lana bera eskuratu nahi duenak helbide honetara jo dezake: garaziugalde@gmail.com.

    3. Ez dugu hemen hizkuntza horiek gutxitutzat hartzeko aintzat hartutako irizpideetan sakontzerik izango, baina gutxitasuna inguruarekiko harremanean zehazten den egoera erlatibo eta dinamikoa denez gero, hemen aurkeztutako zerrenda eztabaidagarria eta osatzekoa da, zalantzarik gabe.

    4. Euskaraturako literatur lanak biltzeko EIZIEren Literatur Itzulpenen Katalogoa eta NorDaNor datu-basea izan dira oinarri, eta horiek Index Translationum eta ISBN datu-baseko sarrerekin erkatu dira. Euskarak beste hizkuntza gutxituetara kanporatutako lanak biltzeko, berriz, ELI katalogoa hartu da oinarri, eta informazio hori Index Translationum, ISBN, Bitraga (Biblioteca de taducción galega) eta TRAC (Traduccions del català) iturrietan eskuratutakoekin osatu da. Zalantzazko kasuak argitzeko eta informazio osagarria lortzeko bestelako iturriak ere erabili dira.

    5. Hemen aurkeztera goazen zenbakiak liburu formatuan argitaratutakoari dagozkio, baina, horiez gain, aldizkarietan zein sarean argitaratutakoak ere barne hartuta, zabalagoa da fenomenoa. Aldizkarietako itzulpenak kontuan hartuta, esaterako, Eskoziako gaelera gehitu beharko diogu hemen aurkeztutako zerrendari.

    6. Simonek (1992) eta Garcíak (2005) replacement eta supplement itzulpen motak bereizten dituzte. Lehenak, «ordezkapenezko itzulpenak», komunikatzea du lehen helburu. Bigarrena, berriz, «itzulpen osagarri» dei geniezaiokeena, aurrekoa osatzera dator, ez espresuki komunikazioa ahalbidetzera. Kontaktuan bizi diren hizkuntzen artean egiten dira, batik bat, itzulpen osagarri edo gehigarriak; esaterako, Espainiar estatuko literaturen artean.

    7. Espainiar estatuko hizkuntza gutxituen arteko HGLk, pisu nabarmena izateaz gain, helduen literaturako itzulpenen aldean joera bereziak erakusten ditu. Gauzak horrela, Espainiar estatuko hizkuntza gutxituen arteko HGL itzulia, hizkuntza bikoteka beharrean, osotasun bat bezala aipatuko da dagokion azpiatalean.

    8. Joaquim Cases-Carbóren Poesíes franciscano-moragallianes... oraingoa ta laistergerokoa (itzul. Agustin Zumalabe) eta Catalunya'ko olerkariak (arg. eta itzul. Juan Anjel Etxeberria).

    9. Azken hori Quim Monzó, Imma Monsó, Sergi Pàmies, Empar Moliner eta Francesc Serés idazleen ipuinak biltzen dituen antologia bat da (Ant. Aritz Galarraga; itzul. Gerardo Markuleta), Pasazaite argitaletxeak plazaratua.

    10. ELI katalogoko datuen arabera, katalana bigarren xede-hizkuntza nagusia da gaztelaniaren atzetik, eta itzulpen argitaratuen artean %15 hartzen du.

    11. ELI katalogoko datuen arabera, euskaratik beste hizkuntzetara itzulitako literatur lanen artean %7 dagokio galegoari; hau da, hura da gaztelaniaren eta katalanaren atzetik euskarazko lan gehien jaso duen hizkuntza.

    12. Helduen literaturan, Gabriel Aresti eta Koldo Izagirre nabarmendu dira, batik bat, galegotik euskararako itzultzaile gisa. Horiez gain, Andres Urrutiak, Bego Montoriok eta Ramon Etxezarretak ere hainbat lan euskaratu dute.

    13. Domínguezek (2008) «Comunidad Interliteraria Específica» deitzen dio Espainiar estatuko literatur polisistemek osatzen duten sareari.

    14. Gaskoia okzitanieraren dialektotzat hartzen dute hizkuntzalari gehienek, nahiz eta beste batzuek hizkuntza autonomotzat ere hartzen duten. Gaskoiniako lurraldean hitz egiten da (Frantzia hego-mendebaldean).

    15. Miranderen itzulpena Txema Larreak argitaratu zuen, 1984an, Poemak 1950-1966 liburuan, eta gero Patri Urkizuk, 1997an, Jon Mirande Orhoituz (1925-1972) liburuan (Jaka, 2010, 292).

    16. Txema Larreak (1984) Poemak 1950-1966 liburuan argitaratu zituen, eta Aiora Jakak (2010) berriro eman zuen argitara Senez aldizkarian, "Miranderen itzulpen argitaragabe batzuk" artikuluan.

    17. Isaac Bashevis Singer (1904, Polonia) poloniar-judutar amerikartuak Literaturako Nobel Saria eskuratu zuen yiddish hizkuntzan. Suediako Akademiak azpiratutako hizkuntza batean egindako literatura aintzat hartu izana aitortza handia izan zen hizkuntza gutxituarentzat.

    18. Eskuragarri dago sarean, Armiarmaren “Euskarari ekarriak” sailean.

    19. Zenbait kasutan erabilitako iturriek itzulpen moduaren inguruko informazioa eman badigute ere, bildutako datuak ez dira aski izan hizkuntza konbinazio bakoitzean itzulpenak zuzenean ala zeharka egin diren antzemateko. Hizkuntza bikote jakinen arteko itzulpenetan sakontzeko aukera zabalik geratzen da, beraz, etorkizunerako.