Schiller euskaraz (1805-2005)
Ibon Uribarri Zenekorta


Sarrera

Lan honetan Schillerren euskal itzulpenen aurkezpena egiten saiatuko naiz, Schillerren heriotzaren 200 urteak betetzen diren honetan. Alemanian eta beste hainbat herrialdetan ekitaldiak antolatu dira urtemuga hori ospatzeko, eta abagune egokia dela iruditu zait Schillerren lanak gurean izan duen isla aztertzeko.

Alemanetik euskarara egin diren itzulpenen katalogoa eta azterketa egiten ari naiz ikerketa proiektu baten batean[1], eta horren barne egin daitekeen azterketa konkretu bezala hartu dut Schiller aztergai. Ikerketa horren lehen asmoa ez da testuak aztertzea eta alderatzea, baizik eta itzulpenen sorreraren baldintzak eta testuingurua argitzea, euskal itzulpengintzaren historiaren atal hori jorratzeko. Beraz, lan honetan ez ditut itzulpenak zehazki aztertuko, baizik eta haiek egitea ahalbidetu zuen testuingurua jorratuko dut gehienbat.

Sancho el Sabio fundazioko, Azkue liburutegiko eta Tolosako liburutegi eta kultur etxeko lankideei euren laguntza eskertu nahiko nieke.

Friedrich Schiller (1759-11-10 - 1805-05-09)

01_Schiller.tif

Friedrich Schiller Marbach-en jaio zen 1759. urtean, eta Stuttgart-eko jauntxoaren aginduz akademia militar batean ikasi zuen gogoz kontra, legeak eta medikuntza besteak beste. Baina literaturaz zaletua zegoen erabat eta Die Räuber antzerki lana idatzi zuen 1782an, eta anonimoki antzeztu zuen gainera, arrakasta izugarria lortuz. Lehen lan horretan garbi azaltzen da jauntxokeriaren aurkako jarrera, feudalismoan jauntxoen nahia baitzen legea. Garai horretan «Alemania» formalki baino ez zen existitzen, egiatan elkarrekin lotura sendorik ez zuten 300dik gora egitura politiko ezberdin zeuden. Inbasio napoleondarren aurkako erreakzioak eragin zuen batasuneranzko bidea Schiller hil ondoren. Bada, jauntxoari ez zitzaion batere gustatu Schillerren arrakasta hori eta debekatu egin zion antzerki gehiago idaztea; eta, ondorioz, Schillerrek ihes egin zuen Mannheim-era, hau da, beste estatu batera. Eta ondoren zenbait urtetan han hemenka ibili zen, inon bere literatur lanarekin jarraitzeko nahiko babes aurkitu ezinean. Bere kabuz mezenas baten soldatapean egon gabe idazten zuen idazlea ez zen oraindik gauza arrunta, eta horrek zailtasun ekonomikoak sortu zizkion, aurretik ere bazituen osasun arazoen larritzeaz gain.

Garai hartan gorte bakoitzak bere boterea bermatzen zuen literatura baino ez zuen bultzatzen eta zentsura oso gogorra zen, bai zuzena eta baita zeharkakoa edo autozentsura ere (jarrera hori indartu egin zen 1789ko Frantziako iraultzaren ondorioz). Gainera, literaturaren publikoa orduantxe ari zen sortzen: 1770. urtean % 15ak irakurtzen zuen, eta 1800 inguruan %25ak; irakurle-elkarteak eta mende amaiera aldera liburutegi publikoak ugaritu ziren pixkanaka; aldizkariak sortzen ziren edonon, ideia berriak zabalduz, eta Schiller horretan ere buru belarri ibili zen (Thalia, Die Horen, Musenalmanach; azken bietan Goethe, Herder, Humboldt anaiak, A.W. Schlegel eta Hölderlin ere aritu ziren). Horrela, pixkanaka liburuen merkatu bat sortzen hasi zen, eta idazleak eta argitalpenak ugaritu ziren.

Beraz, Schillerrek burgesia modernizatzailearen idealen hedapen-lanean parte hartu zuen, Ilustrazioaren ideien (Lessing, Kant) zabalpenean. Gainera, lan horretan antzerki berri baten sorrerak garrantzi handia izan zuen: gorteetatik irten eta hirian finkatzen den antzerkia zen, publiko hiritar berri baten arazoak eta idealak islatzen zituena. Antzerki berri horretarako bidea Gottsched-ek ireki zuen, Der sterbende Cato (1732) lanarekin. Eduki politiko berritzaileak dakartza, baina forma neoklasikoa gordez. Gainera, lehen urrats hori Addison eta Deschamps-ek idatzitako dramen itzulpena zen maila handi batean. Gottschedek antzerki lanari antzerkiari buruzko hausnarketa gaineratu zion, Versuch einer critischen Dichtkunst vor die Deutschen (1730). Gero, Lessing-ek eredu berri bat sortzen du, eduki berritzaileei forma berriak dagozkiela aldarrikatuz. Horren adibide, Nathan der Weise (1769; euskaraz, Lessing, Idazki hautatuak, Klasikoak, 2002, 315-414 orriak), eta antzerkiari eta arteari buruzko gogoetak ere egiten ditu horrekin batera, Briefwechsel mit Mendelssohn und Nicolai über das Trauerspiel (1756/7), Laookon (1766; euskaraz, aipatutako liburua, 47-201 orriak). Lan horiek arauen antzerki neoklasiko batetik subjektibitatearen antzerkira doan bidea erakusten dute. Schiller ere bide horretatik doa, eta antzerkiak hezkuntza moralean duen eragina azpimarratzen du, Die Schaubühne als eine moralische Anstalt betrachtet (1784). Burgesia berriarentzat jokabide ereduak aurkeztu behar ditu antzerkiak. Eta hori egiten du garai horretan Don Karlos (1784) lanarekin. Tiraniaren eta feudalismoaren aurkako lana da, askatasun hiritar berria aldarrikatzen duena[2].

Aldaketa handiak gertatzen dira 1789. urtean. Frantzian iraultza dugu eta Schiller Jenara doa unibertsitateko historia irakasle gisa. Goethek lortu zion lanpostua Weimar-etik gertu. Ondorioz, urte batzuetan ez zuen literatur lanik idatzi, historia eta filosofia kontuak jorratu zituen, Kanten filosofia bereziki. Eta lan horren emaitza nagusia Briefe über die ästhetische Erziehung des Menschen (1795) lan ezaguna izan zen. Goetherekin batera iraultzaren aurkako jarrera hartzen du une horretan: Alemania aldatu behar da, bai, baina ez iraultzen bidez; eta aldaketa horretan literaturak garrantzi handia du, garai berri horren ideal moralak aurkeztu behar baititu. Aldarrikapen politikoak, beraz, indarra galtzen du eta ideal estetikoak irabazten du. Horrela, erromantiko berrien (Schlegel anaiak, Jacobi) eta jakobinoen (Georg Foster) arteko bidea hartzen du.

Jenan urte batzuk egin ondoren, azkenean Weimar-era joan zen bizitzera eta hor Goetherekin elkarlanean (Wieland, Herder, Fichte, Humboldt ere hor ibili ziren) literatura jorratzen du berriro, bereziki gai historikoak aukeratuz antzerki lanetarako. Orduan idatzi zituen lan nagusi gehienak, Wallenstein (1796-99), Maria Stuart (1799-1800), Die Jungfrau von Orleans (1800-01), Wilhelm Tell (1803-04).

Schiller oso gazte hil zen turberkulosiak jota, eta aurten bete da haren heriotzaren bigarren mendeurrena.

Itzulpenak

02_Azkue.tif

Schillerren lehen itzulpena R. M. Azkuek egin zuen (1864-1951), ziurrenik alemanetik zuzenean egin den lehen itzulpena da hori gainera[3]. Baina Azkue ez zen Schillerren Ode an die Freude olerkira zuzenean iritsi, Beethovenen bederatzigarren sinfoniaren bitartez baizik. Schillerren olerkia Beethovenek bederatzigarren sinfonian nola jasotzen duen eta gero Azkuek nola itzultzen duen ikusi aurretik, Azkueren itzulpen hori zein testuingurutan gertatzen den azaltzen saiatuko naiz.

Ez dut Azkueren biografia laburturik egingo, aski ezaguna baita; hari buruzko bibliografian itzultzaile gisa egin zituenak pasadan baino ez dira jasotzen, jasotzen direnean, eta pare bat kontu aipatuko ditut hutsune hori betetzearren, maila batean, bereziki nik lantzen dudan arloan, alemanetik egindako itzulpenen arloan.

Azkuek aleman pixka bat ikasi omen zuen atzerrira joan aurretik, eta garai horretan Alemaniako kontuak ukitzen ditu idazki batzuetan.

  • «Alemaniako agintarien ibilerak», 1897
  • «Bismarck-en iazoera bat», 1898
  • «Iru Lohengrin», 1898

Zaletasuna ziurrenik musikaren bidez sortu zitzaion. Bilbon Lohengrin opera ikusi ondoren Wagnerrez zaletu zen izugarri.

Gero, bere hiztegia prestatzeko egin zituen bidaietan hizkuntza hobeto ikasteko aukera izan zuen. Paris eta Tours-en egon ondoren, musika ikasten, besteak beste, Bruselara joan zen eta han alemana ikasten aritu zen (arrosarioa alemanez esaten omen zuen); ondoren, 1907an Coloniara joan zen, eta han bi urte inguru egon zen. Han hainbat opera eta kontzertu entzun zituen eta bidaiak egin zituen, Vienara adibidez. Gero aztertuko ditugu musikaren eta alemanaren arteko erkaketa horren emaitzak. Alemanez idatzitako testu bat ere ekarri zuen handik eta Bilbon argitaratu zuen, Kommersnacht oder ein heimisches Konzilium in der Bibliothek von Kölnischen Priesterseminar (1909ko otsaileko data darama). Gainera, hango eskolen ikusketa egin zuen eta itzuli zenean, lehen mundu gerra bete-betean zegoenean Bilbon hitzaldi bat eman zuen horri buruz (1916ko apirilaren 12an), «La escuela elemental alemana» (Euskalerriaren alde 132-133 (1916), 342-348 orriak).

Alemaniako egonaldi horrek beste hainbat ondorio izan zituen. Wilhelm Eichhoff, Bilboko kontsul alemanarekin adiskidetu zen itzultzean eta Bilboko akademia alemanean azterketak zuzentzeko deitzen omen zuten. Gainera, harremanetan egon zen Linschmann eta Hannemann-ekin, Berlinen urte batzuk lehenago, Baskische Gesellschaft eta Euskera aldizkaria (1886-1896) sortu zutenekin; baita Hugo Schuchardt hizkuntzalariarekin ere[4].

Geroago, beste bidaiak egin zituen Alemaniara. 1922an itsasontziz joan zen Hamburgora, eta handik Berlinera eta Munichera. Berlinen Wilhelm von Humboldetek euskarari buruz idatzitakoak bildu zituen etxera ekartzeko.

03_Kleimsch….tif

Eta ondoren, Beda Kleinschmidt frantziskotarrak deituta berriro joan zen 1928an Alemaniara Teresa Neumann bisitatzera Konnersreuth-en. Eta bisita horren ondorioz liburu bat idatzi zuen kasuari buruz gaztelaniaz, La estigmatizada de Konnersreuth (Bartzelona, 1929).

Azkue liburutegian Azkuek utzitako eskuizkribuak begiratzen aritu naiz eta han alemanez idatzitako hainbat material dago. Alemana ikasteko materialak eta ariketak daude; erlijio testuak irakurtzeko hiztegiak, gehienetan alemana-gaztelania baina batzuetan euskara ere erabiliz; postalak, kontzertu programak, testuen kopiak, eskutitz-ereduak eta -zirriborroak, Coloniako XX. Internationaler Eucharistischer Kongresseko partaidetza-agiria, Alemaniako Gurutze Gorriaren esker oneko eta ohorezko diploma, eta abar. Horretaz aparte gauza bereziagoak ere badaude:

  • «Los Vascos» izenburua daraman idazkitxoa, bi aldaeratan, biak idazmakinaz idatzita, itxuraz Bähr-ek alemanera itzuli eta liburu aleman batean argitaratu zena.
  • Kommersnacht eta Konnersreuth liburuen zirriborroak.
  • „Die Basken und ihre Heimat« izenburua daraman testua, makinaz idatzitako 8 orri; eskuz Rundfunkvortrag dauka idatzita hasieran. Eta, beraz, Alemaniako irrati batentzat eman zuen hitzaldia litzateke.
  • Ohar batzuk von der Gabelentz-en Die Verwandschaft des Baskischen mit den Berbersprachen lanari buruz.
  • Balada, escena 3a de In hoc signo, euskaraz, eta ondoren itzulpena alemanez.
  • Ohar batzuk artikulu batentzat, «De Neologismos formados a imitación de otras lenguas» (Euskera, IX). Artikuluan jasotzen diren ohar batzuk daude: «Hermann Riegel, Deutsche Sprachverein: Kein Fremdwort für das was Deutsch gut ausgedrückt werden kann = ningún vocablo extraño para lo que pueda ser bien expresado en alemán». Eta horri lotuta hiztegitxoa dago, alemanari jarraiki euskal hitz berriak sortzeko adibideak jasoz: Bigamia: birrezkontza = Doppel ehe. Jaculatoria: ziri-otoitz = Schussgebet

Alemana eta euskararen arteko lotura eta antzekotasunari buruzko artikulu bat ere idatzi zuen gerora, «Coincidencias del euskera con el alemán», lan nagusiago baten barne, Estudio comparativo entre el vascuence y varias lenguas cultas (1949). Esan behar da erkaketak egiterakoan alemanari ematen diola arreta handiena.

Salamancako unibertsitateko errektoreari 1929ko uztailaren 16an Lekeitiotik bidalitako eskutitzaren kopia bat ere badago. Vienako Reichspost egunkariko uztailaren 11ko alean artikulu bat irakurri du, „Auf der Suche nach der Ursprache der Menschheit“, eta hor Iñigo Echeverria, Salamancan irakasle omen denaren lana aipatzen dela esaten dio (Kaukasoko idazki zaharrena topatu omen du eta euskararekin antzekotasuna omen du) eta horren berri jakin nahiko lukeela. Artikuluaren alemanezko kopia eta gaztelaniazko itzulpena bidaltzen dizkio.

Colonian landutako musika lanen zirriborroak ere badaude artxiboan, alemanezko letrarekin. Daniel oratorioaren lehen zatia, eta gero beste dokumentu luzeago bat, 1907an Colonian estreinatu zena, eta dituen 12 orrietatik bost lehen orrietan euskarazko bertsioa ere baduena; Der Ritter partitura, 15 orri ingurukoa; eta horren bigarren zirriborroa, «Colonian 1908ko martxoan» data daramana; Ave Maria bat, latinezko eta alemanezko hitzekin, 1907koa; eta Müller baten motetearen kopia.

Eta gainera idatzi zituen bi opera handien (1911 eta 1914) zirriborroak ere badaude. Ortz-zuriren zirriborroa, sarrera euskaraz, gaztelaniaz eta alemanez duela, eta lehen bost orriak ere bai; eta Ortzuriren beste zirriborro bat. Horren azalean dio „Oper in drei Akten In Baskischer Sprache geschrieben. Text und Musik von Dr. R.M. Azkue Übersetzung von Herrn Isidro Alkorta«. Hitzak alemanez eta euskaraz daude hasieran, gero euskaraz; Urloren partitura ere badago, zirriborroa da, alemanez eta euskaraz daude zati batzuk. Eta beste zirriborro luzeago bat ere badago, hiru musika liburutan, hiru hizkuntzetan.

Urlo operaren alemanezko aldaera argitaratu ere egin zen: Urlo. R.M. Azkue apaizak iru ataletan egindako opera/Urlo. Comedia lírica en tres actos/Urlo. Komische Oper in drei Akten, 1914 (itz. Melania Fischer).

Eskuizkribuen artean zentsoreari bidalitako eskutitza ere aurkitu dut (36.2.14) testu batzuk argitaratzeko baimena eskatuz. Eta interesgarria da oso, alemanetik itzuli zituen testu batzuen berri ematen baitigu horrek. Gainera, alemanezko beste testu batekin lotuta dago, «Kurze chronik der Salvatorianner in Spanien». Badirudi salbadoretar aleman batzuek Errioxara egindako bidai batean bitartekari lanak egin zituela, eta gero Willibrord Menke salbadoretarraren lantxo batzuk itzuli zituen euskarara, Apaiz osteguna eta aurrak eta Apaiz osteguneko elizkizun ta otoitzak. Liburutegietan datarik gabe aipatzen dira, baina eskutitz horretan aipatzen direnez, 1936koak izan behar dute. Gainera, 1936an antzeko testu bat itzuli zuen gaztelaniara, M. Schimidtmayer-en Jueves sacerdotal en el año eclesiástico. Eskutitzarekin batera, lan horien zirriborroak ere badaude Azkueren paperen artean.

Orain goazen Schillerren olerkiaren itzulpena aurkeztera. Schillerrek 26 urte zituela idatzi zuen Ode an die Freude (1785), eta geroago bigarren aldaera bat idatzi zuen (1803). Beethovenek 22 zituela ezagutu zuen olerkia, 1792an, eta berehala olerki hari musika jartzeko asmoa izan zuen. Asmoa lehen sinfonia egin aurretik bazuen ere, azkenean 1822 eta 1824 artean idatzi zuen bederatzigarren sinfonia hori, eta 1824ko maiatzaren 7an interpretatu zen lehenengo aldiz, eta 1828ko urrian argitaratu zen Mainzen[5]. Musikariak Schillerren bigarren aldaera erabili zuen, sarreratxo bat gaineratuz eta olerkia berridatziz (ikusi eranskina). Schillerren Oda, hasiera batean Ode an die Freiheit zen (Frantziako iraultzaren garaian unibertsitateetako ikasleek Oda marsellesaren doinuarekin abesten omen zuten); gero Freudera aldatu zuen, lanaren esanahia zabaltzeko: gizakiaren patua askatasuna bada ere, patu horren garapen osoak poza luke ondorio gisa.

Argi dago Azkueren itzulpenak Beethovenen aldaerarekin duela zer ikusia, eta berdin gertatzen da aurkeztuko ditugun beste bi itzulpenen kasuetan ere. Urlo opera antzezteko Bartzelonako orkestra ekarri zuen Bilbora, eta orkestrak opera antzezteaz gain hainbat egunetan beste piezak jo zituen, horien artean Beethovenen bederatzigarren sinfonia, eta Azkuek Oda euskarara itzuli zuen -Euskeria orfeoiak euskaraz abes zezan-. Urlo operaren antzezpena porrot handia izan zen, jakina denez, ekonomikoa ere bai, eta Azkuek jesuita bihurtu eta Loiolan erretiratzeko asmoa izan zuen, azkenean egin ez bazuen ere.

Azkueren itzulpena Euskadi aldizkarian agertu zen, 1914. urtean, 26. alean, 166. orrian. Sarrerak honela dio: «Himno "An die Freude" del gran poeta alemán Schiller, que constituye la letra de la Novena Sinfonía de Beethoven, traducido al euskera por D. Resurrección María de Azkue, para los próximos conciertos de la gran Orquesta Sinfónica, de Barcelona, en que tomará también parte el Orfeón Euskeria».

Pozari

O adiskide, ez ots motel ori;
entzun dezagun ozenago baten
durundia ta pozgarriagoa
Poza, Jainkotsinpart eder
Eliseoko alaba
gogo beroz gijoatzin
ire Jaurestegira.
Ire tseraz biltzen ditun
Apetaz banatuak,
Ire egapean anaitzen
Gozarotsu gizonak.
Adiskide on bat duela
Zinez zoritsu dana,
Emazte ederdun batekin
Ager bedi iregana.
Maite bakar bat gaberik
Bizi oi aizen ori
Pozezko baltzu ontarik
Negartsu ostu adi.

Sorkuraren bularretik
Poza edoskitzen degu;
On ta gaizto, orren egarriz
Beti bizi gera gu.
Musuak eman zizkigun
Masti, lagun ta indarra:
Berea da arren zoria
Ta aingeruen poz-garra.
¡Ots! So eki eder oyek
Oskoroan kurika,
bizkor zabilz anaika
pozik garai-zale legez.
Diru-metak guk besarka
Izadiaren musuz
Izar-gainean goituz
Aita samur bat bizi da.
¿Zer? ¿Ondatu, diru-metak?
¿Izargina nai aldek?
Oskoroan galde zak,
goyan zoritsu an dukek.


Hiztegitxo bat dakar, hitz bakan batzuen esanahia argituz, eta oin-har bat ere bai. Oin-oharrean adierazten du, gaztelaniaz, legez latindarra errimagatik erabiltzen duela bezala jatorraren ordez, bestela ez litzatekeela onargarria. Akats nabarmen bat ere egiten du Azkuek itzulpenean, Schillerrek aipatzen dituen Millionen horiek ez baitira «diru-metak», «jendetza» baizik.

Testua beste aldizkari batean ere jasotzen da, J.R. Belausteguibeitiak Euskal-erriako (1914), 548-549 orrietan idatzi zuen «La campaña artística del orfeón Euskeria» artikuluan. Odaren itzulpena berbera da (sarreran jatorrizko izena gaizki idazten du). Artikulu horretan, 547. orrian, beste testu oso interesgarria jasotzen da (ez dut hemen jaso, ez luzatzearren), Wagner-en Parsifal laneko zatitxo baten itzulpena, Azkuek egina hori ere kontzertu horietarako.

Iñaki Goenaga, Sistiya (1905-2005)

04_Goenaga.tif

Loiolako jesus lagunen egoitza nagusitik oso gertu jaiotakoa, jesus lagun bihurtzeko ikasketak egin zituen. Soldadutza ez egiteagatik Ameriketara joan zen, eta gero Europara itzuli zen. Belgikako Marneff-en teologia ikasketekin jarraitu zuen, Zaitegi eta Ibiñagabeitiarekin batera. Baina ikasketak utzi eta Euskal Herrira etorri zen kazetari eta politikari lanetan aritzeko. Gerran preso hartu zuten eta kartzelan egon zen, eta gerraondoan kultur lana erabat utzi zuen, egoerak behartuta[6].

05_W.Tell01.tif

Belgikako egonaldian egin zuen Goenagak Schillerren Wilhelm Tell antzerki lanaren itzulpena[7], ziurrenik Aitzol-ek bultzatuta. Alemanetik euskarara itzulitako lehen antzerki lana da.

Itzulpen horri buruzko informaziorik aurkitzen ez nuenez, Goenaga Azpeitian bizi zela jakin nuenean senideekin harremanetan jarri nahi izan nuen. Telefonoz dei egin nien eta nire sorpresarako alabak berehala eman zion telefonoa aitari. Itzulpenari buruz galdetu nion, baina elkarrizketa ez zen bide onetik joan. Kontu oso zaharrak zirela esan zidan, eta Irunen zuen etxe batean egin zituzten lan batzuk medio hainbat eskuizkribu galdu zirela. Bat-batean ilobak ere Gasteizen lan egin zuela esan, eta eskegi zuen.

Orduan galdera sorta bat prestatu nuen idatziz eta haren lagun bati helarazi nizkion, ea hark zuzenean galdetuta informazio gehiago ateratzen nuen. Eta zertxobait lortu nuen. Alemana Belgikan ikasi zuela, teologia ikasten ari zenean, eta itzulpen lanak egiterakoan hainbat pertsonaren laguntza izan zuela: Ibiñagabeitia, Zaitegi, Sarobe, Argarate, Ariztimuño. Itzulpena eskuz egin zuen eta gero Remington idazmakinaz kopia garbia, eta zatika bidaltzen zuen Euskal Herrira ezagunen baten bidaia aprobetxatuz. Galdeketa egin zionak jakinarazi zidan gutxienez hiru ordutarako jarduna zuela kontu horiei buruz eta onena ni Azpeitira joatea izango litzatekeela. Egun batzuk beranduago hitzordua eman zidaten, baina aldatu behar izan genuen gaixo edo zegoelako, eta ni lanpetuta nengoenez hitzordu berria eskatzearena atzeratu zen eta, azkenean, Goenaga hil zen bizi luze eta gorabeheratsua izan ondoren eta elkarrizketa egiteko aukera betirako galdu nuen.

Itzulpenari dagokionez, jatorrizkoa nahiko hurbiletik jarraitzen du, prosaz, hori bai, ez bertsotan; eta garai hartan ohiko zen moduan gertaerak gurera egokitzen ditu neurri batean (danbolina aipatzen da adibidez; Larrakoetxeak Grimm anaien ipuinak itzultzean antzekoak egiten ditu).

Goenagak une horretan antzerki lan hori zergatik itzultzen duen galdetzen badugu, Schillerren idazkiaren ezaugarri nagusiak aztertu behar dira. Tell, semea eta sagarraren eszena oso ezaguna da, baina askoz ere gehiago jasotzen da lan horretan. Ez dago argi Tell pertsonaia historikoa izan zen ala ez. Lehen lekukotzaren arabera Uri eskualdean bizi zen 13. mendearen amaieran eta 14.goaren hasieran (Aegidius Tschudi, Chronicon Helveticum, 1550, eta Johannes von Müller, Der Geschichten Schweizerischer Eidgenossenschaft 1. eta 2. liburua, Winterthur 1786). Tradizioak dioenez zapaltzaile austriarren aurkako matxinada abian jarri zuen eta Suitzaren independentzia segurtatzen lagundu zuen. Austriarrek ezarri zuten gobernadoreak hala behartuta semearen buru gainean jarritako sagarrari tiro egin behar izan zion uztaiaz, eta zenbait gorabeheren ondoren gobernadorea hiltzen du uztaiaz.

Schillerren Wilhelm Tell suitzar mito nazionalaren berridazketa ezagunena da, Suitzako literaturaren zatitzat onartzen da[8]. Lanaren alderdi nagusi bat kanpoko hertsapenen aurkako borrokak ezaugarritzen du. Hori ulertzeko zera jakin behar da: lanaren idazketa Goetheren ideia izan zen, hain zuzen, 1797an iraultzaren atarian zegoen Suitzara bere hirugarren bidaia egin zuenean bururatu zitzaion. Baina urteak igaro ziren eta ez zuen ezer idatzi, eta azkenean Schillerri eskaini zion gaia. Horrek ere ez zuen ezer egin hasiera batean, baina 1802an, Napoleonen mehatxua egikaritu zenean, gaiari heldu zion eta antzerkia idatzi zuen. Beraz, askatasunaren gaia orain nazioaren defentsari lotzen zaio. Schillerren lana Hungariako independentziaren aldeko sinbolo izan da, adibidez; han 1872 arte debekatua egon da. Hala ere, esan behar da lanean ideal burgesak ere azaltzen direla, anaitasuna, askatasun politikoa, hiritarren eskubideak, jauntxokeriaren kritika, eta abar («Der brave Mann denkt an sich selbst zuletzt / Gizon bioztunak bere buruari azkena begiratzen dio», 1. ekitaldia, 1. eszena; edo aro berri bat hastera doala esaten duenean, honela jarraitzen du: «Der Adel steigt von seinen alten Burgen / Und schwört den Städten seinen Bürgereid / Antziñako Jauregietatik jetxi dira aundikiak, eta erritarrak bezelaxe zin-dagite», 4. ekitaldia, 2. eszena).

Horregatik, garaien eta egoeren arabera, antzezpen ezberdinek alde abertzalea edo alde liberala azpimarratu izan dituzte[9]. Horrela, Napoleonek hartu zituen lurraldeetan debekatu egin zuten berehala, eta aske ziren lurralde alemanetan maiz antzezten zen, espiritu abertzalea pizteko («Dem Kaiser selbst versagen wir Gehorsam / Kaisar berari ere, esan-egiterik ez dugu nai izan», 2. ekitaldia, 2. eszena; edo «Wir wollen frei sein, wie die Väter waren, / Eher den Tod, als in der Knechtschaft leben / Guk aske bizi nai dugu gure gurasoek lez; obe eriotza menpekotza baiño», 2. ekitaldia, 2. eszena). Antzeko zerbait gertatu zen 1922an tropa frantses eta belgikarrek Renania okupatu zutenean Alemania Versailleseko hitzarmena betetzera behartzeko. Wilhelm Tellen antzezpenak debekatu ziren, ideia abertzaleak islatzen zituelako. Horren haritik, naziek hasieran jarrera abertzale hori indartzeko erabili zuten; baina, geroago, ikuspegi liberala ezin ezkutatuz, debekatu egin zituzten Schillerren lanak.

Pentsa daiteke 1934an suitzarren independentziaren aldeko borroka eredugarri izan zitekeela itzulpena bultzatu eta egin zutenentzat. Ordurako egoera nahiko larria eta nahastua zen Europan eta Espainian, eta Schillerren lanak bortxakeriaren erabilera politikoa eta horren mugak ditu hizpide.

Nein eine Grenze hat Tyrannenmacht:
Wenn der Gedrückte nirgends Recht kann finden,
Wenn unerträglich wird die Last - (...)
Zum letzten Mittel, wenn kein andres mehr
Verfangen will, ist ihm das Schwert gegeben

Ez, jauntxokeriak ere, badu bere azkena. Katepean dagonak zuzentasunik iñun billa ezin badu, ta kate oien nekeak eraman eziñak diranean (...) azken laguntzaz, besterik eziñean, ezpatari otsegiten zaio. (2. ekitaldia, 2. eszena).

Bortxakeria onesten du Schillerrek, baina soilik norberarena dena defendatzeko, bereziki askatasuna defendatzeko.

Eu'r Walten hat ein Ende. Der Tyrann
Des Landes ist gefallen. Wir erdulden
Keine Gewalt mehr. Wir sind freie Menschen.

Zureak egin du! Aberri uztertzaillea lurreratu da. Besterik ez dugu jasango! Gizon askeak gara. (4. ekitaldia, 3. eszena).

Azkenik, kontu bat aipatu nahiko nuke. Goenaga antzerkia itzultzen hasi zenean jesus lagun bihurtzeko ikasketak egiten ari zen, eta itzulpen lana amaitu zuenerako ikasketak utzi zituen. Laneko une ezagunenetako batean, 2. ekitaldiko 2. eszenan, Kaisarrari ez zaiola men egingo aipatzen da, baina ondorengo lerroak ematen du arrazoia; izan ere, austriarrek apaizgoari mesede bat egiteagatik hautsi dituzte suitzarren eskubideak.

Dem Kaiser selbst versagten wir den Gehorsam,
Da er das Recht zu Gunst der Pfaffen bog.

Apaizei laguntzearren, legeak ausi dituanean, Kaisar berari ere, esan-egiterik ez dugu nai izan. (2. ekitaldia, 2. eszena).

Agian Goenagak bere garaian errepikatzen zen erlijioaren eta politikaren arteko gatazka horren eraginpean jokatu zuen.

06_GilenTell.tif

Jakina da Wilhelm Tell antzerki lanak hainbat egokitzapen izan dituela hizkuntza askotan; horietako asko eta asko haur eta gazteentzat egindakoak. Gurean ere horrelakoak aurkitu ditugu:

Jaxinto Fernandorena Setienek 1979an (2. argitalpena, 1985) egokitzapen baten itzulpena egin zuen. Liburuan ez da ematen jatorrizko egokitzapenaren berri.

Gainera, Iñaki Zubeldiak egindako egokitzapen bat dago, Gillen Tell: kondaira suitzarra (Elkar, 1984, 1987, 1990).

Horretaz gain komikiak ere badaude, Miguel Angel Unanuak 1988an egindakoa eta Ismael Romanek 1999an egindakoa.

Eta azken unean jakin dut grabazio bat ere badagoela, Gilen Tell nobela euskaraz, Goiherriko Euskal Eskolak hiru kasetetan jasoa (Lazkao, 198-?).

07_GilenTell02.tif
08_GilenTell03.tif

Horretaz gain zeharkako produktu bat ere topatu du, alegia, Alfonso Sastrek egindako egokitzapena: Guillermo Tell tiene los ojos tristes, 1959. Karga politiko handiko berridazketa da, besteak beste Tellek semea hiltzen du sagarrari asmatu beharrean, eta idatzi zenean debekatua izan zen. Baina hemen aipatzen badut euskarazko itzulpenak ezagutu dituelako da. Lehena 1979an agertu zen, Gilen Tell-ek begiak triste, eta itzultzaile gisa Barkaiztegiko taldea aipatzen da.

Eta bigarrena 1990ean Hiru argitaletxean agertu zen, Gillermo Tellek triste ditu begiak/Guillermo Tell tiene los ojos tristes. Argitalpen elebidun horretan itzultzaileak Beatriz Zabalondo eta J. L. Aranguren «Txiliku» izan ziren.

09_GilenTellbegiaktriste.tif
10_GilenTell begiak02.tif

Jon Mirande (1925-1972)

11_MirandeGog.tif

Jon Mirandek itzultzaile gisa egindako lana aski ezaguna da, eta alemanetik hainbat gauza itzuli zituen. Haren lanaren alderdi hori aztertua ere izan da («Jon Mirande itzultzaile», Andolin Eguzkitza). Esan behar da hizkuntzen jakin-min handia izan zuela eta hortik datorkiola gero itzultzaile lana ere. «Nik, gaztea izan arren, zenbait hizkuntza ikasi ditut, euskarari laguntzeko, hain zuzen. Poeta bakoitza bere hizkuntzaz irakurri dut...», Jon Mirande, Poemak, 23. orria (Andima Ibiñagabeitiak jasoa). Horretaz gain, 1961eko «Kultura eta folklorea» idazkian bi adigaiak aurkakotzen ditu, eta hor itzulpengintzaren balioa ere azpimarratzen du.

«Bitxi iduri baldin bazaizue ere, uste dut Shakespeare, Poe, Sofokles eta Platon itzultzen duten euskaltzaleek lan beharrezko bat egiten dutela, eta abertzale zentzu egiatiago bat ez badute besteek baino, begiraleak baino argiago direla nola nahi, zeren horiek herriak utzi zorian edo zeharo utzirik duen dantza piko bat salbatzea bakarrik nahi dute, edo sekulan jantzi ez diren soinekoak kontserbatzea», «Kultura eta folklorea», Lan osoak, 1, 464. orria.

«Baina euskaldun folklorea eta kultura nahastea, eta lehen hori bakarrik gordetzeko lan egitea eta hala euskaldun nazioaren gogo bizitza salbatzea, iñora eramaiten ez duen bazter bide itsua da, desilusio garrantza ez bada; zeren, gogoko ala ez, «gordetzaile» eta «begiraleek» jarraituriko ohiko joku, dantza eta kantak bazter utzirik, euskaldun herriak bere kondairan beti egin duen bezala, berriki egin edo kanpotik etorritakorik hartuko du, eta molde berri horiek euskal folklore bilakatuko», «Kultura eta folklorea», Lan osoak 1, 465. orria.

Txema Larreak apailatutako Poemak, 1950-1966 liburuaren 19-20 orrietan Miranderen «hitzaurre antzo» bat agertzen da eta hor «nire poemak» aipatzen ditu, baina itzulpen bat badago gutxienez artean, 135. orriko Hirur lili / Drei Lilien. Ez dut inon horren berririk aurkitu, baina jatorrizkoa abesti aleman zahar bat da, soldadu alemanek gerran sarri abesten zutena. 1830 inguruan sortu zen aurretik Nachtjäger-ek idatzi zuen balada bat berridatziz.


1. Drei Lilien, drei Lilien,
Die pflanzt' ich auf mein Grab,
Da kam ein stolzer Reiter
Und brach sie ab.

Da kam ein stolzer Reiter
Und brach sie ab.

2. Ach Reitersmann, ach Reitersmann,
Laß doch die Lilien stehn,
Die soll ja mein Feinsliebchen
Noch einmal sehn.

Die soll ja mein Feinsliebchen
Noch einmal sehn.

3. Was schert mich denn dein Liebchen,
Was schert mich denn dein Grab!
Ich bin ein stolzer Reiter
Und brech' sie ab.

Ich bin ein stolzer Reiter
Und brech' sie ab.

4. Und sterbe ich noch heute,
So bin ich morgen tot,
Dann begraben mich die Leute
Ums Morgenrot.

Dann begraben mich die Leute
Ums Morgenrot.


Hirur lili nik landatu
Nire thumban gainen
Haidera!

Zaldun haidorr bat jin eta
Liliak khen!

Oi zalduna! Oi zalduna!
Liliak, othoi, utz (haidera)
Behin ere ene maitiak
Ditzan ikhus.
Ikhus

(...)





Baldin egun hil banadi
Bihurr ba natza hotz (haidera)
Egun-Sentiz nazazute
Thumban ehortz!

Miranderen germanofilia, are nazifilia ere, ezaguna da. Hizkuntza ikasi zuen eta bidaiak ere egin zituen Vienara 1952an, Munichera 1963an eta Saxoniara 1971n. Hitz alemanak erabiltzen zituen tarteka idaztean. Horrela, Xabier Kintanari 1971ko urriaren 17an idatzitako eskutitzean «gogaide» aipatzen du eta parentesi artean (Meinungsgenossen) idazten du (Orhoituz, 9. orria). Ikustera goazen moduan Schillerren lanak itzuli zituen, baina baita Nietzsche, Hoffmannsthal, Kafka eta Uhland-enak ere[10]. Pentsamenduaren aldetik, pentsalari alemanen eragina nabarmena da (Nietzsche, Schopenhauer, Spengler) Joxe Azurmendik argitu duenez.

Zaletasun horiek eta Schillerren itzulpen bati erreferentzia aurkitu ditut Andima Ibiñagabeitia lagunari bidalitako eskutitz batean:

Ibiñagabeitia'tar Andima'ri
1952-XII-18

Adiskide maitia!

Esan nizun bezala neurtitz batzu ondu ditut euskal-motzaileen izkuntzan: or dioakizu ene maite-kanta jitoa; Lhande baitako jito-itzen lista bat egin dut, bestalde: orren bidez, ene poematxoa aisa ulertuko duzu. Itz batzu ments nituelako, beste errietako rom-en izkeratik artu ditut: mindro = eder; lolo = gorri; mui = aho; londo = gazi; ankhai-en ordez, jakha ibeni dut, zuurrago baitzait forma au.

Gainera, Lhande-ren itzak oro ez dira gogoatu-gabe artzekoak eta zeuk erabili nai ba zenitu, obe zenuke eni galdatzea lenik; e.g. Lhande-k «latzidama» gau-rentzat, bainan nik ikasi dudan romanesean, «rachi» da eta euskal-romanesean lak(h)i izanen zan noskiago.

Poema eta lista auk, makhinaz joko al dizkidazu, otoi? Listaren aldaki bat zuretzat gorde zazu, jakina; beste bat Zaitegi-rentzat (nire poemak argitaraziko ba ditu) eta beste bat, Krutwig-entzat. Bainan ez nuke nai besteen artean zabal dadin, gaitzeko lana izan baitut aren moldatzea: jabe du.

«Wohlauf, Kameraden» Schiller-en bertsoa ez dut oraindik euskararatu, musikaz ez bainaiz oroit. Saiatuko naiz alaz ere.

Zuk aipatu latinezko obra ere, itzuliko dut gogoz... luzeegi ez ba da, eta igorten ba didazu. Gainera, bien artean, Synge-ren theatro-lan bat euskaraz jar genezake (a.n. The Saints' Well (Sainduen Putzua), antiklerikal samarra ba da ere). Astean egun (arrats) batean elkarrekin bil gindezke, eta laster buka genezake, laburra da-ta -bainan ederra. Asi al-zera Euskal literaturaren historia idazten, eta Leizaola ta Etxaide-ri eskaltu al diezu aipatu lanen egitea?

Laster elkar ikusiko dugulakotan ene agurrik neopaganuenak, eta minenak igorten dizkizut. Euskal P.E.N.aren bilkurarako deiaren aiduru nago ere.

Sieg Heil.

Jon Mirande.

Schillerren olerki horren itzulpenaren arrastorik ez dut aurkitu, baina beste birenak oso ezagunak dira: Das Mädchen aus der Fremde, Egan, 1959ko 1-4 zenbakiko 20. orrian eta Sehnsucht, Egan, 1959, 1-4 zenbakian, 21. orrialdean. 

DAS MÄDCHEN AUS DER FREMDE

In einem Tal bei armen Hirten
Erschien mit jedem jungen Jahr,
Sobald die ersten Lerchen schwirrten,
Ein Mädchen, schön und wunderbar.

Sie war nicht in dem Tal geboren,
Man wußte nicht, woher sie kam,
Und schnell war ihre Spur verloren,
Sobald das Mädchen Abschied nahm.

Beseligend war ihre Nähe,
Und alle Herzen wurden weit,
Doch eine Würde, eine Höhe
Entfernte die Vertraulichkeit.

Sie brachte Blumen mit und Früchte,
Gereift auf einer andern Flur,
In einem andern Sonnenlichte,
In einer glücklicher Natur.

Und teilte jedem eine Gabe,
Dem Früchte, jenem Blumen aus;
Der Jüngling und der Greis am Stabe,
Ein jeder ging beschenkt nach Haus.

Willkommen waren alle Gäste,
Doch nahte sich ein liebend Paar,
Dem reichte sie der Gaben beste,
Der Blumen allerschönste dar.

ATZERRIKO NESKATILLA

Aran baten, artzain-artean,
Agertzen zan urte-berriz,
Lehengo larratxoriekin,
Neska bat, ederra guztiz.

Ez zan aran hartan jaioa,
Iñork ez zekin nongo zen.
Galtzen ziran haren oiñatzak,
Neskak aldegin ondoren.

Haren ondoan pozez zegon
Biotz oro irigia;
Andraurenak urrundu arren
Lasaitasun larregia.

Ba zekarzkin lore eta frutu
Beste lur batek emanak,
Beste eguzki batek ondurik,
Izadi obe batenak.

Bakoitzi zerbait zemakion,
Nori frutu, nori lore;
Doaiturik zijoan etxera,
Naiz mutiko, naiz agure.

Arrotz denak ongi-etorri
Zitun; baiñan maitariei
Zemakien emai onena:
Lili ederrenak haiei.


SEHNSUCHT

Ach, aus dieses Tales Gründen,
Die der kalte Nebel drückt,
Könnt ich doch den Ausgang finden,
Ach wie fühlt ich mich beglückt!
Dort erblick ich schöne Hügel,
Ewig jung und ewig grün!
Hätt ich Schwingen, hätt ich Flügel,
Nach den Hügeln zög ich hin.
Harmonieen hör ich klingen,
Töne süßer Himmelsruh,
Und die leichten Winde bringen
Mir der Düfte Balsam zu,
Goldne Früchte seh ich glühen
Winkend zwischen dunkelm Laub,
Und die Blumen, die dort blühen,
Werden keines Winters Raub.
Ach wie schön muß sichs ergehen
Dort im ewgen Sonnenschein,
Und die Luft auf jenen Höhen
O wie labend muß sie sein!
Doch mir wehrt des Stromes Toben,
Der ergrimmt dazwischen braust,
Seine Wellen sind gehoben,
Daß die Seele mir ergraust.
Einen Nachen seh ich schwanken,
Aber ach! der Fährmann fehlt.
Frisch hinein und ohne Wanken,
Seine Segel sind beseelt.
Du mußt glauben, du mußt wagen,
Denn die Götter leihn kein Pfand,
Nur ein Wunder kann dich tragen
In das schöne Wunderland

ERRI-MIN

Laño otzak estaliko
Ibar honen zolatik
Irtetzeko ba nu bide,
Zer poza nenduke nik!
Muño ederrik han dakust,
Beti gazte eta musker!
Baldin egorik ba neuka,
Egaz joan neinte laster.
Zeru-bake gozo baten
Harmonia ba dantzut,
Aize ariñak dakarren
Baltsamua sendi dut,
Osto ilunen artetik
Irriz urre-frutuak...
Han loratzen den lorerik
Ez du ozten Neguak.
Zein den eder ibiltzea
Han, beti eguzkitan,
Aizea zein freskagarri
Dela gaillur haietan!
Baiñan ez nau uzten joaten
Artean den ibaiak,
Ur gora ozena gatik
Ditut biotz-ezbaiak.
Ontzi bat dakust zabuka,
Ez, oi! Ontzi-maixurik.
-Bihotz euki! Utz ezbaiak!
Velak arima bat dik,
Siñeta ezak, ausart adi,
Naiz Jainkoak ez berma:
Mirazko Errira soilki
Mira batek arama.


Antonio Maria Labaien (1898-1991)

12_Labaien.tif

Antonio Maria Labaienek «Ode an die Freude» olerkiaren beste aldaera bat egin zuen 1959an, eta horretaz gain idazle alemanen antzerki lanak euskaratu ditu. Saiatu nintzen lan horien testuinguruari buruzko informazio gehiago lortzen, baina hasiera batean ezer gutxi aurkitu nuen.

Kultura edo hizkuntza alemanari lotutako pare bat lan aurkitu nituen. Yakintza aldizkariko lehen zenbakian, 1933. urtean (29-37. orrietan) itzulpen bat aurkitzen dugu: «Zumalacárregui» o la «Muerte del héroe»: drama alemán en cinco actos por Friedrich Senbold; 1951n Euzko-Gogoako 9/10 alean (6. orrian) Linkeus dorrezaia olerkia agertzen da (Goetheren Faustoren zatitxo baten itzulpena da); 1956an Eganen (53-54. orrietan) Mozarti buruzko idazkitxoa dugu haren jaiotzaren bigarren mendeurrenean.

Informazio gehiago bilatu nahi nuen eta Ramon Labaienen semeari deitu nion. Elkarrizketa luze xamar batean esan zidan alemana Tolosan ikasi zuela lehenengoz (Tolosako alkate izan zen) eta ondoren Iparraldean igaro zituzten zortzi urteetan, aldez Hans izeneko soldadu aleman batekin hizkuntza-trukea eginez. Itxuraz Norbert Tauer euskaltzale txekiarrarekin harreman sendoa izan zuen, eta bisitatzera ere joan omen zen Vienara (Tauer-ek, ordea, ezin izan zuen Txekoslovakiatik irten, eta, beraz, ezin izan zuten elkar ikusi). Eskutitzak trukatzeaz gain, liburuak trukatzen omen zituzten: Labaienek euskal liburuak bidaltzen zizkion eta Tauerrek liburu alemanak, bereziki musikari buruzkoak. Kasu honetan ere musikari zion zaletasuna izan zen Odaren itzulpenaren arrazoia.

Ramon Labaienek esan zidan aitaren liburu eta eskuizkribuak (batzuk galdu egin dira) Tolosan zeudela eta hara joan nintzen ea zerbait aurkitzen nuen. Eta bai, Labaienen pasio handiari buruzko hainbat liburu dago han, antzerkiari buruzkoak, hain zuzen. Gainera, erlijio liburu eta pentsamenduzko liburu asko dago, horietako asko euskaraz gainera. Eta frantsesez eta alemanez idatzitako hainbat liburu ere badago, gutxiago ingelesez[11]. Alemanari dagokionez, hizkuntza ikasteko liburuak daude, musika liburuak eta literatura alemaneko hainbat klasiko: Goethe, Schiller, Stifter, Rilke, Brecht, eta abar.

Dürrenmatt (Gizona ta kidea), Frisch (Su-emailleak) eta Brecht (Amaren armak) itzuli zituela banekienez, lan horien jatorrizkoen bila nenbilen bereziki, baina ez nituen aurkitu. Su-emailleak separata moduan aurkitu nuen eta hirugarren orriko oin-oharrean honela dio:

«Biedermann und die Brandstifter 1962 Suhrkamp Verlag-Frankfurt am Main. Traducción española de M. González Haba. «Los incendiarios». Revista Primer Acto, número 62. Madrid, 1965».</FONT SIZE="-1">

Eta horren ondorioz ez dago argi itzulpen zuzenak ote diren ala ez, testuen alderaketa egin artean ezingo da erabaki.

Azkenik, hemen Schillerren itzulpena.

Poza'ri oda
Olerti, 1959 II, 86-88 orriak. Ibalan itzultzaile.

O Poz! Ez eresi itunik
Geigo, abots pozgarri
ta alaiagorik baizik!

Poza!
Poza! Jainko txinpart eder,
Eliseo'ko alaba,
Suz ordiak sartzen gaitun
zerutar gaindegira.
Ire lilurak berriz din
otu bizkerak etena.
Gizon oro anai gatxin
ire egak ikututa.

Lagunen-lagun irauten
Zoria dunak lortu,
ta andre laztan bat maitatzen
gukin bedi alaitu.
Naiz arima soil bat « bere»
dei baleza munduan.
Ori ezin ba'lu alare,
Bego negarrez atean.

Poza edan oi du gizonak
Natura bularretik,
gaizto ala on diranak
doaz aren atzetik.
Musu ta ardo eman zigun
adiskide il arte.
Arrak griña izan zizun,
Aingeru'k Jaink-aurre.

Alai! Egan, eguzkiak

Ortz garbian bezela.
Jarrai pozik, anaiak!
Garailari antzera.

Poza! Jainko-txinpart eder,
Eliseo'ko alaba,
suz ordiak sartzen gaitun
zerutar gaindegira.
Ire lilurak berriz din
lotu bizkerak etena.
Gizon oro anai gatxin
ire egak ikututa.

Besarka elkar milloika!
Musu mundu danari
Anaiok! Izar zearka
dago Aita'ren jauregi.

Auzpez jarririk asmatu
Nun ote Jauna izango?
Ortze gaiñean billatu,
Izar tartean bait-dago.

Besarka elkar milloika!
Musu mundu danari!
Poza! Jainko-txinpart eder,
Eliseo'ko alaba,
Suz ordiak sartzen gaitun
zerutar gaindegira.

Gainerakoak

Irakaskuntza aldizkari batean aurkitu dut Odaren hirugarren aldaera (Urrats, 1979, lehenengo zenbakia, 37. orrian). Hemen ere Beethovenen IX. sinfoniari lotuta egiten da itzulpena (ez da ematen itzultzailearen berri). Bi testuak ematen dira, Beethovenen aldaera eta itzulpena, lerroz lerro tartekatuz (ikus eranskina).

Horretaz gain, Schillerren itzulpen berriena izan daitekeena topatu dut, Musa alemana. J. Azurmendik egin du eta Euskera, euskaldunon hizkuntza (Joseba Intxausti, 1990) liburuan agertzen da. Kasu honetan testuingurua argi dago. Olerki horretan Schillerrek hizkuntza alemanak bere garaian jasaten zuen egoera kaskarra kritikatzen du eta bere belaunaldiaren lana islatzen da alemana kultura hizkuntza bihur zedin. Beraz, parekotasun bat bilatu nahi da euskararekin.

DIE DEUTSCHE MUSE (1800)

Kein Augustisch Alter blühte,
Keines Mediceers Güte
Lächelte der deutschen Kunst,
Sie ward nicht gepflegt vom Ruhme,
Sie entfaltete die Blume
Nicht am Strahl der Fürstengunst.

Von dem größten deutschen Sohne,
Von des großen Friedrichs Throne
Ging sie schutzlos, ungeehrt.
Rühmend darfs der Deutsche sagen,
Höher darf das Herz ihm schlagen,
Selbst erschuf er sich den Wert.

Darum steigt in höherm Bogen,
Darum strömt in vollem Wogen
Deutscher Barden Hochgesang,
Und in eigner Fülle schwellend,
Und aus Herzens Tiefen quellend
Spottet er der Regeln Zwang.

MUSA ALEMANA

Ezein antzinaro Augustiar zegoen lore,
Ezein eskuzabaltasun Medicitarrek zion
Arte alemanari egin irribarre;
Loria ez zen haren arduratu,
Ez zuen garatu bere lorea
Printzeen fabore diztiratan.

Amaren seme aleman handienaren
Tronuak, Federiko Handiaren, babes
Gabe laga zuen, ohorapen gabe;
Loriatuz, bada, esan dezake alemanak,
Gorakiago diezaioke taupada jo bihotzak
Berak sortu zuen bere prezamena.

Horregatixe arku hainbat garaiagotan,
Horregatik uhin hainbat biribilagotan isuri doa
Bardo alemanen goikanta;
Eta bihotzaren sakon-barnetik iturrika dariola
Arauen hertsaduraz burlatzen da.

Aurreko guztiaz gain, eta amaitzeko, Schillerren beste bi erreferentzia aurkitu ditut. Lehena Manuel Lekuonari (1894-1987) buruzkoa da, Patxi Larrionek jasotzen duena:

Azkue eta Barandiaranekin batera Euskal Herriak eman duen beste biltzailetako bat da Manuel Lekuona. Oiartzuarrak, Schiller-en amorrazioz ekin zion bertso munduaren ikerketari, Eusko Ikaskuntzaren Oñatiko Batzarrean (1918), kazetari donostiar baten kalaka aditzean, «Alemanian, noski, «baserritarrak» igande arratsaldeetan, zerbeza-garagardoa edanaz, Schiller-en olerkiak irakurtzen jarduten zutela... Gure baserritarrak, berriz, sagardotegietan bertsolarien narraxkeriak entzuten egoten zirala, ordutan ta ordutan... Min eman zidan, benetan, gizon aren ariera txoroak»[12].

Eta amaitzeko, orain bai, Xabier Mendiguren Bereziartu itzultzaileak, Kontseiluko idazkari nagusi gisa esandakoak jasotzen ditut, Europako konstituzioari eta horretan euskarak duen lekuari edo leku ezari buruz Schiller aipatuz esandakoak, hain zuzen:

Idatzi dudan honek sorrarazten duen malenkoniak eraginik Schiller/Beethovenen «Pozaren oda», Europako himno ofiziala irakurtzea baino ezer hoberik ez zait bururatu, zeinean poeta alemaniar gailenak aldarritzen baitu «(pozaren) lilurak berriz lortzen duela, / ohiturak zorrotz bereizi duena». (Deine Zauber binden wieder/ was die Mode streg getheilt). Batasunak jaregin dezakeen energia horrek hizkuntzaren tratamenduan eta beste sail batzuetan egin dezakeenaren augurio zorionekoa dirudien hori, bertso lerro batzuk geroago ekaitz-hodei mehatxagarri bihurtzen zait, zeren baldintza batzuk betetzen ez dituenak «negarrez aldendu beharko duela elkargo honetatik» adierazten baitzait (Und wer's nie gekonnt, der stehle/ Weinend sich aus diesem Bund).

Ziurrenik egongo dira aipatu beharreko itzulpen eta erreferentzia gehiago, baina oraingoz horiek dira bildu ahal izan ditudanak. Orain, bilatzen jarraitzeaz gain, pixkanaka aurkitutako horien guztien azterketa lasaigo bat egin beharko litzateke.

Eranskina

Ode an die Freude, Friedrich Schiller

(1) Freude, schöner Götterfunken,
Tochter aus Elysium,
Wir betreten feuertrunken,
Himmlische, dein Heiligtum !
(2) Deine Zauber binden wieder,
Was die Mode streng geteilt ;
Alle Menschen werden Brüder,
Wo dein sanfter Flügel weilt.
CHOR
(3) Seid umschlungen, Millionen !
Diesen Kuß der ganzen Welt !
Brüder - überm Sternenzelt
Muß ein lieber Vater wohnen.
(4) Wem der große Wurf gelungen,
Eines Freundes Freund zu sein,
Wer ein holdes Weib errungen,
Mische seinen Jubel ein !
(5) Ja - wer auch nur eine Seele
Sein nennt auf dem Erdenrund !
Und wer's nie gekonnt, der stehle
Weinend sich aus diesem Bund.
CHOR
(6) Was den großen Ring bewohnet,
Huldige der Sympathie !
Zu den Sternen leitet sie,
Wo der Unbekannte thronet.

(7) Freude trinken alle Wesen
An den Brüsten der Natur ;
Alle Guten, alle Bösen,
Folgen ihrer Rosenspur.
(8) Küsse gab sie uns und Reben,
Einen Freund, geprüft im Tod ;
Wollust ward dem Wurm gegeben,
Und der Cherub steht vor Gott.
CHOR
(9) Ihr stürzt nieder, Millionen ?
Ahnest Du den Schöpfer, Welt ?
Such' ihn überm Sternenzelt !
Über Sternen muß er wohnen.
(10) Freude heißt die starke Feder
In der ewigen Natur.
Freude, Freude treibt die Räder
In der großen Weltenuhr.
(11) Blumen lockt sie aus den Keimen,
Sonnen aus dem Firmament,
Sphären rollt sie in den Räumen,
Die des Sehers Rohr nicht kennt.
CHOR
(12) Froh, wie seine Sonnen fliegen
Durch des Himmels prächt'gen Plan,
Wandelt, Brüder, eure Bahn,
Freudig, wie ein Held zum Siegen.


Beethoven, IX. Sinfonia

O Freunde, nicht diese Töne !
Sondern laßt uns angenehmere
anstimmen, und freudenvollere !
Freude !
Freude, schöner Götterfunken,
Tochter aus Elysium,
Wir betreten feuertrunken,
Himmlische, dein Heiligtum !
Deine Zauber binden wieder,
Was die Mode streng geteilt ;
Alle Menschen werden Brüder,
Wo dein sanfter Flügel weilt.
Wem der große Wurf gelungen,
Eines Freundes Freund zu sein,
Wer ein holdes Weib errungen,
Mische seinen Jubel ein !
Ja - wer auch nur eine Seele
Sein nennt auf dem Erdenrund !
Und wer's nie gekonnt, der stehle
Weinend sich aus diesem Bund.
Freude trinken alle Wesen
An den Brüsten der Natur.
Alle Guten, alle Bösen
Folgen ihrer Rosenspur.

Küsse gab sie uns und Reben,
Einen Freund, geprüft im Tod;
Wollust ward dem Wurm gegeben,
Und der Cherub steht vor Gott.
Und der Cherub steht vor Gott.
Froh, wie seine Sonnen fliegen
Durch des Himmels prächt'gen Plan,
Laufet Brüder, eure Bahn,
Freudig, wie ein Held zum Siegen.
Freude, schöner Götterfunken,
Tochter aus Elysium,
Wir betreten feuertrunken,
Himmlische, dein Heiligtum!
Deine Zauber binden wieder,
Was die Mode streng geteilt;
Alle Menschen werden Brüder,
Wo dein sanfter Flügel weilt.
Seid umschlungen, Millionen !
Diesen Kuß der ganzen Welt !
Brüder - überm Sternenzelt
Muß ein lieber Vater wohnen.
Ihr stürzt nieder, Millionen ?
Ahnest Du den Schöpfer, Welt ?
Such' ihn überm Sternenzelt !
Über Sternen muß er wohnen.

Bien arteko aldea ikusteko begiratu Maximianno Cobraren lana, Von Ode zu Hymne. Von Schiller zu Beethoven.


Odaren hiru euskal aldaerak (1914, 1959, 1979)

1914

O adiskide, ez ots motel ori;
entzun dezagun ozenago baten
durundia ta pozgarriagoa

Poza, Jainkotsinpart eder
Eliseoko alaba
gogo beroz gijoatzin
ire Juarestegira.
Ire tseraz biltzen ditun
Apetaz banatuak,
Ire egapean anaitzen
Gozarotsu gizonak.
Adiskide on bat duela
Zinez zoritsu dana,
Emazte ederdun batekin
Ager bedi iregana.
Maite bakar bat gaberik
Bizi oi aizen ori
Pozezko baltzu ontarik
Negartsu ostu adi.

Sorkuraren bularretik
Poza edoskitzen degu;
On ta gaizto, orren egarriz
Beti bizi gera gu.
Musuak eman zizkigun
Masti, lagun ta indarra:
Berea da arren zoria
Ta aingeruen poz-garra.
¡Ots! So eki eder oyek
Oskoroan kurika,
bizkor zabilz anaika
pozik garai-zale legez.
Diru-metak guk besarka
Izadiaren musuz
Izar-gainean goituz
Aita samur bat bizi da.
¿Zer?¿Ondatu, diru-metak?
¿Izargina nai aldek?
Oskoroan galde zak,
goyan zoritsu an dukek.


1959

O Poz! Ez eresi itunik
Geigo, abots pozgarri
ta alaiagorik baizik!

Poza!
Poza! Jainko txinpart eder,
Eliseo'ko alaba,
Suz ordiak sartzen gaitun
zerutar gaindegira.
Ire lilurak berriz din
lotu bizkerak etena.
Gizon oro anai gatxin
ire egak ikututa.
Lagunen-lagun irauten
Zoria dunak lortu,
ta andre laztan bat maitatzen
gukin bedi alaitu.
Naiz arima soil bat «bere»
dei baleza munduan.
Ori ezin ba'lu alare,
Bego negarrez atean.

Poza edan oi du gizonak
Natura bularretik,
gaizto ala on diranak
doaz aren atzetik.
Musu ta ardo eman zigun
adiskide il arte.
Arrak griña izan zizun,
Aingeru'k Jaink-aurre.
Alai! Egan, eguzkiak
Ortz garbian bezela.
Jarrai pozik, anaiak!
Garailari antzera.


Poza! Jainko-txinpart eder,
Eliseo'ko alaba,
suz ordiak sartzen gaitun
zerutar gaindegira.
Ire lilurak berriz din
lotu bizkerak etena.
Gizon oro anai gatxin
ire egak ikututa.
Besarka elkar milloika!
Musu mundu danari
Anaiok! Izar zearka
dago Aita'ren jauregi.
Auzpez jarririk asmatu
Nun ote Jauna izango?
Ortze gaiñean billatu,
Izar tartean bait-dago.
Besarka elkar milloika!

Musu mundu danari!
Poza! Jainko-txinpart eder,
Eliseo'ko alaba,
Suz ordiak sartzen gaitun
zerutar gaindegira.

1979

Adiskideok! Ez gaitezen doinu zarata hoietan eror.
Beste zerbait alaiago eta atseginagorekin has gaitezen!
(Alaitasunaren abestia)
Alaitasun, Jainkozko argi eder.
Eliseon jaioa.
Zure aldareruntz goaz, sutsuki.
Gogortasunak zatitua.
Zure dizdiraz berriro batua.
Zure eragipen ongilea erdietsi arte.
Gizon guztiak anai izango dira.
Zoriontasunak emandako egiazko zoriontasuna.
Eta andra zintzoa aurkituko duenak.
Ager dezala bere poza:
Lurraren borobiltasunean, anima zoriontsu batean jabe bait da.
Eta lortu duenak
Zorizgaitzpean negar egin beharko du.

Izadiaren magalean.
Denok dastatzen dugu bere poza
Nola gaizto, ala zintzoek
Bere bide loretsutik jarraitzen dute.
Laztantzen gaitu, asetzen gaitu.
Heriotzeraino adiskidetasun zihur bat eskeintzen dugu.

Besarkatu zaitezte denok!
Lazten honek batu dezala mundu osoa!
Izar gainen anaiok.
Aita maitagarri bat biziko da!

Poz zaitezte bere eguzkia hegaka ikusiaz zeruan
Jarraitu anaiok jarraitu, zuen bide alaitsuetatik.
Mozorroei atsegina ematen die
Eta jainkoruntz doa kerubina.

Oraindik zalantzan ahal zaudete?
Ez al duzue aurkez ikusten Sortzailea?
Izan gainean bila zazu.
Han aurkitu behar bait da.


Bibliografia

Deutsche Literaturgeschichte, zenbait egile, J.B. Metzler, Stuttgart/Weimar, 1994

Resurrección María de Azkue, J.A. Arana Martija, caja de ahorros vizcaína, Bilbao, 1983

Resurrección María de Azkue: euskal kulturaren erraldoia eta funtsezko zutabea, Iñaki Bazán eta Maite Garamendi (argk.), Eusko Ikaskuntza, Donostia, 2003

Vizcaytik Bizkaira? R. M. Azkue euskaltzaindia sortu aitzin, Jurgi Kintana Goiriena, Euskaltzaindia/BBK fundazioa, Bilbao, 2002

Schopenhauer, Nietzsche, Spengler Miranderen pentsamenduan, Joxe Azurmendi, Susa, 1989

Miranderen poesigintza, Luis Mari Mujika, haranburu, Donostia, 1984

Obra osoa, I, Jon Mirande Aiphasorho, Hiria, Alegia, 1999

Wilhelm Tell. Friedrich Schiller. Iñaki Goenaga itzultzaile, Inazio Mujika argitaratzaile, EIZIE, 2004.

Poemak, 1950-1966, Jon Mirande (Txema Larreak apailatua), Erein, Donostia, 1984

Orhoituz (poema guztiak), Jon Mirande (Andolin Eguzkitza arg.), Kriseilu, Bilbao, 1976

Bidegileak bildumatik.

Azkue

Mirande

Labayen

http://ebow.kapsula.com/urkiza/

http://www.armiarma.com


Oharrak

1. 1/UPV 00103.130-H-15406/2003.

2. Don Karlosen holandarrek euren askatasuna defendatzen dute espainiarretatik; Die Jungfrau von Orleansen (1801) frantsesek ingelesetatik; Wilhelm Tellen (1804) suitzarrek austriarretatik.

3. Gregorio Arruek Christoph Schmidt-en Genoveva itzuli zuen lehenago, baina gaztelaniatik. Bravanteco Genovevaren bicitz arrigarri miragarria, Cristobal Schmid-ec eguiñ eta eusquerara itzulia, Gregorio Arrue Rezola, E. Lopez, 1885/1890 eta 1960 (Itxaropena/Auñamendi).

4. Gernikan 1922ko irailean egin zen ospakizun baterako hark Graz-etik bidali zuen agurra itzuli zuen Azkuek alemanetik euskarara, «Bein da betiko».

5. Schiller-en beste hainbat testuri jarri zaio musika. Ezagunenak Gioacchino Rossinik 1829an egindako Guillaume Tell opera, eta Giuseppi Verdik egindako hainbat opera, «Wilhelm Tell» eta «Don Karlos», besteak beste.

6. Goenagaren bizitzari buruzko pasadizoak hobeto ezagutzeko ikusi Uztarria, 54. zenbakia, 2004ko abuztukoa.

7. Yakintza, 8 (1934ko martxoa/apirila), 89-103 orriak; 9 (1934ko maiatza/ekaina), 177-193 orriak; 10 (1934ko uztaila/abuztua), 263-275 orriak; 11-12 (1934ko iraila/abendua), 344-352 eta 418-424 orriak; 13-14 (1935eko urtarrila/apirila), 24-32 eta 105-113 orriak.

8. Irakurketa hori, ordea, Max Frischek zalantzan jarri zuen Wilhelm Tell für die Schule (1971) lanean.

9. Informazio gehiago nahi bada, begiratu webgune honetan.

10. Andolin Eguzkitzak dio Orhoituz liburuan «obra poetiko orijinalaren bilduma» egin duela. Baina 25. orrian «Ba nin adiskide bat» sartzen du (Euzko-Gogoa, 1950, 5-6 zenbakia, 5. orria; Igela, 1962, 3. zenbakia). Eta aipatu dugun artikuluan dio, «lehenengoz olerki itzuliak emanen ditugu, h. d. «Orhoituz»en agertu ez direnak, hangoak denak orijinalak baitira». Jon Mirande. Obra osoa lanean ez da itzulpenik jasotzen poemen atalean, baina hor ere olerki hori bera sartzen da (149. orrian) Miranderena balitz bezala. Baina nabarmena da Ludwig Uhland-en Ich hatt' einen Kamaraden olerkiaren itzulpena dela. Horien guztien jatorrizkoak eta itzulpena ez ditugu jasotzen testua ez luzatzearren.

11. Esan behar dut Labaienen artxiboaren egoera ez dela oso ona. Zati bat katalogatuta eta ongi gordeta dago, baina erdia baino gehiago Kultur Etxeko haur liburutegiko bazter batean dago, hautsez beteta eta katalogatu gabe (batzuetan eskutitzak eta horrelakoak aurkitu nituen liburuetan; horrela, Gizona ta Kidea itzulpenaren separatan bi egunkari artikulu aurkitu nituen antzerki lanari buruz, bata Carlos Santamariarena, eta gainera Santamariak lana aipatuz bidali zion eskutitza aurkitu nuen). Eskuizkribuak ezin izan nituen ikusi, kaxetan gordeta baitaude oraindik, ordenatu eta katalogatu gabe.

12. Argiaren Gure mendea.