2tzuL irizpen biltegia
2008ko azaroan sortu zuen EIZIEk 2tzuL bloga, ItzuL posta-zerrendako eztabaidetan sortzen ziren hainbat gai, hausnarbide edo proposamen mamitsu bildu eta era sistematizatuan gordetzeko asmoz. Izan ere, ItzuLek, 1998an abian jarri zenez geroztik, 3.000 mezutik gora jasotzen ditu urtean, eta horietako batzuek hari luzea eskaintzen dute, norbaitek heldu nahi izanez gero.
Hala, 2008tik 2013ra bitartean, blogaren arduradunek gai jakin batzuei heldu eta zenbait itzultzaile eta zuzentzailerengana jo zuten, gai horiei buruzko ponentzia bat eskatzeko. Ponentzia edo ondorio horiek 2tzuLen eskaini ziren, 2013an bloga ixtea erabaki zen arte. Guztira 16 argitaratu ziren.
Blogak, nahiz eta moderatua izan – iritzi landu, ongi oinarritu eta sendoak bakarrik onartze aldera–, erantzuteko aukera ere ematen zien irakurleei, baina, tamalez, erantzun horiek ez daude irakurgai gaur egun.