Kopuruak eta kantitateak (Alfontso Mujika, Patxi Petrirena)

2010 Otsaila 16

1. Kopuru eta kantitate ez dira sinonimo

Erdal testuak euskaratzeko orduan, maiz aurkitzen dugu cantidad (es) / quantité (fr) / amount (en) hitza, edo número (es) / nombre (fr) / number (en) hitza, askotan izen batek lagunduta: <cantidad de + IZENA> eta <número de + IZENA> (es), <quantité de + IZENA> eta <nombre de + IZENA> (fr) edo <amount of + IZENA> eta <number of + IZENA> (en). Euskaraz ere hor ditugu <izena + kantitate> eta <izena + kopuru> izen-sintagmak (ezkerreko izena hitz-elkarte baten osagaia [oxigeno-kantitatea, diru-kopurua] edo izenlaguna [ur gezaren kantitatea, ikasleen kopurua] izanik).

Bai testu itzulietan, bai euskaraz sortutako testuetan, ikusten dira han-hemen, noiz edo noiz, erabilera nahasiak edo desegokiak, erabiltzaile batzuentzat bi hitz horietako bakoitzaren esparru semantikoa lausoa edo zehaztugabea den seinale. Erabilera argitu nahian idatzi ditugu lerro hauek.

Hizkuntza bakoitzean bi hitz horietako bakoitzak bere adierak ditu, eta ezin dira beti bana-banako paralelismoak antolatu. Horregatik, itzultzeko orduan, hizkuntza bakoitzean hitz bakoitzak dituen adierak kontuan hartuta eta euskarazko hitzen adierak kontuan hartuta hautatu behar da ordain egokia. Nolanahi ere, bi hitz horien atzean bada hizkuntzaz haraindiko kontzeptu-bereizketa orokor bat, eta komeni da hortik hastea eta ondo ulertzea.

Izenak sailkatzeko erabiltzen den irizpideetako bat zenbakarritasuna da. Badira izen zenbakarriak (arbola, liburu, ikasle, ardi...) eta badira izen zenbakaitzak (ur, euri, ke, olio, gorroto...)[1]; badira, orobat, izen batzuk bietara jokatzen dutenak, testuinguruen eta adieraren arabera (argi, ardo...). Oinarrizko sailkapen hori kontuan hartuta egiten da —edo egin behar litzateke, gure ustez— kopuru eta kantitate hitzen arteko hautaketa.

Hasteko, defini dezagun kantitate hitza:

Kantitatea magnitude baten edo gauza-multzo baten zatia da. Zenbatu edo neur daitekeenaren propietate bat da.

Mundu fisikoan, bi kantitate-mota bereizten dira:

1- Kantitate jarraitua: bata bestetik bereizita ez dauden unitatez edo zatiz osatua dagoena: botila batean dagoen likidoa, lerro baten luzera (luzera horren edozein zati hartu, nahi bezain txikia, eta zati hori luzera bat da beti), esfera baten bolumena (bolumen horren edozein zatik, denik eta txikienak ere, bolumena izaten jarraitzen du)...

2- Kantitate diskretua: bata bestetik bereizitako unitatez edo zatiz osatua dagoena: botila baten barnean dauden ur-molekulen multzoa (multzo horren zati bat hartu, eta molekulaz osatuta dagoela ikusiko dugu; baina gero eta zati txikiagoak hartzen baditugu, iritsiko da unea zatiak ur-molekula bat besterik izango ez duena; hori da muga, ezin izango dugu zati hura baino are txikiago bat hartu, zeren, zatitzen badugu, emaitza jada ez baita ur-molekula bat izango); arbola baten hostoen multzoa, mendi bateko arbolen multzoa (multzo horretatik har daitekeen zatirik txikiena arbola batez osatuta dagoena izango da; hori baino zati txikiagorik ez dago egiterik: arbola-erdi bat ez da arbola bat)...

Kantitate jarraituak neurtu egin daitezke, baina ezin dira zenbatu; kantitate diskretuak, berriz, zenbatu egiten dira, ez dira neurtzen.

Diskretu/jarraitu bereizketan dago kopuru/kantitate bereizketaren giltza. Honela:

  • Kantitate diskretuekin kopuru erabiltzen da.
  • Kantitate jarraituekin kantitate erabiltzen da.

 

2. Erabilera-datuak

Aipatu beharra dago Euskaltzaindiak ez duela horri buruz ezer arautu; ez dela, beraz, araua. Estilo-hobespen bat da, tradizioarekin bat datorren estilo-hobespen bat. Hona hemen kopuru hitza nola erabili den tradizioan (Orotariko Euskal Hiztegia):

  • Bakarrik ala [...] bidaide kopuru aundiz ote zioan? (Zaitegi)
  • Gauzen kopuru aundia ikusi badakusagu eta aldaketan gainera (Zaitegi)
  • Ots bakoitzaren dardara-kopurua ainbatzerik etzuen al izan. (Zaitegi)
  • sagastien kopurua (Iztueta)
  • zerrien kopurua (Iztueta)
  • Miliunka hiltze [...] horien ondotik, beldurgarriki ttipitu zen beraz irlandesen kopurua (Mirande)
  • okerren kopurua (Villasante)
  • [Arkumeak] Idiazabalko mugapean jaiotzen dirala kopuru au ta geiago (Iztueta)
  • Garaipena ez armadunen kopuruan ezpada Jaunaren laguntzan zegoala (Lardizabal)
  • Seieunda larogeita amabost [...] emazte eta aurrak kopuru onetan sartu gabe (Lardizabal)
  • [Esleituen] kopurua geituaz (Gregorio Arrue)
  • Nork zenbatu ordea eragozpenen kopurua (Euskal Esnalea)
  • Zer ajola du emen gizaldien kopuruak edo luzeerak? (Villasante)
  • Ezin diteke erabaki ordea aien mota-kopurua, ezta izenak zenbatu ere (Ibiñagabeitia)
  • Erabili nahi diren letren kopurua (Mitxelena)

 Garbi ageri da kopuru kantitate diskretuekin erabiltzen dela. Orotariko Euskal Hiztegiko agerraldi guztiak arakatuta, adibide bakarra aurkitu dugu bide horri jarraitzen ez diona:

  • Asten bagera [...] oni buruz jakin izan denaren kopurua neurtzen [...]. (Villasante)

Kantitate hitzari dagokionez, OEHko agerraldi gehien-gehienak diru-kopuru adierakoak dira (kantitate hitzak adiera gehiago baititu). Aztertzen ari garen adierakoak hauek dira:

  • Ogiaren eta arnoaren figura, gustua, kolorea eta kantitatea (Pierre Argainaratz).
  • Emazu saladier batean esnea krema behar den kantitatearen arabera (Escualdun cocinera... 1864).

 Kantitate jarraituak dira biak ere.

Beraz, guk aldezten dugun erabileran (tradizioarekin bat datorren erabilera baita), kopuru ez da erabili behar izen kontagaitzekin. Hala, zuzenak dira makina-kopurua, litro-kopurua, ikasle-kopurua modukoak, baina ez da komeni, adibidez, *energia-kopurua (Zenbat? Lau energia?), *bero-kopurua, *aire-kopurua edo *ur-kopurua esatea edo idaztea. Salbuespena diru-kopuru da. Dirua, berez, izen zenbakaitza da, eta ezin da zenbatu: *sei diru. Hala ere, diru-kopurua esaten dugunean diru-unitateen kopurua irudikatzen dugu, nonbait (adibidez, diru-kopurua = euro-kopurua). Azkenik, jende-kopuru kasua ere aipatzekoa da, singularrean baino erabiltzen ez den euskalkietan ere erabiltzen baita (jende-kopurua = pertsona-kopurua)[2].

Eta zein da gaur egungo erabilera zaindua? Datuak ikusita, badirudi erabilera ez dela tradizioan bezain argia. Denetik ikusten da. Hasteko, har dezagun Euskaltzaindiaren Hiztegi Batua. Han ageri diren definizio gisako testuetan edo adibideetan, kopuru hitza izen zenbagarriekin zein zenbakaitzekin ageri da:

zenbagarriak (gure irizpidearen arabera, zuzenak dira)

    bihiketa iz. 'bihi-kopuru handia'.

    eiheramen iz. Zub. 'eiherara eramaten den ale-kopurua'.

    erbesteratze iz.: hainbat erbesteratzeren ondorioz, beldurgarriki urritu zen irlandarren kopurua.

zenbakaitzak (gure irizpidearen arabera, kantitate behar luke)

    ardoketa iz. 'ardo-kopurua'.

    garitza iz. 'gari-kopuru handia'.

    ogiketa 1 iz. 'gari-kopurua'.

Ereduzko Prosa corpusa aztertuta, ikusten da idazle batzuek denetarako erabiltzen dutela kopuru hitza, kantitate hitzaren sinonimoa balitz bezala:

zenbakaitzak (gure irizpidearen arabera, kantitate behar luke)

  • materiaren kopurua (Xabier Amuriza).
  • Muskuluko oxigenoaren kopuru txiki bat baino ez da konbinatzen hemoglobinarekin (Irene Aldasoro).
  • Euri kopuru bera denbora luzeagoan zehar, errazago irensten da / Maiztasuna azalduko dugu esanez denbora kopuru batean gertatzen diren presio aldaketen neurria dela / gizakion baliabide nagusiena biriketatik kanporatzen den aire kopurua handitzea da (Lourdes Oñederra).
  • Honako elikagai kopuru hau hartzen zuen egunero: hogeita hamar anega irin garbi eta beste hirurogei irin arrunt (...) (Jose Antonio Mujika).
  • beherakoak desagertu arren nire eguneroko janari kopurua areago urritu zen (Jon Arretxe) [3].

Beste adibide batzuetan, berriz, kantitate ondo erabilita dago izen zenbakaitzekin:

zenbakaitzak (gure irizpidearen arabera, zuzenak dira)

  • Filmera heltzen den argi kantitatea obturadore baten bidez kontrola daiteke / Arrainek, ordea, ur kantitate handiak prozesatu behar dituzte biziari eusteko adina oxigeno hartzeko 7 ikusi zen mineral kantitate nabarmen handiagoa dutela kirolariek adin bereko pertsona arruntek baino (Irene Aldasoro).
  • Demagun gaur egun merkataritzako munduan den zilar-kantitatea, aurkikuntza aurretik zegoenarekin konparatuta, 32 bider handiagoa dela (Iñaki Iñurrieta).
  • Beilan, informazio kantitate gaitza iristen da, sentsuen bidez, ugaztun goren baten burmuinera / Poliki-poliki, aukera izan zen organismo konplexuek dauzkaten ADN kantitate eskergak maneatzea (Juan Garzia).

Eta, tradizioaz eta prosa zainduaz gainera, zein da gaur egungo erabilera?

Bada, dirudienez, Elhuyarren erabiltzen dugun bereizketa (eta, oro har, zientzia-testuak idazten dutenek erabiltzen duten bereizketa) ez da hain argia, eta erabilera nahasi samarra da. Adibidez, Googlen energia(-)kopurua edo informazio-kopurua terminoek agerraldi gehiago dituzte energia-kantitate eta informazio-kantitate terminoek baino. Termino ez hain orokorretara joz gero, ordea, ikusten da gehiago erabiltzen dela kantitate izen kontagaitzekin; adibidez, bero-kantitatea, baina ez beti. Magnitude guztiak neurgarriak direnez, eta neurtzeko unitateak erabiltzen direnez, badirudi hiztun askok ez dutela bereizten magnitude baten kantitatearen eta magnitude-kantitate horren balioa adierazten duen unitate-kopuruaren artean. Adibidez:

  • lehortea dela eta, kaleak garbitzeko ura murriztu dute

esateko,

  • *ur-kopurua murriztu dute 

entzun edo irakur daiteke,

ur-kantitatea murriztu dute

behar lukeen tokian. Hori esaten/idazten duena

litro-kopurua murriztu dute

edo antzeko zerbait pentsatzen ari da (nahikoa izan liteke, zenbaitetan, ura murriztu dute esatea). Azken batean, diru-kopurua esaten dugunean, euro-kopurua edo sos-kopurua irudikatzen ari gara. Badirudi hizkuntza teknikoan edo zainduan egiten dugun kontagarri/kontagaitz bereizketa lausoagoa dela hizkuntza arruntean [4].

 

3. Irizpidea

Horiek horrela, hau da, laburbildurik, gure irizpidea eta aholkua:

1- Magnitude jarraituetarako (izen zenbakaitzetarako), kantitate erabiltzea: ur-kantitatea; energia-kantitatea; erregai-kantitate izugarria kontsumitzen dute (*Erregai-kopuru izugarria kontsumitzen dute).

2- Magnitude diskretuetako (izen zenbakarrietarako), kopuru erabiltzea: liburu-kopurua, botila-kopurua.

Kontuan izan behar dugu, bestalde, kopuru edo kantitate zein erabiltzen den, esanahia desberdina izan daitekeela, eta, testuinguruaren arabera, bata edo bestea erabili behar dela. Adibidez:

  • Beso robotikoaren higidura-kopurua (beso robotikoak hiru higidura ditu espazioan, x, y eta z ardatzetan).
  • Mekanikan, oso ezaguna da higidura-kantitatearen kontserbazioaren printzipioa.

 

4. Beste jakingarri batzuk

4.1. Kalkoak

Gaztelaniazko número hitzaren ordainetan, ez da beti hitz bera erabiltzen euskaraz, eta ez da beti hitz bat erabili behar ere. Se está registrando un número muy elevado de quejas esaldia normal samarra da gaztelaniaz (ez dute beti se están recibiendo muchísimas quejas esan nahi izaten), baina euskaraz ez da normalena Oso kexa-kopuru handia izaten ari da esatea; egokiago da (hargatik erregistroa apaldu gabe) Kexa asko (eta asko) jasotzen/izaten ari dira. Horrek ez du esan nahi kopuru hitza ezin erabili denik, baina bai tentu pixka batekin ibili behar dela; aurreko adibidean esandakoa kontuan hartuz, eta kantitaterekin nahasi gabe, besteak beste [5].

 Izen kontagarriekin ere, askotan zenbat esatea egokiago da kopuru erabiltzea baino. Itzultzen ari garenean, komeni da probatu behintzat egitea, esaldia naturalago gertatzen baita askotan.

  • ?Zehaztu bilerarako behar den aulki-kopurua.
  • Zehaztu zenbat aulki behar diren bilerarako.

Proba dezagun, adibidez, aurreko horretan zehaztu aditzaren ordez esan jarrita:

  • ??Esan bilerarako behar den aulki-kopurua.

Kopuru hitzarekin ez ezik, kantitate hitzarekin ere gerta daiteke gehiegikeriarik. Honako hauetan guztietan saihestekoa iruditzen zaigu:

  • *Bero-trukagailuak galdara gisa funtzionatzen du; barrualdean hodi-kantitate handia dauka, eta olioa hozteko ura hodi horietan barrena iragaten da.
  • Bero-trukagailuak galdara gisa funtzionatzen du; hodi asko dauka barrualdean, eta olioa hozteko ura hodi horietan iragaten da.
  • *Zer ihes-gas kantitate bidali behar da sarrerako kolektorera?
  • Zenbat ihes-gas bidali behar da sarrerako kolektorera?

4.2. Komunztadura-arazoak

Kopuru hitzak “ale bat baino gehiago” ekartzen digu gogora, baina izen abstraktu singular bat da bera. Horregatik ikusten dira testuetan, beharbada, honelako komunztadura okerrak:

  • *Behar diren langile-kopurua.
  • Behar den langile-kopurua.

Aditzean plurala sartzekotan, hitz-elkarketa desegin behar da, eta dena delako gauza kontagarriaren izena pluralean jarri.

  • Behar diren langileen kopurua.

Halakotan ere, ordea, beti komeni da pentsatzea ea beharrezko den kopuru hitza, edo hura gabe berdin adieraz daitekeen:

  • Behar diren langileak.
  • Zenbat langile behar den/diren.

4.3.  Berrelkarketa

Hitz-elkarte batekin badoa kopuru hitza, bi bide ditugu. Batetik, berrelkarketa; hau da, hirugarren osagai gisa eranstea lehengo elkarteari: eskola-ordu kopuru. Bestetik, lehengo elkarketa deklinatzea: eskola-orduen kopuru.

Berrelkarketa kasu honetan ontzat emateko bide bat aipatzen du Euskaltzaindiak bere 25. arauan (Hitz elkartuen osaera eta idazkera): “Eguzki-lore eta gisakoen alorreko irizpen-, multzo-, zati- eta mota-elkarteak. Beste gehienek baino askatasun handixeagoa dute hauek honelako hedapenetarako: butano-saltzaile itxura, kafe erre usaina, zakar-biltzaile taldea, orein-haragi zatia, perpaus subordinatu motak.” Badu kopuru hitzak kidetasunik, gure ustez, multzo hitzarekin.

Beraz, bi bideak hartuko ditugu zilegitzat: eskola-ordu kopuru (marra bakarrarekin, jakina; berrelkarketa erabiltzen denean, ez dira bi marra idazten: eskola-ordu eta ordu-kopuru, baina *eskola-ordu-kopuru ez), eta eskola-orduen kopuru. Bigarren bide hori bakarra izango dugu kopuru hitzaren aurretik duguna izen eta izenondo batez osatutako izen-sintagma bat baldin badugu: eskola berrien kopuru (*eskola berri[-]kopuru).

4.4. Bitxikeriak

Hona hemen zenbait bitxikeria, testuak zuzentzean aurkitutakoak:

  • *parte-kopuru berdina (número de partes iguales)

Garbi dago itzultzaileak ez duela ulertu esanahia; igual adjektiboak parte izena kalifikatzen du. Ez dago beste aukerarik:

  • parte berdinen kopurua

 Gaztelaniazko tanto/tanta/tantos/tantas XXX como número de XXX egituran agertzen den número de hori ez da itzuli behar:

  • *sarrera-kopuru adina aldagai dituen edozein funtzio logiko (cualquier función lógica que tenga tantas variables como número de entradas)
  • sarrera adina aldagai dituen edozein funtzio logiko.

Beraz:

  • Motorrak zilindro adina bujia ditu. (El motor tiene tantas bujías como número de cilindros)
  • Bloke bakoitzak semaforo adina lerro ditu. (Cada bloque tiene tantas filas como número de semáforos)
  • Suitzak kantonamendu adina legedi ditu. (Suiza tiene tantas legislaciones como número de cantones)
  • *Ikatzaren hautsa eta hondarrek dituzten substantzia organikoen kopuru txikiak erabat errausten dira prozesuan zehar.
  • Ikatzaren hautsa eta hondarrek dituzten substantzia organiko apurrak erabat errausten dira prozesuan zehar [6].
  • *Hormigoi-kopuru handiko eraisketako obra-hondakina (escombro de demolición con un alto porcentaje de hormigón)
  • Hormigoi askoko eraispen-hondakina.
  • *Hondakin-kopuru esanguratsu bat jaso da.
  • ?Hondakin-kantitate esanguratsu bat jaso da.
  • Hondakin asko/askotxo/franko jaso da.

 





[1] Eta banaketa hori ez da unibertsala, hizkuntza bakoitzarena baizik. Adibidez, euskaraz mahats zenbakaitza da (*hiru mahats ezin dugu esan, hiru mahats-ale baizik), baina gaztelaniaz zenbakarria (tres uvas); ingelesez news zenbakaitza da (*a news ez da esaten, a piece of news baizik), baina euskaraz albiste eta berri zenbakarriak dira (albiste bat, berri bat).

[2] Dirudienez, antzina zenbakarria zen gaur egun zenbakaitz gisa erabiltzen den eremuetan ere. Orotariko Euskal Hiztegiak honela dio: "[jende] Aunque hay testimonios tanto en plural como en singular en todas las épocas y dialectos, los del primer tipo abundan más en textos septentrionales, y dentro de los meridionales son más numerosos cuanto más retrocedemos en el tiempo".

[3] Janari hitza zenbakarria ere izan liteke testuingururen batean. Ez du ematen kasu honetan hala denik, baina, dena den, testuinguru osoa behar litzateke erabat ziurtatzeko.

[4] Hori dela eta, ohargarria da ikustea ingelesez ere badirela era horretako zalantzak bi hitzen erabilerari dagokionez. Adibidez, ingelesezko Webster hiztegi ospetsuan, amount hitzaren definizioaren ondoren, erabilera-ohar hau ageri da: "(usage) Number is regularly used with count nouns <a large number of mistakes> <any number of times> while amount is mainly used with mass nouns <annual amount of rainfall> <a substantial amount of money>. The use of amount with count nouns has been frequently criticized; it usually occurs when the number of things is thought of as a mass or collection <glad to furnish any amount of black pebbles — New Yorker> <a substantial amount of film offers — Lily Tomlin> or when money is involved <a substantial amount of loans — E. R. Black>.

[5] Gainera, gaztelaniaz cantidad hitzak badu beste adiera bat: Porción grande o abundancia de algo. Beraz, adiera euskaratzeko, izen kontagarriei dagokienean, asko, franko, ugari zenbatzaile zehaztugabeak erabiltzea, askotan, egokiagoa da kopuru hitza erabiltzea baino: <ha venido cantidad de gente (ha venido una cantidad de gente enorme): jende asko etorri da. En estas fechas vendemos cantidad de libros: egun hauetan liburu asko saltzen ditugu. La cantidad de tonterías que ha dicho en un momento: a ze zentzugabekeria pila esan duen une batean (zenbat lelokeria esan duen une batean).

[6] Ohartu zer dagoen "substantzia organiko apurrak" horretan. Apur hitza hor izena da (apur, berez, izenondoa ere izan daiteke, 'txikia' esanahiarekin, baina ez da kasua ["substantzia organiko txikiak"??]); kopuru txikiak = apurrak = zatiak. Hala baldin bada, pentsa liteke 4.3 atalaren azken paragrafoan esandakoaren kontra doala: eskola-ordu kopuru = eskola-orduen kopuru baina eskola berrien kopuru: "substantzia organiko" izen+adjektiboa denez, 4.3 puntukoa betetzera, "substantzia organikoen apurrak" behar luke. Hala ere, badirudi ontzat ematekoa dela "substantzia organiko apurrak". Pentsa liteke "zentral nuklear motak" kasuaren antzekoa dela, hau da, izen+adjektibo multzoak onartzen dituela elkarketa kasu jakin batzuetan (hor dago Euskaltzaindiaren beraren adibidea: kafe erre usaina).