«arte» eta «-raino» (Patxi Petrirena)

2009 Urria 13

1. Sarrera

Erraz samar bereizten dira, itxura batean, arte eta -raino: denbora adierazten du batek (noiz arte) eta tokia besteak (noraino). Hala dio EGLU-Iek (267.-270. or.): «Beraz, etxeraino, baina gero arte. Hori orokorki hala da, eta erakusleetarik sorturiko aditzondoek ezin hobeki erakusten digute lekua adierazten duten sintagmei berez -raino dagokiela, ez arte; ikus hor goiko honaino, horraino, haraino; horien ordez inoiz ez da idatzi ez esan hona arte edo horren antzekorik, ez eta galdetu nora arte, gaurko egunean hau ere entzuten den arren. Hortaz etxeraino, basoraino, kaleraino, (elizatikan) konbenturaino… esan behar da komunzki. Modu bertsuan denborazko adberbio direnek inolako dudarik gabe erakusten digute horiei arte zor zaiela: hots, gaur arte, bihar arte, gero arte, etzi arte…».

Baina… «Baina bi atzizki horien arteko gurutzaketak askotxo dira eta ez bart arratsekoak, lekua adierazten duten izenek arte eta denbora adierazten dutenek -raino hartzen dutelarik arestian esanaren kontra. Mikel Zaratek, esate baterako, Lezamara arte, etxera arte eta abar Bizkaian entzuten direla dio…)».

Aurreraxeago, hau ere esaten du: «Horrez gain, bada ere zenbait sintagma hain atzizki bata zein bestea aukeran har dezakeenik. Hala urliak esango du Errenteria(r)arte ez da autobutsa geldituko, eta sandiak Autobus hau Errenteriaraino doa; honako honek gorputz dagoen lagunari Zeru(r)arte, adiskide! esango dio, eta harako hark Suziria zeruraino igo da esango du».

Zalantzen edo bitasunen eremuan gehiago sakonduz, hau dio EGLU-Iek: «Eta duda-mudako diren zenbait hitzekin, alegia berez ez leku ez denbora adierazten ez dutenekin, nola esan: azken(a) arte ez zuen etsi ala azkeneraino heldu zen? Azkenik, euskalki bakoitzaren jokabidea ere kontuan eduki behar da. Askok heriotzeko ordu arte esango genuke, baina Axularren heriotzeko oreneraino dio. Hortaz, azken egun arte bezain ongi esana dago azken eguneraino; datorren urte arte bezain zuzen datorren urteraino, eta abar, eta abar».

Euskal Gramatika Laburra laburrago mintzo da puntu honetaz, eta EGLUn esandako zenbait gauza zehaztu ere egiten ditu. Hau dioelarik, esate baterako: «(…) [Errenteriara arte ez da autobusa geldituko esaldian] interpretatu behar da autobusa ez dela geldituko Errenteriara iristen den arte (…)».

Lan honetan, azken ohar horren garrantzia azpimarratu nahi dut. Isilean aditz bat izateak esplikatzen ditu halako esaldiak, beraz, eta guztiz desberdin bihurtzen -raino baliatuz egindakoetatik. Zailago gertatzen zait gaur egun entzuten eta irakurtzen diren arte batzuk esplikatzea, eta halako esaldi batzuk jarriko ditut ondoren, aztergai. Izan liteke  zalantzakorik edo bietarako aukera ematen duenik; gerta liteke, orobat, euskalki guztietan ez berdin erabiltzea halako esapideak: ematen du Bizkai aldean gutxiago erabiltzen dela -raino, zenbaitentzat arrotz izateraino.

Esan dezadan, sarrera hau amaitzeko, Euskaltzaindiak sarean jarri berri duen Orotariko Euskal Hiztegian honako ohar hau egiten duela arte postposizioari buruz: «Se agrega a verbos y nombres de tiempo. Algunos abusan de él agregándolo a nombres locales: etxerarte, en vez de etxeragiño o etxeraiño, hasta casa».

2. «Lezamara arte» eta «Lezamaraino»; «zerura arte» eta «zeruraino»

Euskal Gramatika Laburrean bertan dioena aintzat harturik, «Errenteria(r)arte ez da autobusa geldituko» esaldia ezin konparatu da, ene ustez, «Autobus hau Errenteriaraino doa» esaldiarekin: batean «Errenteriara (iritsi) arte» esaten da, eta hor ez dago «ez da geldituko Errenteriaraino» esaterik; bestean, berriz, «Errenteriara(ino) doa» esango dugu, eta nik behintzat ez dut uste «Errenteriara arte doa» esan daitekeenik.

EGLUko beste adibide bateko parea ere ezin konparatua da: Zeru(r)arte, adiskide / Suziria zeruraino igo da. Suziri bat, joatekotan, zeruraino joango da (noraino), ez zerura arte; eta adiskide zendu berriari, egun handira arte bezala zerura arte esango diogu esatekotan (noiz arte, zeruan elkar gaitezen arte, zerura gaitezen arte), ez zeruraino.

Erraz samar bereizten ditugu etxeraino eta etxera arte adibidez:

  • Hau, halako mozkorrarekin, ez da ailegatuko etxeraino.
  • Etxera arte ez naiz konturatu gurpila zulatuta neukala. (‘etxera heldu arte’)

Aditzei begiratzea aski da noraino / noiz arte bereizkuntzaz ohartzeko: noraino ailegatu / noiz arte ez konturatu (noiz konturatu). Hots, toki-izen baten inguruan agertuagatik ere, denbora adierazten dugu, funtsean, etxera arte eta gisakoekin.

3. «Bukaera(ra) arte» eta «bukaeraraino»

Antzeko esanahi-aldea ikus genezake toki-izen garbi baten ordez abstraktuago bat harturik, denborazko nahiz espaziozko adiera duena: amaiera, azkena edo bukaera:

  • Nobela honek tentsioari eusten dio hasieratik bukaeraraino.
  • Nobelaren bukaera(ra) arte ez da jakiten zer lotura duten biek. (‘bukaerara iritsi arte’)

Proba bat egin dut Ereduzko prosa gaur corpusean, bukaera arte eta bukaeraraino bilatuta. Espero izatekoa den bereizkuntza hori egiaztatzen digute adibideek, erabat (noiz arte / noraino). Hona bost eta bost:

         bukaerara arte

  • Batzuetan burura etortzen zait hobe dudala ohean itxarotea munduaren bukaerara arte (Manhattan Transfer, John Dos Passos, Lopez de Arana, Ibaizabal, 1999).
  • Ez dugu lortuko, baina, eta ez da beharrezkoa izango setioaren bukaerara arte itxarotea (Lisboako setioaren historia, José Saramago / Jon Alonso, Ibaizabal, 2000).
  • Zama hau bukaerara arte eraman behar diat (Eraztunen Jauna III, J.R.R. Tolkien / Agustin Otsoa, Txalaparta, 2004).
  • Ipuinaren bukaerara arte ez du sekretua agerian uzten (Hitza azti, Iñaki Arranz, Alberdania, 2006).
  • Estoikoen eta Aristotelesen lanek logika konplexuago bat garatzeko oinarria jarri zuten, baina hori ez zen posible izan XIX. mendearen bukaerara arte, matematikaren hizkuntzatik hainbat elementu hartu eta notazioa zehaztu zen arte (Filosofiako gida, Askoren artean, UEU, 2004).
  • Gure ikuspegitik, ordea, bizitza luzatzeaz gainera, bizitza baliagarria bestearen pareraino ekarri beharra dago, bukaerara arte ondo bizi gaitezen, alferrikako izaki kontsumitzaile isil geldi geldo gaixoak izan ez gaitezen (Baietz okerreko bidea aukeratu!, Edorta Agirre, Alberdania, 2006).
  • Blanche iluntasun eta argiaren artean jolasten den bezala, Williams ageriaren eta ezkutuaren mugan ibiltzen da: icebergaren punta erakusten du hasieratik, baina bukaerara arte ezin jakin daiteke izotz blokearen bolumena (Desio izeneko tranbia, Tennessee Williams / Xabier Paya, Alberdania-Elkar, 2006).

          bukaeraraino

  • Kontakizuna ferry batean hasten da eta ferry horrexek bukaeraraino eramango gaita (Manhattan Transfer, John Dos Passos / Lopez de Arana, Ibaizabal, 1999).
  • East River-eko ontziraleku beltzaren bukaeraraino lasterka egingo dut, eta neure burua uretara botako dut (Manhattan Transfer, John Dos Passos / Lopez de Arana, Ibaizabal, 1999).
  • Eta ez badut esperientzia hau bukaeraraino kontatzen, emakumeen errealitatea lausotzen lagunduko dut eta munduko gizonezkoen dominazioaren alde jarriko naiz (Gertakizuna, Annie Ernaux / Joseba Urteaga, Igela, 2003).
  • Horrela bada, lukainkak ahal bezain bizkor egiten zituen orain, tabernara lehenago iristeko asmoz, ez baitzuen hitz bakar bat ere galdu nahi hain biziak iruditzen zitzaizkion eztabaida haietatik, sarritan bukaeraraino jarraitu ezin bazien ere (Parisen sabela, Emile Zola / Karlos Zabala (Alberdania-Elkar, 2004).
  • Eta orduak eta orduak ematen zituzten, otarre guztiak noiz hustuko, hezurren karraskak hantxe atxikirik, burezurren pusken artetik muinak nola ateratzen zituzten eta mingaina nola erauzten zuten bukaeraraino ikusi nahian (Parisen sabela, Emile Zola / Karlos Zabala (Alberdania-Elkar, 2004).
  • Mesede eta sari horiengatik eskerrak eman beharrean aurkitzen naizenez eta bizitzaren bukaeraraino ez naizenez pobretasunaren beldur izango, gauza hauek zuretzat idazten hasi naiz, konturatu naizelako gauza asko eraiki dituzula eta oraindik ere eraikitzen ari zarela, eta aurrerakoan ere egingo dituzula eraikin publikoak bezala pribatuak ere, handiak zure egiteko handiei dagokienez, eta ondorengoen oroimenean bizirik geratzeko balioko dutenak (Arkitekturaz hamar liburuak, Vitruvio / Santiago Iruretagoiena, Klasikoak, 2000).

Azken horretan bakarrik ikusten da beste formaren aukera, erraz esan bailiteke, noiz arte adieran,  «bizitzaren bukaera(ra) arte ez naiz pobretasunaren beldur izango».

Uste dut, beraz, beldur handirik gabe esan dezakegula arte denbora-nozio baten adierazpena dela (nahiz zenbaitetan toki-izen bat ondoan izan), eta -raino, berriz, toki-nozio baten adierazpena. Tokia, hori bai, izan daiteke fisikoa nahi irudizkoa, eta hortik etor litezke zenbait erabilera berriren inguruko zalantzak.

4. «Hautsi arte» eta «hausteraino»

Aditz-izenari -raino eranstean (hots, -t(z)eraino esaten dugunean), ñabardura garbi bat izaten da esanahian -tu arte-tik bereizten duena. Ikus ditzagun adibide-biko batzuk.

  • Indarka aritu zen, atea hautsi arte.
  • Indarka aritu zen, atea hausteraino.

Lehenbiziko aukera (hautsi arte) denborazko garbia da: atea hautsi arte ez zion indar egiteari utzi. Bigarren aukeran, berriz (hausteraino) atea hausteko egindako indarraren neurria azpimarratzen da, eta indar horretaz atea hausteko bezain handia izan zela esaten da; orobat esan daiteke, jakina, atea hausterainoko indarra egin zuela norbaitek.

  • Ahotsa urratu arte abestu genuen.
  • Ahotsa urratzeraino abestu genuen.

Noiz arte esaten dugu lehenbizikoan; bigarrenean, berriz, zenbat, zenbateraino.

5. «Kokoteraino», «hezurretaraino», «samaraino», «zenbateraino»

Toki-erreferentzia batzuekin (sama, kokote, hezur, hortz, hagin…) graduaren, intentsitatearen edo zenbaterainokoaren adierazgarri gisa erabiltzen dugu -raino. Hona adibide batzuk, Ereduzko prosa gaurretik bilduak:

  • Ezagutzen nituen, bai, haren purrustadak, eta kokoteraino nindukaten (Homo Faber, Max Frisch / Joxe Austin Arrieta, Elkar, 2001)
  • Harrera ekitaldiekin samaraino geunden eta, hangoan ongietorriko hitzak entzun aurretik ekin genion ohiko buffetari (Europako mugetan barrena, Edorta Jimenez, Txalaparta, 2000).
  • Bat-batean zirrara bat sartu zitzaigun hezurretaraino: hots bat, zaratatxo bat, iritsi zen hildakoaren gelatik (Fantasiazko ipuinak, Guy de Maupassant / Josu Zabaleta, Ibaizabal, 2000)
  • Berriro diot: literaturaren grina hezurretaraino sartua duenak ezin ditu alde batera utzi nik ezabaturiko zatiak (Ulises, Homero / Juan Kruz Igerabide,Erein, 2000)
  • Bizitza guztian egon nauk nekatuta hezurretaraino, baina orain barruko muinetaraino nagok (Maitea, Toni Morrison / Anton Garikano, Alberdania, 2004)
  • Lau gizon pizti, hortzetaraino armatuak eta larderiatsu ikusi zituen Lolik, txirrina aditurik, lasterka joan zenean atearen zabaltzera (Hiruko, Itxaro Borda, Alberdania, 2003).
  • Zenbaitetan, Otsabideko bidegurutzeetan Kerguelen bera agertzen zen haginetaraino armatu gizonez bizkartua (Hiruko, Itxaro Borda, Alberdania, 2003).

Hala ere, entzun izan dut irratian «haginetara arte armaturik», nire ustez aski esapide bitxia, eta interneten ere aurkitzen da bakanen bat.

Puntu honetan, aipatu beharrekoa da zenbateraino esapidea ere. Adibideak ezin konta ahala topa ditzakegu, baina horren ordez erabiltzen hasia da zer/zein puntutaraino ere (ze puntutara arte ez dut oraindik topatu).

  • Bai, baina... idazleak gutxiengo batentzat lan egiten dugun pertsonak gara eta ez dakit zenbateraino onartzen dugun hori... (Zortzi unibertso, zortzi idazle, Ana Urkiza, Alberdania, 2006).
  • Ez dakit ziur zenbateraino gogoratzen dituen edo ez esan zuen Matson andreak (Hona hemen gu biok, Dorothy Parker / Mirentxu Larrañaga, Alberdania-Elkar, 2006)
  • Baina, urrunagorat joanik, zer puntutaraino da elkarbide bi pertsonaren arteko solasa, ez hizkuntza desberdinetan ari direlarik, baina hizkuntza berean ere? (Lur bat haratago, Joan Mari Irigoien, Elkar, 2000)


6. «Noraino» eta «nora»

Arte eta -raino bikoaz ari garela, ez dugu ahaztu behar -rainoren oinarriko -ra soila ere. Behin baino gehiagotan, aukeran izaten dugu -raino erabili edo -ra erabili, eta, izatekotan ere, halako ñabardura bat hartuko du -raino atzizki konplexuagoak: mugaren muga adieraztea, edo muga horri enfasi berezi bat eranstea, adibidez.

  • Tenperatura 180 gradura igo behar da.
  • Tenperatura 180 graduraino igo behar da.
  • ??Tenperatura 180 gradura arte igo behar da.
  • Isuna 1.000 eurora jaitsi daiteke berehala ordaindu ezean.
  • Isuna 1.000 euroraino igo daiteke berehala ordaindu ezean.
  • ??Isuna 1.000 eurora arte igo daiteke berehala ordaindu ezean.

Lehen esandakoarekin, testuinguru horietan arte erabiltzeko, «180 gradura iritsi arte», «1.000 eurora heldu arte» edo halako zerbait ulertu beharko genuke, eta ez du ematen halakorik dagoenik.

7. Metroak, graduak, urteak, euroak, ehunekoak…

Aurreko puntuko adibideek erakusten dutenez, -ra eta -raino tokizko atzizkiak era askotako neurriekin ere erabiltzen ditugu, leku fisikotik nolabaiteko irudizkora hedatuta. Inguruko aditzak ere tokiarekin lotutako ideia ematen dutenak izaten dira: igo, jaitsi

  • RENFEk orduko 160 kilometroraino igo du bere trenen gehieneko abiadura.
  • Herri barruko autobusa euro erdira jaisteko asmoa azaldu du Udalak.
  • Tenperatura zero azpitik 15 graduraino jaitsiko dela ere esan dute.

XX. mendeko corpusean ez dugu aurkitu, adibidez, pezeta(ra) arte bat bera ere, eta bai, ordea, pezetara eta pezetaraino:

  • Hileroko kuota hiru pezetatik bost pezetara igotzea eskatu zen.
  • Azken egunotan bokarta kiloa 50 eta 30 pezetaraino jaitsi da eta hau ez da errentagarria euskal arrantzaleentzat.

Bistan denez, eurora(ino) forma erabiltzen da gaur egun, Berriako adibide honek erakusten duen gisan (20 euroraino eta 6 eurora arte aurkitzen ditu Ereduzko prosa gaurreko bilagailuak):

  • Zergen aurreko emaitza %15,4 hazi zen eta 36,2 milioi euroraino iritsi.

Ohargarria da urte bezalako denbora-hitz bat ere neurri gisa erabili daitekeela eta, ondorioz, adiera espazialean hartu:

  • Zigor-eskaera 10 urtetik 13 urtera igo dute.
  • Hamalau urtetik hamasei urtera zabaldu zen derrigorrezko hezkuntza.
  • Hitzarmenaren iraupena hiru urtekoa izango da, eta sei urtera(ino) luzatzeko aukera dago.

Denborazko garbiak dira, aldiz, honako hauek:

  •  Hamasei urte(ra) arte herrian bizi izan nintzen. (‘hamasei urte izan arte’; ez “hamasei urteraino”)
  • Duela 100 urte arte, euskaraz egiten zen han.


8. Aztergaiak

Hona hemen, hasieran iragarri bezala, gaur egungo zenbait adibide, aztergai. Guztiak ere horrela entzun edo irakurri ditut han-hemen, arterekin, baina nire iritziz -raino dagokie gehiago, denboraren aztarrenik ageri ez denez.

  • Elurra egin du hondartzara arte.
  • Tenperatura 30 gradura arte igo da.
  • Elurra 500 metrora arte jaitsi da.
  • Belaunetara arteko elurretan ibili gara.
  • Haginetara arte armaturik zeuden.
  • Ehuneko 4 arte emango dizugu interesetan.
  • Ehuneko 50 arteko deskontua.
  • Ez dakit hori norarte den hori egia eta norarte asmatua.


Aparteko multzo batean utziko ditut beste bi, arazo are larriagoa dutenak. Azken batean, kalko nabarmenak dirudite, bestela adierazi beharrekoak.

  • ??Auto horretan zazpi lagun arte sartzen dira.
  • Auto horretan zazpi lagun ere sartzen dira.
  • ??Jasan dezakeen pisua: 500 kilo arte.
  • Jasan dezakeen pisua: 500 kilo, gehienez.