Elearazi bloga

hankak.jpg

Danele Sarriugartek eta Garazi Arrulak 2012an abian jarritako ekimena izan zen Elearazi bloga, eta 2015era arte egon zen martxan.

80 autoretik gora ekarri zituzten gurera, erdia fikziozko testuekin eta erdia ez fikziozkoekin. Saiatu ziren genero guztiak lantzen: ipuina, nobela (zatiak), prentsa artikuluak, poesia, hitzaurreak, gazte literatura, autobiografia, saiakera (atalak), hitzaldia, manifestua, antzerkia… Ikus-entzunezkoa ere bazen elearaziren ataletako bat eta, zehazki, 29 izan ziren azpidatzitako bideo, abesti eta bestelako ikus-entzunezkoak. Itzultzaile, literaturlari, idazle eta pentsalariei ahotsa eman zieten; zehazki, 31 elkarrizketa egin zituzten, bakoitzean hamaika hausnarketa. Era berean, kronikak izan ziren blogeko atalik arrakastatsuenetako bat; hitzaldi, eskola, ikastaro eta beste saioetako 45 kronika idatzi zituzten. Saiatu ziren itzulpenetan hizkuntza aniztasuna egon zedin, eta 7 izan ziren zuzeneko sorburu-hizkuntzak edo, ezagutzen ez genituenetan, zubi-hizkuntzak: italiera, alemana, katalana, galegoa, gaztelania, frantsesa eta ingelesa. Hala ere, autoreen jatorrietan aniztasun handiagoa izan zen, eta arreta handiagoz saiatu ziren hizki larriko Historian isilarazitako ahotsak ekartzen. Sorkuntza lan batzuk ere idatzi zituzten, konparazioan gutxi izan arren, eta itzulpengintza nahiz literatur hausnarketari ere lekua egin zioten.

Astero-astero argitaratzen zuten eta eduki hori guztia eskaini ahal izateko itzulpengintza munduko kolaboratzaile ugari izan zituzten.

Bloga kontsulgarri dago hemen.