Azpidazketa
Aegisub azpitituluak editatzeko software libreko programa bat da. Hainbat formatutako azpitituluak onartzen ditu: .ssa, .ass, .srt, .sub, .mks, .txt. Unicode kodifikazioak onartzeaz gain (UTF-7, UTF-8, UTF-16LE eta UTF-16BE), unicode kodifikazioan ez dauden azpitituluak inportatzeko aukera ere ematen du. Editore aurreratu bat da: adibidez, soinu-uhinekin lan egin dezakegu, saguaz edo teklatu-lasterbide pertsonalizatuez baliatuz. Estilo-administratzaile bat ere badu, azpitituluen tipografia aldatzeko eta azpitituluak mugitzeko. Karaktere-kontatzaile, itzulpen-laguntzaile eta ortografia-zuzentzaile bat ere baditu. Aegisubek Subtitle Workshpek baino formatu gutxiagoetara esportatzen ditu azpitituluak.
DivXLand Media Subtitler azpitituluak sortu eta kudeatzeko software libre bat da. Hainbat formatutako bideoetan txerta daitezke: AVI, MPG, MKV, WMV Azpitituluei dagokienez, 30 formatu baino gehiago onartzen ditu: ass, ssa, srt Bateragarria da hainbat hizkuntzarekin eta sinbolo konplexuekin. Teklatu-lasterbideak ez ezik, ortografia-zuzentzaile bat ere badu. Halaber, aukera ematen du azpitituluak testu-fitxategietatik edo arbeletik sortzeko.
FAB azpitituluak editatzeko ordainpeko programa bat da, plataforma irekikoa. Teklatu-lasterbideak eskaintzen ditu. Bideo digitalekin eta soinu-uhinekin lan egiteko aukera ematen du. Bateragarria da hainbat hizkuntzarekin, sinbolo konplexuekin, kodifikazioekin eta tipografiekin.
Subtitle Edit azpitituluak editatzeko software libre bat da, formatu askorekin bateragarria: srt, scc, cheetah cap, ebu stl Zenbait formatutako fitxategiak inportatu eta esportatu ditzakegu. Soinu-uhinekin lan egiteko aukera ematen du. Translator mode-a du: azpititulu originalak eta itzuliak pareka daitezke eta OLI tresna batekin itzultzen ariko bagina bezala. Teklatu-lasterbide pertsonalizatuak ere eskaintzen ditu. Akatsen araztaile bat ere badauka. Edozein momentutan jakin dezakegu lerro bakoitzak edo azpititulu osoak zenbat karaktere dituen, bai eta segundo bakoitzaren karaktere tasa ere.
Subtitle Workshop azpitituluak editatzeko software libreko programarik erabilienetako bat da. Azpititulu bakoitzaren iraupen minimoa, azpitituluen arteko espazioa eta lerro bakoitzeko karaktere-kopurua pertsonalizatzeko aukera ematen du. Zuzenketa-panelari eta translator mode-ri esker, egokia da azpititulu-plantilak itzultzeko edo zuzenketak egiteko. Editore honek formatu asko onartzen ditu (65 bat), eta, horri esker, fitxategiak hainbat plataformatan erabil daitezke: DVD, Blu-Ray, zinea, telebista, YouTube, bideo editore aurreratuak, azpidazketa tresna profesionalak... Ez du aukerarik ematen soinu-uhinekin lan egiteko. Bestalde, azpititulu-, karaktere- eta hitz-kopurua eskuratzeko modua eskaintzen du.
Universal Subtitles azpitituluak sortzeko software libreko online tresna bat da. Berdin dio bideoa zer plataforma edo formatutan dagoen. Edonoren eskura dago azpitituluak jartzea.
Visual Subsync azpitituluak editatzeko software libreko programa bat da. Soinu-uhinekin eta teklatu-lasterbide pertsonalizatuekin lan egiteko aukera ematen du. Bi modutan jardun dezakegu: modu normalean eta timing moduan. Akatsen araztaile bat ere badauka, ohartarazten duena azpitituluen karaktere-kopurua gainditzen ari garela; gainera, gure beharren arabera pertsonalizatu dezakegu. SRT, ASS, TXT eta beste pare bat formatu gehiago onartzen ditu.