Eguarri abestia (2003)

eguarrip.jpg

El Día egunkariaren orrietan agertu zen, 1931n, Dickensen Eguarri Abestia "Luzear"ek euskaraturik. Gaur hemen aurkezten dugun Eguarri Abestia haren argitalpen berritu hau ez litzateke irakurlearen eskuetara iritsiko, Koldo Mitxelenaren seta berezi bat egon izan ez balitz tarteko: bai bere idatzietan, bai berari egindako hainbat elkarrizketetan maiz aipatzen du adiskide eta maisu izan zuenaren izena: Ander Arzelus "Luzear". Eta Luzearrez ari dela, errenteriarrak beti edo gehienetan aipatzen du hark itzuli zuela Dickensen A Christmas Carol. Aipu horiek, harri txuri horiek uzi izan ez balitu han eta hemen itzulpen horren bilaketarako, orain arte bezala ahaztua egongo litzateke El Día gordetzen duten hemeroteketan.

Osorik irakurri ondoren, garbi edukiko du irakurleak arrazoi zuela Mitxelenak bere setarekin. Arrazoia zuen, baita ere, inoiz errietan egiten zigularik ohartaraziz zein ahanzkorrak garen euskaldunok iraganean egindako lanekin eta zein eskergabe, onerako nabarmendutako pertsonekin.

Inazio Mujika Iraola idazle eta argitaratzaileak prestatu du edizio hau, zoragarri prestatu ere: berak bilatu eta aurkitu du testu originala, berak idatzi sarrera paregabea berrargitarapenari, berak ukitu eta gaurkotu testua, berak ezarri ingelesezko bertsioa atzealdean eta berak prestatu hiztegitxo bat, hobeto ulertzeko Luzearren testua.

Baina nor zen Luzear? Orri hauetan, irakurleak, Eguarri Abestia euskaraz eta ingelesez aurkitzeaz gain, hitzaurre luze bat ere aurkituko du Ander Arzelus nor zen argituko diona.

Hemeroteka

***********

Eguarri abestia

"Luzear"ek euskeratua

Inazio Mujika Iraolak prestatuko edizioa

***********

LENENGO AAPALDIA

Marlegiren Mamutzarra

Marlegi illa zan. Au iñork zalantza apurrik gabe sinisteko eran idatzi nai nuke aurren-aurrena. Aren eortzi-paperak, erretoreak, kristauak, eortzetxe-ordezkariak eta proguko buru izandakoak izenpetuta zeuden. Ezkurrak pirmatuak ziran, bai, ta onen izenak indar aundia erantsi oi zion edozein paper motari.

Marlegi zarra, edozein ate-iltze bezin illa zegon beraz. Aitor dezadan argibidez, ez dedala ate-iltze bat eriotzaren irudirik egokiena danik uste. Iltzeren bat nerez aitatzekotan ilkutxakoren bat lenago aitatuko nuan. Baña ez naiz ni, ez ni, izango iñola ere, asabak on iritzian utzitako irudirik aldatuko duana. Onela erori izan baitira erridiak. Esan dezadan beraz berriro, aotsa biribilduaz, Marlegi, ate-iltzerik erdoituena bezin illa zegoala.

Ta Ezkurrak bai al zekian ori? Bai noski! Jakingo etzuan ba? Ezkurra ta biak baltzukide izanak baitziran, Jainkoak daki zenbat urtean. Ezkurra izan baitzan aren atzenai-betetzalle bakarra, aren banakari bakarra, aren ordeko bakarra, aren oñordeko bakarra, aren adiskide bakarra ta atzenengo ibillaldi artan aren laguntzalle bakarra. Ta irabazpideak galtzeko gizona ez izanik, etzuan Ezkurrak laguna galtzeak eman oi duan samintasuna, illeta egun artantxe tratu edo bat egiteko eragozpen izan.

Illetak aitatu ditudanez, biurtu nadin asitako bidera. Marlegi illa zala badakizute beraz. Au gogoan ondo artu, gañontzean edestu bear dizutedanak bere gatz guzia galduko luke ta. Hamlet-en aita illa zala ez bageneki, ez baigiñake bera, seme kaxkariña bide onetaratzeko, gabean, bere zaindoki zear pasiatzen arkitzearekin, beste edozein jaun agurgarri onen antzeko toki aizetsuren batean -San Pabloren Ildegian, adibidez- arkituko bagenu baño geiago arrituko.

Ezkurrak etzuan Marlegi zarraren izenik beñere kendu. Salostetxe ate gañean urte ta urtetan jarraitu zuan. "Ezkurra ta Marlegi". Ezkurra ta Marlegi baitzan baltzu-izena. Tratuan asi berriak ziranak Ezkurra esan oi zioten batzutan Ezkurrari; bestetan, ordea, Marlegi. Ark bitara erantzuten zuan. Berdin zitzaion.

Bai esku gogorrekoa Ezkurra lan kontuan! Lerdekatu, biotza aterako zion bere eskutan erortzen zanari, bere setari eutsiko zion gizon arek. Sukarria bezin gogor izan arren, etzan txinpart gogozkorik atera zezakion kanketakorik. Ispelen antzera ixil, berekoi ta bakarzalea. Gogoko otzak azpegia gogortu, sudurra zorroztu, masallak kixkurtu, ibillera makaldu, begi-ertzak gorritu ta ezpañak moretzen zizkion.

Otza ta beroa etziran Ezkurrarentzat ezer. Iparraizerik zorrotzena ez baitzan bera bezin zorrotza. Elurra bezin limurgaitza, eudia bezin setatsua, etzuten egutz-gaiak ere Ezkurra atxitzeko biderik arkitzen. Eguzkia izan ziteken zeredozertan irabazten ziona: eguzkiak beroa baitzeman, eta Ezkurra etzan ezer emateko gauza.

Etzuan iñoiz ez iñork kalean adiskidetasun deiakin gelditu. Txiroak ari eskatu? Umetarañoko guziak iges egiten zioten. Eta ez aundi ez txiki etzitzaion ezeren galdez urbiltzen. Itxu-zakurrak ere jabeak bazterreratzen zituzten, isatsa erabilliaz, "Begi 'oiek' izatea baño, batere ez izatea obe" balioteke bezela.

Baña zer zijuakion onegatik Ezkurrari! Orixe nai etzuan ba? Bizi-bide zear, gañerako bidaztiak urruti xamar zituala ibiltzea baitzan bere elburua.

Bein batean, urteak duan egunik ederrenaren bezperan, Eguarri bezperan, Ezkurra zarra, oi bezin lanpetua bere lantegian zegon. Egun otz, zeken, lañotsua uraxe. Bere alkitik, kaleko marmaizoak, lañoak eztarriak itxi ta egiñerazten zituan eztulak entzuten zituan; jendea, odol-birak bizitu nairik, arrantzaleak oi duten eran besoakin bizkarra juaz, edota berotu nairik soroilu-arriak oñakin gogor zapalduaz zebillela nabaitzen zuan.

Illunpean zegon erria, erlojuak irurak zirala zioten arren. Inguruko dendatan sakon beltz gañean lauso gorrixtak bezela kandel piztuen argiak dirdir motela zegiten. Tarte ta zirrikitutatik lañoa sartzen zan, espaloi batetik bestera etxeak estaltzen zituan laño lodia. Odei estalki ura ikusita, izadiak gobara eguna zuala esan zitekean.

Bere idazlaria begien aurrean eukitzearren, ura eskutitz-kopia-tzen ari zan saizulo estu ta zarpaillerako bide zan bere langelako atea irikia zeukan.

Ezkurra berotzen zuan sua txikia zan, baña idazlariarentzat piztuta zegoanaren ondoan sutzarra zirudin. Onek ezin zezaken iñola ere sua indartu, ikatz-tokia nagusiaren langelan baitzegon, eta etzuan ikatz-koskor bat artzea besterik bear bere irabazpidea galtzeko arrixko bizian jartzeko!

Sua ezin indartu zezakenez, bere lepo-beroki zuria jantzi, ta kandela bereganatu zuan onen beroa ere artzeko. Baña etzuan ezer asko irabazi.

-Eguarri zoriontsuak, osaba! Jainkoak gabon! -zion abots alai bat entzun zan.

Ezkurraren illoba baten aotsa zan. Bat-batean sartu zalarik, bere agurra iñork ura ikusi baño lenago entzun zan.

-Ba! -marmar egin zuan Ezkurrak-. Umekeriak!

Laño ta izotz menderatu naiaz, lasterka bizian etorria zan Ezkurraren illoba ori, ta gorrituta iritxi zan. Arpegiak dirdir zegion, begiak txinparta zerioten eta bere arnasa ur biurtzen zitzaion itz egiterakoan.

-Eguarri umekeri bat, osaba!? Etzera biotzez ari!

-Bai jauna, uste diaten bezela ari nauk -erantzun zion Ezkurrak-. Eguarri zoriontsuak! Xagua baño txiroago izanik, zer eskubidekin edo zergatik alaitzen aiz?

-Orra! -bota zion alaiki illobak-. Ta zu Kreso bat baño aberatsagoa izanik, zer eskubidekin goibeltzen zera? Zergatik musindu?

Etzuan Ezkurrak berealako erantzunik arkitu, ta, biderik errexenera joaz berriro, "Ba! Umekeriak!" besterik etzuan esan.

-Etzaitez asarretu, osaba -esan zion illobak.

-Nola ez, ergel artean bizi banauk! "Eguarri zoriontsuak!", "Eguarri zoriontsuak!". Zer zekartek iretzat Eguarriak? Dirurik ez eta guzia ordaintzeko aroa; urte bete geiago, baña ez xentimo bat geiago; kontuak atera ta zorretan agola ikusteko garaia. Benetan esaten diat, al banikek, "Eguarri zoriontsuak" ezpañetan dituztela dabiltzan guziak beren xaltxan egosi ta gorosti artean serbituko nizkikek. Bai orixe!

-Osaba!... -asi zan illoba.

-Illoba! -erantzun zion gogorki osabak-. Ospa itzak Eguarriak derizkioken eran eta utzi akidak neri nere tankeran ospatzen.

-Baña iñola jaituko ez baidituzu -jardetsi zuan illobak.

-Utzi nazak pakean -esan zion Ezkurrak-, on dagikela. Oraindañokoakin baliatu aizen itxurak dituk eta!

-Izan ditut bai zuk diozun eran baliatzeko bideak. Eguarri oietxekin ere bai. Baña askoz lasaiago bizi naiz garai ontan. Eguarriak, bere izen eta jatorriagatik zor zaioten begirapenez gañera, maitasun, ontarte ta goinai aro izan zaizkitelako. Auxe baita, urte luzearen buruan, giza-emakumeak biotza zabal-zabal egin eta mendekoak ere bizilagun bezela ta ez beste enda batekotzat artzen dituen aroa. Aberastu ez banaute ere, on egiñ didate beraz Eguarriak, eta "Onetsia bedi Eguarri eguna" esatez ez naiz aspertuko.

Idazlari gizajoa bere saizulotik txaloka asi zan itzaldi ark berotuta, baña, bereala oarturik, sua zirikatuaz nolabait estali nai izan zuan egindakoa, sukondartxoa zearo itzaliaz.

-Zuzmurrik txikiena nabaritzen badiat, beste ogibideren baten billa ospatuko dituk Eguarriak! -esan zion Ezkurrak.

Ta bere illobari:

-Motell, izlari bikaña aiz! Etzekiat nola Latetxera eraman ez auten.

-Tira, osaba, etzaitez asarretu ta etorri biar gurekin bazkaltzera.

Bai al dakizute ain gogo onez egindako eskeñia nola artu zuan Ezkurrak? Bere illoba... esan dezadan, inpernuko zuloan ikusi nai lukela bete-betean esanaz.

-Baña zergatik? -galdetu zion gizajoak-. Zergatik?

-Zergatik ezkondu itzan? -galdetuaz erantzun zion Ezkurrak.

-Nere emaztea dana maite nualako.

-Maite zualako!? -esan zuan Ezkurrak, Eguarriak ospatzea bezin ergelkeri aundia balitz bezela-. Agur! -Baña, osaba, zer dala-ta orain nere ezkontza eragozpen bezela jarri, ezkongai nitzala ere beñere nere etxera etorri ez baziñan? -Agur! -esan zuan berriro Ezkurrak. -Asko samintzen nau zu onen itxututa ikusteak, osaba. Gure artean naigaberik izan bada, ez da noski ni bide naizela izan. Adiskide antzean, egunari zegokion bezela, eskeintza au egin nai izan dizut. Eta ez nuke nai nere asmo onik galdu, gerta ala gerta. Eguarri zoriontsuak, beraz, osaba!

-Agur!

-Eta urte berri on!

-Agur! -esan zuan Ezkurrak bosgarren aldiz.

Eta illobak alde egin zuan sartu bezin gogo onez. Idazlariaren aldamenetik igarotzerakoan ura zoriondu zuanean, biotzezko oiartzunak erantzun zion.

-Beste zoroa! -zion Ezkurrak bien elkarrizketa entzunik-. Astean bost duro irabazten ez ditu, emaztea ta seme-alabak etxean, eta "Eguarri zoriontsuak" dio. Ergel alena! Zoro-etxeren batean zurragorik arki diteke!

Idazlariak Ezkurraren illobari atea iriki zionean, beste bi lagun sartu zitzaizkion. Itxura oneko jaun bi ziran, besapean idazti ta paperakin, txapela aterata Ezkurra agurtu zutenak.

-Ezkurra ta Marlegi, noski, oker ez bagaude? -esan zion batek zerrenda bat irakurriaz-. Ezkurra ala Marlegi jaunarekin ari gera, jauna?

-Marlegi zazpi urtez aurretik illa da -erantzun zuan Ezkurrak-. Gaur zazpi urte, ain juxtu.

-Baña bere lagunak ez du noski jaun aren eskuzabala samiñez oroitu eraziko -esan zuan lengo jaunak bere agiriak erakutsiaz.

"Eskuzabala" entzun, eta, beste gabe, Ezkurraren bekozkoa illundu zan. Agiriak biurtu zituan atzera.

-Guzia alaitasuna dan urte aro ontan -jarraitu zuan jaunak-, txiro ta beartsuenganuzko begiratutxo bat txit bidezkoa izaten da, beren aldez zerbait egiteko. Negu gogorra daramagu, millakak bear-bearrenekoa falta dute, eundaka milla oxta-oxta bizi dira.

-Kartzelik ez al dago? -galdetu zuan Ezkurrak.

-Geiegi bezela -erantzun zion jaunak idazkortza utziaz.

-Eta txiro-etxeak ez dute beren eginbearra betetzen? -galdetu zuan berriro Ezkurrak.

-Bai, alaxe da. Ain bearrak ez balira obe!

-Ta beartsuai dagozkien legeak galdu al ziran?

-Ez, oraindik zutik daude.

-Alare, zuri entzunaz besterik uste nuan. Gaitz erdi. Poztutzen naiz.

-Baña aitatu ditugun etxe oiek, jendea ez gogoz ez gorputzez asetzen ez duela uste degulako, lagun-talde batek txiroai jaki ta edari ta berogarriak eskeintzeko dirua biltzea gure gain artu degu. Ta onetarako, mai batzutan guzia gañezka ibilli oi dan aro au aukeratu degu, egun abetan txirotasuna ere astunago egiten dalakoan. Zenbat jarriko degu zure izen ondoren?

-Ezer ez! -erantzun zion Ezkurrak.

-Izena ezkutuan gorde nai al zenuke?

-Pakean uztea nai nuke. Ona garbi esan zer nai nuken, jakin nai badezute. Nik ez det Eguarririk alaiki ospatzen, eta ez nago besteak orrela egin dezaten ezer emateko eran. Len aitatu ditudan etxe oientzat dagokidana ematen det, ta oparo gañera, bai, ta zerbaiten bear diranak dijoazela aietara.

-Asko dira ordea ori ezin egin dezatekenak, eta beste askok goseak il naiago luteke.

-Zergatik ez dira ba iltzen? Munduan jende geiegi ez dago? Orixe litzake gañezka daudenak garbitzeko biderik egokiena. Gañera, barkatu, baña nik ez dakit ori guzia ala dan.

-Jakin zenezake, ordea -oarrarazi zion jaunak.

-Ez det ba nai. Neronen arazoakin naiko buruauste sortzen zait, iñorenetan sartu gabe. Agur ba, jaunak!

Itzik egin bearrik etzegola ezaguturik, bi jaunak etorri bezela juan ziran. Ezkurrak utzitako lanari eldu zion berriz, bera añako gizonik etzalakoan, oi baño olde obearekin.

Bitartean, laño ta illuntasuna gizendu ta beztu baitziran, eskuzuzidunak kale zear ikusten ziran, zaldi aurretik oei bidea erakutsiaz ibiltzeko laguntza eskeintzen.

Ezkil zarra godar tankerako leio batean Ezkurrari begira bezela zeukan bertako elizako ezkildorre koldarra ere ezkutatu zan, eta odei artetik, an goien ortzak kaskas balegioteke bezela, dardarti bialtzen zituan ordu ta laurdenak.

Otza gogortu zan.

Kalean, odi konponketan ari ziran langille batzuek piztutako su inguruan, gizon eta aur arlote talde bat arkitu ziteken, ustegabeko bero ura iruntsi naiaz bezela.

Kalertzetan, uraga-iturrietatik gañez egiten zuan ura jelatzen zan.

Denda erakustokiak, gorosti ta garao txortaz apainduta, dirdir zeuden, kale zear zijuazenen arpegi zuriak gorrixkatuaz. Ollo ta jaki-saltokiak, zoragarriak, urdail miñez zebiltzanentzat begi asegarri, jaki motarik ao-urgileenakin beterik azaltzen ziran.

Uriko alkateak, Eguarriak bere mallako agintari bateri zegokion bezela ospatzeko, bere berrogeitamar sukaldari ta goxogilleai agindu bear zitzaiena agindu zien. Eta aurreko astelenean bere mozkorkerian bazterrak asaldatu zitualako bi duroko multa ordaindu berria zuan zapata-konpontzalle gizajoa ere an ari zan, bere ganbara-zuloan, oiturak agintzen duan budiña egiten, bere emazte igarra ta semetxo xaxpikia urtean beingoa zuten aragi zati billa ziran bitartean.

Laño ta otzak etzuten itxuraz jai. Gogor saiatzen ziran beintzat. Otz garratza, mea, izugarria. Dustan Deunak, deabrua bere izkillu bidez zigortu bearrean, egun artako otzarekin sudurrean muturreko bat eman izan balio, a zer karraxiak eraziko zizkionak1 .

Zakur goseak ezurrari bezin gogoz, sudurtxoari lotuta zebilkin otz gaizto arekin dardar, ume zirtzil batek giltzazulotik Eguarri abestitxo bat eskeñi zion Ezkurrari. Baña au, "Ate txokuan ollar bi, batek bestea dirudi" entzun bezin laster, makil bat artuta ateruntz abiatu zanean, abes¬lari koxkorrak iges egin zuan, laño ta otzari giltzazuloko bidea aske utzirik.

Lantegia ixteko ordua ere iritxi zan ba noizbait. Ezkurra marmarka jeiki zan eta bere otseiñari ere aldegiteko eskubidea eman bear izan zion itzik esan gabe bederik. Au ordua jo zai zegon, eta etzuan unerik galdu argia itzali ta txapela jazten.

-Biar egun guzian jai naiko dek? -galdetu zion Ezkurrak.

-Bear aundirik ez dala beintzat.

-Bear aundirik! Ta nik astekotik duro bat kenduko banikek, bear aundirik izango al ukek?

Bildur irripartxo batek kixkurtu zion arpegia idazlariari.

-Ez dek beraz uste "nik" opor-egun batekoa ordainduta kalterik diatenik.

Urtean beingoa zala esaten ausartu zan idazlaria.

-Ori dek! Abenduaren ogeitabosta dala, ta lapurreta bizia egin orduan -esan zuan Ezkurrak txamarra leporaño lotuaz-. Artzak, artzak egun osoa; baña etzi, galdutakoa osatzen saiatu.

Ala agindu zion idazlariak, eta Ezkurra irten zan marmarizo bizian. Laster egin zituan ark bat-biak, eta landola itxi ta lepokoberokia muturrak gerriraño zintzilik zituala jantzi ondoren, egun aundi aren bezpera ospatzeko, Ixkindegiko txirristan gazte errenkada luze bateri malla bat erantsiaz ogei aldiz jetxi, ta etxeruntz jo zuan lasterka, lenbaitlen iritxi ta sendi arteko jolasetan alaitzeko asmoz.

Ezkurrak afaldu zuan, murrintsu, eguneroko taberna zulo beltzean, eta gabeko izperringi guziak irakurri ta egunen buruan artutakoen berri zeraman kuadernotxoa ondo aztertu ondoren, lotarako asmoan etxeratu zan.

Baltzukide izandakoaren bizilekua zuan bere etxea.

Bizitza illun-illun bat zan. Etxe luze-luze bateko bizitza Illán-illuna.

Etxea bera, aurtzaroan kiriketan zebillela galdu ta nora jo etzekiela gelditua ote zan esan ziteken, ain itxura traketsa zegin enparantza koxkor artan. Gure edesti garaian, zar eta itun arkitzen zan. Ezkurra bakar-bakarrik bizi baitzan etxe guzian. Gañerako bizitzetan idazkol-lantegi besterik etzegon.

Ezkurrak enparantza koxka guziak ongi ezagutzen zituan arren, eskuakin ikutuaz billatu bear izan zuan bere bidea, ain zegon beltz.

Negu-Urtzik etxetzarraren eskaratza bere jauregitzat autu ote zuan pentsa zitekean, otz eta laño guziak an bilduta bezela arkitzen baitziran.

Esan dezadan orain beste ezer baño len, irakurleok jakin dezazuten, ate kisketak aundi samarra izatea beste gauza nabarmenik etzuala. Ezkurrak etxe artan bizi zan ezkero, gau ta egun amaika aldiz ikusia zuan. Bidez esan dezadan Ezkurra Londongo bururik kamutsena baño irudimen gutxiagokoa genula, kamutsenen artean alkate ta ziñegotziak sartu arren.

Eta aurrez jakin bear ditugunak garbi jartzen ari naizelarik, jakin, arratsaldean bere idazkolan izan zituan bi jaun aiekin itz egin zuan ezkero, etzala Ezkurra Marlegi iñoiz izan zanik ere gogoratu. Ta au guzia jakin ondoren, esan zaidazute ia zergatik ikusi zuan Ezkurrak, giltza ate-zuloan sartzerakoan, an gañeko kisketan, au iñork ikutu gabe, ez eguneroko kisketa, baizik Marlegiren arpegia.

Marlegiren arpegia. Etzan inguru guziko illunpe beltza bezela, ez; otarrai ustel batek jakitegi illun batean botako luken bezelako argitxo laruz inguratuta azaltzen zitzaion. Etzan onen begiratua ez asarre ez ankerra, baña kopet izugarrian zaldizka betaurreko ikaragarriak zituala, Marlegik oi zuan eran begiratzen zion Ezkurrari.

Aize epel batek erabillita bezela mugitzen zitzaizkion illeak, eta begiak zabalik baña geldi-geldi zeuzkan. Begi geldi aiek eta arpegiaren zuritasunak ikara bizia ematen zuten; baña etzan arpegia berez ikaragarria, ikara beste zerbaitek sortzen zuala esan ziteken, ez arpegiak.

Ezkurrak bere almen osoz begiratu zionean, kisketa kisket biurtu zan atzera.

Ez litzake egia zirkin egin etzionik esatea. Aurtzaro ezkero oi etzuan biotz ikara izugarria nabaitu zuan. Baña alare, ausarki, giltza artu ta zuloan bira eman, atea iriki, ta kandela piztuaz sartu zan etxean.

Zalantzunea izan zuan atea ixterakoan. Bizkar gañetik, ate atzera begiratu kezkatsu bat egiñerazi zion, Marlegiren ille-moto-tsa ikusi ta lengo biotzikara berritzeko bildurrak. Baña kisketa atzetik, au ateari lotzeko garranga ta biurrikoak besterik ikusi etzituanean, "Ba! Ba!" nardaberaki esanaz, bultzada batez indarrean itxi zuan.

Ate danbada, turmoi biurtu zan etxe uts artan. Gañeko gela bakoitzak eta beeko upel bakoitzak oiartzun bereziz erantzun zioten ateari. Etzan ordea Ezkurra oiartzunak bildurtu zezateken gizona. Atean krixketa bota, eskaratza pasa, ta eskalletan gora geldiro abiatu zan, bidean kandela antxiturik.

Eskallera aietan il-burdi bat bere luma galdurdun zaldi ta guzi igo ziteken, baita trabeska ere. Ain ziran zabalak. Onegatik iruditu zitzaion apika Ezkurrari, an aurretik, illunpetan erdi galduta, aolku bat zeramala.

Kaleko laspel-argimutil oietako sei etziran noski geiegi izango atarbe ura argitzeko, zuek ikusi, beraz, Ezkurraren kandel mutur arek an zer adar jo zezakean. Baña Ezkurra gora zijuan alare. Illuntasuna ez baita ezer kostatzen: Ezkurrak illunzalea izan bear naitanaez.

Ala guztiz, bizitzako atetzarra itxi baño len, gela guziak aztertu zituan guzia ondo zegon ikusteko. Kisketako arpegia begi aurrean bezela zeukan oraindik, eta etzuan arrixko berririk nai. Txaki, logela, trastezar-txokoa, guzia utzi bezela zegon. Mai azpian iñor ez, iñor ez alkipean; sukaldean, su pixka bat; katillu ta zali, mai gañean; eta eltzetxo batean, morokilla, Ezkurraren sudurjarioarentzat sendagai ederra.

Iñor ez, oe azpian. Ezta orman iltzetik zintzilik ala-olako tankeran zegon txirikinpean ere. Trastezarren gelan betiko kaldera zar bat, oñetako zulatuak, arrai otartxoak, iru ankeko garbontzia ta burniziri bat.

Lasaixiago itxi zuan atea, oi ez bezela giltzari bi bira egiñerazirik. Itsumustuan ezer gertatzeko bideak onela itxi ondoren, lepo-ko-kixkurra kendu, txirikiña, oskixillak eta oe-txanoa jantzi ta sukalde-urbil exeri zan morokil-aurrean.

Gau gogorraren kideko izateko asko falta zuan su kaxkar arek. Pittin bat epeldu nairik, su gañean makurtuta jarri bear izan zuan, ikatz-kondar arek eman zezaken beroa artzeko.

Antxiñakoa zan sukaldea, olandar azokariren baten lana noski. Itun-Zar eta Berriko irudiak izan nai zuten, bira guzian zeuzkan buztiñarritan azaltzen ziranak. An omen zeuden Kain eta Abel, Faraonen alabak, Sabako Erregiña; an zeukan aingeru talde bat ere, oe-burukoak ziruditen odei gañean egalari; Abraham, Belshazar, Bialduak intxaur azal antzeko ontzitan... eunka irudi, bere mena alaitzeko. Baña zazpi urtez aurretik ildako Marlegiren arpegia azaltzen zitzaion, eta, Igarlearen zigor antzera, onek guzia estaltzen zuan. Buztiñarri aiek irudigabeak eta Ezkurraren gogai ixpillu izateko doaidunak izan balira, bakoitzean Marlegi zarraren buru bat azaldu izango zan noski.

-Txotxolokeriak! -zion Ezkurrak, gela zear zebillela.

Juan-etorri biziak. Berriro exeri zan. Besalkian etzaterakoan, txintxarri bat begi aurrean gelditu zitzaion. Gela-txoko batean zegon txilin ura etzan aspaldian ezertarako erabiltzen. Noizbait alabearragatik goi-goiko bizitzatik deitzeko eran jarria zan, ta gero alaxe gelditua. Arrituta, bildur ikara aundiz ikusi zuan ba txintxarria bazebillela... poliki poliki aurrena, otsik atera gabe... bizixiago gero... ta indarrean azkenik, etxeko guziakin batera.

Txiliñotsa minutu erdi batean entzun zan, minutu batean geienaz. Baña Ezkurrari ordu bete iruditu zitzaion. Txintxarriak asi bezela, guziak batean ixildu ziran.

Aien ots meari, karraxiagoko batek jarraitu zion. Au beetik zetorrela esan zitekean. Be-beko upel gañean arrastaka erabillitako burni-kate batek egingo lukenaren antzekoa zan.

Ezkurra, sorgiñen mendeko etxetan azaltzen diran mamutzarrak kateak zintzilik dituztela azaldu oi dirala oroitu, ta ikaratu zan.

Upeldegiko atea burrundara aundian iriki eta ixten nabaitu zuan. Gero kate otsa eskalletan gora, beko bizitzetan... eta, azkenik, zuzenean bere ateruntz zetorrela ezaguturik,

-Gezurra, irudipenak! -zion-. Ez det sinistu nai!

Baña etzitzaion arpegian odol tantorik gelditu, deitu gabe, aterik ez balitz añean, gelan sartu ta otsgillea bere begien aurrean ikusi zuanean. Sukaldeko gartxoa ere luzatu zan, "Ezagutzen det. Marlegiren Mamutzarra da" esanaz bezela, ta berriro kuxkurtuta len bezin apal gelditu zan.

Arpegi uraxe! Berbera! Marlegi, bere ille-ordekoakin, oi zituan txamarra, galtzerdi ta oñetako luzeakin, oen borlatxoak, txamargañekoaren atze-mutur eta ille ordeko-mototsa bezela zut zituala. Gerritik arrastaka zeraman katea. Luzea zan eta isats antzera azaltzen zitzaion, eta diru-kutxa, giltza, saloste-idazti, latidazki ta altzairu-sarekizko gorgoillakin egindakoa zan. Gorputz argal gardena zuan, eta Ezkurrak, aurrez zeukalarik, upulurdaren atzeko bi botoiak ikusten zizkion gorputz zear.

Marlegi barrengabea zala askotan entzuna zuan Ezkurrak, baña etzan orduraño ontan jausi. Ta... etzuan orduantxe ere sinistu nai! Mamutzarra bere aurrean zeukan arren, bere begien otza biotzeraño sartzen zitzaion arren, burutik kokotzera zeraman musuzapia ari ala sedazkoa zan ederki ezagutu zezaken arren, siniskaitz egiten zitzaion guzia, ta bere zentzuai gezurra ziotela esan nairik burruka bizia zerabilkin. -Zer da! Zer nai dezu? -galdetu zuan Ezkurrak oi bezin lotsagabe ta ozki. -Gauza asko... -erantzun zion Marlegiren abots jatorrak. -Nor zera? -Galde zaidazu nor nitzan. -Tira ba, nor ziñan? -esan zuan Ezkurrak abotsa jasoaz-.

Errañu batentzat arrokeri aunditxoak dira zureak. -Munduan, zure baltzukide Marlegi izan nitzan. -Ta... ta exeri al zindeke? -galdetu zion Ezkurrak kezkatsu. -Exeri nindeke, bai. -Exeri zaite ba. Ain gorputz argalaren jabe zan Mamutzar ura exeri eziñak izpidea jarriko zuan kezkaz galdetu zion exeri zeiken Ezkurrak, baña sukaldez beste aldera letxua baño lasaiago exeri zitzaion Marlegi zana.

-Ez dezu nigan sinisten -oarrarazi zion exeritakoan.

-Ez -aitortu zion Ezkurrak.

-Zerorren zentzuak diotena naikoa ez badezu, zer geiago bear dezu ba? -Ez dakit. -Zergatik ez degu ba zerorren zentzuak dasaizutena sinisten? -Edozein umekerik igiarazten dizkidalako -erantzun zion Ezkurrak-. Egospen zail batek gezurzulo biurtzen dizkit: zerorri ere aragi zati egosgaitz edo urdunputx pittinen batek edota lusagar erdi gordiñak sorterazia izatea baleike. Nornai zerala, sukaldetik sortu zatzaidala egingo nuke, ta ez illobitik.

Etzan ba Ezkurra alako sestokaria ere, ta une artan ezin ziteken berez artakoa etzanik olde onez egon. Ezurretaraño zijuakion bildurra nolabait uxatu naiak esan erazten zizkan guziak. Odola izoztu baitzion Mamutzarraren abotsak.

Ixilik gelditu ezkero, laxter, begi zuri aien mende, bere buruaren jabe izango etzala nabaitzen zuan. Egoera izugarria! Izugarriagoa oraindik, Mamutzarra egutz bereziduna zalako. Etzuan Ezkurrak bere gain ezer nabaitzen, baña Marlegi ain geldik egon arren, ille, borlatxo ta txamargaiñekoaren isatsak labe bero batetik irtendako aize epel batek erabilliko lituken gisa igitzen ikusita, ala sinistu bear.

-Agintziri au ikusten? -galdetu zion Ezkurrak aitortutako kariagatik, ta Mamuaren begiratua unetxo batean bederik aldendu naiaz.

-Bai, ikusten det -erantzun zion Mamuak.

-Baña begiratu gabe! -esan zuan Ezkurrak.

-Alare ikusten det.

-Ongi da. Auxe irentsitzea aski nuke ba, ene bizi guzian sorgin eta malo artetik ez irteteko. Berriketak, berriketa besterik ez!

Au entzun eta, kateari eragiñaz burrunbots izugarria egiñik, Mamutzarrak karraxi ikaragarri bat bota zuan. Ezkurrak besalkiari indar guziz eldu bear izan zion, ez zoratuta bertan erortzeko. Ta izu-laborriz itotzeko zorian gelditu zan, Mamuak, bero balitz bezela, buruko zapia kendu, ta beko matrallezurra bularren gain erori zitzaionean.

Belaunikatu zan Mamuaren aurrean, bi eskuak otoi antzean jarririk, eta, -Erruki zaite! -deadar egin zuan-. Zergatik minkaizten nazu, iduri zatar izugarri orrek?

-Gizakume lurkoia! -erantzun zion Mamutzarrak-. Nigan sinisten al dezu ala ez?

-Bai, sinisten det! Nola ez? Baña zer dala-ta jetxitzen dira mundura gogoutsak, eta zergatik nere gain ixuri beren beazun guzia?

-Gizakumearen gogoa bere kidekoakin anaitasunean bizitzeko sortua da. Eginbear au bizi dala betetze ez duanak eriotz ondoren zigorpean or ibilli bear du jo batera ta jo bestera, emen gertatzen diran gauzak ikusi ta ezer egin eziñik, bizi zala zenbat on egin zezakean ezagutzeak biotza erdibitzen diolarik. Ai ene!

Ta berriro, malo esku zuri meak biurrituaz, Mamutzarrak karraxi bizi sarkor bat bota ta kateots izugarria zabaldu zuan.

-Katepean zaude -esan zion Ezkurrak dardar-. Zergatik?

-Neronek emen bizi nitzala egindako katea da. Estunez estun, kana bete gaur, biar beste kana bete, neronek egin nuan. Nere gogoz gerriko biurtu, eta nere gogo utsez artu nuan nere gain. Kate gaiak arritzen al zaituzte "zu"?

Zuaitz ostotxoaren antzera dardar zegon Ezkurra.

-Zerorrek daramazun katearen azta ta luzera jakin nai al zenituke? -jarraitu zuan Mamuak-. Zazpi Eguarriz aurretik au bezin astun eta gogorra zenun. Ordu ezkero luzatzen saiatu zera. Ez da ez kate makala zurea.

Ezkurrak bira guzian begiratu zuan, berrogeitamar edo irurogei bat altzairu-ari metro ikusteko bildurrak, baña etzuan ezer arkitu.

-Jagoba! -otoi egin zion-. Marlegi zarra, esaidak guzia! Itz gozoren bat ez al dek neretzat?

-Ezta bat ere -erantzun zuan Mamuak-. Beste ezpain batzuen eginbearra da ori, ta Iñaki, zu baño biotz bigunagoak diranentzat oparo izan oi dira. Nai nuken guzia esaterik ez daukat. Beste itzen batzuek ozta-ozta. Ezin nindeke iñon gelditu, ez daukat iñon astirik galdu ez atseden artzerik. Nere gogoa idazkol orma artetik irten etzan. Arretaz entzun! Etzan nere gogoa bizi nitzala gure den-da zokotik irten, eta orain jo ta tira egun neketsu luzeenak nere zai dauzkat.

Oi ez bezelako kardaba astunpean arkitzean, Ezkurrak eskuak galtza-patriketan sartzen zituan. Ta Mamutzarraren azkeneko itzak entzun zituanean, orixe egin zuan, begiak beruntz zituala ta lurretik jeiki gabe.

-Patxara aundian artu bearko zenun ba ain arrozgo luzea, Jagoba -esan zuan lasai itxuran, baña zionari alako apaltasun aidea erantsiaz.

-Patxaran!? -oju egin zuan Mamutzarrak.

-Bai ba, zazpi urte illotzik eta gelditu gabe orron ibiltzeko...

-Gelditu gabe! -birresan zuan Mamuak-. Atseden gabe, txolarte txikienik gabe. Beti, beti, barrengo ar zimikopean.

-Ta lasterka ibiltzen al zera? -galdegin zion Ezkurrak.

-Aizeak narabilte.

-Zazpi urtean amaika ibillitxo egingo zenun orduan -oartu zuan Ezkurrak.

Irugarren aldiz Mamutzarraren ojumin biotz-urratzallea entzun zan, eta gau ixiltasuna burrunbots ikaragarri biurtu zuan kate-soñuak.

-O, uztarpeko errukarria! Esku ta oin estun eta katepean euki ta ikusten ez! -zion Mamuak-. Ludi ontan egin lezateken on guzia egiteko, bertako irazaki illezkorrak eunki ta eunkitako lan bizia bear dutela jakin ez! Kristau gogo bateri lurrean dan arte leiaz saiatuta ere, dagokion mallan dezaken on guzia egiteko, bizitza laburregi izango zaiola ez jakitea! Adion bat galtzea, beñere osatu eziña dala ez ezagutzea! Olaxe gertatu zitzaidan neri! A! Olaxe gertatu zitzaidan neri!

-Baña, Jagoba, tratalari bikaña izan etziñan ba? -esan zuan totel-motelka Ezkurrak, Marlegik ziona berari ere ongi ote zijuakionen zalantzan.

-Tratalaria! -karraxi egin zuan Mamutzarrak, eskuak biurrituaz-. Gizadia beste traturik bai al dago ba ludi ontan! Gizarteko pakea, goi maitasuna, lagun urkoaganako onginaia, errukia, kupida, ona nere tratu bear zuan guzia. Salosketa etzan nere egizko tra-tu-itxaso zabalean ur tanto bat besterik.

Ta bere oñaze osakaitza kateak balemaio bezela, beregandik al zuan añean urrutiratu, ta astunki lurrera jausten utzi zion.

-Urtearo ontan eroan bear izaten det geiena -jarraitu zuan-. Zergatik ibilli ote nitzan emen, ozte artean begiak beruntz nituala, Iru Erregeak Txiroen Bakalduna jaio zan estalperuntz eraman zituan Izar zerutarra ikusteko beñere goruntz jaso gabe? Ez ote zegon ba ludian argi orrek erakutsi dezakidan beartsu-etxerik?

Mamutzarra negar-marraska artean ikusita, Ezkurra gero ta okerrago arkitzen zan, urduri, dardar.

-Entzun zaidazu! -oju egin zion Mamuak-. Zurekin egoteko eman didaten epea ia amaitu da.

-Belarri uts natzaizu -erantzun zion Ezkurrak-, baña etzaitez nerekin latzegia izan, eta, arren, Jagoba, olerki gaiak alde batera utzi itzazu.

-Ezin dezaikezut zuri gorputzez azaltzen zergatik utzi didaten esan. Len ere, bein baño geiagotan ementxe urbil ibillia nazu.

Ezkurrak kopeteko izerdi otza legortu bear izan zuan, ez baitzan entzundakoa berririk lasaigarriena.

-Nere nekabide zati bat auxe da -jarraitu zuan Mamutzarrak-. Nere adur izugarri oneri iges egiteko egokiera bat oraindik ere zure esku daukazula adieraztera etorria natzaizu gaur.

-Beti adiskide ona zu -esan zuan Ezkurrak-. Eskerrik asko.

-Iru gogouts agertuko zaizkizu -iragarri zion Mamutzarrak.

Ezkurra ao zabalik gelditu zan. Mamutzarrak ainbat zabaldu zuala esan ziteken.

-Aitatu dezun egokiera... ori al da? -galdetu zion abots durduriz.

-Orixe.

-Ba, ba... ez baliatu naiago det.

-Gogouts oiek etortzen ez badira, ez dezu iñola ere nere bide ontatik aldegiten somatuko... Ordu batean etorriko zaizu beraz lenengoa, zaitu zazu.

-Ta ezin al litezke irurak batean etorri, Jagoba? Artara, guzia batean amaituko bailitzake! -erdi-eskatu zion Ezkurrak.

-Biar eta ordu berean azalduko zaizu bigarrena. Ta azkenekoa, irugarren gabeko amabiak jo bezin laxter zurekin izango da. Ez nazu ni geiago ikusiko, ta zerorren ona nai badezu, gure arteko elkarrizketa onetzaz gogoratu beti.

Au esanik, Mamutzarrak musuzapia mai gañetik artu, ta kokotz azpitik burura, len zeukan bezelaxe lotu zuan. Ezkurrak ikusi gabe nabaitu zuan bestea zer ari zan, matalezurrak elkartzerakoan ortzak egin zuten kurrizkaz. Eta begiak jaso zituanean, katea besotik zintzilik artuta, zutik arkitu zuan beste mundutik etorritako adiskide ura.

Agerketa atzeraka-atzeraka urrundun zan.

Oinkada bakoitzak leioa neurri berean irikitzen zualarik, au zabal-zabalik arkitu zan ura leioratu zanean.

Ezkurrari, keñuz, urbiltzeko eskatu zion. Eta onek orrela egin zuan. Urbil xamartu zitzaionean, Marlegiren Mamutzarrak, gelditzeko esango balio bezela, eskua jaso zuan, Ezkurrak agindua beterik [, gelditu egin zan <ahref="#oh1">2]: bildurrak eta zalantzak esaneko biurtu baitzuten.

Mamuaren keñuak aizea murmur itzalez, atsekabe marmario itun itsasgaitzez, murrin eta samintasun intziri eleszaillez bete zutela zirudin. Mamutzarrak Ezkurrarekin batera entzun zituan pixka batean, eta gero gaua betetzen zutenakin bat egin zuan bere abotsa, illunpe beltz artan ezkutatuaz.

Jakinaiak bultzata, Ezkurra bere latzikara menderatu ta leioratu zan, kanpora begiratzeko.

Lañoak, aruntz-onuntz intziri bizian, gelditu gabe zebiltzan mamuz egiña zirudin. Marlegiren Mamutzarra bezela, katepean arkitzen ziran guziak, pillaka elkarri lotuta batzuek, banaka besteak, baña guzi-guziak kateakin lotuta.

Ezkurrak mamu-sail artan ezagun asko arkitu zitun. Bere adiskiderik miñenetako bat Mamutzar egiñik ikusi zuan: txonkatillari lotuta diru-kutxa izugarri bat zeraman, eta an, Ezkurraren leio aurreko ate opoan, aur bat besoetan zuala exerita zegon andre errukarri bateri lagundu eziñak negar egiñerazten zion. Gogouts minkaiztu aien zigorra orixe baitzan: gizarteko zorigaitzak gozatu nai, ta iñola ezin gozatu.

Bat batean, lañoak estali edota berak laño biurturik (Ezkurrak ezin zezakean ez au ta ez ura esan), mamu ta abots itzali ziran... eta gaua, Ezkurra etxeratu zanean bezelaxe gelditu zan.

Leioa itxi ta Mamutzarra sartu zan atea aztertu zuan. Berak utzi bezelaxe arkitzen zan, ta maratilla iñork ikutu gabe zegon.

Berriro, "Ergelkeriak!" esaten asi zan; baña asi bakarrik ordea... "Er..." esanda mututu zan beintzat. Eta biotzikarak beartuta, edota egun osoko nekepean, edo Beste Mundualdeko ibillaldiagatik, edo Mamutzarrarekiko berriketaldia zala ta (nik oso berandu zalako esango nuke), batere erantzi gabe oeratu ta zerraldo gelditu zan.

BIGARREN AAPALDIA

Ona beintzat lenbizikoa...

Ezkurrak begiak iriki zituanean, logela ormak bukatu eta leioa nun asten zan etzuan jeiki gabe esaterik, ain illun zegon guzia.

Kata-begiak zabal-zabalik, illunpe ura argitu nairik saio bizian ari zala, odei artetik dardarka zetorkion erlojuaren abotsak ordu aurretiko deia entzunarazi zion.

Arriturik entzun zituan sei, zazpi, zortzi... amabi tantako. Amabiak! Ordu bitan oeratu, ta amabiak? Erlojua zoratuta zebillen! Otzak kurpil arteko koipea jelatu ta zer ordutan bizi zan etzekiala utzia zuan noski. Amabiak!?

Bere oe-buruko erlojutxoaren ordukia ikutu zuan, ezkildorrekoari zer ordu zan esateko ustean. Baña au ere, bixi-bixi, amabi tintineko jo arteraño etzitzaion ixildu.

-Ezin liteke! -esan zuan Ezkurrak-. Egun osoan lo egon ote naiz ba? Ala eguzkiak atzerapenen bat izan ote du? Eguardiko amabiak ote dira?

Au gerta ote zeikenen zalantzak asaldatuta, oetik jeiki, ta leioratu zan aztamuka. Leiarretako lausoa besoakin garbitu bear izan zuan zerbait ikusteko.Ta ala ere, etzuan gauza aundirik ikusi: lañoa len bezin lodi, otza len baño ere gogorrago kalean, eta bere kezka egia izan balitz, gauak egun-argiarekin egunero oi duan burrukan goizetik lenengo aldiz menderatu izan balu, jende artean nabaituko zan izu-larririk ez. Onetxek etzuan gutxi lasaitu: izar artean onelakorik gerta izan balitz, "Zortzi egun barru Ezkurratar Iñakiri onenbeste laurleko ordainduko dizkiot" zioten ainbat eta ainbat agirik zer indar egin zezateken ba?

Ezkurra berriro oeratu zan. Eta, alegiñak alegin, etzion gertaera ari argibiderik arkitu. Zenbat eta geiago oldoztu, are ta geiago nastutzen zuan, eta ezkutuki ura bere adimenetik uxatu nairik saiatzen bazan, are ta buruauste geiago ematen zion.

Marlegiren Mamutzarrak betetzen zion irudimena. Guzia ametsa izan zala sinistera jartzen zan bezin laster, irudimenak lengo gertaeretara itzul egiten zion, eta berriro-berriro bidekurutzean arkitzen zan. Amets ala egi?

Tankera ortantxe arrapatu zuan urrengo ordu aurretiko iru¬laurdenekoak. Iru laurden aietxek oroitarazi zioten Mamutzarrak iragarritakoa: ordu batean etortzekoa zuan lenengo ikerlea, alegia.

Azti-ordu ura esna zaitzea erabaki zuan. Eta etzitzaion zail izan: ez baitzeukan atadiko aizeak baño logale geiago.

Baña bai luzea ordu laurden ura! Ustegabe lo kuluxken bat egin, eta ordu bata jo ote zuan ere oldoztu erazi zion. Alakorik batean ordea, ezkil otsa iritxi zitzaion.

-Ding! Dong!

-Amabi ta laurdenak -esan zuan Ezkurrak.

-Ding! Dong!

-Amabi t'erdiak -jarraitu zuan.

-Ding! Dong!

-Ordu bata laurden gutxiago.

-Ding! Dong!

-Ordu bata -egin zuan garaile-. Ona emen ordu bata! -Ta ezkildorreak etzuan oraindik ordurik jo. Baña alaxe zan, ordu

bata. -Dannnnnn! Eta etziran oraindik odei artetik bialdutako dardarots sakon

mudurriak ixildu, eta gela guzia argitu (baña nola!), ta oeko errezelak zabaldu ziran.

Bai, ben-benetan ari natzaizute. Esku batek zabaldu zizkion errezelak. Ta ez oiñaldekoak, ezta ere burukoak, baizik ezker-esku-bikoak, albotakoak. Oetxek zabaldu zitzaizkion, eta Ezkurra izututa erdi eseri zan... eta ni, ementxe, urbil naukazun bezelaxe, irakurle maite, ementxe zure aldamenean bainago ni, onelaxe, aurrez aurre arkitu zuan goitiko gogoki arrigarri bat.

Arrigarria zan, izan ere, aren irudia: aur bat zirudin, edo obeto begiratuta, aur biurtutako agure zarra ote zan esan zitekean. Bizkar gañera zetorkion illea elurra bezin zuria zan, baña arpegia zimur ipitxik gabea gazteen gazteenak baño labaiñagoa zuan. Beso luze ta zaintsuak zituan, eta beso ta esku oi ez bezin indartsuak ziruditen. Zanko ta oin utsik zegon. Soinpeko zuri bat zeraman, gerriko dirdizari labain batekin gorputzari lotuta. Gorosti makil bat negu-ikur bezela eskuan zualarik, soinpekoa udara-lorez apainduta zekarren. Baña aundiena, burutik sortzen zitzaion argiizpi bizi uraxe zan: nola argitzen zituan zoko guziak! Argi ura bear etzuanerako izango zan noski besapean zeraman kandel-itzalki antzeko txano ura.

Etzitzaion, alare, begiuts egiñik zegon Ezkurrari doairik arrigarriena ori iruditu, nai ala agertu edo ezkutatzeko zuana baizik. Irudia beso edo zanko batekin agertzen zitzaion batzuetan, ogei zankokin bestetan; bizkar gañean bururik gabe edo buru uts gorputzik gabe ere ikusi al izan zuan... eta gero, osoro ezkutatzen zitzaion, berriro len bezin garbi ta oso azaltzeko.

-Iragarritako Gogoutsa al zera? -galdetu zion azkenik Ezkurrak.

-Alaxe naiz.

Abots legun eta atsegiña, baña ixil ta mea, urrutitik, oso urrutitik letorkenen baten antzekoa.

-Nor zaitut ba? -jarraitu zuan Ezkurrak.

-Igarotako-Eguarri-Mamua natzaizu.

-Guzien Eguarri irudian al zatoz?

-Ez, zuri dagozkizunen Mamua naiz.

Zergatik etzekiala, Gogouts ura txanoa jantzita ikusteko gogo bizia sortu zitzaion Ezkurrari. Ta ala, arren oztu etzedin, bere etxean balego bezelaxe, txapela jazteko eskatu zion.

-Nola! -erantzun zion Mamuak-. Ene argi izpi ori onen aguro itzali nai ote zenuke zure esku loi oiekin? Ez al det aski, amaigabeko urtetan sudurgañeraño sartuta erabilli bear dedan txano au, zure griña zitalakin eundua izatea?

Gaizki esanak barkatzeko ta bere gogoa bazan burutsik egon zitekela apalki esan ondoren, Ezkurra zertara etorri ote zan galdetzen ausartu zan.

-Zerorren onak nakar! -erantzun zion Gogoutsak.

Eskerrak eman zizkion Ezkurrak. Baña, berekiko, gau osoan pake-pakean lotan utzita, on aundiagoa baizik ez ote zukean zion.

Gogoutsak bere oldozpenak "entzun" balizkio bezela,

-Zu gaizkatu naiak nakar! Kontu beraz! -esan zion.

Eta izketan ari zala, eskua luzatu ta Ezkurra gerritik artuaz,

-Jeiki ta jarrai akidazu! -esan zion.

Etziran ez eguraldia ez garaia etxetik irteteko egokienak, are ta gutxiago oe goxo epela utzi ta beroneurkia utsaren azpitik zebilen kale zear oskixil eta txirikin utsez sudurjario arekin ibiltzeko. Gogoutsari au guzia adierazi naia alperrikakoa izaki ordea, ezbaitzegon onen aginduari uzkur egiterik: Gogoutsaren esku indarra biguña baña menderagaitza izaki.

Jeiki zan beraz. Baña laguntzallea leioruntz zijuakiola nabaiturik, onen jazkiai eldu ta arren egin zion:

-Ilkorra naizela! Erori nindekela!

-Au baño eginkizun zailtxiagorik bete zenezake, nik nere eskua ementxe jarriarekin -erantzun zion Gogoutsak, eskua Ezkurraren biotz gañean jarririk.

Eta beste itzik esan gabe, orma zear igazi ziran, ezker-eskubi soroak zituztela, bidezabal luze batean arkiturik. Uririk etzan ageri. Illuntasun eta lañorik ere ez. Neguko egun argi ta otza zan. Lurra elurpean bero billa gordea zuten.

-Jaun aundia! -esan zuan Ezkurrak eskuak baturik-. Emen azia naiz ni! Aurtzaroan ementxe bizitua!

Gogoutsak gozaro begiratu zion. Onen ikutuak, milla urrin gozo zekaizkion Ezkurrari, aspaldidanik aztutako gogai, itxaropen, amets, poz eta atsekabe urriñak.

-Ezpañak dar-dar dagizute -esan zion Mamuak-. Ta... masaillean zer dezu?

Abots durduriz, pikor bat zuala erantzun, eta berak zerizkion tokira eramateko eskatu zion.

-Bide au ezagutzen? -galdetu zion Gogoutsak.

-Bai orixe! Begiak itxututa ere zuzen asko juango nitzake.

-Ta alare onenbeste urtean etzera beronetzaz oroitu. Jarrai zagun.

Eta bidean arkitzen zituan esi, ate, zuaitz, guzia ezaguturik jarraitu zuten. Urruti batean erritxo koxkor bat agertu zitzaioten: ibai batek karabilka mun egiten zion zubitxoa ta eliza ederki ikusten zituzten.

Gazte talde bat onuntz zetorkien: zalditxo koxkor gañean ziran batzuek, besteak gurditan, eta zarata ederra zekarten. Guztiak olde ona ageri zuten, eta beren alaitasunak inguruko zelaiak ere betetzen zituan.

-Len izandako gauzen irudiak dituzu -esan zion Gogoutsak- , ez gaituzte ikusten.

Gero ta urbillago gazte alai aiek. Ezkurrak banaka-banaka guziak ezagutu zituan. Ikusi utsak barrena ikutzen etzion ba! Zerk bizitu zizkion biotz taupadak? Zerk begiak diz-diz alaiz piztu? Bata besteai, nork bere bidea artzerakoan opa oi zizkien "Eguarri zoriontsuak" atsegin arrigarri bat banatzen etzioten ba! Zer ziran ba beretzat "Eguarri zoriontsuak"? Ezertarako izan al zituan beñere?

-Ez da ikastetxea utsik gelditu -esan zion Mamuak-, lagun guziak aldegin diote ta mutiko bat antxe dago bakar-bakarrik.

Negar-intziriz, Ezkurrak bazekiala erantzun zion.

Bidezabala utzirik, bidetxigor bat artu, ta buztiñerre gorriz egindako etxe batera eldu ziran. Kosko gañean aizeorratz bat eta ezkilla ikusten zitzaizkion. Etxe aundia zan, baña oso baldarra; ta gela zikin, orma busti lizun, leio txirtxillatu, ta, an-emenka eskobara ustelak adierazten zutenez, iñor gutxik begiratua. Kortan olloak kakaraka zegiten, eta zaltegi ta aterpeak belarrez josiak zeuden.

Etzeukan barrenak ere inoizko aunditasun itxura txikienik: eskaratz beltz artatik, ateak zabalik zeuzkaten gela zarretara begiratuta, aundi bezin otz eta txiro arkitu zituzten beintzat. Lur busti usai bat nabaitzen zuan sudurmintzak: guzia larrugorrian bezela zegon, eta edonori "goizean-goiz jeiki ta otordu exkaxa" bururatzen zitzaizkion ura ikusirik.

Sargela zear, Gogoutsa ta Ezkurra atze aldeko ate batera eldu ziran: atea iriki zitzaiotenean, txaki luze, murrin, uts bat ikusi zuten; ikastetxe-mai ta alki illarak uts ez ezik otz, ta, alki aietako batean, mutiko bat bakarrik, su urri baten inguruan, irakurriaz zegon.

Ezkurra alki batean jausi zan, bere aurtzaroko bakartasunak zapalduta.

Etxeko otsik txikienak, erdi urtutako odijela tantoak, aizeak zebizkin lertxun osto mur-murrak, zirrikitutako ate baten kanketakoak biotz samurgarri izan zitzaizkion Ezkurrari, ta onek, aspaldian ez bezela, negar egin zuan mara-mara.

Gogoutsak besoa ikutu ta buru-belarri irakurketan zekusten mutikoa erakutsi zion.

Bat-batean arrotz itxurako gizon bar agertu zan: bai ederki ordea! Leioan, kanpo aldetik zegon, aizkora gerrian ta egurrez zamatutako asto bat lepagoroikitik zuala.

-Oi!, ara Ali-Baba! -zion zoraturik Ezkurrak-. Ali-Baba maitea da ta! Bai, bai! Oroituko ez naiz ba.

Bai, noizbaiteko Eguarri egun batean, mutiko orixe bakar-bakarrik gelditu zan egun batean, orain bezelaxe, "etorri zitzaion" lenengo aldiz. Mutiko gizajoa!

-Eta ara Balendin eta Orson bere anaia -jarraitu zuan Ezkurrak-, ara, ara nun dijuazen! Eta Alako!... Damasko atetan zerraldo utzi zuten ura, ez al dezu ikusten? Eta Sultanaren otseiña. Erraldoiak aboz-bera jarrita... orra or! Ederki egin dio gañera. Ederki. Bakaldun-alabarekin ezkonduko zan ba?

Ezkurra, oi zituan arazo latzen antzik ere etzuten umekeri aiek, ben-ben, algara ala malko artean adierazi naiaz ikusi balute, a zer parrak uriko lagun-artean!

-Ara, ara Txorizlaria! -oju egin zuan-. Orlegi ta ori, letxu antzeko zerbait galdor bezela duala! "Robinson gizajoa!" ala omen zion ugarteari bira eman ta etxera etorri zanean, "Robinson gizajoa! Nun izan aiz?". Gizona, ametsetan ari zalakoan; baña ez, Txorizlaria izaki... Ta ara orain, ara Domeka 3 , lats aldera eroa bezela lasterka. Eup! Adi zak!

Eta bat-batean, bere izakerari etzegokion eran abotsa jetxi, ta bere irudi zuanari begira,

-Mutiko gizajoa! -esan eta negarrari eraso zion.

Malkoak legorturik, "Ai al baneza!" zion; andik laster, "baña berandu da!".

-Zer dezu? -galdetu zion Gogoutsak.

-Ezer ez, ezer ez -erantzun zuan Ezkurrak-. Bart Eguarri abestitxo bat entzunarazi zidan mutiltxo ari zeredozer emango niokela, orixe zan guztia.

Parriritzi keñu bat nabaitu zitzaion Gogoutsari, ta, eskua igituaz, esan zuan:

-Beste Eguarri bat ikus zagun.

Ezkurraren irudia azi, ta ikastetxea illundu ta narrastu zan. Ormak zirritu, leiarrak pitzatu, sapaiari igeltsua bazijuakion abeak agerian utziaz. Ezkurrak etzezaken ura guzia nola gertatu zan esan; baña bai "orduan" ere orrelaxe gertatu zala. Ta berriro lagun guziak oporrean ziralako, bera bakar-bakarrik zegola.

Etzan ordea lengo artan bezela irakurtzen ari; batera ta bestera katamotz itxuran zebillen.

Ezkurrak Gogoutsari begiratu, ta gero, buruari eragiñaz, estuestu ateruntz zuzendu zituan begiak. Iriki zan atea, ta bera baño gazteagoko nexka bat sartu zan, ta musu ta laztan artean, "anai maite" esaten zion.

-Etxera eramateko zure billa etorri naiz, anai maite -zion txaloka ta parrez-. Guazen etxera! Etxera! Etxera!

-Etxera, Garbiñe? -galdetu zuan mutillak.

-Bai, Iñaki! -esan zion arrebak pozaren pozez-. Etxera, baña betiko. Aitak len baño askoz geiago maite gaitu, ta gure etxeak zerua dirudi. Lengo gau batean oera nijuala, ain maitakiro itz egin zidan, zuri etxera etortzen utziko ote zizun galdetu nion; eta baietz, etortzeko, erantzun zidan. Eta ona zalburdi batekin zure billa etorri. Gaurtik aurrera, gizon bat izango zera, ta etzera geiago onera etorriko. Baña lenago, a zer Eguarriak bota bear ditugun!

-Anderetxo egiñik zaude, Garbiñe -esan zion mutillak.

Parrez, nexkak kopeta ikutu nai izan zion, baña etzuan nai zuanik iritxi, txikiegia izaki. Alare oin muturretan jarri, ta musu eman zion, eta gero, aurra izaki, eskutik artu ta ateruntz eraman zuan. Mutillak atzera egiteko asmorik etzuan azaldu.

Abots izugarri bat entzun zan orduan eskaratzean: "Ezkurraren jazki-kutxa jetxi" zion. Eta bereala sartu zan irakaslea bera. Maitasun ankerra zerioten begi aiek, eta eskua eman zionean, Ezkurra gaztea oso larritu zuan. Gero, leotz itxurako gelatxo batera eraman zituan anai-arrebak: ura gela ondatua, bai otza uraxe, lurtamu ta ludibirlak ere bero eske zeuden. Ondo bataiatutako botilla ardoa ta noizbait egunekoa izandako okore bat atera, ta eskeñi zizkien. Burdizaiari ere neskatxa mear batek eraman zion "zera" artatik baso bat, baña onek, lengo upeletik ateratakoa bazan, barau bizian egon naiago lukela esan omen zion.

Ezkurra gaztearen kutxa burdian jarri zutenean, irakasleari agur egin eta igo ziran anai-arrebak, jelak kurpilpean zegizkin karrakada artean etxeruntz abiatuaz.

-Neskatil samurra bai, Garbiñe. Aizetxo batek etengo zukean lilitxo antzekoa -esan zuan Gogoutsak-, baña ura biotza!

-Alaxe zan. Zan bezela!

-Oker ez banago, ezkondu ta gero il zan. Eta ondorengorik utzi al zuan?

-Bat -erantzun zion Ezkurrak.

-Egia. Zure illoba.

Oroipen onek goibeldu zuan Ezkurra, ta legorki,

-Bai -esan zuan.

Ez bat eta ez bi, esate baterako ikastetxetik irten gabe, uri aun-di bateko kalerik ederrenetakoan arkitu ziran. Oñezko ta zaldizko, burdi ta gurdi bazebillen antxe iñon ibiltzekotan. Jaki-saletxeai begiratutxo bat aski zan, Eguarri bezpera zala ezagutzeko. Gau betea, ta kaleak argiz ornituak.

Alako salerostetxe baten ate aurrean gelditu zitzaion Gogoutsa, ia ezagutzen zuan galdetuaz.

-Bai orixe! -erantzun zion Ezkurrak-. Emen ikasi nuan nik nere bizibide bear zuana!

Sartu ziran. Galestarren tankerako illorde bat, sapairaño irixteko oso gutxi falta zuan mai gañean makurtuta lanean ikusi zuanerako:

-Baña Lertxundi jauna da ta! Jainko maitea! Lertxundi berbera!

Lertxundi zarrak idazkortza utzi, ta erlojuari begiratu atsegin batekin zazpiak zirala ikusirik, txamarra ondo lotu ta par antzean dei alai au egin zuan:

-Ep! Ia onera! Jon! Iñaki!

Ezkurra gizon egiñik azaldu zan, bere lagunarekin.

-Jon Larzabaldarra! -esan zion Ezkurrak Gogoutsari-. Jainkoaren izen deuna! Berbera da ta! Jon gizajoa! Zenbat maite nin¬dun. Jauna!, Jauna!

-Tira, mutillak -zion Lertxundik-, gaurko naikoa dezute. Eguarri bezpera degu gaur, Jon. Eguarri, Iñaki. Ia ba ateak aidean ixten dituzuten. Tira. -Ta bizkarreko bana eman zien.

Aguro? Bai azkar bezela ere ateak itxi. Ate-zatiak bizkarrean artu, ta irten ziran. Bat!, bi!, iru!, orra beren tokian!; lau!, bost!, sei!, burniagak jarrita!; zazpi!, zortzi!, bederatzi!, eta, amabiraño esan baño len, an zituan biak aurrean, lasterka-moxal antzera arnaska.

-Bapo -esan zien Lertxundi zarrak bere alkitik lurrera bizkor jetxiaz-. Baztertu ditzagun orain traste zar guziak denda osoa garbi gelditu dedin. Ia mutillak. Ekin, Jon! Jo, Iñaki!

Traste zarrak baztertu! Denda osoa ere laster mugituko zuten bi mutil sendo aiek, Lertxundi zarraren begirapean! Minutu batean guzia egiña.

Bildu ziteken guzia geiago bear ez balitz bezela baztertu ondoren, lurra busti ta garbitu zuten, muturra moztu zien argi-biurtuai, ikatzez bete zuten sukalde-zuloa, eta denda gelditu zan bero, atsegin, negu-gau baterako dantza-aretorik egokiena bezela.

Xirribikari bat bere eresingi ta guzti sartu zan, eta, Lertxundi zarraren lan-maiean igota, asi zan bere ereskiña neurrian jartzen. Berrogei katuren marraska zirudin aretxek.

Lertxundiren emaztea etorri zan gero ezker-eskubi irriparrak banatuaz. Lertxundi andereñoak (Eleneren alabak bezela iru), irripar uts eta maitagarriak benetan, amarekin batera eldu ziran. Aspaldidanik, iru neskatil aien mende, biotza apurtuta bizi ziran sei mutil gazte, zegokien bezela oien ondoren azaldu ziran. Eta gero, burrundaran, Lertxundi zarraren otsein guziak, neska ta mutil, iskanbilla bizian... eta etxeko neskamea bere lengusuarekin, bai, an ixkiñako ogigiñarekin, ta sukaldaria esnezalearekin, bere arrebaren lagun aundia baitzan. Aurreko mandataria ere (gizajoak otordutan gorriak ikusi bear izaten ote zituan zioten) an azaldu zan, belarriak gorri-gorri zekarzkin, etxebarrunbeko mirabe ziztrin baten atzean gorde eziñik.

Sartu ziran ba, bata bestearen atzetik, larri-larri oek, lotsagabe aiek, oso gutxi itzontzi, bildurti geienak. Eta dantzaldi bat antolatu nairik, nor norekin elkartzen ziran. Baña buru jarritako bikoak dantza-neurria galtzen zuan, eta dantzan asteko besteak bukatu zai bezela nabaitzen zuten, nasketarik aundiena sortuaz, guziak buru biurtu ziran arte.

Lertxundi zarrak gelditu zituan guziak orduan, eta xirribikariari egoki iruditu zitzaion garagardo pitxar bat ustutzeko.

Etzan ordea xirribikaria geldik egoteko jaioa itxuraz, eta ekin zion berriro, ez nekatuta dagonaren antzera, orduantxe sartu berria litzaken ereslari "prexko" bat bezela baizik. Bere eginbearra bete ala bertan il nai zuala esan ziteken.

Dantzan jarraitu zuten, eta txolartetan, okore ta edaribizi, idi-errea, piper-opil eta garagardo ugari. Baña unerik ederrena, Lertxundi ta bere emaztea, garaiari zegokion eresi otsean, dantzarien buru jarri ziran uraxe izan zan. Dantzari guziak beren ospea ez galtzeagatik, zezazkiten era zail eta biurrienak atera zituzten, baña alperrik, Lertxundi ta bere emaztearentzat etzan dantzakera zallik.

Ez det gero nik gezurrik esaten. Eta dantzirudi guziak egindakoan, amaitzeko, kate bikoitza osatu zutenean, ango alaitasun eta zarata etziran nolanaikoak izan.

Amaiketan amaitu zan dantza. Lertxundi ta bere emaztea atean ezker-eskubi jarri ziran, eta guziai banaka-banaka eskua eman eta bakoitzari Eguarri zoriontsu opariz, dantzariak agurtu zituzten.

Kanpokoak aldegin zutenean, bi mutillai "Zorionak" esan eta beren dendatze-erakusmaipeko oatzetara bialdu zituzten.

Au guzia ikusten zegola, Ezkurra ero baten gisa aritu zan. Guzia gogoratzen zuan, guziarekin orduantxe gertatzen ari balitz bezela poz artzen zuan, eta ezin geldik egona nabaitzen zitzaion... Jonekin bakarrik gelditu zan arte, etzan konturatu Gogoutsa, bere burutik sortzen zan izpi biziaren argira, berari begira zeukala. Arek ekarri zuan bere onera.

-Ez da ba ezer asko -esan zion Gogoutsak- gazte oiek guziak oinbeste eskertzeko.

-Ez da ezer asko! -birresan zuan Ezkurrak.

Gogoutsak bi mutillen arteko elkarrizketa entzuteko esan zion. Biak, Lertxundi noraño jaso etzekitela ari ziran gizajoak. Eta bereala Gogoutsak jarraitu zuan:

-Ez al derizkiozu? Guzia amabost bat duro kostako zitzaion, ez? Zer da ori orrek duan añarentzat? Zer, onenbeste eskertzeko?

-Ez da ordea ori -erantzun zion Ezkurrak, bere noizbaiteko irudia izketan ari balitz bezalaxe-. Ez da ori. Bere esku baitzeukan gure poz ala atsekabea, bere esku gure lana alaigarri ala neketsu egitea, eginbearra astun ala arin biurtzea. Etzaio diruari begiratu bear. Itz batek, eskeintza batek, esan ere ezin leiken uskeri batek zorion osoa ekarri oi digu askotan. Zer dijuakigu ordean diru asko ala gutxi kosta zaion jakitea? Zorion apurrik txikienak dirutza aundiak aña balio baitu.

Gogoutsaren begiratuak ixildu erazi zuan.

-Zer dezu? -galdetu zion onek.

-Ezer ez, ezer ez.

-Ez?

-Ez ba; nere idazlariari itz bi esango nizkiokela alegia, al banu. Besterik ez.

Ezkurra izandakoak dendatzeko argiak itzali zituan, eta gurekin dabilena Gogoutsa lagun zuala kalean arkitu zan berriro.

-Astia badijuakit -esan zuan Gogoutsak-. Gabiltzan azkar.

Etzion ba au iñori esan, baña Ezkurrak, bereala, urte batzuek geroago bere irudi zana aurrean arkitu zuan. Sasoiko gizona orduko Ezkurra: etzitzaizkan oraindik geroagoko gogortasun eta zailtasuna arpegi-azaleratzen, baña kardaba ta zikoizkeriaren lenengo aztarrenak nabaitu zitzaizkioken. Bere begiratu larriak biotza menderatu bear zion griña asegaitzaren kezka agertzen zuan.

Etzegon bakarrik. Beltzez jantzitako neska gazte ille-gorrixka zeukan aldamenean. Gogoutsaren argi izpiak dirdir zegin gajoari arpegia bustitzen zioten malkoetan.

-Ez dizu ajolik -zion maitakiro-. Zuri ez dizu ajolik. Beste Maitagarri batek bota nau zure biotzetik. Atsekabe unetan, nik egin izango nuan bezela, alaitu, ta aurrerako indarra eman al badezaizuke... zer egingo zaio ba?

-Baña zer Maitagarri ta zer berriketa dira oek? -galdetzen zuan Ezkurrak.

-Urrezko Irudi ori, ori da nere ordezkoa.

-Ori da buruz jokatzea! Txirotasuna baño gauza gogorragorik ez, eta aberastu naiak egiñerazten duana ain gogorki arpegira bota bear.

-Besteak zer esango dutenari begira bizi zera. Orretxek bakarrik ikutzen zaitu. Zure biotzaren ametsik zindoenak banaka-banaka ezkutatzen ikusi ditut, aberastu naiak bakarrik iraun du: etzera beste ezertarako bizi. Aberastu, aberastu, dirua pillatu... aberastu... besterik ez.

-Ta onelaxe balitz ere, zer? Ez al da gizon begiratuari dagokiona? Ez al naiz zuretzat lengoa?

Neskatxak burua ibilli zuan.

-Ez al naiz lengoa?

-Gure ezkondu naia aspaldikoa da. Elkarri itza eman genione¬an, biak txiroak giñan, eta ez genun zoriona diru irudian ikusten.

Biak lan eginda ederki bizi gindezkela uste genun. Gaur "zu" besterik zera, ez "ordukoa".

-Orduan mukizu bat bainitzan.

-Zerorren biozkadak lengoa etzerala diote, ongi dakizu zerorrek ere. Ni lengoa berbera naiz. Gure biotzak bat egiñik zebiltzanean zorion iturri zitzaidana, gaur, nor bere aldetik dijuazkigunean, atsekabe bide garratz biurtu zait. Zenbat eta zenbat bira eman dizkiot buruan oneri! Ezin esan ala! Ondo pentsatu ondoren, gure artean ezer izan ez balitz añean utzi nai zaitudala esateak naikoa adieraziko dizu noski.

-Baña nik orrelakorik eskatu al dizut ba?

-Itzez, beñere ez.

-Nola ba?

-Zure izakera, oiturak, gogoa trukatuaz. Nere maitasunak egiñerazten zizkizun gauza guziak, gaur beste itxaropen bakar batek egiñerazten dizkizunakin trukatuaz. Gure artean lengo lokarririk ez balitz -jarraitu zuan neskak, bulartsu-, gaur nere maitasunik eskatuko ote zidazuke? Neregatik ezer egingo ote zenuke? Nik ezetz uste det.

Emaztegaiaren oar zuzenak egi utsa zerioten arren, zeuzkan indar apurrak batu, ta,

-Onela jarduteko arrazoirik ba al dezu? -galdetu zion.

-Naiago nuke ba bestera itz egin! -erantzun zion neskatxak-. Jaungoikoak bakarrik daki zein gogorra izan zaidan egia jakitea. Baña ia, erantzun zaidazu: gaur andregaia aukeratu bear bazenu, diru apurrik ere ez duan neskatx bat autuko ote zenuke? Guzia urre biurtzen ez dezu ba! Ta zure urre maitasun bakar ori zapalduta, ala egingo bazenu ere, ez ote ziñake biar ez bada etzi damutuko?... Bai noski! Onexegatik zure itzaren jabe utzi nai zaitut. Zu ziñan "ura" asko maite bainuan.

Ezkurrak zerbait esan nai arren, neskatxak jarraitu zuan:

-Nere erabakiak atsekabetu egingo zaitu agian gaur. Onela sinistu nai det, atzo elkarri genion maitasun oroiz. Baña, laster, nere arrastorik ez dezu biotzean gordeko: nork daki garaiz uxatutako amets bat bezela ez ote naizen izango? Zoriona opa dizut ala-re, zerorrek aututako bizibide ortan!

-Aski det, Gogouts! Ez det ezer geiago ikusi nai! -zion Ezkurrak-. Etxera, eraman nazazu etxera. Zergatik onela minkaiztu?

-Beste ikusgai bat. Bat bakarra -esan zuan Gogoutsak.

-Ez! -oiu egin zuan Ezkurrak-. Ez! Etzadazu arren ezer geiago erakutsi!

Baña Gogouts gozagaitzak, bi besotatik eldu, ta beste atal au ikusi erazi zion.

Etzeuden lengo tokian. Gela txukun bat zan aurrean zeukatena, ez zabal eta apaiñegia, baña lasai, atsegiña beintzat. Sutondo¬an, neska gazte eder bat zegon: lengo uraxe zirudin, eta Ezkurrak berbera zala esango zuan, lengoa, aren aurrean, etxekoandre egiñik ikusi ez balu. Etzan, ez, neska gazte ura, Ezkurraren andregai izana, aren alaba baizik.

Ura iskanbilla etxe artakoa! Ezkurrak konta ala aur bai baitzegon. Eta bakoitzak berrogeiren zarata sortzen zuan.

Ardalla bizi arek zoratu bear gorrian jarri zuan Ezkurra; baña etxe artan etzuan iñork aintzakotzat artzen: ama-alabak parra lasai egiten zuten beintzat zoro aien artean. Azkenik alaba ere asi zan jostaketan, eta gaizto pilla ura bere gañera etorri zitzaion.

Nor izan ziteken aur aietako bat! Ez nuan nik noski berak egin ziotena egingo, bai zera: aren ille kixkurra nastu?, aren oñetakotxo politak atera?, ez!, nere bizia bilijuakit ere! Baña bere begi eder aiek bertatik bertara ikusi, ille-zizur aietako bat kontuz ikutu, bere itz eztitsua entzun: aur baten askatasuna gizon baten ezaguerarekin, nork zezaken!

Atea jo zuten, eta guziak, neska erdian zutela, atean ziran aitaren billa. Onek gizon bat zekarren, Eguarri-jostallu ta sariakin.

Langille gizajoa, ia zapaldu zuten! Alki gañetara igota patrikatarañoko guziak miatu zizkioten: gañean zituanak atera, ta onek besarkatu, arek bizkarreko bat eman, eta pozaren pozez zankezurretan ostiko bat edo beste ere artua izan bear zuan. Bezuza bakoitza karraxika artzen zuten! Ura izua jaki-dendatik ekarritako indiollarra 4 plater ta guzi jan, eta txikia paderari kaskegin naiean ari zala oarturik! Baña ura lasaitasuna indiollarra ta platera azaldu ta paderak puskarik falta etzuala ikusirik! Ura poza! Aur aien esker ona! Ori zorakeria! Ezin esan ala! Aur eta biotz, malladian gora igo ziran, aiek lo gelara ta au poz-odeietara... Baña aiek eroturik igo ziran arren, laster menderatu zituan "Martin itxuak".

Nagusia, bere alaba besotik artuta, sutondoan emaztearen aldamenean exeri zanean, Ezkurra adi-adi gelditu zitzaion. Eta ain neskatxa ederrak, bere negua udaberri biurturik, "aita" deitu izan zezakiola oldozteak malkoak gogo-leioetaratu zizkion, ikusmena lausotuaz, lanbrutuaz.

-Josune! -esan zion emazteari irriparrez senarrak-. Ire lagun zar bat ikusi diñat gaur arratsaldean.

-Bai...?

-Ez denala nor zan asmatzen?

-Baietz! -erantzun zion parrez-. Ezkurra... Iñaki...

-Ber-bera. Bere lantegi aurretik pasa naun, eta ederki ikusi diñat, zursareak jasoak baitzeuzkanan. Bere baltzukidea gaxo zeukan, entzun diñatenez. Iltzen baden, bakar-bakarrik gelditu bear din gizajoak.

-Gogouts! Arren, eraman nazazu emendik -esan zion Ezkurrak abots larriz.

Eta Gogoutsari begiratzerakoan, len ikusitako arpegi guzien marrak aren musuan arkiturik, burruka bizian ekin zion,

-Utzi! Utzi nazazu! Arren! Ez det geiago nai! -esanaz.

Burrukan zebillela (ura burruka bazan beintzat, Gogoutsak ez baitzion ume koxkor bateri baño arreta geiago jartzen) burrukan zebillela, diot, Gogoutsaren argiak iñoiz baño indar aundiagoa zeukala nabaitu zuan Ezkurrak, eta, erru guzia ari erantsirik, itzalki antzeko txanoa besoazpitik atera ta buruan sartu zion bat-batean.

Gogoutsa oso txikitu zan, ta txanopean ezkutaturik gelditu zitzaion; baña indarrean saiatu zan arren, etzuan Ezkurrak txano azpitik beruntz irteten zan argi turrusta itzaltzerik lortu. Makalduta, losun menderakaitz batek aulduta zegon. Nola etzekiala, bere logelan arkitu zuan bere burua, ta, itzalkia beste bein zapaldurik, zanbuluka oeraño iritxi ta bertan zerraldo erori zan.

IRUGARREN AAPALDIA

Bai bigarrena ere... Zurrunga burrunbatsu batek esnatu zuan, eta, amets ala egi, buruan naste bizian zebizkion gogaiak aztertu nairik eseri zanerako, Ezkurrak, iñork itzik esan gabe, ordu bata zintzilik nabaitu zuan. Marlegik bialdutako bigarren mandatariarekin itz egiteko garai-garaian esnatu ez ote zan zesaion barrenak. Eta aurrez, mamu berri au zein aldetatik azalduko ote zitzaion oldoztu utsarekin otzikara bizia nabaituaz, jeiki, errezelak bere eskuz iriki, ta berriro etzan zan, ustegabean iñork somatu gabe ernai egoteko asmoan.

Gertu dagonak bi balio baditu, Ezkurrak bi mila ere balio zituan orduantxe. Bigarren gerkera, zarrasta apurrik gabe agurtu nairik, naiz pixoialetako aurra naiz zezen asarrea, zetorrena zetorrela gizon bateri zegokion eran artzea erabaki zuan. Baña ain gertu egoteak ere bere kalteak baditu. Gertu bearraren bearrez, ez baitzan ezer gertatzen ez bazitzaionerako gertutu. Ta ordu bata jo, ta gogoutsik azaltzen etzitzaiola ikusirik, kirio dardar bizi batek eman zion. Bost, amar, amabost minutu juan ziran eta... ezer ez. Oean etzanda, ordu bata jo zuanakin batera, bere gañean dirdirka asi zitzaion argi gorrixta baten izpi artean zegon. Ez mamu, ez gogoutsik iñon... argi gorrixta uraxe bakarrik... eta onetxek mamu-talde batek baño bildurtiago zeukan gizajoa. Ez baitzuan arek zer esan nai zuan ez zer zekarken ulertzen. Ezer jakin gabe, berez sutan ote zegon ere oldoztu erazi zion argitasun aretxek.

Azkenik, bere larruan etzegon edozeñek oldoztu zezakeana berbera bururatu zitzaion, beti gerta oi baita larritasun irtenbideak larri ez dagoanak arkitzea. Beste edozeñek oldoztu zezakeana bururaturik, argi gorrixka ura aldameneko gelatik zetorrela zirudin ezkero, aldameneratzea erabaki zuan. Eta oetik jeiki, oskixillak jantzi, ta ateruntz abiatu zan, ezkutukia idoro nairik.

Etzuan atea irikitzeko astirik izan, eta ezagutzen etzuan aots batek bere izenez deitu, ta sartzeko esan zion. Ezkurrak, agindua egin zuan.

Bere etxea zuan ba ura, baña nork ezagutu? Bai, berea, bereberea izan bear zuan. Orma ta sapai, ostaillez estalita, masti antza zemaien gelari. Gorosti, migura ta untz-ostoak, ixpillutxo gisan biurtzen zioten argia, ta sukaldean Ezkurra edo Marlegiren garaian oi etzan bezelako su ederra zirt eta zart ari zan.

Mota guzitako jakiak, indiollo, ate, eize mota asko, urdanka, aragi-okore, ispel kaja, gaztain, larraran, udare ta sagarrez egindako bakaulki antzeko bat zegon, ke gozoa zerioten katillu usaitsu artean. Eta aundikiro eserita, gazte itxurako Erraldoi musugorri bat. Bakalzigor antzera Ugaritasun Adar itxurako zuzi bat zeukan, eta onen argiak bete-betean jo zuan Ezkurra atea irikiarekin bat.

-Aurrera! -esan zion Mamuak-. Sartu ta ezagutu nazazu!

Ezkurra, esandakoa bildur-bildurrak egiñik, buru makurka gerturatu zitzaion Gogoutsari. Etzan lengo Ezkurra arro lerdena, bere buru jabetza galdu ta Erraldoiaren begiratu bildurrak zebillen, au laztan eta maitekor agertu arren.

-Gaurko Eguarri Irudia naiz! -esan zion-. Begira zaidazu!

Begiratu zion, lots aundiz begiratu ere Ezkurrak.

Larru-zuriz iskindutako soinpeko soil bat zan bere jantzia. Bularra gorririk zeraman, estalki bearrik ez balu bezela.

Jantzipetik oñak utsik agertzen zitzaizkion. Eta jela-zintzilika-riz apaindutako gorosti-estun bat zeraman buruan.

Bere ille kixkur luzea bizkar gañera zetorkion, ta guzia, aots, itxura, egoera, guzia, begi-asegarri ta atsegiña zan. Erdoiak jandako ezpata-zorro uts bat zeraman gerrian.

-Nere antzeko ezer ikusi ez dezula egingo nizuke! -esan zuan Gogoutsak.

-Beñere ez.

-Ez al zera beñere nere senide gazteenakin ezertan aritu? Nere anai aziagoakin esan nai nuke, azkeneko urte oetan jaiotako anaie¬kin alegia, neroni gaztegia bainaiz?

-Dakitela ez beintzat -erantzun zion Ezkurrak-. Anai asko al zerate?

-Milla ta bederatzireundik gora.

-Aita gizajoa! -iges egin zion Ezkurrari.

Gaurko Eguarri Irudia zutik jarri zan.

-Gogouts! -esan zion Ezkurrak apalki-. Noranai eraman nazazu. Nere gogoz aurka bederik, atzo ikusitakoak zerbait erakutsi dit: ona emen ikaskizun oien ondorena. Gaur ere zerbait erakutsi bear dadidazu, ikasi nai nuke.

-Nere soñekoa ikutu zazu ba.

Eldu zion Ezkurrak egiñalean. Gorosti, migura, garao, untz, ollo, ate, urdanka ta okore ezkutatu ziran; ezkutatu zan etxea bere tximini ta guzi; itzali zan argi gorrixta, ta argitu zan gaua. Egunargiz arkitu ziran: Eguarri goiz batean, erriko kale zear. Eguraldia, gogorra: erritar guziak etxe-atadi ta tellatutako elurrak ezin garbiturik zebizkin eguraldi zakurra. Aiek algarak mutikoenak, etxe gañetatik kalera erortzen ziran elur-zaplastakin.

Elurraren zuritasun aldamenean etxe ormak illunak ziruditen. Espaloi-artean, burdi ta orgak lurraska sakonez betea zeukaten estalki zuria; ta ezker eta eskubiruntz, amaika aldiz elkartu ta banatzen ziran lurraska sakon oietan bera, izoztutako ur arixka zijuan.

Zerua, odeitsu. Ta kalerik estuenetan, lañoa oraindik ere nagusi. Kearrez betetako lañoa, tximini guzitako ilintxak antxe bildu izan balira bezelaxe.

Ez giroa, ez uria bera, etziran iñoren atsegingai, baña alare eguzkirik ederrenak eman zezakean alaitasuna nabaitu ziteken kale aietan.

Elur-garbiketan ari ziranak, beren neke aspergarriaren orde, elkarri ziriak sartu, txantxeta bizian elur-pelotak bata besteari bota, ta, norbaiteri ematean, parra lasai egiten zuten.

Egazti-saletxeak zirrikiturik zeuden; eta igalitegiak, zoragarriak. Oen atetan, tripazairik aseenen sabel borobil antzeko gaztain gurbillak, beren sorreri narotasuna agertzen zien kaletarrai. Erakustokiak apaintzen zituan, untz-osto orlegi gañean gorri, españar tipulen biribiltasun ezea arki ziteken. Sagar eta udare-men-ditxo zalegarri eta kakotatik zintzilik zeuden mats-mordo galantai amaika begi josi zitzaizkien egun artan. Ur eta intxaurrak, arraiontzi aundi bateri egal egiñik zeuden larraran eta limoi artean illun ageri ziran. Eta arraitxoak ere oi ez bezelako zerbaiten zai nabaitu zitezken.

Ta jakitegiak! O, jakitegiak! Ateak erdi-itxita zeuzkaten arren, barrengo edertasun arrigarria ezin ezkutatu. Etzan, ez, aztakin-azpiltxoak aitzurdin gañean jotzen zuten eresi alaiagatik, ezta ere listai-matazak erositako jakiak besarkatzeko bizi-bizi askatzerakoan zegiten ots bereziagatik, ez umao-latak eskuz esku beatzkari-jostabide antzera zebiltzala ikusteak, ez usaimenari ain atsegin zitzaizkion te ta akeita lurriñak; etziran boli antzeko ur-zuriak, ez lekatxo ta goxotutako igaliak, eta ezta ere nornai litxarzaletuko luteken azukrez jositako goxo aiek...

Ez... Esandako guzia, ain ona ta atsegiña izanik, etzan berez erosleak bata besteen gainka, bultzaka, ukalondokoka, saskiak elkar joaz, erositakoa salmai gañean aztuaz, barrendik sortzen zitzaien alaitasun arekin zebizkiana. Etziran argatik nagusi ta mutillak, guziak ondo serbitu, ta bakoitzak nai bezela ta eun deiri batera erantzun nairik, zoratu bear bizian alai-alai saiatzen. Jai egunik aundiena, Eguarri eguna izateak zegin, guziak anaitasun eta maitasunez beterik, biotza eskutan eta irriparra ezpañetan zituztela egotea.

Laster entzun zan joalle otsa, ta kale ta txadi guzietatik parrastaka elizaratu ziran sinisdunak, jazkirik apañenak eta pitxirik maiteenakin.

Une ortantxe, norbaitek berealako batean egiteko agindu balie bezela, erriko etxekoandre ta serbitzari guziak, eguneko egaztia erretzeko oiturak agintzen zuan bezela, ogigiñenera bidean arkituko zenituzten.

Gogoutsak arretaz begiratzen zien guziai, ta, Ezkurrarekin batera, urbilleneko ogitegi ateratu ta eseri zan. Egaztiak estaliaz zekarzkiten zapiak altxa, ta bere zuzitik botatzen zizkien tanto arrigarri batzuek. Ain arrigarriak ezik! Guziak presaka nola baitzebiltzan, aurrena izan naiak asarre itzen batzuek sortzen zituanerako, intz arrigarri aren tanto bik asarrea uxatu, ta atzera olde onean jartzen zituan guziak, Eguarri egunez asarretzea lotsagarria ere balitzakela esanaz. Eta egia zioten, Jauna, egia!

Ixildu ziran kanpaiak, eta ogigiñak ateak itxi zituzten. Eta erretzen zeuzkaten egaztiak, jaia aitortu nairik bezela, ketan zeuden labetatik zerioten usai gozoa besterik etzan kalean gelditu.

-Botatzen dezun ur orrek lurrin bereziren bat al du? -galdetu zion Ezkurrak.

-Bai orixe. Neronena.

-Ta gaur edozein sukalgairi al dagokio?

-Edozeiñi, baña batez ere txiroenai.

-Zergatik?

-Bear gorriagoan baitaude oek.

-Ta aizu, Gogouts -esan zion Ezkurrak puxka batean oldozkor egon ondoren-, nola izan zindezke zu, gaxo oei atsegin bidea ixten diena?

-E? -galdetu zion Gogoutsak

-Bai, zu; zazpian bein egun on bat igarotzeko gaiak ez baitizkiezu eskuratzen uzten, eta orixe bakarra izaki jan oi dutela esan dezateken eguna. Ez al da ala?

-Baña ez al dakizu zuen mundutsak 5?

-Bai, zu. Zazpigarren egunean guzia ixteko esaten ez dezu ba? Ez al da ori nik diodana?

-Baña nik iñoiz orrelakorik esan al det? -galdetu zion arrituta Gogoutsak.

-Barkatu oker banago, baña zure izenean edota zure sendikoen izenean egiñerazi oi da ori.

-Baña ez al dakizu 6 zuen mundu ontan, gu ezagutzen gaituela ta gure izena nolanai erabilliaz beren griña guzien mende, arrokeri, aizunkeri ta berekoitasun egipen likitxenetan dabizkizutela asko ta asko? Ez baititugu gure izenean agertu oi diran guziak ezagutzen! Au gogoan artu, ta aiek dagitena ez iñola ere guri erantsi: berak bitez beren egipen jabe.

Onela agindu zion Ezkurrak, eta erriperuntz jetxi ziran. Gogoutsaren doaietako bat bere neurria nai bezela luzatu ala laburtzea zala oartu zuan Ezkurrak: sapaiak goien zituen aretoetan, izugarri; gelarik tatarrenetan, txiki azaltzen zan.

Doai onek, edota apika, bere barren zindo ta laztankorrak bultzata, Ezkurra bere idazkariaren etxera eraman zuan Erraldoiak.

Juan ziran ba, ta, atadian irriparrez gelditurik, Gogoutsak bere zuzi-tanta batzuek botiaz etxea onetsi zuan. Entzun dezuten bezela! Zubiriren etxea, astean bost duro irabazten etzituan idazlari gizajoaren etxea, Gaurko Eguarri Gogoutsak onetsi!

Zubiriren emaztea, ertzez izan ezik, azpikoz gora ta barrengoz kanpora tajutu ziteken era guzitara ibillitako gona batekin, jantzitzen ez badute ere ainbestean apaintzen duten xinta ta txibista begi alaigarriz josita, maia jartzen ari zan. Bigarren alaba, Iziar, zuan laguntzalle, ama bezin apain au ere. Ta bitartean Kepa, larortz bat eskuan zuala, lusagar eltze bat arretaz zaitzen arkituko zenuten, aitak utzitako lepoko gogorrak begi bat aterako ez bazion muturra ortzartzean arturik euki bear izan arren, arro ta burgoi, ark emandako eskubideagatik.

Bi Zubiritxo koxkor zoratu bearrean sartu ziran, ogigiñarenetik zear zetozela etxeko indiolloa usaiean ezagutu zutela karraxika esanaz: egazti eder aren barren eta inguruan zer etorriko etzan noski! Mai biran dantzari zebiltzan oldoztu utsarekin. Kepari oso "elegante" zegola esaten zioten pozaren pozez. Eta onek atsegintsu baña arropuztu gabe entzun, eta suari aize egiten zion, lusagarrak eltze-txapelari kankateko biziak emanaz, ondo egosita zeudela adierazi zuten arte.

-Nun sartu ote da zuen aita bedeinkatu ori? -zion andre Mirenek-. Eta zuen anaia? Ta Marte?

-Ona emen Marte, ama -erantzun zion neskatxa gazte batek etxean sartuaz.

-Ona emen Marte, ama -esan zuten bi Xubiri koxkorrak ere-. Eztakizu, Marte! Ura indiolloa!

-Alare! Ongi etorri, alaba. Berandu ator? -esan zion andre Mirenek amabi bat musu eman eta soingañeko ta illelarrua kentzen lagundurik.

-Bart lan asko egin baikenun ba, ama, ta gaur guzia banatu bear.

-Dana dala etorri aiz beintzat eta kito. Eseri adi sutondoan otzak ago ta, maite.

-Ez, ez! Aita dator -zioten bi Xubiritxoak-. Gorde zaite, Mar-te, gorde!

Marte gorde zan. Eta bereala an zuten Yon, aita, berokia iru arra bidean zintzilik zuala, egunari zegokion bezela jantziak dirdir jarri arteraño igurkiturik, eta Xabiertxo bizkarrean artuta. Xabiertxo gixajoa! Galtzar-makillakin ibilli oi baitzan. Eta xankotxotan burnizko galtzerdiak zeramazkin.

-Ta Marte nun da? -galdetu zuan Yonek sartu orduko alde guzitara begiratuaz.

-Ez omen dator -erantzun zion emazteak.

-Ez datorrela? -esan zuan Yonek atsekabe bizian. Xabiertxo zaldizka zuala tximista baño azkarrago etxeratu ta orain onekin arkitu zan ba-. Gabon gabean etxeratu ez?

Martek ezin ikusi izan zuan aitaren samintasuna, txantxetan ari ziran arren, eta bear baño len irten eta aita besarkatu zuan. Bi gazteak Xabiertxo artu, ta budiña nola egiten ari zan erakusteko sukaldera eraman zuten.

Yonen sinisterreztasuna zala-ta parra lasai egin ondoren,

-Ona izan al da Xabiertxo? -galdetu zion amak.

-Bai ona bezela ere. Batzuetan, bakarrik ainbeste denboran egoteak eraziko dio apika, gauzik arrigarrienak oldoztu ta esaten ditu. Ba al dakizute zer esan didan etxera gatozela? Txit atsegin zitzaiola jendeak bera elizan ikustea. Zergatik uste dezute? Elbarri bat Eguarri egunetan ikusita, guziak naitaez, errenak sendatu ta itxuai ikusmena biurtu zien Aretzaz oroituko omen dira-ta noski.

Dardar zegion aotsak Yoni au edesten ari zala. Ta dardarra bizitu zitzaion, Xabiertxok oso ondo zegola ta guziak alai ikusi nai litukela ziola esan zuanean.

Onen galtzar-makil ots bixia entzun zan: bere bi anaiakin sutondora urbiltzen nabaitu zuten.

Yonek, eskumuturrekoak geiago zarpaildu bazitezken bezela gora jaso, limoi ta jinebra nastuaz edari bizi bat egin, eta surtan jarri zuan, Kepa ta alde guzitan zeuden bi anai aiek indiolloaren billa juan eta etorri bitartean.

Laster ziran atzera etxean, indiolloa sekulako aunditasun eta ospez ekarririk. An sortu zan iskanbillak indiollo bat ludiko egaztirik arrigarriena zala sinistu eraziko ziguten. Ezta antzara beltzik ere alakorik! Etxe artarako alaxe izaki.

Andre Mirenek aurrez gertutako saltsa berotu zuan. Kepak sasoitsu ta bizkor egin zioten lusagar-zukua. Iziarrek sagar-orea gozatu zuan. Martek mai-ontziai azken ikutua eman zien. Yonek, Xabiertxo bere aldameneko mai ertzean eseri zuan. Bi koxkorrak guzientzako alkiak jarri zituzten, eta, nor berearen ondoan, maiean eseri zai zeuzkazuten, "INDIOLLOA!" bear baño lenago ez eskatzeko, aoan kutxare bana sartuta.

Jakiak maieratu zituzten noizbait. Eta otoitxo bat egindakoan, etzuan iñork txindik atera. Arnasa ozta-ozta artu zuten, amak indiolloa ebaki bitartean. Baña ebaki ta irrikitzen zeuzkan betegarri ura azaldu zanarekin bat, juan ziran ango ixiltasunak. Guzien poza! Xabiertxok ere bere laban-kirtenarekin maia jo ta "Gora!" zion.

"Konpañeo" ura indiolloa! Yon berberak, ain egazti aundia erretzeko laberik izan zitekenik ere siniskaitza zala zion, oso arrituta. Bai xamurra! Txestallu, neurri, ta batez ere txit merke erosia izateak izpidea ugari eman zien.

Lusagar-zuku ta sagar-orearekin batera, indiollo ura naikoa izan zuten guziak. Andre Mirenek zionez beintzat, ezur batek zeukan aragi puxketa ezin izan zuan iñola ere bukatu. Ta guziok aseta zeudelarik! Bi koxkorrak batez ere: bekaiñetarañoko guzitik betegarria zerioten arrano aiek.

Azpil garbiak jarri zituan Iziarrek. Eta ama sukalderatu zan, budiña bere ontzitik atera ta ekartzeko. Etzuan iñork laguntzerik izan nai.

Ura zalantza ta eziñegona!... Bear ainbat mamitu ez balitz!... Ateratzerakoan pitzatuko balitz!... Ez al zuan beintzat norbaitek leiotik sartu ta ostuko!... Bi koxkor aien kezkak, atzeneko oldozpen onetxekin!... Bost minutu aiek bai luzeak!

Baña ez! Lurrin aokada batek adierazi zien estalkia kendu zitzaiola; gobara usai batek, ondoren, bilkai jarritako oiala atera zitzaiola... ta okoretegi, jatetxe ta lisatzalle usai nasketa batek azkenik, ontzitik aterea zala.

Minutu bat... eta andre Miren ozkorrituta, baña parresamurra ezpañetan zekarrela, bere budiñarekin sartu zan. Suaga-berunpilla bezin zut eta dirdizari, koñak gar artean, eta gorostiz apainduta zetorren budiña.

Budin bikaña! Ezkondu ezkero andre Mirenek egindako lanik bikañenetakoa, onena ez bazan gero!, uraxe zala zion Yonek. Guzia ondo irten zala ikusirik, andre Mirenek irin geitxo jarri ote zuanen kezkak bildurrak euki zuala aitortu zioten. Guziak zerbait esan bearra izan zuten: iñork ez ordea txikiegia zanik, gezur biribilla izango baitzan.

Afaria bukatu ta maizapiak jasotakoan, lurra garbitu, sua bizitu ta Yonek gertatutako edaria maiera ekarri zuten. "Epaikariak" bete-betekoa zala erabaki ondoren, larraran eta sagarrez maia bete, ta, gar eta sutauts artean, gaztañak erretzen jarri zituzten. Zubiri sendia sutondoan eseri zan, aizeki itxuran, eta atera zituzten etxean ziran kristalezko ontzi guziak: bi edontzi ta kerten gabeko zukuontzi bat.

Urrezkoak añean bete zuten alare bere eginbearra. Ta gaztain tunpada artean banatu zuan Yonek, berak antolatutako edari bizia, eskeintza antzera,

-Eguarri zoriontsuak itzazute, ene maiteak! Jaunak onetsi gaitzala! -esanaz.

Guziak erantzun zioten, eta,

-Banaka-banaka onetsi gaitzala Jaunak, guziok! -amaitu zuan Xabiertxok.

Aitaren aldameneko alkitxoan eserita zegon. Yonek, maiteena zuan uraxe norbait edo zerbaitek eraman nai ote lioken beldur balitz bezela, aren eskutxo aula bere esku artean zeukan.

-Gogouts! -esan zuan Ezkurrak ordu arteraño baño arreta geiagorekin-. Esaidazu, Xabiertxo biziko al da?

-Sutondoan alkitxo uts bat agertzen zait -erantzun zion Gogoutsak-. Eta jabea galdu duan galtzar-makiltxo bat oroigarri kutunena bezela jasota dakust. Etorkizunak Errañu oiek aldatzen ez baditu, aurra laster ilko da.

-Ez! Ez! -oju egin zuan Ezkurrak-. Arren, ez! Gogouts on orrek, esaidazu luzaro biziko dala!

-Etorkizunak Errañu oiek aldatzen ez baditu, ez nik eta ez bere ondorengoak ez degu bere tokian arkituko... Ta zer? Il dedilla, ala bear bada. Orixe litzake gañezka daudenak garbitzeko biderik egokiena.

Ezkurrak berak esandako itzak Gogoutsari entzunaz, burua makurtu zuan, barrengo zimiko ta oñazepean.

-Gizon! -esan zion Gogoutsak-. Gizona bazera beintzat eta ez arria! Ez dagokizu zuri onelako jaiotzak zer dakarten eta zergatik izan oi diran aztertzea. Nor zera zu iñoren bizi ala eriotza erabakitzeko? Goikoaren aurrean, zoritxarreko aurtxo orren bizia zerorrena baño garrantzi aundiagokoa ez ote da gero? Jaungoikoa!

Landare-galtzalle besterik ez dan xomorroa, bere kidekoen osasun geiegiagatik alaka ikusi bear!

Gogoutsaren asarre-itzak, apalki, dardar eta begiak lurretik jaso gabe entzun zituan Ezkurrak. Baña bat-batean bere izena entzun, eta altxa zuan burua.

-Ezkurra jauna! -zion Yonek-. Jai au berari zor diogun ezkero, zoriona opa dezaiogun Ezkurra jaunari!

-Ezkurra jauna? -esan zuan oso suminduta emazteak-. Ai, ementxe aurrean baneuka! Bereak eta bost entzun bearko lizkidake! Zorion ederra emango nioke nik!

-Miren -erantzun zion Yonek-. Seme-alabak ditugula! Eguarri dala!...

-Eguarri bear, Ezkurra zeken dollor ori bezin gizaseme gorrotagarri bateri zorionak opa izateko. Ta ongi dakizu zerorrek ere, Yon, zuzen ari naizela, iñork baño obeto jakin dezakezu ta!

-Ene maite! -esan zion goxoki Yonek-. Gaur bederik!...

-Dan eguna dalako... ta batez ere zuk nai dezulako, bere izenean edango det -esan zuan andre Mirenek-; baña ez beragatik! Osasun betean luzaro bizi dedilla! Eguarri zoriontsuak eta Urteberri on bitza! Ain zurkaitza danez, jai alaiak igaroko ditu noski ta...

Seme-alabak ere amaren eskeintza bera egin zuten, baña gau artan biotzak berez agintzen etzien gauzik egin bazuten, uraxe bat beintzat. Xabiertxok edan zuan azkena, ta aopeko errosarioa esanez edan ere. Ezkurra baitzan etxe artarako "Amalau-zaku" bildurgarriena. Bere izena aitatu utsak bost bat minutuan ezin uxatu izan zuten ondoeza nabaierazi zien.

Laster berpiztu zan ordea alaitasuna, len baño ere biziagoa apika, Ezkurrarekikoak egin eta munduan bazanik ere oldoztu bearrik etzutelako nunbait.

Keparentzat irabazpideren bat laster izango ote zuten bezela, esan zuan Yonek. Gauzak ondo irteten baziran, eguneko SEI ERRIAL!! geiago izango zituzten beraz.

Kepa orrela aberastu zitekela oldozte utsak algara bizian jarri zituan bi anai tximista aiek. Eta Kepa bera, lepoko mutur artetik suari begira, onelako dirutzak berekin dakarzkin buruauste ta kardabapean gelditu zan, irabazi aiekin guziakin zer paper erosi bearko ote zituan ezin erabakirik bezela.

Martek, gajoa jostun-etxe batean ikasten ari baitzan, zer lan egin bear izaten zuan, zenbat orduan aritzen zan azaldu, ta urrengo egunean lanera juan bearrik etzuanez, etzanda egon nai zukela zion.

Egun batzuek aurretik "kondesa" ta "konde" bat nola ezagutu zituan ere esan zien. Eta "kondea", Keparen antz-antzekoa noski. Au entzun zuanean lepokoaren muturrak iges egin, eta Kepa gizajoa lepokoan galdu zan.

Bitartean gaztain eta zukuontziak berea egin zuten. Eta azkenik Xabiertxok txit egoki ta aots eztitsuz, elurretan galdutako mutikoaren abesti polita abestu zuan.

Guzia, guzi-guzia, apalki, aunditasun ipitxik gabe egiña izan zan. Etziran dezatekenak, jazki txiroak zebizkiten, oñetakoak ura artzeko egiñak ziruditen, Kepak baitetxera bidea begi-itxuan ere asmatu baietz egin ziteken: baña zoriontsuak ziran, esker onekoak, zegokiena ondo artzen baitzuten.

Ikusgai ura ezkutatu baño len, Gogoutsak zuzi tanta batzuekin guziak are ta alaiago ta zoriontsuago jarri zituala nabaitu zuan Ezkurrak.

Kaleratu ziranean, illun zegon eta elurra mara-mara ari zuan. Etxe ta dendatako argiak dirdir arrigarriak zegizkiten. Kale zear zijuazela: emen, sugañean afari goxo gertuketak, eta etxekoak otza ta elurren aurka errezelak zabaltzeko asmotan arkitzen zituzten; an, lenbiziko agurra berena izan zedin, etxeko seme-alabak, eskaratzean, anai-arreba, osaba, lengusu ta abarren zai agertzen zitzaizkien; onuntzaxiago, leiar artetik, giza-emakume talde bat afari asieran; aruntzago, beti nork bere txanda balu bezela, guziak batera berriketan, inguruko etxeren batera zijuan gazte taldea.

Besteren etxerako asmoan agertzen ziran taldeak ikusita, irixterakoan iñor arkitu bear zutenik ezin sinistu; baña, bestalde, nonnai, norbaitzuen zai zeudenen gertuketak nabaitzen ziran: sukaldetan, ikatza ta zer jana ugari ikusten zan beintzat.

Gogoutsaren atsegiña! Aren biotz ona, ta alaitasuna banatzeko esku zabala! Laspelargi-piztallea ere, Gabon lagunartean ospatzeko asmoan, beñere baño pizkorrago zijuala, algaraz pasa zitzaioten illunpea ixarrez tantoturik, Gaurko Eguarri Gogo aldamenean pasa zanik ezagutu ere gabe!

Ez bat eta ez bi, Gogoutsak itzik esan gabe, lekaro arritsu batean arkitu ziran. Alde guzitan erraldoi-obiak ziruditen arri pillak. Jelak katiatuta ez baleuka, laster litzake ura lur artan jaun ta jabe. Eguzki kondarra, irudi arriabartsu ura azken-izpi gorrixta batekin argitu, ta gau mende illunera jausi zan.

-Nun gabiltza? -galdetu zion Ezkurrak.

-Lur azpian, lan ta lan bizi diran meatzari artean. Ezagutzen naute. Begira!

Txabol bateko leioetan argia ageri zan, eta aruntz jo zuten. Arri ta lokatzez egindako orma zear igazi, ta sutondoan billerarik alaiena arkitu zuten: aiton zar-zar bat, bere emaztea, bion seme-alabak, eta seme-alaben ondorengoak, jantzirik apañenakin zeuden. Aize durrunda menderatzeko, aultxo sortzen zitzaion aotsakin, bere gaztearorako oso zartzat zeukaten Eguarri abesti bat abesten ari zan aitona, ta onek bakarka amaitzen zuanean guziak laguntzen zioten.

Etzan Gogoutsa an luzaro gelditu, ta soinpekoari ondo eltzeko esanaz, lur sakon aien gañetik... noruntz jo zuala uste dezute? Itsasoruntz? Itsasoruntz! Ikaraturik ikusi zuan Ezkurrak lurra atzean utzi, ta ertzari azpia jan nairik, arkaitzak asarre arroz jasotako uin zaratatsuakin zatituaz, belarriak gortzen zizkion itsaso orrulariaren gañean zirala.

Itxasertzetik lau bat kilometrora, ugarri arkaitsu illun batean, aize ta urak astintzen zuten itsasargi bakar bat zegon. Itsas belar eta landarez josia zeukan oña, ta bere argiak erakarritako antxeta-sallak jira ta bira zebizkin inguruan.

Bi gizonen zaipean zegon. Eta arresi zirritotik ur gañeratuko litzaken argitasun izpia bezela, sutzar baten dirdira ikusten zan. Lanean gogortutako esku babatsuak elkarri eman eta bata besteari Eguarri zoriontsuak opa zizkien, bien arteko anaitasuna zurrut banakin bustiaz. Bitan batek, zarrenak, itsasoan igarotako ekaitzaldi guziak arpegian zeramazkila zirudin arek, abesti sendo bat asi zuan gero: aotsak berak ere ekaitz itxura obea zuan.

Berriro abiatu ziran Gogoutsa ta Ezkurra itsas asarrearen gañean, lurrunontzi batekin topo egin zuten arte. Lemazaiaren aldamenean jarri ziran, oartzalle, txanda agintari, ta mariñelai begira. Nor bere tokian, Eguarri abestiren bat ezpañetan zuala, edota etxean egindako Eguarri egunen bateko gertaerak lagunartean edestuaz arkitu zituzten guziak. Eta egun artan, lotan ala esna, gaizto ala on, guziak itz eztiren bat nun edo nundik sortzen zuten bere kidekoentzat.

Illunpean, Eriotza bera bezin sakon eta zingokaitzak ziran amiltegi igikor aietan ibiltzearen aunditasun gogaiak buruan zituala oldozkor zegon Ezkurra, arrituta, txundituta, baña oso ergelduta utzi zuan algara burrunbatsu batek. Bere illobaren algara ezagutu etzuan ba! Gogoutsa, bere illobari atsegiñez begira, aldamenean zuala, etxegela argi, atsegin, bero batean zegon.

-Ja!, ja!, ja! -ari zan Ezkurraren illoba-. Ja!, ja!, ja!

Ezkurraren illoba baño par-errezagokorik ezagutuko bazenu, zailtxo izango zaizu noski baña, aurkeztu zaidazu arren. Nere lagunik onena izango litzake ta.

Ordainpide-legeak agintzen dutenez, goibeltasun eta gaitzak kutsukorrak diran ezkero, parra ta umore ona ere alaxe bear, eta algara batzuek bai kutsukorrak, ezer kutsukorrik bada. Ezkurra¬ren illoba, sabelari eldu ta gomazko kopin bat bezela burua mugitu ta kiñuka asten zanean, Ezkurraren ezkon-illobak ere parrari erasotzen zion, eta aiekin ziran lagunak algaraz lertu bearrean jartzen zituzten bien artean.

-Ja, ja, ja! Ja, ja, ja!

-Eguarri ergelkeri bat dala esan etzidan ba! -zion illobak-. Ta benetan ari omen zan!

-Are ta okerrago! -esan zuan emazteak suminduta.

Txit polita zan, oso-oso polita: xulotxoz betetako arpegi alaia, irriparruts aoa, ta begi bizi txinpartutsak zituan. Oso begiratua izan arren, grina-piztutzallea zala aitortu ziteken: ez ordea gaizpi¬de iritzian.

-Ori azala! -zion illobak-. Ikusgarria da arranoa! Ta bear luken baño askoz trikuagoa. Baña berak bestek ez du orrekin kalterik. Dagola ba, utzi dezaiogun pakean.

-Oso aberatsa izan bear du ba, Ibon -esan zuan andreak-. Zuk ala diozu beintzat.

-Eta zer? -erantzun zion Ibonek-. Zertarako du dirua? Ez du gauz onik egiten. Beretzat bederik zerbaiten atsegin eta lasaipiderik billatuko eztu ba? Ezer ez pentsatzeagatik, ja, ja, ja!, eztu bere txibota guziak guri utzi bearko dizkigunik ere pentsatzen.

-Nik ezin ikusi det -oarrarazi zuan emazteak, bere aizpa ta emakumezko guzien oniritzi artean.

-Nik bai ba! -esan zioten illobak-. Ondo begiratuta kupigarria da. Ni ez nitzake naita ere arekin asarretuko. Nori kalte egiten dio bere setakin? Bere buruari. Ara, oraintxe, guri gorrotoa digula ta ez duala gurekin afaltzera etorri nai. Ondorenak? Ez duala ezer asko galdu.

-Bai jauna, afari eder bat galdu du -bota zion emazteak, afaldar guzien zorion-agur artean. Oek zerbait jakingo zuten noski, maietik altxa berriak ziran ta.

-Zorion-agur oek poztutzen naute! -esan zuan Ibonek-. Etxekoandre gaztegiak baexpakoak ote ziranen kezka bainerabilkin emen, barrenen. Zer derizkiok ik, Mikel?

Mikelek, Ibonen emaztearen aizpa bat begiz jota zeukan, eta ezkongai batek onelako arazotan sartzeko eskubiderik etzuala aitortu zuan. Itz oek Ibonen ezkon-arreba lotsarazi zuten. Txibistadun lodixka ura, ez arroxakin apaindurik zegona.

-Buka zazu, Ibon! -esan zion emazteak-. Beñere ez dezu asten dezuna bukatzen!

Bai kutsukorra Ibonen algara!

-Gu ezin ikusiak eta gure alaitasuna ikusi nai ezak on aundia egingo lioken txolarte au galerazten diola esan nai nuan, alegia. Bere lantoki edo etxean, bere gogamen illunenakin baño lagunarte obean ez ote legoke ba gaur gurean? Nik urtero-urtero nere eskeñia berrituko diot, danik eta purrustik aundienak egiten badizkit ere, errukia baitiot. Eguarri, gorrotagarria bazaio ere, urtero zorionak ezpañean ditudala ikusten banau, noizbait biotz barrenen bederik begi obez ikustera iritxiko da. Azkenaian bere idazkari gizajoari milla bat peseta uzteko añean, besterik ez bada. Bai, bai, atzo limurtu nuan.

Ezkurra limurtu? Ori sinistu zitekenik gogoratze utsak algaraz ler-egiñerazi zien guziai. Artara bildu baitziran gau artan, par egitera. Eta etzan Ibon atzean gelditu.

Tea artu ondoren, eresgaraia eldu zan. Guziak oso zaleak baitziran. Mikelek abesperen aots ederra zuan, eta batere indartu gabe, kopeteko zañak lertzeko zorian azaldu gabe, odola arpegiratu gabe, atsegintsu jardun zan. Ezkurraren ezkon-illoba maniurajotzalle aparta zan, eta beste ereszati batzuekin batera, Ezkurraren billa ikastetxera juan zan neskatillari atsegiñena zitzaion bat jo zuan. Ura entzunda, Igarotako Eguarri Gogoutsak erakutsitako irudiak bururatu zitzaizkion Ezkurrari. Urte batzuek lenago gauza oei arreta geiagoz begiratu izan balie, biziak dituan benetako atsegiñak Marlegiren Mamutzar bearrik gabe, nun arkitu asmatuko zuan noski, berekiko zionez.

Eres-txolarte ondoren "ikusimakusitan" jostatu ziran, oso atsegin baita aldian bein aur biurtzea, batez ere Eguarriz, Jainkoa bera aur egin zan egunean. Baña au burua nerea! Aztutzen ez nitzan ba! Lenago "itxumustuka" ibilli ziran. Noski! Ta Mikelek beatz muturretan ere begiak zituala aitortu bear, nun ta sudur azpiraño sartzen zioten txapela zuloduna etzan.

Nere ustez, Ibonekin bat-eginda zebillen Mikel, eta Gaurko Eguarri Gogoutsaren laguntza ere berekin zuala esango nuke. Gañontzean, nola beti aizpa lodixka arekin topo egin? Siniskaitza ezta? Suburniakin estropozoka, alki ta maiakin kankarrekoak artuaz, pianoakin kokotza autsirik, errezel-artean korapillatuta... beti aretxen atzetik arkituko zenuten, beste iñor aurrean jartzen bazitzaion ere ikutu gabe. Ori etzala bidezkoa esaten zuan neskak, eta egia zion. Eta azkenik, berea egin zuanean, txoko batean iñora iges egin eziñik arrapatu zuanean egin zizkionak ez dira iñori egitekoak: ille guziak nor zan ikusi nairik bezela nastu, ta, arek zionez, beatz batean bear zuan erraztuna arkitzeko aitzekian, eskua ainbeste denboran artuta euki etzion ba. Izugarria izan zan! Jostaketa ondoren, areto txoko bateratu ziranean, azterketa aregatik bereak aituko zituan noski.

Ezkurraren ezkon-illoba etzan "itxumustuka" ibilli. Alki batean eserita besteai begira egon zan. Baña "ikusimakusitan" eta "nola?, noiz?, nun?" izena duan jokoan aritu zan, bere erantzuera bizi ta zorrotzakin aizpak oso atzetik utziaz. Ibonen arrokeria!

Guziak iskanbilla bizian ari ziran, eta Ezkurra, an zeudenak ez bera ikusi, ez ziona entzun ezin zezatekenik gogoratu gabe, batzuetan oker eta bestetan egoki erantzuten ausartu zan.

Ezkurraren ustegabeko umekeri aiek Gogoutsa zoratzen zeukaten, eta arek poz au nabaiturik, mutil koxkor batek egingo luken bezelaxe, jostaketa guziak amaitu arte antxe egoten uzteko arren eskatu zion. Baña ezin zitekela erantzun zuan Gogoutsak.

-Ara, beste jolas bat astera dijuaz! -otsegin zion Ezkurrak-. Gogouts! Arren, beste ordu erditxo bat!

"Bai ta ez" izena zuan joko bat zan. Ezkurraren illobak oldoztutakoa zer zan asmatu bear zuten besteak, ari galderak egiñaz. Galdera oei, Ibonek bai ala ez erantzuten zioten, beren irudimena zuzen ala galduta zebillen jakin zezaten. Ezker-eskubi bota zizkiotenai erantzundakotik, aberen bat izan bear zuan Ibonek oldozmenean zebilkiana. Abere bat, bizia bera, muker samarra, basatia, gurrinka ta orroka aritzen zana, Londonen bizi eta kalean zaitzallerik gabe aske zebillena: eta ez zaldia, ez astoa, ez beia, ez zezena, ez katamotza, ez zakurra, ez katua, ez artza... zer izan ziteken?

Galdera berri bakoitzak algaraz lertu bearrean jartzen zuten Ezkurraren illoba, azkenerako parraren parrez lurrean etzanda biraka asteraño. Bat-batean ezkon-arreba lodixkak oju egin zion:

-Badakit! Badakit zer dan, Ibon! Asmatu det!

-Zer da ba? -galdetu zion Ibonek.

-Zure osaba!

Ta alaxe izaki. Guziak arrituta utzi zituan. Baña geienak zioten, "Artza ote da?" galderari, "Bai" erantzuna zegokiola. "Ez" esanda, Ezkurraren irudia menetik kendu omen zien ta.

-Dana dala, txolarte ederra pasaerazi digu beintzat, eta bere izenean kopatxo bana ez ustutzea gaizki legoke -esan zuan Ibonek-. Tira ba... Bete... Orrela... Osaba Iñakiren izenean!

-Bere izenean! -erantzun zuten guziak.

-Nun-nai dagola, Eguarri zoriontsuak eta Urteberri on bitza! Etzuan nere zorion-agurrik eskertu eskeñi nionean, baña ez gera beti iritzi batekoak, eta onenean orain guzien eskeñiak ondo artuko ditu.

Ezkurraren alaitasuna! Gogoutsak utzi izan balio, illobaren eskeintzari pozik erantzun izango zion. Baña Ibonen azkeneko itzakin batera, irudi alai aiek ezkutatu, ta egan arkitu ziran berriro.

Asko ikusi zuten eta erridi bakanenetan izan ziran. Mota guzitako etxetara eraman zuan Gogoutsak, aberats eta txiro, osasuntsu ta gaxo artera, baña nun-nai olde ona, eramanpena, pakea, itxaropena ta indarra arkitu zuten, ikerpena ondo amaiturik. Txiroetxe, Gaxotegi ta Espetxetan, zoritxar-kerizpe guzitan, gizakumearen indar aulak sarrera eragotzi ezin lezaioken Gogoutsak onespen bat utzirik, Ezkurrari bere aginduak erakutsi zizkion.

Guzia gau batean egiña zitekenik ere, sinistu ezin. Ezkurra kezka artean zegon, gertaera guziak elkarrekin zeramaten asti apurrean ikusiak izan arren, Gogoutsa begien aurrean zartzen baizijuakion. Berarekin abiatu orduko nabaitu zuan au, baña etzion itzik esan aur billera bat utzi ta Gogoutsa buruzuri arkitu zuan arte.

-Baña ain laburra al dezu bizia? -galdetu zion.

-Ludi ontako bizia oso motza da neretzat -erantzun [zuan Gogoutsak 7 ]-. Gaur gabean amaitzen da.

-Gaur gabean!

-Amabitan! Entzun! Nere azken ordua badator!

Amabiak laurdena gutxiago entzun ziran orduantxe.

-Barkatu nere galdera egokia ez dala baderizkiozu -esan zion Ezkurrak soinpekoari arretaz begiraturik-, baña zurea ez dan zerbait ikusten dedala iruditzen zait. Soñeko ertzetik ageri dezuna zer da, oin bat ala atzapar bat?

-Atzaparra dala derizkiozu beraz? -erantzun zion Gogoutsak-. Begira!

Bere soinpeko toles artetik bi aur kupigarri, lander, izugarri, nardagarri irten ziran. Oñetan, bere soñekoari elduta, belaunikatu zitzaizkion.

-Gizon! Begira onera!

Nexka ta mutilla ziran, zurbil, zarpatsu, goseti, kopetillunak biak, baña apalki belaunikaturik zeuden. Gaztetasun bizia bear lukena, gazte-itxura negargarri bat besterik etzan. Aien azpegian agertzen etzan akats eta gaiztakeri mallarik ez liteke iñon arkitu.

Izuak atzera egiñerazi zion Ezkurrari. Aurren bat ikusi orduko nornairi ezpañeratzen zaizkion itz maitekorrak esan nai zituan, baña etzion mingañak lagundu, gezurretan ari baño ixilik egon naiago zuan nunbait.

-Zureak al dira, Gogouts? -galdetu zuan noizbait.

-Gizonen semeak dituzu! -esan zion Gogoutsak, aiei begiraturik-. Ta neregana datozkit, beren sortzalleakandik igesi. Mutilla, Gogitxukeria da. Nexka, Zekenkeria. Kontu biakin, baña batez ere aurrenekoarekin, galbide guziak berekin ditu ta. Kopetean iñork kentzen ez dion bitartean, "Ondamena" idatzita darama.

-Kerizpe edo laguntzarik ez al dute? -galdetu zion Ezkurrak.

-Ez al dago kartzelik? -erantzun zion Gogoutsak len berak egindako galdera bikin-: Txiroetxeak ez al dute beren eginbearra betetzen?

Amabiak jo zuten.

Ezkurra Gogoutsaren billa asi zan, eta etzuan iñon arkitu. Azkeneko tantai otsarekin batera, Marlegiren iragarpena gogoratu zitzaion, eta begiak jaso zituanean, itsas gañean lañoa bezela, lurraren gañean, soñeko zabal eta burutxano batekin zetorkion mamu bat nabaitu zuan.

LAUGARREN AAPALDIA

Ta azkeneko Gogoutsa urreratu zitzaion...

Geldiro, ixilik, aundikiro urbildu ere. Ezkurra, aurrean belaunikatu zitzaion, Gogoutsak inguru guzian zerion goibeltasun eta ezkutuki aideak menderatuta.

Illoial beltz antzeko batekin estalirik zetorren. Gorputz osoa ta buru-arpegiak gordeta zekarzkin. Esku bat bakar-bakarrik ageri zuan. Onexegatik izan ez balitz, illunpeakin bat egiñik, etzan Gogoutsa iñola nabaitzerik izango. Ezkurrari luze ta aundia iruditu zitzaion, eta ikusgai arek bildur adierazgaitz bat sartu zion barru-barruraño. Gogoutsak ez itzik egin ez ezer mugitzen zuan.

-Etorkizuneko Eguarri Gogoarekin ote nago? -galdetu zion Ezkurrak.

Itzik esan gabe, Gogoutsak eskua jasota zerbait erakutsi zion.

-Oraindik izan ez dan arren, biar gertatu bear duanaren berri ematera al zatozkit?

Une batean, illoialaren goiko muturra makurtu zan, Gogoutsak buruarekin baietz esan balu bezela. Auxe izan zan aren erantzupen bakarra.

Gogoutsakin oitzeko garaia bazuan ba, baña Ezkurra dardar bizian zegon. Mamua, dardar ura nabaiturik, geldi-geldi egon zan. Ezkurraren barrena pittin bat lasaitu zedin.

Baña batekoz bestera gertatu ztzaion: bera alegiñean saiatu arren, esku bat eta gauza beltz aundi ura besterik ikusten uzten etzion illunpe zear, oial beltz aren atzetik, bi mamutzar-begi begi-ra-begira zeuzkala oldozte utsak izua ezurretaraño sartu zion.

-Etorkizun Gogoutsa! -marraskegin zuan-. Oraindañokotan, zu bildurgarriena! Baña nere kaltean etzatozela badakit. Eta aspaldian utzitako bidera jo nairik, zure erakusbideak, eskertsu, ontzat artu ta jarraitzeko asmotan naiz. Ez al didazu itzik egin bear?

Etzion erantzun. Eskuak aurrera bidea erakusten zion.

-Esaidazu nundik jo! -zion Ezkurrak-. Gaua laburra da, ta minutu guziak zein baño zein ederragoak neretzat! Arren, erakus zaidazu bidea! Erakutsi bidea, Gogouts:

Mamua etorri bezelaxe aldendu zitzaion. Baña aren soñeko errañuak berekin balerama bezela, Ezkurra Mamuaren atzetik abiatu zan.

Oek errira juan bearrean, erria bereganuntz zetorkiela zirudin. Eta bat-batean erri erdian arkitu ziran: Boltsan, salostari artean... Patriketan ontzakoen otsa, taldeka jardunean, alde guzitan erlojua nagusi... Beren erraztunak igurtziaz antxe zebiltzan Ezkurrak ainbeste aldiz ikusitako aiek, berak ainbat bider ikusi bezelaxe.

Gogoutsa tratalari talde baten aldamenean gelditu, ta beatzakin talde ura erakusten ziola ikusirik, urbildu zan Ezkurra ere aiekanuntz.

-Ez -zion gizaseme lodi, kokotz-luze batek-. Eztakit il dala besterik.

-Noiz il zan? -galdetu zion beste batek.

-Bart arratsean, entzun dedanez.

-Baña zerekin il da? -esan zuan irugarren batek, surrauts beazkada galanta artuaz-. Nik ez nuan ura beñere ilko zanik uste.

-Jainkoak daki! -erantzun zion lenengoak aoa zabalduaz.

-Zer egin ote du diruarekin? -galdetu zuan, sudurren puntan indiollo-muki antzeko zintzilikario bat zeraman jaun gorrixta batek.

-Eztakit ezer -erantzun zion kokotz luzeak-. Neri eztit beintzat utzi, ori ziur nago.

Algaraz artu zuten guziok irteera.

-Eortzi merkea izango da -jarraitu zuan berak-. Laguntzalleren bat izaten naiko lan. Juango ote gera geroni?

-Amaiketakoren bat izatekotan, ez legoke ain gaizki -esan zuan sudur-zintzilikaridunak-. Nerekiñ zerbait nai duanak, sabela bete dezaidala.

Len añako algarak.

-Nik ikusten dedana, guzietan fiñena neroni naizela -amaitu zuan lenengoak-. Ez det amaiketakorik ere eskatzen, eta beste norbaitek nai badu, ni juango naiz. Ondo pentsatzera, neroni ez ote nitzan ba aren lagunik kutunena? Elkarrekin topo egiten genun guzitan, zerbait itz egin bearra sortu oi zuan beintzat. Gero arte!

Taldea sakabanatu zan. Ezkurrak guziak ezagutzen zituan, eta Gogoutsari zerbaiten azalpen eske bezela begiratu zion. Gogoutsak, kale kaskar batean barrena eramanaz, elkarrekin topo egin zuten lagun bi erakutsi zizkion. Jakin nai zuanaren berri ikasi ote zezaken edo, aiek ziotena entzutera urbildu zan.

Biak oso ezagunak zituan. Tratalariak, salerosketan izen aun¬dien jabe ta aberatsak biak. Aiekin ondo eukitzen alegindua zan beti.

-Nola gera? -zion batek.

-Ondo! Ta zu? -besteak

-Ainbestean! Zarrak ordaindu dituala beraz guziak?

-Ala diote. Otz dago, ez?

-Eguarritan gera ta ezta arritzekoa. Irristan ibilli bear ez?

-Ez. Aurreragoko egitekorik badabilkit. Agur!

-Agur, ba!

Ezta itzik ere geiago. Orrelaxe arkitu, itz oietxek esan eta elkar onelaxe agurtu zuten.

Ezkurra arrituta zeukan Gogoutsak. Uxkeri aiei arreta jarri eraziko zion ba? Bestalde entzundako itz aiek zerbait esan naiko zutela iruditzen zitzaion, eta auxe igarri nairik burua ondo nekatu zuan.

Ezin ziteken, Jagoba, baltzukide izandakoaren eriotz otsak izan: au aspaldi gertatua baitzan, eta Gogoutsari etorkizuna besterik ez baitzegokion. Ura izan ezik, etzuan berriz iñoren aztarrenik arkitzen. Baña nornaigatik esanak zirala, atera zezaken ondore on guzia bereganatu nairik, ez itz ez kiñu bat galdu gabe guzia aztertu, ta, batez ere, bere buruaren irudia azaltzen zitzaionean arretaz begiratzea erabaki zuan. Ezkutuki aren argibidea beragan arkitzeko ustean nunbait.

Inguru guziak aztertu zituan. Bera antxe agertu oi zan ordua izan arren, bere tokian beste gizon bat ikusi zuan. Ez, etzegon bera iñon. Etzan arritu ala ere. Aspaldian bizikera berritzekotan baitzan, eta bere asmo aiei josi zien egun, une, eta leku artan bere bururik ez arkitzea.

Ixilik, gotillun, Gogoutsa bere aldamenean eskua luzatuta zeukan. Bere oneratu zanean, Ezkurrak aren esku ta tankerari begiratuaz, Begi Ezkutu aiek begira-begira zeuzkala nabaiturik, izu otzikara bat goitik bera sentitu ta jela-aizeak izoztuta bezela gelditu zan.

Toki ura utzi ta Ezkurrak oso izen txarrekotzat euki oi zuan zoko batera juan ziran. Kaleak, estu ta ustel-usaia zeriotenak ziran; etxe ta dendak, kaskarrak; giza-emakumeak, ordi, itxura txarrekoak, erdi larrugorrian zebiltzan. Zornatarte ta bidetxotatik, mallarik makurreneko jende zikiña, pillaka, amildegiratzen dan ibaiaren burrunbaz, kalerik aundienera sartzen zan.

Zekenkeri-leize aren erdi-erdian, salokitxo zapal bat ageri zan: zarpazar, botilla, ezur eta ondakin dendatxo bat. Lurrean giltza, iltze, kate ta burni zar mota guziak pillaka. Koipe ustel ta zatar zikin artean, iñork gogoz azterkatuko etzukean ezkutuko pizti bizikera bat nabari ziteken. Kirastasun aren jabea, irurogeitamar bat urteko alproja illezuria, sutontzi baten ondoan exerita, ondo irabazitako atseden aldi gozartsuan pipa erreaz zegon, aizeak jo etze¬zan, listai batetik milla margoko zatar puskakin egindako errezel itxura bat zintzilik zuala.

Ezkurra ta Mamua, lotura aundi batekin zetorren emakume bat sartu zan une berean eldu ziran gizon aren aurrera. Emakume onen ondoren, beste bat etorri zan; zorroto batekin au ere. Eta bien atzetik, beltzez jantzitako gizon bat. Bata bestea ikusteak, arrituta utzi zituan irurak.

Une batean guziak (pipa ortzetan zuan agurea ere arrituta zeukaten ba) guziak, diot, izuarekin ixilik egon ondoren, irurak parrari eraso zioten.

-Aurreratu bedi lenbizi esnezalea bakarrik -oju egin zuan aurrena sartutakoak-; betor gero gobarazalea. Eortzetxeko-mutilla azkena. Zer derizkiok, Txomin? Ustegabean irurak emen!

-Eta nun obeto? -esan zien Txomin zarrak pipa ortzartetik aterata-. Atozte "salara". Guziok ezagutzen dezute. Baña zaudete... aurrena itxi dezadan denda. Au atearen kurrizka! Ez dago denda osoan ate-orpo oek baño burni zarragorik, ez nereak baño ezur igarragorik. A, a! Oiek nolako, ni alako! Guazen orain "salara"!

"Sala", errezel atzeko zati ura zan. Sutontziko ikatzak igitu, ta bere pipa muturrarekin kandela antxitu zuan zarrak, berriro ortzartean sartu baño len.

Ortan ari zan bitartean, aurrena sartutako emakumeak bere lotura lurrean utzi, ta alkitxo batean exeri zan, ukalondoak belaun gañean zituala lotsagabe-lotsagabe beste biai begira jarririk,

-Zer da? E? Zer dezute? E, andre Joxepa? -esan zuan-. Nork bere buruari begiratu bear ez badio! "Ark" ere orrelaxe egin oi zuan beti.

-Egia da -erantzun zion gobarazaleak.

-Zer dala ta izu-arpegi ori orduan? Zeren bildur zera, emakumea? Nork jakin bear du ezer? Nun ta geroni asten ez geran gere kontuak zabaltzen.

-Ez noski! -erantzun zuten andre Joxepa ta gizonak batera-. Orrelakorik pentsatzea ere!

-Tira ba! Gauzatxo abek galdu dirala, ta nori zer dijuakio? Ildakoari ez beintzat.

-Ez, orixe ez -esan zuan parrez andre Joxepak.

-Eriotz ondoren ere gorde nai bazituan, zergatik etzan bizi zala eskuzabalagoa izan? Orrela egin izan balu, etzuan eriotzak, bakar-bakarrik, zakurra bezela arrapatuko.

-Egi aundiagorik...! -esan zuan andre Joxepak-. Orain guzia pagatu du.

-Ta geiago kostako zitzaion, oek baño geixiago balio duten gauzak artu al izan banizkio. Iriki zak lotura, Txomin, eta ia zenbat ematen didaken. Garbi itz egin. Etzaidak ni aurrena izatea ajolik, eta ez ekarri diatena besteak ikustea ere. Emen alkar arkitu baño len, zer ari giñan jakingo genun noski. Ez det uste pekaturik egin degunik. Iriki zak lotura, Txomin.

Baña adeiz, gizalegez, ezin zezaken beltzez jantzitako gizonak orrelakorik egiten utzi, ta aurreratuaz bere lapurreta agertu zuan.

Etzan gauza aundirik. Sellu bi, lapitz bat, alkandora biritx batzuek, balio gutxiko kakote bat. Agureak arretaz aztertu, zenbat eman ikusi ta orman idazten zuan bakoitzarengatik zezakena, ta guzia bukatutakoan kopuruak batu zituan.

-Ona zure kontua -esan zion- ta [ez <ahref="#oh1">8 ] nizkizuke bost kuarto geiago emango, nere bizi truk eman bear banizkizu ere. Zein da orain?

Andre Joxepa. Maindire ta musuzapi, barrengo jazkiren batzuek, zillarrezko zalitxo pare bat, azukrea artzeko tresnatxo bat, oñetakoak. Ordaña orman idatzita gelditu zan, beltzez jantzitako gizonarenaren aldamenean.

-Emakumeakin dirua galtzen det -zion zarrak-. Goitik jotzen baitet guzia. Onek galdu bear nau. Ara zure kontua. Txakur txiki bat geiago eskatzen badidazu, bi errial gutxiago emango dizkizut.

-Ta orain, iriki zak nere lotura -esan zion emakumeak.

Txomin, lasaiago aritzeagatik, belaunikatu zan, eta, korapilloakin burrukan ainbeste denboran aritu ondoren, oial illun aundi astun bat atera zuan.

-Zer den au? -galdetu zion-. Trozela?

-Bai jauna! -erantzun zion emakumeak, ukalondoak belaun gañetik altxa gabe-. Trozela!

-Baña oraindik "bera" oean zegola, estun ta guzti jetxi al den?

-Noski! Zergatik ez ba?

-Ik aberatsa bear unen <ahref="#oh1">9 -oarrarazi zion Txominek-, ta iritxiko aiz noski!

-Neregan baziok, ez nauk ni eskua luzatzeko bildurrak egongo beintzat, batez ere "aren" antzekoak ditukenen gauzakin. Kontu! Etzaidak koiperik bota burusi gañera!

-"Aren" burusiak?

-Norenak izatea nai dek ba? Eztizkik bear ta.

-Ez unen noski gaitz kutsukorren batekin ilko? -galdetu zuan agureak, kontuak alde batera utzita.

-Ez adi bildurtu. Orrela izan baukan ez nizkiken nik "gauxa" abek artzeko bear aña minutu ere bere inguruan egingo. Begira akiok, bai! Eztiok alkandora orri zulorik arkituko! Ori baitziken onena. Garaiz irixten ez banauk alperrikaltzen zidatek.

-Alperrikaldu?

-Lurrazpiratzeko ori jartzeko asmoak baizizkiteken -erantzun zuan parrez emakumeak-. Eskerrak atera zioatela. Bastoxiagoko batekin naikoa ez al dik ba?

Ezkurra ikaratuta zeukan elkarrizketa izugarri arek. Lau likitx aiei, nazkatuta, atsekabez begiratzen zien.

-Orra! -zion ontan emakumeak, Txomiñek emandako txanponak jasoaz-. Orra nola amaitzen dan guzia! Bizi zala aide ta lagun uxatu zituan, eta orain bere eriotzarekin gu bakarrik irabazle! Orra!

-Gogouts! -esan zuan Ezkurrak, buruko ille muturretatik oñetako azkazal muturretarañoko guzia dardar zuala-. Orain ulertzen det! Doakabe ori neroni izan nindekean! Nere biziaren amaia orrelakoxea izan zitekean! Jaungoiko aundia!... Baña zer da au?

Ikarak atzera bota zuan. Iruditokia aldatu, ta trozel gabeko oe baten aurrez aurre arkitu baitzuan bere burua! Xaretutako maindire zar baten azpian, "zerbait" zegon, eta estalita geldi-geldik egote arek garbi adierazten zuan "zer" izan ziteken.

Ezkurrak, lenengo unean, ezin izan zuan alegiñaren alegiñaz ezer ikusi, ain zegon illuna gela. Kanpotik sartutako argi izpi motel batek zuzen-zuzen oe gañera jotzen zuan, eta antxe, iñoren laguntza gabe iñori maitasun malko bat ixuri erazi etzion gizon baten gorputz illotza zegon.

Ezkurrak Gogoutsari begiratu zion. Onek oe-burua ikusarazi nai zion itxuraz.

Illoiala zabarkeri aundiz jarria zegon, eta ikutu txiki bat naikoa zan ildakoaren arpegia agerian uzteko.

Ezkurrak aditzen zuan au, txit errex egin zitekela nabaitzen zuan, "nai zukean", baña bere aldamenetik Gogoutsa bialtzea bezin zail zitzaion.

Oera begira, gizon ura atzera piztuko balitz, bere lenengo gogaiak nolakoak izango ote liraken oldoztu zuan Ezkurrak. Dollorkeria? Biotz gogortasuna? Buruausteak? Oietxek ziran noski bukaera beltz ura ekarri ziotenak!

Gela otz bakar artan, bere itz, oitura, maitasun egipen edo biotz onaren oroipen txikienik jaso ta gordetzeko etzuan iñor. Katu baten arramazkotsa atean, eta surik gabeko sukaldean xaguen karruska. Zeren bila zebiltzan? Zerk ote zeuzkan ain urduri? Ezkurrak etzuan jakin nai ere...

-Gogouts -esan zuan-. Au geiegi da. Toki izugarri ontatik alde egin, arren, onek erakutsi didana beti gogoan eukiko det, bai orixe. Guazen!

Baña Gogoutsak, bere eskua luzatuta, ildakoaren burua erakusten zion.

-Ulertzen dizut -esan zion Ezkurrak-, eta al banu egingo nuke. Baña ezin det, Gogouts, ezin. Erri guzian gizon onen eriotzak biotza ikutu dionen bat baldin balitz, arren ikusi nai nuke.

Gogoutsak bere estalki beltza ego antzera zabaldu zuan, eta berriro biltzerakoan, egun argiz zegon gela batean ama bat seme-alabakin arkitu zituan Ezkurrak.

Amaren larritasunak, norbaiten zai zeudela adierazten zuan. Urduri zebillen batera ta bestera, edozein otsek bildurtzen zuan, noiznai leioratzen zan, erlojuari ainbeste aldiz begiratzen zion, orratz lanean ezin asmaturik, aurren berriketa errugabeak ere min ematen ziola zirudin.

Azkenean, ain larri zaitutako deia entzun zuan. Otsarekin batera atean zan. Bere senarra zetorkion: kardaba arpegitik zearo juan etzitzaion arren, alako alaitasun batekin nastuan zekarren, eta alaitasun au, lotsatuta, estali nai zuala esan ziteken.

Maiean jarri zan, bazkari lege aurrean. Eta, luzaro ixilik egon ondoren, emazteak zer berri zekarzkin galdetu zionean, zer erantzun ezin asmaturik bezela gelditu zan.

-Onak ala txarrak?

-Txarrak -esan zuan azkenean.

-Zearo ondatuta?

-Ez, oraindik itxarobide bat badegu, Karoline.

-"Bera" limurtzen badegu? -esan zion arrituta emazteak-. Alatz orrek...

-Ezingo da limurtu -erantzun zion senarrak-. Illa baita!

Arpegia gogo-ispillua baldin bada, andre gazte ura leial eta onutsa zan, baña berri ura entzun eta Zerura eskuak baturik egin zuan begiratuak, berak nai baño geiago adierazi zuan. Bereala damutu zitzaion egiña, baña barrenak agindutakoa besterik etzuan agertu.

-Aste beteko epea eskatzera juan nitzaionean, atea iriki zidan sorgin erdi mozkor arek ez sartzen uzteagatik esan zidala uste nuana egia gertatu da. Oso gaizki zegola zion, eta ikusten danez azkenetan egon bear zuan.

-Eta gure zorra nork jasoko du orain?

-Eztakit; baña ordurako dirua izango degu noski, ta, ez bagenu ere, ez al da urrengoa lengoa bezin biotzgogorra izango! Gaur lasai egon gaitezen beintzat, Karoline.

Ulertzen etzuten aurtxo txiki aien arpegiak ere, gurasoen alaitasuna zerioten. Etxe ontan gizon aren eriotza zorion ekartzalle izan zuten beraz! Orixe izan zan Gogoutsak Ezkurrari erakutsi al izan zion biozkada bakarra: alaitasuna!

-Baña ez al du maitasun apurrik ere sortu iñon bere eriotzak? -galdetu zuan Ezkurrak-. Eriotz-gela ori ametsik bildurgarriena bezela, beti irudimenean erabiltzea nai ez badezu, arren, Gogouts, erakus zaidazu onelakorik balitz.

Gogoutsak txit ezagunak zituan kale batzutan barrena zeramala, Ezkurra bere irudiaren billa saiatu zan, baña iñon arkitu gabe.

Lenago, beste bein izandako Yonen etxera eraman zuan berriro. Ama seme-alabakin sutondoan zegon.

Ixilik! Oso ixilik! Bi Zubiritxo txinpart aiek arrirudiak bezin geldi, Keparen aurrean exerita zeuden, eta onek idazti bat zeukan eskuan. Ama-alabak josi ta josi ari ziran, baña... bai ixilik guziak!...

"...Eta aurtxo bat arturik, beren artean exeri zuan...".

Nun entzun zituan itz aiek Ezkurrak? Etzuan ametsik egin ba. Ez, atal-buruan zirala, mutillak irakurriko zituan noski. Zergatik ez ba jarraitu?

Amak lana utzi ta arpegia esku artean ezkutatu zuan.

-Margo onek begian min egiten du -zion.

Margoak!... Xabiertxo gizajoa!...

-Juan da! Ezta ezer. Argi onek begiak nekatzen dizkit, baña ez nuke iñola ere, zuen aitak etortzen danean ezagutzerik nai. Onezkero laxter da...

-Bai, berandutxo izan bear du! -esan zuan Kepak idaztia itxiaz-. Len baño geldiago etortzen dala egingo nuke aspaldi ontan.

Berriz ere ixildu ziran guziak. Eta andik puxka batera:

-Bai, Xabiertxo bizkarrean zuala bizkor asko etortzen ikusi izan det bein baño geiagotan -esan zuan amak, abots geldiz dardar une bat menderaturik.

-Bai nik ere -erantsi zion Kepak.

-Eta nik... -beste batek.

-Izan ere... aiñ zan ariña gixajoa -jarraitu zuan amak bere lanetik begirik jaso gabe-, ta ainbeste maite zuan aitak, ainbeste... Nola aren kiloak bizkar gañean nabaitu?... Ara, or da aita!

Yongana irten zan. Ondo bear zuan gizajoak! Bere tea gertu zegon, eta nork ekarri erabakitzeko burrukatu ziran. Bi Zubiritxo biziak beren arpegiak aitarenarekin bat egin zituzten, "Aita, ez atsekabetu! Ez samindu, aita!" esan nai baliote bezela.

Yonek alaitasuna zeriola azaldu nai zuan, eta guziakin jardun zan. Mai gañeko lanak aztertuaz, ama-alaben trebetasun eta beatz bizitasuna aitortu zituan.

-Iganderako guzia gertu egongo da -esan zien.

-Iganderako? An izan al zera, Yon? -galdetu zion, emazteak.

-Bai maite. Nerekin etorri baziña...! Guzia ain orlegi... Ikusi bazenu! Baña orain maiz ikusiko degu. Igandean berriz juango naizela agindu diot. Ene semea...! Ene seme maitea!

Ta malkoak berak baño indar geiago izanik, mara-mara irten zitzaizkion.

Gelatik irten eta goiko bizitzara igo zan: Eguarri antzera, lore txorta ta zintzilakariz apaindua zeukaten.

Aurtxoaren aldamenean alki bat zegon, eta lentxiago norbait egondako aztarrenak agertzen ziran gela artan. Yon gizajoa exeri zan, eta pixka batean oldozkor egon ondoren, arpegitxoan muñ eman zion aurrari.

Barrena lasaitu, ta etsi-etsi eginda, alabear nonbait, jetxi zan berriro.

Sutondora urbildu ziran guziak, eta ama-alabak josi ta josi, ta besteak berriketan, antxe aritu ziran. Ezkurraren illoba bai atsegiña noski, Yonek zionez. Bein bakarrik ikusia izan arren, kalean gelditu ta ain itun egoteko zer ote zuan galdetu etzion ba.

-Ta ain biotz ona agertu duan ezkero, egia esan diot -jarraitu zuan Yonek-. "Samintzen nau berri orrek, Zubiri", esan zidan, "zugatik eta zure emazte onagatik". Eta, aizu, nola jakin du au?

-Zer gero?

-Emazte ona zerala.

-Ori mundu guziak daki! -jardetsi zuan Kepak.

-Ederki esana, seme! -jarraitu zuan aitak-. Nik ere alaxe uste diat. "Nere atsekabe-agurra artu" zion. "Zerbaitean lagundu al banezaizuteke, ona emen nere zuzenbidea" esan zidan bere ingorritxoa eskeñirik, "eta zuen etxera bezelaxe etorri". Ta eskeñi au asko eskertu diot, ez egin dezaigukenagatik, bere gogo onagatik baizik. Gure Xabiertxo ezagutu ta gurekin batera samindu balitz bezelaxe!

-Oso ona izan bear du! -esan zuan emazteak.

-Ezagutuko bazenu esango zenuke -erantzun [zion Yonek-. Keparentzat <ahref="#oh1">10] irabazpide oberen bat arkitzen ez badigu!

-Entzun al dek Kepa? -galdetu zion amak.

-Orduan -esan zuan arrebatako batek-, Kepa, andregaia topa-tu, ta bere kontu biziko zaigu.

-Etzazula umekeririk esan! -erantzun zion Kepak gorri-gorri eginda.

-Oraindik apika gertatuko eztan arren, noizbait iritxiko da ori ere noski -jarraitu zuan aitak-. Baña gerta ala gerta, ez gera noski gure Xabiertxo gizajoatzaz aztuko, au juan baitzaigu aurrena.

-Nola aztu, aita? -esan zioten guziak.

-Banekien maiteak. Eta oso txikia izanagatik ain ona ta ain ixilla zala oroiturik, aren irudia beti gure arteko lokaia izan dedilla.

-Alaxe izango da, aita!

-Zorionekua egiten nazute, seme-alabok -esan zien aitak-, txit zorionekua.

Emazteak besarkatu zuan, alabak ere bai, bi Zubiritxo txikiak berdin egin zuten, eta Kepak eskua eman zion. Xabiertxoren errañua! Jaungoikoagandik etorritako izpi bat ziñan noski gotzontxo polit ori!

-Gogouts -esan zuan Ezkurrak-, zeredozerk esaten dit laster bazuazkitela. Eztakit zergatik, baña ala esango nuke. Esaidazu beraz, norena zan an gela artan ikusi degun gorputzill ura?

Etorkizun Eguarri Gogoutsak, len bezela, tratalari artera eraman zuan, baña etzuan Ezkurrak bere irudirik iñon arkitzen. Etzan Mamua gelditzen, irudi aiek elkarrekin zer ikusirik etzutela esan ziteken, zerikusi ori oraindik gertatu gabeak izate utsean arkitu nai ez bazan beintzat. Alakorik batean, Ezkurrak, arren une batean gelditzeko eskatu zion.

-Zeitxo ontantxe dago nere landola -zion-. Ara, uraxe da etxea. Zer izan bear dedan ikusi nai nuke.

Gogoutsa gelditu zan, baña etzuan Ezkurrak zion aldera juan nai, bere eskuak beste aldea erakusten zuan.

-Ez, ez, etxea or dago -oarrarazi zion Ezkurrak-. Nora eraman nai nazu?

Mamuaren beatza lenean zegon. Ezkurrak, ala ere, bere lan-dola-leiotik barrena begiratu zuan. Bai uraxe zan: erredi berberak... baña... etzan bere landola, itxuraz... bere lan-maiean beste norbait zegon beintzat.

Mamuak lengo bidea erakusten zion. Ezkurra, bere burua nun arkituko, zalantzan jarri zan, eta Gogoutsarekin batera abiatu zan berriz ere. Elkarrekin, burni-sarez itxitako barruti batera eldu ziran.

Obitegi bat! Antxe zegon noski berak ezagutu nai zuan ura. Toki egokia ildako batentzat! Sapar eta muluz josia, eriotzaren irudi zan, ez biziarena. Ildako baten billa zebillen, ona ba ildakoa ugari, bere eriotz gosea ase zezaken. Toki egokia!

Gogoutsak obi artean aurrera jo, ta aietako bat erakutsi zion. Ezkurra dardar aurreratu zan. Mamua geldi-geldi zegon, baña aunditasun berezi bat nabaitzen zion Ezkurrak.

-Agintzen didazun arlau ortara urbildu baño len, galdera bat -zion-: ikuskizun oek naitanaez gertatu bear dutenak ala gertatu litezkenak bakarrik dira?

Gogoutsak illobia erakusten zion.

-Giza-bizikerak, artan jarraitzekotan, bat zertaraño iritxi leiken igarri erazten du -zion Ezkurrak-. Baña bizikera aldatzen dala, amaia ere aldatu leike. Nik ikusitakoakin ere ala gertatzen al da?

Gogoutsak lenean tenk.

Dardar-larriz, Ezkurra urbildu zan, eta illobi trakets baten arlauan bere izena irakurri zuan!! "Ezkurratar Iñaki!!".

-Ni nitzan, beraz, oe artan negona? -karraxi egin zuan belaunikaturik.

Mamu-beatzak bera ta illobia ikutu zituan.

-Ez, Gogouts! Ez!, ez! Entzun! Ni ez naiz lengoa! Ez naiz zure erakusbide gabe izango nitzana! Zertarako erakutsi Etorkizuna, bera aldatzea nere esku ez badaukat?

Ura entzunik, Gogouts eskuak dardar egin ote zuan esango nuke.

-Gogo on! -jarraitu zuan bi belaunak lurrean zituala-. Kupituko zera noski nitzaz, ona baitzera! Esaidazu nere bizikera aldatu dezakedala! Ikuskizun oek ez egi biurtzea nere esku daukadala

esaidazu!

Eskua, ezparik gabe, dardar zeukan Mamuak.

-Eguarri ospatuko det, biotzez ospatu ere, ta urte guzian gogoan izango det. "Igarotakoa" zuzenduaz, "Gaur" ondo biziko naiz, "Etorkizunari" begira. Zuek irurok erakutsitakoak ez ditut alperrikalduko! Arren! Esaidazu arlau ortako izena oraindik kendu dezakedala!

Bere nekelarrian Gogoutsaren eskuari eldu zion. Onek askatzera egin zuan, baña estualdiak indar ikaragarria ematen zion ari, ta etzuan berealakoan askatzerik lortu. Azkenik, bultzada gogor batekin egotzi zuan ordea.

Eskuak gora jaso zituan Ezkurrak, otoilari tankeran. Eta Gogoutsaren estalki ta txanoa aldatzen ikusi zituan. Laburtu ta laburtu, estutu ta estutu, oearen abe biurtu zitzaizkion azkenean.

BOSKARREN AAPALDIA

Esnatu zanean...

...Oe-abe biurtu zitzaizkion. Eta bere logela azaldu zitzaion. Atsegiñena, adurrik onekoena, lengo bizikera ura aldatzeko aña asti aurrean arkitzen zuala.

-Igarotakoa zuzenduaz, Gaur ondo biziko naiz Etorkizunari begira -esan zuan Ezkurrak oetik jeikiaz-. Iru arotako Gogoak nere biotzean biziko dira. O, Marlegi! Jagoba adiskidea! Onetsiak bitez Urtzi ta Eguarriak! Belauniko diot au, Jagoba, belauniko!

Asmo onak gañezka zegioten, eta urduritasunak etzion nai zuana adierazten uzten. Mamuarekin burrukan ari zala negar egiña zan, eta arpegia malkoz bustita zeukan.

-Beren tokian daude! -zion trozela ikutuaz-. Beren tokian, estun ta guzti! Emen daude, ta neroni ere bai. Ta izan litekenaren Errañuak eztira nik ikusi bezela izango. Nik aienatuko ditut, ziur alare.

Izketan ari zala, bere jantziak ikutu, alde guzitatik aztertu, ta lurrean uzten zituan, gogoan zebizkin nabarmenkeriakin nasturik.

-Eztakit zer egin! -ari zan erdi parrez erdi negarrez, bere galtzetan trabatuta-. Luma bat beziñ arin, ikasle bat bezin alai, gotzon bat beziñ zorioneko nabaitzen det nere burua. Guzia biraka dabilkit. Eguarri zoriontsuak guziai! Urteberri on! Eup...! Au dek sasoia! Eup...!

Aldameneko gelan exeri bear izan zuan, erdi itota.

-Nere morokil eltzetxoa! -oiu egin zuan sukaldera sarturik-. Ta ona, Marlegiren Mamutzarra sartu zitzaidan atea! Antxe eseri

zan Gaurko Eguarri Gogoutsa! Leio ortatixek ikusi nuan mamutalde ibilkaria! Egia! Egi-egia! Gertatua da guzia. Ja!, ja!, ja!

Parrik egin gabea zan gizon arentzat, algara luze bateri asiera eman zion lenengo karkara alaigarria izan zan benetan.

-Eztakit zer egunetan bizi naizen ere! -zion-. Gogouts artean zenbat egun igaro ote ditut? Eztakit! Aurtxo bat bezela nago! Berdin da! Zer dijuakit! Aurtxo bat izatea ez ote da onena? Eup...! Au dek umorea! Eup...!

Oi ez bezelako kanpai-ots zaratatsu batek ixildu erazi zuan. Dilin-din-dlon! Dilin-din-dlon! Au ots pozgarria! Ederra bai kan-pai-otsa!

Leiora juan eta zabal-zabal iriki zitun. Etzegon ez laño ez lanbrorik. Egun argi, otza. Odola zañetan pilpil jartzen zuan urre margodun egun eguzkitsua. Zerua urdin-urdin zegon. Aize garbia, kanpai-ots alaiak! Bikaña! Disdiratsua!

-Zer egun dek gaur? -galdetu zion jai-eguneko jantziakin zijuan mutiko bateri.

-E? -esan zion mutillak arriturik.

-Ia zer egun dan gaur?

-Gaur? Eguarri!

-Eguarri? -esan zuan Ezkurrak berekiko-. Ez diat orduan orrenbeste asti igaro. Gau batean izan dizkiat itxuraz iru gogoutsak. Noski! Nai dutena egin bailezateke aiek! -Ta mutillari itz egiñaz-: Aizak, i, mutiko!

-Zer nai? -erantzun zion mutillak.

-Ollotegia bai al dakik nun dagon, bigarren kale kantoian?

-Jakingo eztet ba!

-Au dek mutill bizia! Ez aiz makala! Atzo erakustokian zeukateken indiollo ura saldu ote ditek? Ez txiki ura, ez; guzietan aundiena esan nai nikek.

-Ni baño aundiagoko bat?

-Au dek mutilla! -zion Ezkurrak-. Irekin noranai juan leikek! Orixe, orixe esan nai niken!

-Oraindik kakotik zintzilik dago.

-Bai? Ua ba ta erosi zaidak.

-Baita zera ere! -erantzun zuan mutillak.

-Ez, ez! Benetan ari nauk -jardetsi zuan Ezkurrak-. Ua erostera, ta esaiotek onera ekartzeko, nora eraman esan dezaiotedan. Dendako mutillarekin etortzen baaiz, bi errial emango dizkiat; eta bost minutu baño lenago izatekotan, pezta bat.

Mutillak etzuan besterik entzun nai izan. Tximista baño biziago ezkutatu zan.

-Yoneri bialduko diot -zion aopean Ezkurrak eskuak igurtziaz-. Nork bialtzen dion esan gabe gañera. Xabiertxo alako bi bada.

Zuzenbidea idazten ari zala, pozaren dardar egiten zion eskuak. Paper puntarekin eskaratzera jetxi zan gero, ollotegiko mutillari atea irikitzera. Mutillaren zai zegola, ate kixketari begira gelditu zan.

-Eriotz arteraño maiteko det! -zion laztanduaz-. Ta ainbeste urtean au zanik ere konturatu gabe bizi izan ez naiz ba! Bai itxura ederrekoa dala! Kisketa berezia da gero auxe! "Aparta"!... Ara! Emen degu indiolloa. Eup...! Nola ago? Eguarri zoriontsuak!

Uraxe zan ba indiolloa! Naitanaez beribillian ibilli bearko zuan arek bizi zala. Gorputz puska ura anka aien gañean juan zitekenik eziñ siñistu beintzat.

-Eztago ori Yonen etxeraño besoan eramaterik! -esan zioten Ezkurrak-. Gurdi bat artu bearko dezute.

Parrez esan zuan au, parrez ordaindu indiolloa, parrez eman zien eskupekoa bi mutillai, eta parrez ler eginda eseri bear izan zuan bere besaulkian.

Bizarra kentzea etzitzaion oi bezin erreza izan. Eskua dardar baitzeukan. Eta danik eta alaiena zaudela ere, ezta noski bizarra kentzen ari zerala dantzan ibiltzea zentzuzko gauza. Baña, tira, orduan sudur muturra bizar-labanakin moztu izan balu ere, zapi bat jarri ta kito!

Apain-apain jantzi zan, eta kalera. Bigarren Gogoutsarekin zebillela ikusi zituan bezelaxe zeuden kaleak. Jendea, barra-barra. Eskuak atzera zituala, irriparra ezpañetan zebilkin Ezkurrak. Ezagutzen etzuten batzuek Eguarriak zoriondu zizkioten, ain arpegi

alaiz ikusita. Ta Ezkurrak zionez, beñere entzundako itzik eztitsuenak izan zitzaizkion noski.

Andik laster, lengo egunean bere landolan izandako bi jaun aietako bat zetorrela ikusi zuan. Alako zimikoa egin zion barrengo arrak. Jaun aren iritzian zer pizti mota ote zan gero! Baña bere asmotan sendo, etzuan une bateko zalantzarik ere izan.

-Jauna -esan zion bostekoa eskeñiaz-. Nola zaude? Zure egin-bearretan ondo? Eguarri zoriontsuak! -Ezkurra jauna, noski? -Bai. Ber-bera. Etzaizu noski nere abizena txit atsegin izango.

Baña barkatzeko esan nai nizuke alegia. Ta arren... Ezkurrak oso ixilik esan zuan gañerakoa. -Jaun aundia! -zion txapeldun arek-. Ezkurra jauna! Benetan ari al zera, ordea?

-Artu nai badidazute, ezta xentimorik ere gutxiago -esan zion Ezkurrak-. Atzeratutako apur batzuek ordaindu nai nituzke. Esker ori egingo al didazute?

-Adiskide! Eztakit onenbesterañoko eskuza...

-Ezta itzik ere! Etorri derizkiozutenean, aditzen?

-Bai orixe! -erantzun zuan jaun arek, agindua betetzeko asmo osoarekin. -Mila esker! Eskerrik asko. Jauna zuekin bedi! Elizara juan zan gero. Ta ondoren, egurastera. Bidean arkitzen

zituan aurtxoak laztantzen zituan, txiroakin itz egin, erakustokiak aztertu: itz batean, ikusitako guziak alaitzen zuan egun artan. Ezin omen ziteken noski sinistu ere kalean biratxo bat emateak onelako atsegiñik sortu zezakenik.

Eguardi aldera, bere illobareneruntz abiatu zan.-Nagusia etxean al da -galdetu zion neskatxari.

-Bai, jauna.

-Nun dago, enetxo?

-Jan-gelan, etxekoandrearekin. Emendik, bidea erakutsiko dizut.

-Au da neskatxa pertxenta! Eskerrik asko, badakit bidea! Etxekoa nazu -esan zion Ezkurrak atea irikiaz-. Bakarrik juango naiz.

Ate-zirrikitutik begiratu zuan. Senar-emazteak mai aurrean zeuden. Au apain benetan. Baña amaitu nai eta beti zerbaiten ikutu bearra arkitzen duanaren urduritasuna nabaitzen zitzaien.

-Ibon! -deitu zuan Ezkurrak.

Ura ikara-jauzka egin zuan ezkon illobak! Jauna! Zeñek pentsatu bear zuan ba Ezkurrak egun artan an azaldu bear zuanik?

-Aitaren eta Semearen! Zein da? -esan zuan Ibonek.

-Ni nauk, ire osaba. Zuekin bazkaltzera etorri nauk, zuek nai badezute beintzat...

Nai! bi besoak eten etzizkiotenean, atetik iges egingo ote ziotenen bildurrez. Bost minutu barru etxean baño obeto zegon, antxe jaioa zirudin. Bere illoba aiek zein baño zein maitekorrago azaldu zitzaizkion, eta Mikel beste neskatxakin etzan atzera gelditu. Ura billera! Aiek jostabide alaiak! Ura elkartasuna! Ango zoriona!

****

Urrengo egunean, goiz, oso goiz juan zan bere landolara. Yon baño lenago irixteagatik zerbait emango zukean! Ura baño lenago iritxita, asarre itxura egin nai baitzion! Ogei durokoak baño atsegin aundiagoa zemaioken!

Ta lortu zuan! Lortu zuan! Erlojuak, Yon etorri baño len jo zituan bederatziak. Bederatzi eta laurdenak... eta Yonik azaldu gabe. Emezortzi minutu t'erdi beranduago zetorren!... Ezkurra zai¬zai zeukan: langelako atea saizuloruntz irikita, idazlaria noiz etorriko irrikitzen zegon.

Noizbait sartu zan gizajoa. Txapela ta lepo-berokia eskuan zekarzkin. Sartu orduko bere alkian eseri, ta erlojua, lasterketa bizian, atzera utzi nai balu bezela, luma artuta ekin zion.

-Aizak -esan zion Ezkurrak, oi zuan zakarkeriarekin, purrustaka-. Lanera etortzeko garaiak al dituk oek?

-Barkatu, jauna -erantzun zuan Yonek-, barkatu, baña...

-Zer baña, ta zer bañaondo? Bederatziak jo zitekela ogei minutu badituk. Ator onera!

-Beingoagatik! Urtean beingoa baita ba! -arren egin zion gizajoak-. Azkenekoa izango da! Atzo jaitxo bat izan genun etxean ta...

-Ta neri zer zijuakit? -karraxi egin zion Ezkurrak-. Ni ez niok txotxolokeri ta ergelkeriak entzuteko, badakik?, eta orain, gertatu zaikenagatik... -jarraitu zuan alkitik bat-batean jetxi ta eman zion bultzadakin Yon gizajoa ia ankaz gora botiaz-, gertatu zaikenagatik, gaurtik aurrera geiago ordaindu nai diat!

Yon, bildurtuta, zeredozeren bila asi zan. Nagusiak burua galdu zuala iruditurik, zerbaitekin kankarrekoren bat ematea oldoztu zuan. Kordea galdu erazi, ta norbaiteri laguntza eske juateko astia izango zuala uste alegia.

-Eguarri zoriontsuak, Zubiri! -zion, ordea, Ezkurrak alaiki ta biotzez-. Eguarri zoriontsuak, Yon, adiskide! Geiago ordaindu eta ire sendia azi ta aurrera ateratzen lagundu nai diat. Gaur arratsaldean luzaro itz egingo diagu, afari-meriendatxo baten aurrean. Piztu zak sua, ta kontu gero lerro bat ere idatzi, ikatz geiago bota ta su ona jarri arte!

****

Agindu baño ere geiago egin zuan Ezkurrak. Askoz geiago. Xabiertxok (ez baitzan il) bigarren aita arkitu zuan. Nagusirik onena, adiskide ona ta abertzale ona izan zan. Aren aldaketa ikusita par egin ziotenak ere arkitu zituan, baña etzituan Ezkurrak aien parrak aintzakotzat artzen, jende "kasta" batek isekaz artzen ez duan gauzik mundu ontan eztala bai baitzekin. Biotza atsegiñetan igeri zebilkin eta auxe aski zuan.

Etzuan gogoutsekin artu-emanik geiago izan, baña Eguarri iñork baño obeto ospatzen zuala esan oi zuten guziak. Berdin esango al da gugatik ere! Ta Xabiertxok zion bezela: Guziok onetsi gaitzala Jainkoak!

AMAIA


Oharrak:

1) Dunstan santua bere arotz lanean ari zela, deabruak tentatu omen zuen. Tradizioaren arabera, tentaldiari amaiera eman bide zion etsaiaren sudurra tenaza handi batzuekin estututa (Edizio prestatzailearen oharra).
2) Parentesi zuzenaren barrukoa edizio prestatzaileak erantsi du. Hala behar duela ematen du.
3) Jakina den bezala, Defoeren pertsonaia "Ostiral" zen, ez "Domeka" (Edizio prestatzailearen oharra).
4) Dickensen nobelan, delako oilar hau jostailuzko txiki bat da. Hori jakinda hobeto ulertzen da pasadizoa (Edizio prestatzailearen oharra).
5) Linotipistaren akatsa ematen du, ez baita ulertzen. Ingelesezko jatorrizkoaren arabera, honelako zerbait behar zuen jarri: "-Nik? -karraxi egin zuan Gogoutsak". (Edizio prestatzailearen oharra).
6) "Dakigu", El Díako jatorrizkoan. Seguru asko lerro honekin sortuko zen nahasketa linotipian (Edizio prestatzailearen oharra).
7) Ezabatuta dago parentesi zuzenaren barrukoa El Díako jatorrizkoan. Hala ere, ematen du hori jarri behar duela (Edizio prestatzailearen oharra).
8) Parentesi barrukoa edizio prestatzaileak erantsi du. Hala behar duela ematen du.
9) Jatorrizkoan "uken" dator (Edizio prestatzailearen oharra).
10) Ezabatuta dago parentesi zuzenaren barrukoa El Díako jatorrizkoan. Hala ere, ematen du hori jarri behar duela (Edizio prestatzailearen oharra).