Uda gau bateko ametsa (2015)

ESKATU LIBURUA

Lan eskerga egin zuen Bingen Ametzagak euskal kulturaren eta euskararen alde bizitza guztian zehar, eta itzultzaile lanetan nabarmendu zen batik bat. Euskaraturiko lan ugari argitaratu zituen, bai liburu formatuan baita aldizkarietan ere; beste hainbat, ordea, argirik ikusi gabe geratu ziren. Horietako bat dugu Uda gau bateko ametsa. Idazle kuttuna zuen Ametzagak Shakespeare, eta haren lau obra itzuli zituen. Bakarrak ikusi zuen argia, ordea: Hamlet-ek, 1952an.

ametzaga_azala.jpg

Eskuizkribuak familiaren esku dira, eta Bingenen biloba Xabier Irujo Ametzagak EIZIEren esku utzi du Uda gau bateko ametsa. Haren ekimenez heldu zion elkarteak antzezlanaren lanketari, eta EIZIEk lehenengoz argitaratu du Itzultzaile Aitzindariak bilduman. DSS2016EU erakundearen eta EIZIEren lankidetzaz gauzaturiko Shakespeareren Ametsa biziarazten programaren baitan egina da, eta Getxoko Udalaren laguntza ere izan du EIZIEk, liburuak argia ikus dezan.

Edizio hau

Elizabete Manterolak eta Xabier Irujok prestatu dute edizioa, eta hitzaurre bana dugu irakurgai: testuinguru politiko-historikoari buruz bata, eta Ametzagaren itzultzaile lanari buruz bestea.

Testua idatzi zen garaian argitaratu izan balitz bezala plazaratzea izan da apailatzaileen helburua, ahalik eta aldaketa gutxien txertatuz. Gipuzkera osotuan idatzi zuen Ametzagak itzulpena, eta bere horretan uztea hobetsi dute, moldaketa grafiko eta zuzenketa batzuk gorabehera, horien azalpenarekin batera.

Bata bestearen jarraian topatuko ditu irakurleak euskarazkoa eta ingelesezkoa. Liburuaren amaieran, bestalde, hiztegitxo bat gehitu dugu, gaur egungo euskal irakurlearentzat ezezagunak izan daitezkeen adierak azaltze aldera.

Beste bi itzulpen

Bigarren itzulpena Aita Bedita Larrakoetxeak egin zuen, eta 1974an argitaratu zen. Hirugarren itzulpena, berriz, itzulpen gaurkotua, Juan Garziak egin du, eta 2014ko abenduan argitaratu zen EIZIEren webgunean.

Hiru testuon aurkezpena eta horietan izaniko itzulpen-estrategiak aztertu eta alderatzeko saioa ere egin zen, Shakespeareren hiru Amets izeneko mahai-inguruan (2014ko azaroan, Donostian). Esku artean dugun «Itzultzaile Aitzindariak» bildumako ale honen bitartez etorri da Ametzagaren itzulpena, eta hirurak ditu orain irakurleak eskura.

Bingen Ametzaga

Erbestean igaro zuen bizitzako zatirik handiena Ametzagak, eta handik jardun zuen euskararen eta euskal kulturaren alde lanean. Itzulpenaren bitartez euskara batu baterako bidea egin nahi izan zuen, euskalkien arteko mugak gainditzen ahaleginduz. Horrez gain, literatura unibertsaleko lan gailenetariko bat euskarara ekarriz, beste hainbat hizkuntzaren eta literaturen mailan jartzea zuen asmo.

Liburuaren aurkezpena

ugba_getxo.jpg

2015eko uztailaren 9an aurkeztu da Ametzagaren Uda gau bateko ametsa liburua, Getxoko Udalean, Koldo Iturbek (Getxoko Udaleko Kultura zinegotzia), Xabier Payak (Donostia 2016ko kultur zuzendaria), Elizabete Manterolak (EIZIEko ordezkaria) eta Xabier Irujok (Bingen Ametzagaren biloba).

 

Hemeroteka

Donostia 2016k Ametzagak egindako Uda gau bateko ametsa lanaren itzulpena aurkeztu du (DSS2016EU, 2015-07-09)

Bingen Ametzaga getxotarrak 1952an euskaratutako Shakespeareren Uda gau bateko ametsa obraren argitalpena aurkeztu da (Getxoko Udala, 2015-07-09)

Uda gau bateko ametsa (Hiruka, 2015-07-09)

Bingen Ametzagak 1952an euskeratutako Shakespeareren Uda gau bateko ametsa obrearen argitalpena aurkeztu dabe (Bizkaie!, 2015-07-10)

Ametzagak euskaratutako Shakespeareren lana aurkeztu da (Deia, 2015-07-10)

Bingen Ametzagak tonu arina eta ironikoa ematen asmatu zuen (Hitzen Uberan, 2015-07-21)

Shakespeare, euskara aberasteko amets bat (Berria, 2015-08-02)