Garailea (2005)
Peter B. Kynek 1921ean argitaratu zuen eleberri labur hau The Go-Getter izenburupean. Euskaldun batek, 1935 aurrean, Kyne bezalako best-seller idazle bat hartu, sona handiko liburua eskuratu eta euskaratu ondoren Argiakoei eman zien. Argiakoek 1935eko Argia'ren Egutegian irakurgai atsegin gisa argitaratu zuten, Garailea izenburuarekin.
Itzultzaile gazte bat, ezezaguna, orain hirurogeita hamar urte, era honetako gauzarik egiten ez zen garaian, kontakizun atsegin bat hautatu eta eskaini nahi izan ziela orduko euskaldunei ospatzeko argitalpena da hau, orain guk orduko haren lekukoa jaso, eta, haren omenez -euskal itzultzaile ezezagunaren omenez- egindakoa.
Bilduma honetako aurreko bi liburuetan bezala, Inazio Mujika Iraolak apailatu du edizio hau ere. Liburuari hasiera emateko, hitzaurrea idatzi du ("Itzultzaile ezezagunaren omenez"), eta hiztegitxo bat ere erantsi dio itzulpenari, garai hartako hizkeraren argigarri. Bukaeran ingelesezko testua dator.
Hemeroteka
Peter B. Kyneren Garailea (EIZIE 2005/10/21)
Itzultzaile aitzindariak liburu sortako hirugarren alea kaleratu da (El Diario Vasco 2005/10/17)
Peter B. Kyneren The Go-Getter-en itzulpen anonimoa kaleratu du EIZIEk (Berria 2005/10/27)
Garaile galtzaile (El Diario Vasco 2005/10/28)
Adanismoan bizi gara, gure aurretik inor izan ez balitz bezala (Ortzadar 2005/11/01)
Garailea (Berria 2005/11/08)
PETER B. KYNE
Garailea
Peter B. Kyne-k englanderaz idatzia
eta ARGIAren irakurle batek euskeratua
Kolka bere txitakin zaleki ibiltzen dala? Zalekiago zebillen bada oraindik egur salerosketan eta itxas-gaietan "Cappy Ricks" izenarekin ain ezaguna zan Alden P. Ricks jauna. Alaxe adierazi zion bere egur-lantegietako ordezkari zan "Egur-gaietako Ricks Lagundiko" zuzendari eta lendakari Skinner jaunari. Orixe bera zesaion ere itxas-gaietan ordezkari zuan "Izar Urdin Itxas Lagundia"ko zuzendari eta lendakari eta bere sui Matias Peasley kapitanari.
Skinner jaunak Cappy Ricks-ek zesaiona itzik atera gabe entzun zion. Ez baizuan aidetasunik berarekin. Matias Peasley ordea suia izan, eta anka bat bestearen gañean jarriaz, bere aitagiarrebaren asarreari ajolik egin gabe egon zan.
-Zu kezkatitz? Bizkarreko miñez al zaude edo Herbert Hoover jauna ez al zaizu ministrotzarako egokia iruditzen?
-Gazte, zure isekak besterentzat izan bitez! -zion Cappy-k indarrez-. Badakizu nere asarreak ez osasunarekin eta ez politikarekin zer ikusirik ez duala. Sutzen nauena zartu ondoren geiago balio ez duten gizonak nere inguruan ikustea da.
-Zein ordea?
-Zu eta Skinner.
-Baña, zer egin degu ba?
-Zuek? Orain artu berriak ditugun ogeita bost itxasontzi oiek gure gain artzea onuragarria zitzaigula sinisterazi, eta, orra, oien zuzendaritza gure gain artu degunerako... itxas-zergak zeruraño iyo dituzte, ontzietako makina-zaleak oporrera jo dute, eta Japongo gure etxera bialtzen ditugun gazte txoro guziak arrotzen dira eta ez dakit zergatik, Japonen amerikar egartientzat egiten dan whisky guzia gutxitxo dute berentzat. Zartu eta gero gure otseñak urrutidatz bitartez uxatzera beartu nazute bion artean. Eta zergatik? Emen bakarrik erabili bear genituken artu-emanetan sartu erazi gaituzutelako. Urrutiko artu-emanak ez ditezke etxekoak bezela aztertu.
Matias Peasley-k, berari ezarri nai zitzaizkan erruak iñoren bizkarrean botatzeko eskua jasoaz, esan zuan:
-Ogeita bost itxasontzi oien zuzendaritza gure gain artzea on zitzaigunik ez dizugu guk sinisterazi: Irurok ala uste izan degu, obeto esateko, zuk ala sinisterazi didazu, ni aurren-aurrenetik asmo orren aurka nintzan eta. Amar urte dira zuk artu-emanen ardura utzi zenula eta ordutik itxas-gaietan izaten ditugun ezbear guziak neretzat izaten dira, adiskide.
-Ustez, bai; izatez, ez. Edo zer nai dezute zuek, esku-lana utzi nuen bezela buru-lana ere uztea? Gizona! Nere diru guziak ezarririk daukaten artu-emanetan iritzia izateko eskubidea ere ukatuko ote didazute? Egia da, artu-eman guziak zuek zuzentzen dizkidatzute, ez oso gaizki gañera geienetan beintzat, baña... jem! Zer gertatzen zaizu, Mat? Eta zuri, Skinner? Mat-ek errurik izaten dunean, zuk zuzendu bear dezu okerragorik etorri ez dedin, eta Skinner-ek izaten duanean, berriz, zuk, Mat. Edo gizonak aldez aurretik ezagutzeko begia galdu al dezute, edo ez dezute iñoiz izan?
-Shanghai-ko Henderson-gatik mintzo zera noski, ezta? -galdetu zion Skinner-ek.
-Bai, Henderson-gatik mintzo naiz. Eta zuri dasaizut, gure artu-emanak itxasketa-labur edo kabotajekoak bakarrik izan balira eta Pazifikoren aruntz-onuntza ori gure gain artu ez bagenu, ez genun gaurko egunean Henderson ori dala bide dabilkigun aña kezka ibilliko.
-Genun egur saltzallerik onena berorixe zan! -erantzun zion Skinner-ek-. Asia aldean asko eta asko salduko zuala uste nuen.
-Henderson pizkorra da. Emen, etxean mandatari bezela sartu zan, eta denborarekin, berriz, egur-salketako sallean zuzendaritzaraño iritxi zan. Kaiean ere leial jokatu zuala badakizu -esan zuan Mat Peasley-k.
-Alaxe da, baña Txinara biali aurretik ezer esan al zidazuten neri?
-Ez. Ez al naiz ba ni "Izar Urdin Itxas Lagundi"ko zuzendaria? Zuk ezer esan zenezakien baño askoz lenagotik zan Henderson Shanghai-ko gure ordezkari.
-Ez al nizun nik zuri esan Henderson etzala leku orretarako egokia?
-Bai.
-Oraintxe esango dizutet ba Shanghai-ra biali zenutenean ezin esan nezaizuteken beste zerbait. Henderson langille jatorra izan da, langille leiala, baña nagusiaren babesean. Ogei urte luzetan saiatu nintzan ni aren burutik txorakeriak uxatzen, baña alperrik eta orra orain eun eta ogeita amar milla dollar ostuta nola iges egin digun.
-Barkatu, Ricks jauna -esan zion Skinner-ek-, Henderson-ek egin zitzaken lapurretai erantzuteko milloi laurden bat dollar dauzkagula gogorazi nai nizuke...
-Ixo, Skinner! Itz bat ere! Etzazu beintzat aztu zuk eta Mat-ek ezer jakin gabe egin nuala nik ori. Eta zuk, Mat, seme maitea, gogoan izan len zer esan didazun: amar urte dirala artu-emanen ardura utzi nuala eta ez detala zure idazkolako artu-emanetan zergatik sartu, alegia...
-Egia diozu, naiz eta Henderson-ek lapurreta ori egin, zuri eskerrak ez degu batere galerarik Shanghai-ko gure etxean -erantzun zion Mat Peasley-k-. Nola-nai dala ere ekingo diogu guk lanari. Henderson edalea eta jokalaria zan eta irabazten zuan baño diru geiago zijuakion. Etzuan artu-emanen ardurik izaten eta azkenean txorakeri bat egin zun: dirua artu eta itzuli. Guk ez ba jakin ori egingo zuanik. Eta gizon bat gure ordezkaritzarako aututzen degunean, autu edo ez autu, zirt edo zart egin bear. Artzen badegu, ona da ustean noski. Gai orrekin eztabaidan orain aritzea alperrikakoa da beraz. Orain egin bear deguna Henderson-en ondorengo bat arkitu, eta lenengo itxasontzian Shanghai-ra biali.
-Ederki, Mat -zion maitasunez Cappy-k-, ez dizut errurik ezarri nai. Ez naiz goxoegi aritu nere jardunaldian. Nik aña urte izaten dituzutenerako eta neri aña lapurreta egiterako, ikasiko dezute gizonak ezagutzen eta garrantziko lekuetara zein biali bear dan jakiten. Eta zuk, Skinner, ba al dezu norbait Shanghai-ra bialtzeko?
-Penaz baña ezetz esan bear. Nere salleko guzik gaztetxoak dira ortarako.
-Gaztegik? Zer esan nai du itz orrek?
-Ortarako gai litzakena da, baña Andrews gaztetxoa da... Ogeita amar urte baizik ez dituala uste det.
-Ogeita amar urte beraz, e? Ori eragozpena nola izan diteken ez dakit. Ederki oroitzen naiz zuri amar milla dollarreko saria eta milloika askoren erantzun bearra eman nizunean, ogeita zortzi urte baizik etzenitula.
-Bai, jauna, alaxe da baña... Andrews jaunak... ez du oraindik pruebik eman...
-Skinner! Ez dakit etxe onetatik zergatik etzaitudan bialtzen! Andrews eztala proatu diozu. Zergatik ez? Zergatik eta zertarako daukagu gure artean proatu gabeko jendea? Erantzun nazazu! Tut! Tut! Geldik mingaña! Kistar bezela dituzun bearkunak bear bezela bete izan bazenitu, 1919 edo 1920an egurra nai baño errexago saltzen zan garai artan, urte beteko oporra egingo zenuen, eta, bide batez, Andrews proatuko zenun gero nolakoa zan jakiteko.
-Zorionez ez nuan ba ori egin. Ondo dakizu bolara onaren ondoren oso txarra izan zala. Ez dakizu ondo zenbat lan egin bear degun orain gure itxasontziak egurrez beteak ikusiko baditugu...
-Skinner! Zu nerekin eztabaidan? Zenbat urte zituan Mat Peasley-k "Izar Urdin Itxas Lagundia" bere esku utzi nuanean? Ogeita sei baizik ez. Skinner, nik uste ez bezelako ergela zera. Zu bezelako gizonak zerate matxinada eta oporketa sortzalle, lantegi eta salerostegietara, erantzun bear aundietako tokietara eta zerbait irabazi diteken tokietara ille zuri eta bizkar makurtutako gizon adindunak eraman bear diralakoaren iritzia daramazutelako. Gaizki zaude, ordea, Skinner. Gaurko egunean, gazteak bear dira; gazteena da mundua, Egun-eguneko gizonak ogeita amar urtez bekoak dira. Mat, zer derizkiotzu, bialiko ote genduke Andrews Shanghai-ra?
-Balioko duala uste det.
-Zergatik uste dezu balioko duala?
-Balio bear dualako. Oitutzeko ainbat denbora egin du gure artean...
Cappy-k etzion utzi jarraitzen.
-Garrantzi aundiko kargu ori bere gain artzen ausartuko al da? Ori jakin bear da eta ez zuk eta Skinner-ek ainbeste aitatzen dezuten oitura.
-Ez dakit ausartuko dan. Balioko duala deritzat. Gizon atsegiña da.
-Ondo dago, baña, biali aurretik, naimen aundikoa eta ausarta dan edo ez jakin bear degu.
-Beraz -esan zuan Mat-ek exerita zegon alkitik altxeaz-, nik ez det zer ikusirik Shanghai-ko arazo orrekin. Zu asi zeranez, zeorrek izendatu bear dezu Henderson-en ondorengoa.
-Iritzi ortakoa naiz ni ere -esan zuan Skinner-ek-, nere ergeltasuna dala-eta, ez naiz Andrews-ek izan dezaken naimen-indarra zenbaterañokoa dan neurtzeko gai eta. Orain dagon lekurako egokia da, baña...
-Baña egokia izango al da gugandik sei milla kilometroz urrutiratua arkitzen danean, berez gauzak erabakitzeko eta bakoitzari duan garrantzia emateko? Orixe orain jakin bear deguna, Skinner.
-Zeorrek probatu zenezake.
-Nere kontu, Skinner! Shanghai-n gure ordezkari izango dana gizon jatorra izango da, arraiepola! Iru txar izan ditugu dabaneko. Ez genezake orrela jarraitu!
Eta besterik esan gabe, oñak mai gañean jarriaz eta gorputza atzera zuala, patxaran jarri zan Cappy.
-Andrews-eri zer prueba jarri oldoztu eziñik dago. Asmatuko du zerbait -esan zion aopean Mat-ek Skinner-eri, gelatik irteterakoan.
Idatzia zegon, ordea, Ricks jaunari bear zan lasaitasunarekin oldozten etziotela utziko. Amar minutu ziran geienaz ere ala zegola urrutizkiñez deitu ziotenean.
-Zer da? -galdetu zuan Cappy-k abots garratzarekin.
-Gazte bat idazkolan. William E. Peck izena omen du, eta zurekin itz-egin nai lukela dio.
-Etorri dedilla!
Laister zan mandataria William gaztearekin. Atean sartu zanerako Cappy-ri begira gelditu zan burua makurtuaz batean.
-Ricks jauna, William E. Peck naiz. Milla esker orren aguro artu nazulako.
-Hem! Exeri zaite, Peck jauna.
Gela osoa iragan bear izan zuan Peck jaunak Cappy-k eskeñi zion tokian exeriko bazan. Orduan ikusi zezakean Peck-ek errenka egiten zuala eta besoa ukalondotik ebakia zuala. Zergatik zuan bereala igerri zitekean, txamarrean baizeramakin gerran zauritua izan zanaren ezaugarria.
-Ea ba, Peck; zer egin nezake zure alde?
-Lanerako artu nazazun etorri naiz.
-Arraioa, ezetzik esan ezin banezaizuke bezela esaten didazu gañera.
-Alaxe da. Ez det ezetzik itxaron.
-Zergatik? -Williamen arpegi beltz baña atsegiñak irripar gozo batek alaitu zuan une artan.
-Saltzallea naiz, Ricks jauna -erantzun zion-. Bost urtean ikusi baidet saldu diteken guzia saltzen badakitela. Baña, ala ere, ikusi det zerbait saldu nai badet lendabizi salgaiaren nagusiari zerbait saldu bear diotela eta... neroni eskeintzen natzaio... Neronen burua salduaz asi nai det beintzat.
-Seme, zeureganatu nazu. Esazu, noiz eman zizuten Laterri Batuetako gudarozterako lekua?
-1917ko Jorraillaren 7ko goizean, jauna.
-Orrenbestez ixten degu gure ituna. Neroni ere "Colon-en Zaldunak"<ahref="#oh1">1 zeritzanean sartu nintzen, Kearney-n, baña gero itxasoratzen utzi etzidatelako alde egin nuan. Ala ere egun aiek pozik gogorazten ditut.
Izketaldi arrek biziro alaitu zuan Peck jauna. Eta bere edestia esaten asi zan:
-Gerra aurretik Portland Lagundiakin aritu nintzan ego eta sorkalde aldean egurra saltzen. Orain aste batzuek eman zidaten Letterman Gudalburuaren gaxoetxean Estaduko Seguroaren erdia jasotzeko agiria. Amar milla dollar ziran. Besokoa aguro joan zan, bereala moztu zidaten eta; anka, ordea, autsia egon, eta sendatzeko egunak bear, eta gañera bestea baño zerbait motxagoa gelditu zait. Orrela negoela biriketako gaitza sortu zitzaidan, eta urte betez biriketako gaitzak sendatzen dituzten Fort Bayard gaxoetxean egona naiz. Ala ere, sendatu naiz eta nere birikak len bezelaxe daude sendagille agiriak diotenez.
-Lanerako gogorik eta almenik bai al daukazu?
-Bai, Ricks jauna. Burua eta eskuiko besoa sano dauzkat. Oldoztu eta idatzi nezake beraz, eta, anka bat bestea baño motxagoa badet ere, pazientzi aundikoa naiz eta edozeñek añako gaitasuna badet erosleak arkitzeko. Neretzako lanik bai al dezu?
-Ez, Peck jauna. Ez naiz iñor ortarako. Amar urte badira lantegi auen zuzendaritza utzi nuala. Orain zauden gela au batekin eta bestearekin itz-egiteko baizik ez da... Neri datozkidan eskutitzak jasotzeko eta kaleko kontuak jakiteko lekua edo. Skinner jaunarekin itz-egizu.
-Skinner jaunarekin itz-egin det, baña ez dit itxaropen aundirik eman. Beso uts onekin biotza ikutu nai izan diotela uste izan du. Esan zidan len zeuzkan saltzalleak nora biali etzekiela zegola. Edozein lan eskatu nion, egurrak zenbatzen eta neurtzen nekiela eta abar esanaz...
-Eta alare etziñun artu?
-Ez, jauna, guzia alperrik izan zan.
-Ederki, zoaz nere sui Peasley kapitanarengana. Ura da gure itxas-gaietako zuzendaria eta baditeke...
-Itz-egin det arekin ere. Oso ona izan da nerekin. Beste amar edo amaika gudari izandutako dauzkala esan zidan biali nai ezik, eta, ni pozik artuko baniñuke ere, oraingoz beintzat eziñekoa dula esan dit.
-Orduan... Zergatik etorri zera neregana?
-Aiek ori esan arren, zuk zerbait lan ematea nai detelako. Etzait ajola edozein lan izanda ere, egiteko gai banaiz beintzat. Nik egin nezakena bada, iñork baño obeto egingo det, eta lan artarako gai ezpanaiz, berriz, zuei bialtzen lanik ez ematearren, neroni juango naiz. Ez det iñoren errukitasunetik bizi nai, lengoa ezpanaiz ere.
-Ikusten det -erantzun zuan Cappy-k txirrin bat jotzen zuan bitartean.
Laister zan Skinner jauna gela artan. Begiratu zorrotza egin zion Peck-eri. Cappy jaunari, begirunez, zer nai zuan galdetu zion.
-Skinner lagun maitea, Andrews Shanghai-ra bialiko ote degun pentsatzen egon naiz, eta ona zer erabaki detan: ango idazkola edozeñen mende dagolako edozein eragozpen izan genezake berriro ere; orregatik, ba, norbaitek azkar juan bear du ara. Dijuala beraz Andrews lenengo itxasontzian, betiko ezpada ere oraingoa egiteko beintzat. Arako gai ezpada, onera etorri diteke berriro, onerako jatorra da-eta. Bitartean... hem!, hum!... Skinner lagun zarra, ar zazu gazte au zure idazkolan eta eman ezaiozu leku egoki bat zenbateraño gai dan jakin dezagun. Asko poztuko nitzake orixe egingo bazenu, Skinner.
Skinner jaunaren naimena menderatua zegon. Ederki zekin ori berak ere. Bai Peck-ek ere ederki zekin ori, gudaroztean izana zanez baitzekin goitik bera datozen oar txikienak ere agindu bezela artu bear izaten dirala. Irripar gozoa egin zuan, beraz, Skinner-eri begiratuaz.
-Ederki, jauna. Lan saria zenbatekoa da?
Cappy-k, eskuak jasoaz, arazo arekin zer ikusirik etzuala adierazi zion.
-Ez, ori ez baida nere egitekoa. Ez nuke iñolaz ere zure gauzetan sartu nai. Jakiña, merezi aña sari emango diozu, geiegirik gabe.
-Entzun zuk orain, gazte: emen gauza guziak egiñak arkituko dituzula uste badezu, oker zaude. Emen lan asko eta ondo egin bear da zerbait izateko. Zerbait gaizki egiten dezunen, lenengoan, oartu egingo zaitugu; bigarrengoan, illabeteko lan-saria galduko dezu, eta, irugarrengoan, lanik gabe geldituko zera. Emen ez dago txantxarik. Entzun dezu?
-Bai, jauna. Gaurkoz lanerako lekua baizik ez det nai; ori izan ezkero, Skinner jaunaren biotzerako bidea neronek arkituko det. Skinner jauna, milla esker baimena eman dezulako. Zure uste osoaren jabe izateko alegiñean saiatuko naiz.
"A zer nolakua degun au ere! -zion aopean Cappy-k-. Azkarra degu noski. Skinner gizarajoa! Noiz edo noiz zerbait gauza berri bururatuko balitzaikek, ilko itzakek! Orain ere erneazten ago mendaratu autelako. Gorriak ikusi eraziko dizkiok gazte oni".
Peck zutik zegon, zai bezela.
-Noiz etorri bear det, jauna? -galdetu zion Skinner-eri.
-Nai dezunean.
-Orain amabiak dira. Bazkalduta, ordu batean etorri niteke. Egun erdia bakarrik galduko det ori eginda.
Gero, Cappy-ri begiratuz, nunbait irakurri zuan au esan zion: -"Eguzkiaren ezkutatzerakoan, salgaiak garestitu badira, eta gutxi edo ezer irabazi ezpadezu, esan etzerala bizi; egun guzia galdutzat eman ezazu".
Ori entzundakoan Skinner bere idazkolan sartu zan. Atea itxia zegola nabaitu zuanean, Peck-ek begiak goruntz jaso zituan bere bildurra erakutsiaz.
-Asiera txarra degu noski.
-Zuk lana nai zenun. Nik lan on bat izango zenula ezin ba esan, Skinner eta Mat Peasley ezin nitzake ezertara beartu-eta. Badakizu William...
-Bill Peck esan oi didate etxekoak.
-Ederki, Bill.
Cappy-k, exeri alkia utziaz, errukizko begiratua egin zion Bill Peck gazteari.
-Ez naiz zutzaz aztuko, gazte. Zuri lagundu bearrean naiz. Ez uste ordea izan au gerran zauritutakoen bil-lekua danik... Skinner-ek zer lan sari emango dizun jakin nai nuke. Nolanai dala ere, ematen dizuna ematen dizula, itzik atera gabe artu ezaiozu, eta, garaia irixtean, merezi badezu beintzat, ni izango nazu bitartekorik leialena.
-Eskerrik asko, jauna. Oso ona zera neretzat. Jaunak lagun dagizula.
Besterik esan gabe juan zan Bill Peck gaztea. Juan zanerako, Skinner jauna etorri zan. Zerbait esateko aoa iriki ere egin zuan, baña etzion Cappy-k ezer esaten utzi.
-Ez itzik, Skinner lagun zarra! Badakit zer esan nai didazun eta arrazoi izan zenezake baña... hem!, hum!, entzun nazazu. Zuregana juan danean nolaz ez dezu artu zurekin, gerran zauritutuko gazte ori? Oraindik begi aurrean daukat bere ixtar autsiakin, eta ezkerreko esku gabe... Gizarajoa! Eta, ala ere, lanerako irrikitzen. Zu berriz jela kozkor bat bezela, biotzik ez dezula dirudi.
-Biotz ona gauza bat da, baña biotz onak ez du artu-emanekin zer ikusirik. Orain dala gutxi, berreun eta bederatzi gerran zauritu artu dituzu zure lantegietan auek artzeko langille jatorrak bialita, eta Washingtonerako orrela artu zenitunak dabaneko eskean dira.
-Noski, ba. Oraintxe matxinada zaleak-eta aspertuta naukate. Noiz nai oporrean dira. Oiekin ez diteke pakerik, ez zorionik. Orain artu ditudan langille oiek izango dira matxinada zaleak atzeratuko dituztenak.
-Bai, bai: ala baderitzaizu sarjento bat jarriko degu sail bakoitzean buru bezela. Goizian diana eta gauean retreta ere jo diteke, eta astean bein edo... Besterik ez bada ere, Aberriaganako maitasun ageria ekarri digute beintzat... eta badakizu egun osoak zertan egiten dituzten? An egindako gauza jakingarriak edesten... diotenez...
-Orrek, ordea, ez du Peck-erekin zer ikusirik. Aizu, Skinner, Gudaretxeko ipuiak<ahref="#oh1">2 deritzan liburua irakurri al dezu?
-Ez det letzeko astirik.
-Orain bertan erosi bear dezu ba liburu ori, eta "Tommy" deritzan ipuia irakurri bear dezu.
-Begira, Ricks jauna, Peck etzait batere gogoko. Lana eskatu zidan eta ezetz esan nion. Mat Peasley-k ere ori bera egin zuan. Eta orrek, bere burugogortasuna ederki erakutsiaz eta guri jaramonik egin gabe, zurengana jo du. Zuk, lanerako artu berriz. Damutuko zaizu oraindik.
-Skinner! Skinner! Begira neri! Badakizu zergatik artu erazi nizun gazte ori?
-Noski; biotza argizaia baño xamurragoa dezulako.
-Egi-egia diozut, egunean baño egunean ergelago zaude. Ezezkorik izango etzuala ben-benetan uste zuan gazte bat nola utziko nuan ba kale gorrian? Peck gudari jatorrenetakoa izana degu gañera uste detanez. Bai al dakizu zuk zer nai dun eta zer asmo ditun. Gizona, gizona! Zuk badakizu zer egin dun! Zu eragozpen ziñanez, zure aunditasun eta guzti bazterreratu. Gazte orrek ogibidea ederki irabazia du, gizona. Zer lanetan jarri bear dezu?
-Andrews-en tokian.
-Egia, aztuta negon. Ez al dauzkazu gañera pillatuta millaka dollar askoren zugatz usai txarreko saldu eziñik?
Baiezkoa egin zuan buruarekin Skinner-ek. Cappy-k pozik jarraitu zuan izketan.
-Eman zaizkiotzu, ba, eman Peck-eri eta baita gañerako saldu eziñik dauzkazun egur guziak ere... Ulertzen didazu noski, Skinner.
Skinner-ek parrez erantzun zion: -Eta saltzen ez baditu kalera, e?
-Baietz uste det, oldozpen utsak tamaldurik uzten banau ere. Baña saltzen baditu, Andrews-ek zuan lan-sari bera izango du. Obenlari izan giñezke, baña beti zuzen jokatu bear degu.
Eta bizkarrean eskua jarriaz jarraitu zuan esanaz: -Olaxe ba, lagun zar, hem!, hum!, barkatu azkartxo ibilli banaiz... hem!, hum! Eta entzun ondo, Skinner: Peck-eri eman bear dizkiozun egur txar oiek garestiegi jartzen badituzu, zeorri kalera. Zuzen eta garbi jokatu. Azpikeria besterentzat utzita. Gogoan izan Peck-en beso erdia Prantziko lurretan gelditu zala.
Eguardiko amabi eta erdietan, California kale zear Cappy bazkaltzera zijoalarik, Bill Peck arkitu zuan, eta onek, gelditu araziz, txartel bat erakutsi zion.
-Ze derizkiozu, jauna? Ez al dago ederki egiña?
Cappy-k auxe irakurri zezakean:
Astiro aztertu zuan Cappy-k Ricks-ek eskuartean zeukan txartela. Ederki irarria zan. Ez da alako lana ordu-erdi batean egiten.
-Bill, lapur batek besteari esan oi dion bezela esan akidazu egia... Noiz bururatu zitzaizun gurekin lan egin bear zenduala?
-Astetxo bat baizik ez da.
-Gudaritzan aginterik bai al zenduan?
-Ez, jauna, ez, gudari utsa nintzan.
-Ezin sinistu det. Ez al zizuten iñoiz aginpiderik eskeñi?
-Askotan, baña aginpidea artzekotan, nere gain eta nere gogoz arturik neukan lanik politena utzi bear. Ez ba garrantzi aundiko lana zalako baña..., bai nere gogokoa. Zugaitz adarrakin estalita etsaiak zeuden tokiraño iritxiaz, etsaien soldadu zintzoenak iltzen nituan. Askotan bururatu zitzaidan lan ura uztea, baña zenbat amerikarren bizitza gaizkatzen nuan ikusirik, neretzat arrixku aundikoa izanagatik, beti lengora jotzen nuan.
-Gudaritzara gaztetan juan izan baziña, gaur gudalbururik aintzatuena izango ziñan, Bill. Zugaitz usaidunak saltzeko oiturarik bai al dezu?
-Ez. Zer zugaitz-mota da ori?
-Californiako Humbold-en jaiotzen dan usai txarreko piñu bat da ori: egur txarrekoa eta usai txarragokoa. Skinner-ek lanik zallena emango dizu eta ori saltzen ain zalla da.
-Iltzatu al diteke?
-Ori bai!
-Egur ori, noizik beinka bederik, erosten dutenak ba al dira?
-Bai, noiz edo noiz gure saltzalleak tontoen batzuk arkitu oi dituzte. Zorionez egur ortatik gutxi daukagu, baña gure mendizañak orrelakoren bat ikusten duanean txarra izanagatik beti botatzen dualako, gure saltzalleak ezin saldu ala beti izaten degu.
-Oso garesti ez dan guzia saltzen dakit nik, jauna.
Bi illabete ziran Cappy Ricks-ek Bill Peck ikusten etzuala. Saltzalle on batek jakin bear ditun zertzelada guziak ikasita, Utah, Arizona, Mexiko eta Texas aldera artu baitzuan. Aguro asi zan lanean Bill Peck gaztea. Salt Lyke City-n egur txarrenetakoa saldu zuan lenbailen bialtzeko urrutidazkiz eskaturik. Ogden-en Skinner-ek ezertxo saldu ezin izan zion bati asko eta asko saldu zion. Arizonan erosle berri asko arkitu zituan; baña Bill Peck-en saltzeko trebetasuna ederkiena Texasen ikusi zitekien, asko eta ederki saldu baizuan. Mea zuloetako zutikakoak-eta saldu oi zituan bereziki, eta ainbeste eskaera egiten zitun, Skinner-ek beste egur mota batzuek saldu bear zituala agindu zion: piñuak, Douglas eta gorri motak. San Franziskora itzultzerakoan, Angeles erkian gelditu zan an ere usai txarreko egur ori ausarki salduaz. Skinner-ek bialtzeko agindua zekarkion urrutidatzia artu zuanean, Cappy-rengana juanaz esan zion:
-Peck laguna egur saltzalle jatorra degula aitortu bearrean naiz. Bost erosle berri arkitu dizkigu, eta urrutidazki onen bitartez egur usaiduna eskatzen digu berriro. Urte berritatik sari geiago eman bearrean naiz noski.
-Baña, Skinner, urteberrik arte zergatik itxoin? Emateko ortan beti atzera ikusten zaitut. Peck-ek sari aundiagoa merezi badu, zergatik ez bertatik geitu? Peck-ek lanerako gogo geiago izango du, eta, onenean, gizon ona zerala sinistuaz maite egingo zaitu.
-Tira, ba. Andrews-ek zuan lan-sari bera izango du Peck-ek aurrerantz.
-Gezurra dirudi, Skinner, beti berdin ari bear zurekin. Ez dezu ba zeorrek esaten Peck Andrews baño saltzalle obea dala?
-Ala uste det, bai.
-Zuzen joka zazu ba, eta ari baño geiago ordaindu ezaiozu! Ez gañera emendik aurrera, lanean asi zanetik baizik. Eta zoaz emendik, erneazten jartzen nazu-eta. A, aizu! Andrews ondo ari al da Shanghain?
-Urrutidatz lagundiak aberastuko ditu beintzat orrek. Astean iru edo lau urrutidatz bialtzen dizkigu, eta gauzak berez erabakitzen ez du iñoiz ikasiko. Mat Peasley-k Andrews orrekin ez du oso pozik izan bear.
-Orrela al gera! Mat-ek errudun ni egin bearko nau, jakiña. Egia gañera, neronek biali erazi nuan; baña... gogora zaite, Skinner, Andrews aldi baterako baizik ez genun biali.
-Bai, alaxe da.
-Aren ondorengo bat billatu bearrean naiz, beraz, Mat "esan nizun nik" esanaz etorri etzaidan. Peck ona izango litzake Shanghairako, baña geiago proatu nai nuke... Aizu, Skinner, txarro urdiñakiko prueba egingo ote degu onekin?
Skinner alaitu zan ori entzundakoan.
-Bai, baña lendabizi dendariari eta txinelai adierazi zaiezu, bestela badakizu ze neke datorzken.
-Bai, bai. Beraz, zuk igande eguerdiko ordu baterako Peck zure etxera eraman erazi zazu, gañerako guzia nere gain utzita.
Skinner-ek par gozoa egiñaz baiezkoa esan zion.
Larunbatean etzan Skinner idazkolara azaldu. Bere ordezkoarekin itz-egin zuan, ordea, urrutizkiñez; ondoezik zegola esan ere. Peck-eri mandatua biali zion egun artan berarekin itz-egin nai zuala, baña, gaxotu zanez, etzezakela eta astelenean berriro kanpora juan bear zualako nai-ta-nai-ez igandean itz-egin bearko zutela esanaz. Peck-eri etzion ajolik egun batean edo bestean izan, eta igande eguardiko ordu batean jutekotan gelditu zan Skinner-ek ala esan ziolako.
Igande eguardiko ordu bata zan Peck Skinner-en etxera iritxi zanean. Skinner oiean izperringia irakurtzen ari zan. Etzeukan gaitz itxurarik, baña, ala ere, Peck-ek Skinner-eri lenbailen sendatzea Jaunari nai zekiola esan zion. Obeto zegoela esanaz bere artu-eman arazoai buruz mintzatzen ari zitzaion. Izketa-aldian gogoz ari ziranean urrutizkin txintxarria entzun zan, eta Skinner-ek urrutizkiña aldamenean zeukalako bereala erantzun zuan.
-Tamal det, baña ezin nezake; oeraturik nago eta ezin irten ninteke. Peck ementxe dago, ordea, eta onek egin dezaizuke ori.
-Pozik gañera! -esan zuen Bill Peck-ek-. Zein il bear det eta bere gorputza nun utzi bear det? Ricks jaunaren naia izan ezkero...
-Ja, ja! -algara gozoa egin zuan Skinner-ek.
Eta Cappy-k ala parra egiteko zer zuan galdetu zionean esan zion: -Peck jaunak dio edozertarako gertu dagola. Ea nor il bear duan galdetu du. Ja, ja! Peck, Ricks jaunak zurekin itz-egin nai du. Tori urrutizkiña.
-Arratsaldeon, Ricks jauna.
-Kaxo, adiskide. Gaur arratsalderako zer asmo dituzu?
-Bein Skinner-ekiko egitekoak bukatu ezkero, ezertxo ere ez. Lan-saria askotxo ere geitu dit eta oso pozik nago. Eta Skinner-en biotz ona badakust ere zuk zer ikusia...
-Tut, tut! Ixilik ortaz! Ezta itz bat ere! Irabazi dezulako dezu ori. Baña nerekin ain adiskide zeran ezkero, mesede bat eskatu bear dizut. Ez det iñor bialtzeko eta zuri orrelako bat egin eraztea egoki iduritzen ezpazait ere... hum!... hum!... Zera... esan nai nuke...
-Esan lasai, ez nazu asarretuko, Ricks jauna. Ez naiz zenbait bezin arroputza.
-Eskerrik asko, Bill. Asko poztutzen nau zu orrelakoa izateak. Goazen, ba, arira. Gaur goizean eleizatik atera naizenean eta kaleak zear nebillelarik, Stockton eta Powell kaleen erdian arkitzen dan Sutter kaleko denda batean, Merkatu kalearen aurrez-aurre, txarro urdin bat ikusi det. Eta txarro urdiñak nere gogoko izaki. Gaur ikusi detan txarro ori ez da oso ederra, ezta ikusgarrietakoa ere, garestia ezin beraz izan; baña nere ezagun batek txarro ori bezelako beste bat du, eta ori nai luke orain pianoaren alde bakoitzean txarro berdiñak jartzeko. Ona ordea zer gertatzen zaidan. Gaur gaueko zortzietan Santa Barbara aldera ateratzen dan trena artu bear det len esan dizuten ezagun orren eztai-urteurrena edo jaitzen dutelako. Eta nere alabak tankera ortako oparitxoa egitea litzakela egokiena esan dit.
-Bai jauna, bai, zuk txarro urdin ori zerekin eraman nai zenuke gaur Santa Barbarara. Eta gaur bertan erosi bear nai-ta-nai-ez, biar, dendak iriki arte utzi ezkero, berandutxo litzake-eta.
-Orixe, bai. Badakizu beraz gaur bertan bear detala. Atzo ikusi izan banu, atzo bertan erosiko nuan, eta ez nizun zuri orrenbeste lan emango.
-Ezaugarri geiago eman bear dizkidatzu. Esan didazu ze txarro nai dezun... Ez, ez didazu oraindik esan. Esaidazu ze urdin duan, urdin asko dira-eta, ze neurrikoa dan, ze zabalero dun gutxi gorabera. Xaplana edo luzea da? Urdin argia edo illuna?
-Txarro urdin-argia da eta marrazki japondarrez apaindua dago. Ez dakit nolako marrazkiak diran, baña loreak eta txori irudiak beintzat baditu. Ogeita amar zentimetro luze eta amar zabal izango da.
-Ederki, jauna, ekarriko diot.
-Eta zortziak amar gutxiagotan ateratzen dan trenera eramango al didazu? Oiakiko gelan egongo naiz.
-Bai jauna, eramango diot.
-Eskerrik asko, Bill. Ez dezu noski ortarako diru asko bearko eta gaur txautzen dezuna biar nere izenean etxeko diruzaiari eskatuko diozu.
Berriro itz aspertu bat egin zuan Skinner-ekin, eta kaleratu zanerako irurak ziran.
Stockton eta Powell kale bitartean zegon Sutter kaleko etxe sallera juan zan zuzenean, eta, denda guzietako agertokiak ederki miatu arren, etzuan Cappy Ricks-ek nai zuan txarrorik billatu. Ez eta antzekorik ere.
"Gure agureak beste tokiren batean ikusiko zian txarroa -zion berekiko Bill Peck-ek-, edo bestela etziot ondo aditu. Berriro galdetu bearko ziot".
Bai galdetu ere, baña alperrik, etxean neskamea bakarrik zegon eta etzekin Cappy Ricks nora juan zan ez noiz etorriko zan. Sutter kalean barrena dabil orain berriro Bill Peck. Ez du agertokirik begiratu gabe uzten. Powell eta Bush kaleak ere miatu zituan, eta, ez arkitu arren, etzuan etsitzen. Korreo kalean ere, ezer ez. Buru gogor xamarra izan arren, aspertu zan gure gizona; baita nekatu ere ainbeste goraberakin. Alako batean, ordea, Grant egurastoki inguruan, Geary kaletik barrena zijoala, orra nun ikusten dun txarro urdiña. Ori ote da, ordea, Cappy Ricks-ek nai duana? Begira-begiraka egon zan eta "auxe dek" esan zuan alako batean.
Atea irikitzen asi zan, baña itxia zegon ate ura. Aldi batean ate joka ere egon zan norbaitek irikiko ziolakoan, baña etzan an iñor, itxuraz beintzat. Ate-gañean zegon idazkun bati begira jarri zan eta auxe irakurri zuan:
"Gaitzerdi, zer edo zer bazekiat orain", egin zion bere buruari, eta errenka-errenka Palace Hotelera juan zan. Urrutizkin-zerrenda edo lista eskatu zuan. Urrutizkin-zerrendan emeretzi B. Cohen izeneko arkitu zituan. Zeñi deitu? Salerosle-zerrenda eskatu zuan orduan bitxiak saltzen zituan B. Cohen arkitzeko. Bai arkitu ere. Alperrik, ordea, dendako zuzenbidea zekarkin.
"Ez da San Franziskon biziko, inguruko erriren batean baizik" esanaz Berkeley, Oakland, Alameda eta beste urietako urrutizkin zerrendak miatzen asi zan. Etzuen ezer lortu. Aspertua, nekatua, erdi etsita urrutizkiña artu, eta San Franziskoko emeretzi B. Cohen-eri deitzen asi zan. Emeretzietatik lauk etzuten erantzun ere; iruk, urrutizkiña aspaldi utzi zuten; seik, ebreoeraz erantzun zioten; bostek, etzirala arek billatzen zuan B. Cohen erantzun zioten, eta emeretzigarrenak irlandatarra zala eta bere abizena Cohan idazten zala erantzun zion.
Berkeley, Oakland, Alameda, San Rafael, Saussalito, Mill Valley, San Mateo, Redwood City eta Palo Alto-ko B. Cohen guziai deitu zien urren, eta, alperrik izan zitzaiolako urrutizkiña utzi eta izerdia legortzen, kolka bera baño ere arroagoa eta ernegaziagoa atera zan. Kaleratu zanean gora begira gelditu zan. Bazidurin Alguztidunari laguntza eskatzen ziola ere.
Seiak ziran. Gure gizona oldozkor zegon. Baña nola ote zan Cohen, Cohan, Cohn, Kohn edo Coen?
"Berriro len bezela asi bear badet, gaur gauerako ilko naiz" esanaz, dendaruntz artu zuan berriro.
Idazkunak onela zion:
"Ardo kontrabandistak nun ote diran jakin nai nuke nik orain -zion berekiko-. Oraintxe nekatu naiz eta ardo tanto bat ez litzaidake gaizki etorriko. Zin ere egingo nuen nik abizen au E-rekin idazten zala! Len ala ikusi detalakoan nago gañera oraindik ere!".
Peck, urrutizkiña artuaz, San Franziskoko B. cohn guziai deika asi zan berriro. Zortzi baziran izen ortakoak. Sei etxetik atereak ziran, zazpigarrenak mozkor abotsarekin erantzun zion eta zortzigarrenak erdi-gorra zalako oiuka itzegiten zuan.
"Gerrak badizkik bereak, baña baita pakeak ere", zion Peck-ek.
Berriro urrutizkiña eskuan, San Franziskoren inguruetan bizi ziran B. cohn guziai deika asi zan. Oraingoan, noizpait bear eta, asmatu zuan. Seigarren aldiz deitzerakoan erantzun zioten San Rafaeldik, berak nai zuan B. cohn-en etxetik. Baña -beti bañaka-, sukaldariak esan zionez, B.Cohn jauna Simons zeritzan jaun baten etxean, Mill Valley-n zan.
Iru ziran abizen ortakoak Mill Valley-n. Berak nai zuanarekin itz egingo bazuan, irurai deitu bear izan zien. Antxe zan B. cohn jauna, eta berarekin itz-egin nai zuana nor zan galdezka asi zitzaizkion:
-Heck jauna? Leck jauna?
Ixillunea.
Berriro lengo abotsak urrutizkiñez:
-Cohn jaunak dio ez dula Leck izenadun iñor ezagutzen; zer nai dezun jakin nai du eta apaltzen ari dala eta baezpadako arazoagatik ez lukela apari ori utzi nai.
-Esan zaiozu mesedez Cohn jaunari Peck jaunak garrantzi aundiko arazoaz itz-egin nai diola.
-Metz jauna? Ben Metz jauna?
-Ez, ez eta ez! Peck! P... e... c... k?
-D... e... c... k?
-Ez!... P.
-C?
-P!
-A, bai! E... Zer geiago?
-C... k.
-Aizu, naikoa degu! Deitu akiozu Cohn jaunari bereala, bestela orrera juan eta tiro bat emango dizut. Esaiozu denda sutan dagola!
Bereala esan zioten noski Cohn jaunari Peck-ek zekarkiana, laister zan beintzat urrutizkiñean.
-Itzaltzalletako burua al zera?
-Entzun, Cohn jauna. Zure denda ez dago sutan. Gezurtxo ori esatera beartu nazute zu urrutizkiñera ekarri erazteko. Ni Peck naiz. Ez nazu ezagutzen. San Franziskon, Geary kaleko dendan gaur bertan erosi nai nuken txarro urdin bat daukazu. Zazpi eta erdiak baño lenago nerekin bear du gañera. Berealaxe etortzea nai nuke beraz neri txarro ori saltzera.
-Erua al-zaude edo ni erotu nai nazu?
-Ez, Cohn jauna, ez, etziñuket erotu nai. Neroni nago ni naiko erotuta. Txarro orixe bear det, eta ez naiz neurenganatu gabe geldituko.
-Bai al dakizu txarroak zenbat balio duan?
-Ez; ez da jakin bearrik ere. Gauza bat erosi bear detanean ez diot balioari begiratzen. Erosi eta kito. Etorriko al zera?
-Zaude! Zazpiak laurden gutxi dira eta urrengo trena zortzietan ateratzen da. Bederatzik amar gutxiagotan or izango naiz, ba... Oraindik apaltzen asi berria naiz eta ezin ba bereala juan.
-Utzi zazu aparia! Nik txarroa bear det!
-Eckstein jauna, ortarañoko presa badezu deitu zaiozu nere ordekoari. Herman Yoost izena du eta urrutizkiñaren zenbakia "Prospect iru... bi... lau... bederatzi". Esaiozu nik esan dizutela denda iriki eta txarroa saltzeko. Agur Eckstein jauna!
Ta beste gabe utzi zuan urrutizkiña B. cohn jaunak.
Etzeukan Bill Peck-ek denbora alperrik galtzeko. Bereala deitu zuan beraz "Prospect 3249" urrutizkiñera. Herman Yoost-en amak erantzun zion. Herman Yoost etzan etxean. Beti apaldu oi zuan bazkunean izango zala noski garai artan. Ze bazkun izan zitekeen etzekin ordea. Zer egin? New Yorkeko bazkun guzietara deitu. Erantzun parregarrienak egin ziozkaten. Zortziak joak eta artean ari zan. Bazkun batetik erantzun zioten Yuce etzala ango bazkide; bestetik Luce etzala an; urrengotik Cus iltzala iru illabete edo bazirala; Boos New York-en zala; Youst etzutela ezagutzen eta abar.
-Oraintxe sartu didate ederra! Ez dezatela beintzat esan ez naizela saiatu. Agertokiko leiarra autsiko det eta kito.
Taxi bat artu zuan eta taxi-zaleari nun itxoin esan ondoren, mallu bat kenduta denda aldera abiatu zan. Dendako ate ondoan ordea txinel bat zegon, ortarako baimenik ez duan arren, ziarrua erretzen.
"Leiarra austen badet espetxera eramango natxiok", zion bere buruari, eta denda aurrean burua makur zuala jarraitu zuan.
Berriro aurre artatik pasatzerakoan dendara begiratu zuan eta orduan argi dizdikorraz apaindutako idazkuna irakurri zuan: "B. Cohen"! zion.
Ori ikusi zuanean, lenaz gain aspertuta, nekatuta, nazkatuta, ziaro etsita exeri egin zan. Goseak zegon. Presaka eta gutxi bazkaldu zuan txarro ori zala eta, eta orrenbeste ibillirekin biziro gosetu zan. Etzan gutxiagotarako! Ankean min zeukan eta moztutako besoko eskuan azkure zeukala zeritzaion.
"Mundu au txoroz betea dago. Nekaturik nago eta gose det. Apaldu dezadan ba".
Len zai utzi zuan taxi bera artuta jatetxe batera juan zan beraz. Apaldu aurretik, ordea, "Prospect 3249" urrutizkiñera deitu zuan, eta bai Herman Yoost etxean arkitu ere. Gauzak zuzentzen asiak ziran noski.
Esan zion asarrez beterik zer nai zuan, baña etzuan orrenbestez nai zuana iritxi. B. cohn edo Cohen jaunarekin itz-egingo zuala esan zion, eta, "Kek" jaunak ziona egia bazan, bederatzik alderako dendan izango zala eta an itxoiteko.
Pozik esan zion baietz "Kek"ek.
Bederatzik eta laurdenak ziran Herman Yoost dendara iritxi zanean. Bidean zetorrelarik ordea txinel bati laguntzeko esan zion eta txinela lagun zuela etorri zan. Denda iriki zuan, argiak piztu ere bai eta agertokitik atereaz mai gañean jarri zuan txarroa.
-Zenbat balio du ditxosozko txarro onek?
-Bi milla dollar. Eta bereala ordaintzekotan.
Eskerrak txinela an zegola, bestela erortzen da gure Peck jatorra. Bi milla dollar! Eta berak amar baizik izan ez!
-Txeke batekin ordaintzea berdin al litzake?
-Ez ordea nik zu ezagutzen.
-Nun daukazute urrutizkiña?
Skinner-en etxera deitu zuan.
-Skinner jauna, Bill Peck naiz. Dendan nago, eta bi milla dollar bereala ordaintzen baditut, oraintxen eraman nezake Ricks jaunak nai duan txarroa.
-Baña, gizona! Orain arteko guzian orren billa ibilli al zera?
-Bai, jauna, eta bear dan guzian ibilliko naiz gañera. Ekarri zaizkidatzu mesedez onera, Geary kaleko B. Cohen jaunaren dendara bi milla dollar. Ler egin det eta orreraño ere ez nitzake iritxiko.
-Peck adiskidea, ez ordea nik bi milla dollar izan. Nola nai dezu ba etxean orrenbeste diru eukitzea.
-Atoz San Franziskora eta idazkolatik artu itzazu.
-Kutxako atea ordulariak irikitzen duala badakizu, eta biar goizeko bederatziak arte ezin liteke iñolaz ere iriki.
-Atoz ba onera eta esan zaiezu dendakoai nere txekea ona dala.
-Ona ote da ordea?
Irakiten zeuzkan odol guziak burura iyo zitzaizkan orduan Bill Peck jaunari eta galdera ori entzundakoan, zakurraren... biali zuan Skinner.
-Biar ilko zaitut bai nik zu nere beso motzarekin. Lotsagabea! Lapurra!
Pixka bat baretu zanean Ricks jaunaren etxera deitu zuan Mat Peasley-ren galdezka. Bereala etorri zitzaion kapitana eta maitakiro entzun zituan Peck-ek edestu zizkan ibilli neketsuak.
-Bill, ori gizonari egin lezaioken isekarik aundiena da. Ezin liteke gizona orrelako mandatuetara biali! Entzun nik esaten dizudana; etzazu jaramonik egin.
-Ezin nezake. Ricks jauna asarretuko litzaidake, eta, eskuiko besoa moztu bearren arkituko banaiz ere, Ricks jaunarekin adiskide izan nai det.
-Txarroa eramateko beranduegi dezu ordea gañera orain! Ricks jauna zortzietan atera da, eta orain bederatzi eta erdiak dira.
-Badakit, baña txarroaren jabe egiten banaiz, Santa Barbarara iritxi baño len emango diot.
-Nola?
-Egazkin-zale dan lagun bat badet eta arek eramango nau bere egazkiñarekin Santa Barbararaño.
-Zu erotu egin zera!
-Badakit, baña eman zaizkidatzu bi milla dollar.
-Zertarako?
-Txarroa erosteko.
-Eroa edo txoroa... bietako bat ziurki, biak batera ezpada ere. Ricks jauna ez bi milla dollarrengatik, baña berreunengatik ere ilko litzake, gizona!
-Peasley kapitana, emango al dizkidatzu bi milla dollar?
-Ez, adiskide, ez. Zuaz etxera eta lo egin zazu.
-Mesedez! Zu guziak ezagutzen zaituzte eta zuri txekea artuko dizute. Neri ez... Gaur gañera igandea da-eta...
-Igandea! Bai ederki betetzen dituzula zuk erlijioko aginduak -esan eta beste gabe utzi zuan Bill Peck gizarajoa.
-Zer? -galdetu zion Herman Yoost-ek urrutizkiña utzi zuanean-. Gau guzian emen egon bear al degu edo?
Buru-makur zegon Bill.
-Entzun! Diamante onak ezagutzen bai al dakizu?
-Nai luke.
-Itxoingo al didazu ni etorri arte?
-Itxoingo dizut.
Errenka nabarmenean, baña al zuan pizkorrena atera zan dendatik. Bai aguro etorri ere erreztun ikusgarri bat eskuetan zuala.
-Zenbat balio du onek?
Astiro aztertu zuan Herman Yoost-ek, eta bi milla eta bosteun dollar inguru balio zituala aitortu zuan.
-Txekearen dirua jaso ezin badezu, ori zuretzat. Ekatzu ordea ageri bat.
Ordu erdi bat geienaz ere zan txarroa kartoi gogor batean bildu eta jatetxe batera joan zanean. Apaldutakoan bere lagunarengana joan zan eta gau erdirako Bill Peck eta txarroa an zijoazen aizeak zear egazkin eder batean.
Ordu eta erdi inguruan edo ibilli ondoren zelai batean tren-bide bazterrean gelditu ziran. Bill Peck jetxi zanerako, egazkiña San Franziskoko bidea arturik zan berriro. Trenbidean exerita zegoelarik, trenaren txistua entzun zuan, eta zer egingo eta izperringi bat ederki bildu eta sutu ondoren trenbide erdian jarri zan trena geldi arazteko asmoz. Berearekin atera zan gañera. Antxe gelditu zan beintzat trena.
-Zergatik gelditu arazi dezu trena? Billeterik bai al dezu?
-Billeterik ez, baña dirua bai bear dana ordaintzeko. Gizon baten billa nabil eta berarengana joaten utzi nai ezpadidazu bertan ilko zaitut.
-Beso-motza zaralako barkatzen dizkizut arrokeri oiek, bestela... Zuk nai dezun jaun ori zarra, txikia, bizar zuriakiko bat al da?
-Bai jauna, orixe bera.
-San Franziskotik atera baño len zure galdezka zan. Eskuiko besopean zerbait zeramakin beso-motzik ikusi al detan galdezka zitzaidan beintzat. Guazen, esango dizut nun dagon.
Atea eun aldiz jo ezpazuten etzuten bein bakarrik ere jo. Alako batean an datorkie Cappy Ricks oeko alkandora luzea soñean duala.
-Barkatu, Richs jauna, baña ainbeste Cohen, Cohn eta Cohan ziran eta ain da zalla bi milla dollar berealako batean billatzen, trena ateratzerako geltokira joaterik ez det izan... Nai ordurako ezin ekarri izan dizut, baña zuk neregatik atsekaberik txikiena izatea ere ez nuen nai... Ona emen txarroa! Denda etzegon zuk esan didazun lekuan, baña auxe da noski zuk nai zenun txarroa. Ala izan bear. Asko balio du eta milla eragozpen arkitu ditut nere bidean; opari ederra daramazu beraz.
Cappy-k arrituta begiratzen zion aurrez aurre zeukan Bill Peck gazteari.
-Jesus, Jesus! Jesus milla bider! Zuzenbidea oker eman dizugu, ainbeste Cohen artean bear zana billatuazi dizugu, dendako leiarra autsi etzenezan txinel bat biali degu, iñor ezagutzen etzenuan tokian bi milla dollar arkitu erazi dizkitzugu, eta, eragozpen oiek guziaz gañera, trenak iges egin arren, ona nun ikusten zaitudan goizeko ordubietan zere txarro eta guzi! Atoz, atoz barrura.
Pozik sartu zan Bill Peck. Bai laster exeri ere.
-Beraz, iseka egin dirazute? Beraz, nere bizkar parra egin dezute?
Asarrez esan zituan aurreko itz oiek.
-Ederki, jauna: zarra zera eta... oso ona izan zera neretzako, ez dizut ezertxo ere esan nai. Baña, Ricks jauna, gerra aurretik errexa zitzaidana gaur zailla zait. Ixtarrean min det, min ezkerreko besoan, min biotzean...
Bill Peck-en begiak malkoz busti ziran.
-Etzenidake orrelakorik egin bear, Ricks jauna. Neri gaizki iruditu arren, agintzen zaitena betetzen dakit; beti egiten det agintzen zaitena: goiz edo berandu, bete beintzat. Nere nagusiai bear zaien menpetasuna gordetzen dakit..., eta pena izugarria ematen dit nere nagusiak zuk egin didazuna egiteak... Egur txar oiek saltzeko beste bat billatu zenezake ba... Skinner txatxu ori edo. Eta gañera esan zenezaioke urrena ikusten detan tokin ikusten detala, ezurrik gabe utziko detala...
Maitakiro jarri zuan Cappy-k bere eskua Bill Peck-en buruan.
-Bill adiskide maitea, arrazoi dezu, gogortxo jokatu degu zurekin. Orra, ordea, zergatik dan. Garrantzi aundiko leku baterako nai ziñuket zu. Biali baño len, zure leialtasunaren berri jakin nai, ordea. Orregatik egin erazi dizut txarro urdiñakiko prueba ori. Garaile! zera. Bi milla dollarreko txarroa ekarri dezu zure ustez, baña ez da ori zuk ekarri dezuna, urteko amar milla dollar irabazteko eskubidea baizik. Shanghaira joan bear dezu emendik, an degun gure etxeko zuzendari izatera. Garrantzi aundiko lekura bialtzeko gizon bat aukeratu bear detanean, txarro urdiñakiko prueba ori egiteko oitura det. Orain artekoan amabostetatik bik bakarrik ekarri didazute txarro urdin au.
Aguro joan zitzaizkan asarreak Bill Peck-eri, artean bere begiak malkoz bustiak agertzen baziran ere.
-Eskerrik asko, jauna. Barkatu... eta Shanghain alegiñean saiatuko naiz.
-Badakit, Bill. Esan zaidazu egia, ez al dezu etsi eta guzia zegon bezala uzteko asmorik artu?
-Bai jauna. C... o... h... e... n guziai deitutakoan ezbear bat egin ez detanean ez da ezer. Eta C... o... h...n guziai deitutakoan! Baña etzegon asitako lana uzterik. Gerratean ezagutu nuen gizon bati leialtasun geiago zor nion eta berriro...
-Zeñi?
-Gure gudalburuari! Ura zan lekuan ikurritz bat genun: "Egingo da!". Bere buruzagiak zerbait agintzen ziotenean, aren erantzuna jakiña izaten zan: "Ederki, jauna: egingo da!". Menpekoren batek ezpai txikiren bat jartzen bazion zorrotz-zorrotz begiratuko zion, eta menpekoa, ikurritza gogoratuaz, itzik esan gabe juango zan agindua betetzera edo betetzearren iltzera. Sarjentoak zerbait agindutakoan, agindurik gogorrena izanda ere, par-irria egiñaz alai-alai "Ederki, jauna: egingo da!" esaten ez bagenun, Jainkoak guarda! Bazan gure etsaien artean lagun asko iltzen zizkigun gudari bat. Gudalburuak uraxe iltzeko agindua eman zidan neregatik oso ondo itz-egin zioten batzuei eskerrak. Beregana joan nintzanean mapa bat atera eta esan zidan: "Ara, Peck, inguru auetan dabil bereak eta bi egiten eta garbitu zazu". Bear zan begirapenaz esan nion: "Jauna: egingo da!". Etzait sekula aztuko arek gaxoetxean nengoan tokira ikertzera joan zitzaidanean egin zidan begiratu goxoa. Zauritua nengon eta ez nuen bizitarako nintzanik ere uste, eta auxe esan zidan: "Gizona, etzaude iltzeko eta askoz gutxiagorik ere. Gudaritzatik at asko egin zenezake". Nik ezetz noski erantzun niolako, "Peck gudariak al duan guzia egingo du osasunera biurtzeko eta ezaugarritzat orain bertan par egingo du" esan etziran ba. Irri-parra egin nun eta betiko erantzun ura eman bear izan nion: "Jauna egingo da!". Gizona zan gure gudalburua...
-Nola izena zuan zure gudalburuak?
Bill Peck-ek gudalburuaren izena esan zuan.
-Arraie, arraiea! Gauzak nola izaten diran! Orain ogeita bost urte gudalburu orrek nere etxean lan egin nai zuan, eta txarro urdiñakiko prueba egin nuan berarekin ere. Eta, bestela ezin zualako, txarroa artzearren leiarra autsi zuan eta iru kilometro bidean edo berarekin ibili bazuan ere, azkenean txinelak kendu zioten. Aien atzaparretatik askatzea zenbat kosta zitzaidalako gero. Gizon onegia zalako aske utzi nuan... bere bidean jarrai zezala. Eta oraintxe ikusten det agindutakoa betetzen ederki dakila. Baña, Bill, nun arkitu dituzu txarroa erosteko bear zenitun bi milla dollarrak?
-Gerran genbiltzala etsaien esietan sartu giñan batean erreztun ederrakiko beatz moztutako bat arkitu nuan. Ondo jokatu nuala-eta, erreztun ura neretzat eman zidaten nik artzen ez banuan beste norbaitentzan izango zala esanaz.
-Baña nere izenean orrenbeste diru gastatzen nola ausartu zera? Ez al zendun neri garesti zala irudituko zitzaidan bildurrik?
-Iñolaz ere! Zure langilleen erantzunbearrak zure gain baizik ez ditezke. Ezagutzen zaitut gañera. Zuk esan zenidan zer egin bear nun, baña ez nola egin bear nun. Gudalburuak soldadu ura iltzeko agindu zidanean nik ez nuan pentsatzen ere ni ilko niñutenik. Arek iltzeko esan zidan eta bideak neronek arkitu bear. Etsaien eskuetan erori banitz, ez neukan agindua betetzerik.
-Alaxe da. Nolanai dala ere, txarro ori nai dezunari eman zenezaioke. Lendik ere nerea baizan. Amabost zentabo baizik ez ditu balio zuri bi milla dollar eskatu badizkizute ere. Eta lo egizu lasai, nekatua zaude-eta.
-Ez al dezu, ordea, Santa Barbarako ezkon-urteurrenera joan bear?
-Ez. Aspalditik igarria nago golf jokua onuragarria zaitela, eta noizik-beinka oneraxe etortzen naiz astetxo bat igarotzera. Gañera norbait prueban jartzen detanean, zer gerta ere idazkolatik urrutiratu egiten naiz... Ze jolas mota da zure gogokoena, Bill? A! Izan ere! Barkatu... Beso-motza ziñanik gogoratu gabe esan dizut.
-Aizu, adiskide. Golfean esku bakarrarekin jokatzeko diña banaiz noski.
-Baña, pruebarik egin al dezu?
-Ez jauna, egingo da!, ordea.
- - Knights of Columbus: Elkarte ongintzako katolikoa, New Haven-en (Conecticut-en) sortua 1882an.
- - R. Kipling-ena da delako liburu hori: Barrack Room Ballads.