Willhelm Tell (2004)
Wilhelm Tell Schiller-en idazlan hau Aitzolek zuzentzen zuen Yakintza aldizkarian argitaratu zen epeka, 1934an hasi eta 1935ean amaitu, zazpi emanalditan. Ez da, ez, huskeria datu hori. Izan ere, Aitzolek berak animatuta hasiko zen seguru asko Iñaki Goenaga liburu hori itzultzen. Goenagak itzulitakoari argitara lekua behintzat aurkitu zion. Besteak beste, Aitzolen orduko ibilbidearekin eta xedeekin bat zetorrelako Suitzaren independentzia goraipatzen duen antzerki abertzale klasiko hau. Garaiko lexiko arazoak gorabehera, erraz eta gogoz irakurtzen da, hirurogehita hamar urte pasatu diren arren, itzulpen aurrekari eder hau.
Inazio Mujika Iraolak prestatu duen edizioak Yakintza aldizkarikoa jarraitzen du, ortografiazko xehetasun batzuk (r gandordunak, adibidez) bazter utzita.
Liburuari hasiera emateko hitzaurrea idatzi du Goenagari buruz, eta bukaeran alemanezko testua dator; hiztegitxo bat ere erantsi dio, garai hartako hizkeraren argigarri.
Hemeroteka
Schillerren Wilhelm Tell, Iñaki Goenagak euskaratuta (EIZIE 05/02/20)
Iñaki Goenagaren lana oroituz. Azpeitiko itzultzaile omendu berriak egindako Wilhelm Tell-en itzulpena kaleratu du EIZIEk (Berria 05/03/25)
Schillerri, Schillerrizor zaiona . Bihar beteko dira 200 urte Wilhelm Tell antzerki obra unibertsalaren egilea hil zenetik (Berria 05/05/08)
***********
SCHILLERen
WILHELM TELL
GOENAGAtar IÑAKIk S.I.
Doitxeratik euskeratua
***********
Antzerki-gaia
Lenengo ekitaldian Schiller-ek azaltzen digu suizotarrak zergatik eraso zioten Austriari: Wolfenschiessen ibar-jauntxoak suizotar baten emaztea galdu nai du ta arek aizkoraz jo ta odol-usten du. Jaurlariaren zaldunak ondoren jarraitzen diote, ta Tell-ek ekaitzez nasturiko Lau-Erki-Aintzira zear beste aldera eramanaz, onez ateratzen du. Beste bat; Stauffacher, Jaurlariaren gaizki-nai beldurrez, ta bere emazteak zirikauta, lenbailen uztarpe orretatik irtetearren, beste Erkietan lagunak arkitzea erabakitzen du. Ordu berean, Altdorf-ko zeian espetxe-gaztelu bat jasotzen ari dira. Eta lurralde artako biztanleak oraindik geiago lotzearren, Kaisar ordezko bezela, aga-buruan ipiñitako txapela agurtzera beartzen ditue. Orrela esangiñak nortzuk diran eta ez diran ezagutzeko. Guenez, beste suizotar bat, Melchthal-en aita itxutzen dute ta zituanak lapurtzen dizkiote, zeukan idi-uztarri bikañena lapurtu nai zion Jaurlari-bidaliari Melchthal berak beatza apurtu ziolako.
Ori dala ta, adiskide batzuk biltzen dira; Tell-en aitagiarreba ere antxe zan eta guziak batera erabakitzen dute, batzarkideak geitu ta lenbailen uztarpe astun ortatik askatzea.
Bigarren ekitaldiak bi agerraldi dauzka. Lenengoa Attinghausen-en gazteluan gertatzen da. Nagusia suizo jatorra, bere illoba Rudenz-tar Ulrich-ek, Jaurlariaren etxean bizi dan Bruneck-ko Berte-ri dion maitasunagatik, sortu zaion atzerri-zalekeria kendu naian ari zaio. Bigarren agerraldian zinkideak Rutli-n bildurik, batzar bat egiten dute. An erabakitzen dute, aitzaki-maitzaki bidez, Gabonetan, gaztelu nagusienetzaz jabetzea.
Irugarren ekitaldian Tell, Gualter seme zarrenarekin, Altdorf-era bere aitagiarreba ikustera joateko gertutzen ari da. Eta bere emazte Edubigek, Jaurlariarengandiko beldurrez-edo, ez joateko esan arren, aruntza abiatzen da. Ekitaldi onen beste agerraldi baten, Gessler eizean zebillen basoan Rudenz-tar Ulrich eta Bertek al-kar-izketa dute. Bertek bere maitemiña Rudenz-entzat dala dio, onek atzerritarrengandik aldegin eta bere aberkide diran suizotarran alde jokatzen badu. Rudenz-ek ala egingo duala dio.
Tell orduan Altdorf-ko zeira eltzen da.
Aga-buruko txapela antxe dago. Tell-ek ez du ikusten eta ez agurrik egiten ere. Ontan Jaurlariaren gudariak espetxera eraman nai dute, agindua bete ez dualako. Bapatean, eizetik datorrela, Gessler antxe azaltzen da ta agintzen dio Tell-i, bere semearen buru gañean ipiñitato sagar-aleari gezia jaurtitzeko. Tell-ek, eztabaida ondoren, sagarra erdi-erdian jotzen du.
Jaurlariak au ikusiki, asarre gorritan, galdetzen dio zergatik gorde zuan kolkoan beste gezi bat. Tell-ek erantzuten dio: "Nere seme kutuna zauritu izan banu, bigarren gezi onekin, batetik beste zeu zulatuko zindudan". Ori entzunik, Jaurlariak Tell espetxeratzeko agintzen du.
Laugarren ekitaldian ordea, Kussnacht-eko espetxera zeramala, aintzira zear, izugarrizko ekaitzak nasten du aintzira. Gessler-ek, Tell lemari trebea dala jakiñaz eta arrisku artatik iges egiteko beste biderik ez zeukala ikusiaz, Tell-i damaio lema. Askatu ala, Tell-ek eroso zuzentzen du ontzia arkaitz mutur batera. Bertaratu ala, aitzera jauzkatu zan bere arranbela ta geziak lagun, gañerontzekoak ekaitz artean utzirik.
Attinghausen-go Nagusia ekitaldi onetan berez iltzen da. Jaurlaria ere Kussnacht-era bidean, Tell-en gezi batek iltzen du. Rudenz-tar Ulrich, Attinghausen-go nagusiaren illoba, ez aberri-miñez bakarrik, baita ere bere Berte Jaurlariak lapurtuz ezkutatu zitzaiolako, zinkidetariko bat egiten da.
Azkenengo ekitaldian matxinada egiten da. Erritarrak gaztelu guziak beraienganatzen ditue ta pozera dira osoro, ta poza geitzen zaie Kaisarra ere il dutela jakitean. Rudenz-ek Berte askatzen du.
Suabia-ko Jon, Kaisar-eraillea, lekaide jantziz Edubige-rekin izketan zegola, Tell etxeratzen da. Suabiako Jon argi ta garbi Tell-i azaltzen zaio. Tell-ek bere etsaiengandik iges egiteko era ta Erromako Doipuruarengana barkazio-eske joateko bidea erakusten dio. Tell-en aberkideak eltzen dira etxeraño ta "Gora gure askatzallea" deadarka agurtzen dute.
Antzez-lagunak
Hermann GESSLER, Schwitz eta Uri-n kaisar aldeko Jaurlaria. WERNER, ATTINGHAUSEN-go Nagusia.
RUDENZ-tar Ulrich, Werner-en iloba.
Schwitz-tarrak:
Werner STAUFFACHER,
Konrad HUNN,
Itel REDING,
Jon Auf Der MAUER,
HOFE-tar Jorke, SCHMIED-tar Ulrich,
WEILER-tar Jost.
Uri-tarrak: WALTHER FÜRST,
WILHELM TELL,
RÖSSELMANN, apaiza,
PETERMANN, txadon-zaia,
KUONI, artzaia,
WERNI, eiztaria,
RUODI, arrantzalea.
Unterwalden-tarrak:
MELCHTHAL-dar Arnold,
Konrad BAUMGARTEN,
Sarnen-tar MEIER,
WINKELRIED-tar Struth,
FLÜE-tar Klaus,
BÜHEL-tar Burkhardt,
SEWA-tar Arnold.
Luzernako PFEIFFER.
Gersau-ko KUNTZ.
JENNI, arrantzale-mutilla.
SEPPI**, artzaia.
GERTRUDE, Stauffacher-en emaztea.
EDUBIGE, Tell-en emaztea, W. Fürst-en alaba.
Bruneck-ko BERTE, etxalaba aberatsa.
Erriko emakumeak:
HERMENGARDE,
MATILDE,
ISABEL,
HILDEGARDE,
Tell-en semeak:
GUALTER
eta
GULIELMA
Gudariak:
FRIESSHARDT
eta
LEUTHOLD
Harras-ko ERRUDOLF, Gessler-en zaltegi-zaia.
Jon AIDERAILLEA, Suabiako dukea.
STÜSSI, basozaia.
Uri-ko turuta-jotzallea.
Kaisarraren geznari bat.
Gudari-gaien arduradun bat.
Argin nagusia, langilleak eta eunkariak.
Dunbelaria.
Lekaideak.
Landenberg eta Gessler-en zaldunak.
Erkietako gizon eta emakumeak.
LENENGO AGERRALDIA
Schwitz-i aurrez-aurre "Lau-Erki aintzirako" ertzean arkaitz zutiak ageri dira. Aintzirak lar barnean iz-adarra egiten du; ur ertzetik urrera, txabola; arrantzale-mutilla ontzian dijoa. Urrutiago belardi ezeak, erriskak eta Schwitz-ko baserriak eguzki argi izpitan ageri dira. Ikuslearen ezkerrera, Hacken-go gandorrak lañoz bildurik. Eskubira, guztiz urrun, elur-mendiak. Agertoiala jaso baño len, "Bei Lerroa" eta artaldeen dulun-dulun zoliak entzuten dira. Antzokia agertu ta gerora ere, soñu oiek luzaro diraute.
ARRANTZALE-MUTILLA (ontziskan abeslari; "Bei-Lerroa"ren eresia):
Aintzirak irriz igerira daragi.
Aintzirertz ezean mutillak lo dagi:
soñutxo bat dator
txirulots lez goxo,
aingeruen kantak
zerun orren antzo.
Atsegin zoriontsuz esnatu daneko,
bulartxoan ura zipristinka dauko.
Urpetik zioten:
"Umetxo, i, neretzat!
"lo dana, lilluraz
"urpera nik dakart".
ARTZAIA (menditik; "Bei-Lerroa"ren aldakuntza):
Agur belardi ta lar!
eguzkia argi-bero,
artzaiak jun bear du,
juna baita uztaro.
Mendira goaz gu; berriz etorriko,
kukuen otsa ta kantak ernetzean,
lurra lili berriz jantzi, ta iturtxoak
loreil kutunean, pur-pur erortzean.
Agur belardi ta lar!
eguzkia argi-bero,
artzaiak jun bear du,
juna baita uztaro.
ALPEN-EKO EIZTARIA (aurreko arkaitz gañean agerturik; "Bei-Lerroaren" bigarren aldakuntza):
Goiak burrunbaka, bideskak dardaratzen
txorabil-bideak ez eiztarik izutzen.
Izotz-zelai barna
ausarti dijoa:
ez da an udaberri argirik,
ez lore-kusku sortzerik,
laño-itxasoa oñazpian ageri;
gero, ezin antzik eman gizon uriri.
Laño zaurietatik
ikusten du lurra:
an
laño-urpean
belardi muskerra.
Ikuskizuna aldatzen da; basoetan burrunba; odei-itzalak lurralde zear arin dijoaz. Ruodi arrantzalea txabolatik irtetzen da. Werni eiztaria arkaitzetatik jesten da. Kuoni artzaia, esne-kaikua sorbaldan duela, eltzen da. Seppi morroia ondoren datorkio.
RUODI: Azkar ibili adi, Jenni. Ontziska ertzeratu. Ekaitz beltza emen dek-eta. Foin ere, garrazki orruka asi dek. Mytenstein mendiak ere, burua lañopean ezkutau dik, eta ekaiz-zulotik aize izoztua zetorrek. Nere ustez, bat-batean ekaitza bertan diagu.
KUONI: Euria diagu, txalupalari. Nere ardiak, goseti, belarra morrozten ari dituk, eta zakurrak lur-aztarka.
WERNI: Arraiak jauzi ta urrollok murgil, erasoa urrun-urrun etzebilek.
KUONI (morroiari): Abereak iges egin ez dezaten kontu egiek.
SEPPI: Lisel beltxarana zintzarri otsetik ezagutzen dut.
KUONI: Beraz guztiak emen dituk; urrutien, ori izaten baituk beti.
RUODI: Zintzarri-dulundi ederra duk, artzai!
WERNI: Beitalde mardula ere Eurea al duk, adiskide?
KUONI: Ez nauk orren aberatsa; Attinghausen-go nere nagusi eskuzabalarena duk, eta nere zainpean utzia.
RUODI: Ederki zegokiok gero lepo-uztaia bei oni!
KUONI: Orretxek ere aurrelari dala bazekik; eta kenduko baniok, larreari ere utziko liokek.
RUODI: Oker diok Abere ta adimena
WERNI: Ori azkartxo esan duk. Abereak ezagumena baditek; guk, orkatz eiztariok, bazekiagu. Larreatzerakoan zaindari bat zurki jartzen ditek; onek, belarriak erne, eiztaria urrera ala, txistu biziz oar zegik.
RUODI (artzaiari): Oraingoz etxeruntz zoazte?
KUONI: Alpen-eko belardiak aittu dituk-eta.
WERNI: Beizai ori! Izango al duzu bide zoriontsu!
KUONI: Orixe bera nere gogoa; zeuon ibillera oietatik, ez bai zerate beti berretortzen.
RUODI: Ara an, gizon bat zetorrek egiñalean.
WERNI: Ezagun diat, Alzelle-ko Baumgartenduk. (Konrad Baumgarten Arnas-estuka ta eriotsuar eltzen da.)
BAUMGARTEN: Jainko-arren! Zure ontzia txalupalari!
RUODI: Baña, orren egiñalean zer dala-ta?
BAUMGARTEN: Askatu ontzia! Eriotzpetik arren atera! Bestekaldera nazazue!
KUONI: Zer duzu, gizon?
WERNI: Ondoren nor duzu, ba?
BAUMGARTEN (arrantzaleari): Azkar, azkar. Orpoz-orpo ditut-eta. Jaurlariaren zaldunak atzetik, ortxe. Aiek atzemanik, ilko ninduteke.
RUODI: Ta zaldunak, zer dala ta, zure atzetik?
BAUMGARTEN: Lenik, bizirik atera eta gero itzegingo dizuet.
WERNI: Odol kutsu duzu. Zer gertau zaizu?
BAUMGARTEN: Rossberg-en bizi dan Kaisarraren ibar-jauntxoa
KUONI: Wolfenschessen! Ori al duzu jarraika?
BAUMGARTEN: Ez dit geiago kalterik egingo. Erail dut.
DANAK (atzera-ta): Jainkoak lagunduko al dizu! Zer egin duzu?
BAUMGARTEN: Nere ordez, edozein gizon askek egingo lukena. Nere emazte ta nere ederra zikindu nai zidanaren aurka bidezko eskubidea bete dut.
KUONI: Zure izen ona ibar-jauntxoak loitu al dizu, ba?
BAUMGARTEN: Bere griñ gaiztoak betetzen Jainkoak eta nere aizkora zorrotzak eragotzi diote.
WERNI: Zure aizkoraz burua erdibitu al diozu, ba?
KUONI: Ene bada! Esaiguzu guzia: ontziska ertzetik askatu arte, aldia baduzu-ta.
BAUMGARTEN: Basoan egurketan ari nintzan; il-larrian eta laisterka nere emaztea etorri, ta onela itzegin zidan: "Ibar-jauntxoa etxean dugu; ezkotzea gertutzeko agindu dit eta egite gaiztoz bere nai lizunak adieraztean, igesika zure billa etorri bearra izan dut". Negonez, bereala etxeratu, ta ezkotegi bertan aizkoraz odolustu dut.
WERNI: Ondo egiña! Orregatik iñork ez zaitu txarretsiko.
KUONI: Zantar alena! Berea jaso du. Unterwalden erriak aspalditik zor ziona.
BAUMGARTEN: Nere egiña zabaldu da; ondoren ditut Itzegiñaz Ene Jainkoa ! Aldia badijoakit (Ostotsa orruka asten da.)
KUONI: Azkar, txalupalari! Gizon zintzo au bestekalderatu ezak!
RUODI: Etzaitezte joan Ekaitz astuna lertzekotan zegok. Itxoin bear duzute.
BAUMGARTEN: Jainko ona! Ezin, ba, itxoin Luzaro egoteaz, eriotza dut bertan.
KUONI (arrantzaleari): Ekiok, ba, lanari, Jainkoa izan! Urkoari lagundu bear. Guri ere beste orrenbeste etorri dazaigukek. (Ostotsa ta burrunbadak)
RUODI: Ego-aizea askatu du, begira aintzira arrotzen; olatu ta ekaitzaren aurka nik ezin arraun-egin.
BAUMGARTEN (Ruodi-ri belaunak besarkatuaz): Nitzaz erruki bazera, Jauna lagun betorkizula.
WERNI: Ez-il bai-il zegok. Erruki! Txalupalari!
KUONI: Aita duk! Emazte ta semeduna! (Berriro ostots-tunpadak.)
RUODI: Zer? Nik ere, orrek bezela, bizitz bat eta etxean emazte ta semeak galtzekotan badizkiat. Ekaitzaren zurrunbilloa, aizearen orruak, eta aintzira barrendik jeikitzen diran ur-mendiak ez al dituzue ikusten? Gizon on au pozik eramango nikek, baña eziñezkoa zaidak dakusutenez.
BAUMGARTEN (oraindik belaunak besarkaturik): Eta orrela, nik etsaiaren eskuetan erori bear ote? Lurrertz gaizkallea aurreaurrean detalarik? An, begi begitan daukat, nere abotsak bestekaldea jotzen du: aldatu nenzaken ontzia ortxe, ta laguntza ta itxaropen gabe, nik emen gelditu bear ote?
KUONI: Begira, andik datorren ari
WERNI: Burglen-eko Tell duk
Tell arranbelakin.
TELL: Emen laguntza eske dagon gizon au nor dugu?
KUONI: Alzellen-dar bat; bere ederrari begiraturik, Rossberg-en bizi dan Wolfenschiessen, Kaisarraren ordezko ibar-jauntxoa, erail du: Jauntxoaren zaldunak orpoz-orpo ditu. Ontzilariari bestekalderatzea eskatzen dio; onek, ordea, ekaitz beldurrez eraman nai ez.
RUODI: Ara or Tell! Arraunlari bera ere! Orrek esan dezake igaro ote liteken.
TELL: Ontzilari! Azken beltzean edozertara ausartu bear. (Ostotstunpada gogorrak; aintzira orruka.)
RUODI: Eta ori, nere burua osin-zulora amiltzea litzake. Zentzudunak ori ezin dezake egin.
TELL: Gizon bioztunak bere buruari azkena begiratzen dio. Jainkoagan uste, ta larri-estu dana, gaizkatu oi da.
RUODI: Kai legorretik aolkuak errez eman ditezke. Ara emen ontzia! Orra or itxasoa! ausar zaite, ba !
TELL: Aintzirak baleike erruki izatea, Jaurlariak ez. Aintzirara zaite, ontzilari.
ARTZAIA ta EIZTARIA: Eramak! Eramak! Eramak!
RUODI: Nere anai ta seme bera izango balitz ere, ez neramakek. Gaur Simon eta Juda Deunen eguna duk, eta aintzira asarreopari naian zegok.
TELL: Alperrikako itzak alde emendik, ordua azkar dijoa eta gizonari lagundu bear. Ontzilari, azkenez eraman nai al duzu?
RUODI: Ez, nik ez!
TELL: Orduan Jainko izenean! Utzi ezaidazu ontzia. Nere indar aulaz saiatuko naiz !
KUONI: Bapo! Tell jatorra!
WERNI: Eizean bezela, itxasoan ere ikaragarri zu!
BAUMGARTEN: Tell ori! Nere aingeru ta gaizkatzalle izan azait!
TELL: Jaurlariagandik neuk pozez bizirik aterako zaitut! Ekaitzaren larrialdietatik, ordea, beste Arek zaindu bearko. Alaz ere, obe Jainkoaren eskupean, gizonarenean baño! (Artzaiari:) Artzai orrek, nere emaztea poztu ezazu, ezbearrezkoren bat gertatzen bazait. Utzi eziñ nezakena egin dut. (Ontziskara sartzen da.)
KUONI (arrantzaleari): Lemari azkarra aiz. Tell-ek dagiana egiten ez aiz ausartu?
RUODI: Ni baño gizon trebeagoak ere Tell-en jarrai ezlituzkek joango. Orrelako bi ez dauzkak mendian.
WERNI (arkaitzera igorik): Baziak Jainkoak bekik lagun arraunlari bizkor orri! Ara ontziska olatu gañean kulunkan!
KUONI (ertzetik): Urak irentsi dik! Orain ez diat ikusten Jox! Ara an berriz! Ugin aunpatsu artean, jatorra bai gogorki burrukatzen dala!
SEPPI: Jaurlariaren zaldunak emen dituk aztalkan.
KUONI: Ene Jainkoa! Beraiek dituk! Egiz bearra zan laguntzea!
Landenberg-ko zaldun-taldea.
1ZALDUNA: Ezkutuan duzuten gizona atera ezazute.
2ZALDUNA: Bide ontatik etorri da, eta alperrik zaizue ezkutatzea.
KUONI,RUODI: Nortzaz ari zera, zaldun ori?
1ZALDUNA (ontziska begiztatuz): A! Zer dakust! Arraia!
WERNI (goitik): Txalupan dijoanaren billa al zatozte? Lauankan, ba! Bideari oraintxe ekiten badiozue, badezakezue atzeman
2ZALDUNA: Madarikatua! Igesein ziguk!
1ZALDUNA (artzai ta arrantzaleari): Zeuok lagundu diozute: ai zuei! Artaldetara sar gaitezen! Txabolak xeetu, ta dana su ta gar dedilla. (Aguro dijoaz.)
SEPPI (igesika): Ai! Ene arkumetxoak!
KUONI (oni jarraiki): Ai! Nere artaldea!
WERNI: Lapurtzarrok!
RUODI (besoak kiribilduz): Jainko zuzena! Erri onen gaizkatzallea noiz etorriko ote? (Au ere, badijoa.)
BIGARREN AGERRALDIA
Schwitz-eko Steinen. Bidezabalean eta zubi ondoan, Stauffacher-en etxe atarian, astigar bat. Werner Stauffacher eta Luzernako Pfeiffer izketan datoz.
PFEIFFER: Bai, bai, Werne Jauna, esaten dizudanez, aldegin al baduzute; Austriaren alde ez zin-egin. Kaisalderriari tinko ta sutsu gaurdaño bezela lotu zatzakiote. Zuen antziñako askatasuna Jainkoak zainduko dizue-ta. (Eskua biotzez estutzen dio ta aldegin nai du.)
STAUFFACHER: Geldi baña, nere emaztea etorri arte. Emen Schiwitz-en zu nere maikide, Luzernan ni zurea bezela.
PFEIFFER: Eskerrik asko. Gersaun-era gaur bertan bearra naiz. Zuen Jaurlariaren diru-gose ta arrokeriakatik jasan bear duzutena eroapenez eraman. Au guzia bereala aldatu diteke; eta beste Kaisar bat agintzera bai etorri ere. Bein Austriarenak izan ezkero, betiko arenak zerate. (Badijoa. Stauffacher astigarpeko aulki baten, guztiz atsekabeturik exeritzen da. Bere emazte Gertrude-k onela daurki; ta, alboan exeririk, luzaro ixilki begiratzen dio.)
GERTRUDE: Nere senartxo, orren itun? Ez zaitut ezagun. Ixil-ixillik egun askotan egon naiz, zure bekokiari atsekabe illuna zeriola ikusirik. Miñ ezkutuak zure biotza zapaltzen badizu, esaidazu. Ni zure emazte leiala naiz, eta zure naigabetik erdia eskatzen dizut. (Stauffacher-ek eskua luzatzen dio ta ixil da.)Zure biotza zerk astundu ote dezake? Esaidazu. Zure maraztasuna Jaunak onetsi du. Zure zoruna edertzen ari da. Zure aletegiak gañezka. Bei-taldeak eta zaldi-lerro guri-mardula menditik ederrez etxeratu dira ikullu lasaietan negu egitera. Ona emen zure etxea. Aundiki batena bezin aberatsa. Begibetegarrizko zurez apaindua. Neurkeraz, bear bezela zuzenki eratua. Leio ugariz, eroso argitua. Ikurdi nabar eta esakun argiz margozturik aurrekaldea: bidaztiak, bidean geldituz, pozez irakurtzen ditu, beraien esaera mamitsuaz arriturik.
STAUFFACHER: Etxea benetan ederki apaindua ta eratua dago, bai. Baña, ai ene! koloka dago etxepeko lurra. (Etxe-oroia.)
GERTRUDE: Werni maite! Esan, itz oiek zer adierazten dute.
STAUFFACHER: Oraintxe bezela, gaur egun gutxi, astigarrondo onen aurrean exerita negon, nere lana polliki amaitua zala pozez gogoratzen. Orduan Küssnacht-ko bere gaztelutik Jaurlaria zaldi gañean, zaldunak lagun, bertaratu zan. Etxe onen atarian arriturik gelditu zan. Ni bapatean jeiki, ta menpekoari dagokianez, Jaunari aurkeztu nintzaion bera baita lurralde onetan Kaisarraren ordezkari legezkoa. "Etxe au norena da?", galde zidan asmo txarrez, berak ondo baizekin. Nik orduan, itzok ausnartu ta onela mintzo nintzaion: "Etxe au, Jaurlari Jauna, Kaisar nere jabearena duzu, baita zurea ere, ta ni Aren maizterra". Eta Ark jardetsi: "Kaisar ordez, erridi onetako Jaurlari ni naiz, eta nekazariak beren esku ta naiez etxeak jasotzea ta bertan jabe bezela bizitzea ez dut nai. Aleginduko naiz ori eragozten". Onela itzegiñaz emendik muker aldendu zan. Ni, ordea, mingozturik an gelditu nintzan gizon anker arek esandakoak ausnartzen.
GERTRUDE: Nere jaun eta senar maitea! Zure emaztearen itz zintzo bat entzun nai al duzu? Nik, Iberg martzalaren alaba izatea aintzat daukat. Neguko gau luzeetan, ardazketan aizpak batera exeri oi giñan. Aitaren etxean, berriz, erri-buruak batzen ziran, antziñako Kaisarren larrutxak irakurri ta erri guztiaren onerako ziranetzaz zentzudunez izketatzeko. An, nik itz gurbil aberkoi asko erne-ernerik entzun nitun; zuraren oldozpena; zindoaren naia zein dan ere bai. Eta biotzean guziak ixillik dauzkat. Entzun, ba, ta aditu nere itz auek. Larritzen zaituan miña aspalditik ezaguna zait Jaurlariak gorroto dizu ta pozik kalte egin nai dizu. Suizotarrei dinasti berrira eragiteko, zu zoztor eta kaltegarri baizatzaio. Eta zuek, asaben oituraz, Kaisalderriari zintzo ta tinko lotuak zagozte beti Ez da ala, Werner? Gezurti atera banaiz, esan.
STAUFFACHER: Alaxe da, Gessler-en nereganako amorrua orretxegatik.
GERTRUDE: Bekaitz dizu zure etxalde onetan, jabe bezela, zoriontsu bizi zeralako. Berak deusik ez du. Kaisalderri ta Kaisar beragandik, etxe onen maizter zu zera. Kaisalderri Aurrenak bere lurraldeen jabetza egiztatu dezaken bezela, zuk ere zureak baieztu ditzazkezu. Kistardi guzien burua ezpada, zure gain, zuk ez dazauzu beste jaunik Jaurlaria, etxeko seme bigarrena baño ez da, ta duan aberastasun osoa, daraman zaldungain-jantzia bakarrik. Zindoen zorunari begi okerrez eta biotz zitalez orregatik begiratzen dio. Galduko zaituala aspalditik zin-egin du Oraindañokoan bizirik zera Baña aren asmo galgarriak zugaz ase arte itxadon bear ote duzu? Gizon zurra arriskuetatik aurrez gertu oi da.
STAUFFACHER: Zer egin bear dut, ba?
GERTRUDE (arengana urreraturik): Entzuidazu nere aolkua. Schwitz-dar zindo oro gure Jaurlariaren ankerkeri ta diru-goseagatik alakatzen dirala badakizu. An, bestekaldeko Uri ta Unterwald erkietan, uztarri astunpean neketurik dirala, ez ezpairik izan Emen gure Gessler onen antzo; itsasoz andik, Landenberg ura Jaurlariek egin duten ezbear edo txarkeriren berri ez dakarren arrantzale-ontzirik, andik, ez datorkigu. Beragatik, on litzake zuetatik zindoen batzuk, batzar ixilean biltzea, gure erria uztarpe orretatik askatzeko. Nere ustez, Jainkoak etziñuzteke utziko; auzi zuzen onen alde bailegoke Esan! Zure biotza uste-osoz azaldu dezaiokezun lagunik, ez al duzu Uri-n?
STAUFFACHER: Biozdun ugari, ta nere iritxiko gizon altsu ugari ezagun ditut antxe; nere asmokideak oro. (Zutik jarriaz.)Baña, emakume ori! Nere bularpe barean, bai gogorapen arriskugarriak ernerazi dizkidatzula! Nere gogoko ezkutuena eguzki argitara atera duzu. Eta nere buruari ixil bakarrean oldozten ere, eragotzi niona, zu mingain-lokaz esaten ausartu zera Damakidazun aolkua ongi gogartu al duzu? Guda basatiari ta izkillu otsari ibar paketsu onetara ditezen, zuk dei-egin diezu Gu artzai-erri gixaxook, lurbiraren jabe danaren aurka egiten ausartuko ote gera? Erridi gixaxo onen gañera beren gudari-sail uzuak jaurtitzeko, ta bertan garaille-legez agintzeko, ta zuzentze bidezkoaren itxuraz, gure lege zarrak ezerezteko, orixe bai dala beraiek ditxaroten maratilla.
GERTRUDE: Zuek ere, gizonak zerate. Zuek ere zuen aizkora erabiltzen ondo dakizute; Jaungoikoa, berriz, kementsuen lagun.
STAUFFACHER: Ai emakume! Zigor ikaragarria da guda; artalde eta artzaiak berebat jotzen ditu.
GERTRUDE: Jaunarengandiko zigorra jasan bear da. Baña, gaiztakeririk ez du jasaten biotz zindoak.
STAUFFACHER: Atsegin zaizu, noski, eraiki dugun etxe berri au. Guda galgarriak kiskalduko du.
GERTRUDE: Nere biotza ondasun orri lotua dagola baneki, nere esku berberaz su-emango nioke.
STAUFFACHER: Gizonen biotz-beran zuk uste duzu! Gudak, seaska-aur samurrari ere, ez dio askesten.
GERTRUDE: Errugetasunak adiskide bat du zeruan. Aurrera begira, ene Werner, ez atzera!
STAUFFACHER: Gu, gizonok, liskarrean gizonki il gintezke; nolakoa izango, ordea, zuen zoria?
GERTRUDE: Argalenak beti urbil du azkeneko aukera: zubi ortatik bera jauzkatu ta aske naiz.
STAUFFACHER (Gertrude laztantzen du): Bere bulargañean onelako biotza estutzen duana, pozik bere etxe ta bordarentzat gudaldu diteke, ta iñongo bakaldunen gudozteak ez diote bildurrik ematen Oraintxe ontziratuko naiz Uri-ra joateko. Arazo auetan iritzi batekoa zaidan nere adiskide Walther Fürst jauna an bizi da. Attinghausen-go jaun guztiz zindoa ere, an arkituko det Jatorriz aundienetakoa bada ere, gure erria maite du ta oitura zarrak aintzat ditu. Biei aolku eskatuko diet, gure erria etsaiengandik askatzeko bidezkoena zer zaigun jakiteko Ondo bizi , ta ni urruti naizen bitartean etxeko ardura, buru-zurrez, zerorrek artu Jainko etxeruntz dijoan bidezkari, eta lekaidetxeko eskale onarentzat ere, esku-zabal izan. Pozik aldegin dezatela! Stauffacher-en etxea ez zaio iñori ezkutatzen. Bide zabal ondoan oso agirian dago. Bertatik bide egiten duten guziak abegi oneko estalpea emen daukate.
Zokondotik urrutira dijoala, Tell, Baumgarten-ekin antzokian agertzen zaigu.
TELL (Baumgarten-i): Orain ez duzu geiago nere bearrik. Etxe onetara sar zaite. Or bizi da Stauffacher, lanpetu guzien aita ona Orra or berbera Atoz, zarraikit! (Urbiltzen zaizkio ta apain-gaia aldatzen da.)
IRUGARREN AGERRALDIA
Zokondoan, muño baten jasotzen ari diran gaztelua ageri da, aurrera doa gaztelugintza, etxeari osoaren antza artu dezaioke
Atzekaldea amaiturik, aurrekaldea oraindik egiten; oltzak zutik ta bertatik langillea gora ta bera; etxe gain-gañean arbelgiña zintzilik. Guziak lanean ari dira bizi-bizi.
LAN-ZAIA (zigorrez langilleei eragiñaz): Tira, lanera! Utikan alperkeria! Arrilloak onuntza! Karea ta ezpaloia ekarri! Jaurlari Jauna datorrenean, lana oso aurreratua arkitu dezala Bareak bezela zabiltzate. (Zamatuta datozen bi soinkariei:) Ori al duzue lepaltzea? Ori alako bi! Alpertzarrok, eginbearrak ez ditue ondo betetzen.
SOINKARI LENA: Auxe orratik gogorregia da! Geronek geure uztarpe ta espetxerako arriak ekarri bear!
LAN-ZAIA: Zer ari aiz or marmar? Erri madarikatu onek beiak jexten eta mendietan jota-tira alperkerin ibiltzen baño ez zekik.
AGURE BAT (exeriaz): Ezin ba, geiago!
LAN-ZAIA (bultzatuaz): Tira aguro Zarkin ori, lanera!
SOINKARI LENA: Biotz gabe ori! Narraztaka ere ezin duan aguretxo ori lan gogorrera beartzen duzu?
ARGIÑA: Au bai, Goikoari deadar egitekoa!
LAN-ZAIA: Bakoitza bere arira; neuk nere eginbearra dagit-eta.
SOINKARI BIGARRENA: Lan-zai! Jasotzen ari geran gaztelu onek izena nola izango du?
LAN-ZAIA: "Uri-uztarpea" izendatuko dugu; uztarpe onetara lepoak makurtzera beartuko zaituztegulako.
SOINKARIAK (parrez): "Uri uztarpea!"
LAN-ZAIA: Zer da or par-eragitekoa?
SOINKARI BIGARRENA: Uri-tarrak etxetxo onekin uztarpetu nai dituzue?
SOINKARI LENA: Baña asma ezazue bata bestearen gañean zenbat sator-mukullu bildu bear ote litzazken, Uri-n dan mendirik txikien bezelakoa egiteko. (Lan-zaia zokondotik itzaltzen da.)
ARGIÑA: Neuk etxegintza madarikatu onetan darabildan mallua, itxaso ondoeneraño botako dut.
Tell eta Stauffacher aurkezten dira.
STAUFFACHER: Negargarri au ez ikustearren, ai!, bizi ez banintz!
TELL: Emen ez gaituzu ondo. Goazen aurreruntz.
STAUFFACHER: Baña ni Uri-n, askatasun errian al nago?
ARGIÑA: Ai, Jauna! Dorrepeko leotzak<ahref="#oh1">1 ikusi izan bazenitu! Ara dijoanak ez du beñere ollar kikurrukorik entzungo.
STAUFFACHER: Goiko Jauna!
ARGIÑA: Oiek dira alboak eta etxe-bularrak<ahref="#oh1">2! Sendo daude, betirako egiñak bezelaxe!
TELL: Eskuz jasotakoa, eskuz lurreratu diteke. (Mendiak erakutsirik:) Askatasun etxe ori, ordea, Jainkoak egin digu. (Danborotsa urrutira; aga-buruan txapel bat dutela ozte taldea dator, ta ondoren oiularia; emakume ta mutikoak zalapartaka sartzen dira.)
SOINKARI LENA: Zer da danbor ori? Erne belarriak!
ARGIÑA: Xomorro oiek zer dituk? Eta zer dala-ta txapel ori?
OIULARIA: Kaisarren izenean entzun!
SOINKARIAK: Ixo! Entzun!
OIULARIA: Uri-tarrok! txapel au ikusten? Beraz, Altdorf erdian dan tokirik goienean, aga luzearen buruan, goratuko da. Eta, ona emen Jaurlariaren nai ta agindua: "Txapelari, Jaurlari berari dagokion itzal berberaz agurtu bear zaio. Belaunikaturik eta burua-as jaretsi bearko duzue Ortan nai du Kaisarrak zuen menpetasuna ezagutu. Agindu au ausitzen duana, dan eta duan guziz Kaisarraren zigorpean geldituko da". (Erriak irridagi; danborrak berriz jotzen du ta txapeldunak andik badijoaz.)
SOINKARI LENA: A! Ori bururatzekoa bururatu zaiona, berriz, Jaurlariari! Gu txapel baten aurrean makurtu! Esan, oraindik orrelakorik entzun duzue?
ARGIÑA: Gu txapel baten aurrean belaunikatu? Gizon men eta agurgarrien lepotik ixeka egin nai al du, edo?
SOINKARI LENA: Bear bada, Kaisarraren burestuna balitz! Baña Austritarren txapela! Jaubetzak ematen diran bakaulki gañetik zintzilika neuk ikusitako txapela!
ARGIÑA: Austritarren txapela! Kontuz mutilak! Austriari lotu nai gaituan lokarria duk-eta. SOINKARIAK: Ez dago laido au eraman dezaken gizon zintzorik.
ARGIÑA: Atozte! Besteekin erabaki dezagun. (Zokondoruntz dijoaz.)
TELL (Sfauffacher-i): Orain badakizu guzia. Agur, Werner Jauna!
STAUFFACHER: Nere biotza gañezka duzu ta itzegin naiez.
TELL: Biotz astundua ez da itz-egiñaz arintzen.
STAUFFACHER: Itzak ordea, egintzara garamazkite.
TELL: Gure oraingo eginbearra au: jasan eta ixildu.
STAUFFACHER: Baña, eziña ere jasan bear ote?
TELL: Agintari ankerrak agintzaldi laburra dute Sakonetik ekaitza jeiki ala, sutzarrak itzaltzen dira, ontziak azkarki kaieratzen dira, ta aize indartsua, kaltegiteke ta aztarnik utzi gabe, lurraldeetan zear joaten da. Bakoitza, bada, bere etxean lasai bizi dedilla. Paketsuari pozik ematen zaio pakea
STAUFFACHER: Zuk ala uste duzu?
TELL: Zirikatzeke, sugeak ozkarik ez. Guenez, beraiek aspertuko dira beren egikeraz, erridia orren bare diraula ikusirik
STAUFFACHER: Gu guziok alkartuko bagiña, asko genezake.
TELL: Ontzi-ondapenean, norberak bere buruari errezago laguntzen dio.
STAUFFACHER: Guzioi dagokigunetik orren otz aldentzen zera?
TELL: Norbera bere buruatzaz bakarrik ezkier egon diteke.
STAUFFACHER: Aulak ere, alkar arturik gogorrak dira.
TELL: Indartsua, bakarrik indartsuen.
STAUFFACHER: Beraz, ezin dezake Aberriak zugan uste osoa izan, etsimendurik bere aldezka ari bearko duanean?
TELL (esku emanaz): Tell amiltegian eroritako arkumearen billa ere joaten da; eta, orain lagunak utzi ote dezazke? Baña egin nai duzutena, dana dala, nere zai ez egon zuen eztabaidetan. Nik ezin dezazket gauzak astiro aztertu ta aukeratu. Erabaki duzuten zeozertarako nere bear bazerate, deitu; Tell-ek ez du ez opor egingo. (Bakoitza bere aldetik dijoa. Bat-batean oltz-alderuntz zarata entzuten da.)
ARGIÑA (leiaka barruratuaz): Zer gertatzen da?
SOINKARI LENA (oiuka aurkezturik): Arbelgiña etxe-gañetik erori da.
Berte laisterka bere jarraigoarekin.
BERTE: Il al da? Aguro gaizkatu, lagundu ezaiozue! Laguntzarik al bada, bizirik atera arren. Orra or urrea! (Erritarrei botatzen dizkie pitxiak.)
ARGIÑA: Zure urrea? Zuek, guzia urrez salgai duzute. Aita semeagandik, senarra emazteagandik aldentzen duzutenean, ta ludi guzira negarra ekarriaz gero; guzien sendagai urrea uste duzue? Zoaz Jaunakin! Zuek onuntza baño, len zoriontsu giñan gu: zuekin batera, zoritxarra ere sartu zaigu.
BERTE (berriz datorren Jaurlariaren lan-zaiari): Bizirik al da? (Lanzaiak ezezko kiñua dagi.)A! Gaztelu madarikatua! Biraoz egin aute, ta biraoak igan biziko dituk! (Badijoa.)
LAUGARREN AGERRALDIA
Walther Furts-en etxean. Walther Furts eta Melchthal-dar Arnold aldi berean sartzen dira, nor-bere aldetik.
MELCHTHAL: Walther Fürst Jauna!
WALTHER FURTS: Somatuko baginduteke! Zeunden tokian geldi egon; zelatariz inguratuak gaude-ta.
MELCHTHAL: Baña, Unterwalden-tik ez dakarkidazu ezeren berri? Aitarenik ere, ezer ez? Ezin ninteke geiago atxilotu baten antzera alperkerian emen gelditu. Zer ba? Zer egin dut nik eraille bezelaxe nere burua ezkutatzeko? Jaurlariaren aginduz, nere aurrean uztar-idi bikañena lapurtu nai zidan morroi lotsagabeari nere esku-makillaz beatz bat autsi diot.
WALTHER FURTS: Erotsuegi izan ziñan. Morroi ura Jaurlariarena zan; zure nagusiak bidalitakoa; gaizki egin duzu ta gogortxoa egin bazitzaizun ere, zurra izan bear zenduan.
MELCHTHAL: Bañan, kirten aren itz lotsagabe aiek jasan bear ote nituan? "Nekazariak ogia jan nai badu esan zun, eldu bezaio berberak goldeari". Neuzkan idirik jatorrenak, mutilak goldeari askatu zizkionekoxe, biotza zarratatu zitzaidan. Idiek ezbear ura oartuta-edo, orru illuna ta adarka zegiten. Orduan gorroto zuzen-zuzenak artu ninduan eta nere buruaz ezin jabeturik, morroia jo nun.
WALTHER FURTS: Ai ene! gerok gure biotza ozta-ozta ezitzen badugu, gazte erotsuak beraienak nola ezi?
MELCHTHAL: Orain aitarengatik bakarrik naiz miñez Nere laguntzaren bearrez da, ta seme au orren urruti! Jaurlariak gorroto dio, zuzen eta askatasun alde zintzoki burrukatu dalako beti. Orregatik, aita gizaxoa naigabetuko dute ta ezbearrean zaitu dezakenik ez du izango Neri au edo ura gerta, ara joan bear natzaio!
WALTHER FURTS: Unterwald-eko izparrak jaso arte itxadon eta ixil zaite Atean jo dute: zoaz. Agian Jaurlariaren bidali bat Zoaz barrura Ez zaude Uri-n emengo Landenberg-en atzaparretatik aske, Jaurlariak alkarren lagun dira-ta.
MELCHTHAL: Olaxe, guk egin bear genduena, beraiek erakusten digute.
WALTHER FURTS: Zoaz orain! Galtzorian ez bagaude, berriz deituko zaitut. (Melchthal barruratzen da.)Zorigabea! Usmatzen detan zoritxarra, ezin diot aitortu Nor da? (Atea jotzen dute.)Ate-otsa dan guzian, zoritxarren bat damakit gogoak: salkeria etxe zoko guzietan atari-ondoka daukagu. Ankerraren bidaliak etxe-barreneratzen zaizkigu. Laister ateak giltza ta morroilloz josi bearko. (Atea iriki ta atzera da arriturik, Werner Stauffacher ikusita.)Zer dakust? Zu, Werner Jauna? Garaia zan, ene Jainkoa! Adiskideetan bikaiñ eta maiteena! Gizon oberik ate auetatik ez da sartu. Iñor izatekotan zu ongi etorria zaite nere etxera! Zerk zakar alde onetara? Zeren billa zabiltz Uri-n?
STAUFFACHER (Walther-i esku emanaz): Antziñako garaiak eta antziñako Schwitz-ek.
WALTHER FURTS: Oiek zurekin dakarzkizu O! Zu ikusirik bai pozten naizela! Zure aurrean zoriontsu naiz! Exeri, Werner Jaun ori! Nola utzi duzu Gertrude zure emazte xamur Iberg zindoaren alaba zentzuduna? Alemanitik erbestera, Menrad Deunaren baselizatik bidez dijoazen bidazti guziak, zuen etxearen abegi ona goretsi oi dute. Baiña, Fluelen-dik zuzenean baldin bazatoz, esan: atari onetaratu baiño len, zure gogoa ez al du ezerk arritu?
STAUFFACHER (exeritzen da): Erdi-egiñiko etxe bat ikusi dut, bai, arriturik; aretxek bai ez didala atsegiñik eman!
WALTHER FURTS: Ene adiskide! begi-ziztaz ikusi duzu guzia!
STAUFFACHER: Uri-n orrelakorik ez da oraindik gertatu! Emen illobia ezeze, aspaldian ez dugu izan beste espetxe, ez morroillo etxerik ere.
WALTHER FURTS: Benetan auxe dala askatasun illobia! Bere izena zuk eman diozu.
STAUFFACHER: Walther Fürst Jauna, ez dizut itzalpean ezer euki nai. Jakin-miñ eroak ez nakar beintzat onuntza. Ardura larripean nago Nere etxetarrak estutasunean utzi ditut, eta ementarrak ere ala arkitu. Eziñezkoa benetan damaguna, ta morrontza onen azkenari ezin, ba, antz-eman. Antziñan Schwitz aske zan eta esku bigunera oituak gera. Artzaiak mendi oetan diranetik, ez da onelakorik gertatu izan.
WALTHER FURTS: Benetan ez du berdinik oien jarduerak! Attinghausen-go gure jaun zarrari ere, beste egunetako suizoa izan arren, onelako au luzaroan ezin genezakela jasan deritzaio.
STAUFFACHER: Unterwalden-en beste ainbat gertatzen da, eta odola ixurtzeraiñoko gogorkeriren bat gertatu da Rosseberg-en bizi zan Wolfenchiessen, Kaisar zaindariak zilegi ez dana nai izan du: Alzelle-n bizi dan Baumgarten-en emaztea, baiña senarrak aizkoraz erail zun.
WALTHER FURTS: Ene! Jainkoaren asmoak bai zuzenak dirala! Baumgarten diozu? Gizon argia benetan! Ezkutatu al da iñon?
STAUFFACHER: Zure suiak aintzira-bestekalderatu zun. Steinen-go neure etxean kukutua daukat Baiña, berberak Sarnen-en jazoriko beste gertakizuna ere, jaulki dit. Gizon on baten biotzari odola ixuri-erazten dion gertakizuna, auxe! Gizon zuzenaren biotza autsi-erazi al izatekoa!!
WALTHER FURTS (jakin-miñez): Zer da? Esan!
STAUFFACHER: Melchthal-en, Kerne-tik bertan, gizon zur bat bizi da: Halden-dar Enrrika deritzana. Aren esana arduraz entzuten dute auzokoak.
WALTHER FURTS: Nork ez, ba, ezagutuko? Zer gerta zaio? Amaitu!
STAUFFACHER: Landenberger orrek, ba, semearen utsegite arin bategatik, goldeari erantsita zeukan idi-uztarri jatorrena lapurtzea agindu zun; orduan mutillak, morroia zauritu ta iges joan zan.
WALTHER FURTS (zale bizienaz): Baiña aitari ? Esan, zer gertau zitzaion?
STAUFFACHER: Landenberger-ek agindu zion, semea erakar zezakiola; eta aita gizaixoak, seme igeskariaren berri etzuala zinegin arren, Jaurlariak bertan oiñazelariari deitu zion
WALTHER FURTS (jeiki ta bestekaldera eraman naian): O! Ixil zaite! Ez itzik geiago!
STAUFFACHER (Abotsa jasoaz): "Zure semea igesi joan zait esan zun, baiña zu emen zaitut! Bota lurrera, ta galtzairu eztenaz zulatu begiak ".
WALTHER FURTS: Jainko errukiorra!
MELCHTHAL (itxumustuan irtenik): Begiak, diozu?
STAUFFACHER (Walther-i, arriturik): Gazte au nor dugu?
MELCHTHAL (ikara-dardaretan eltzen dio): Begietan? Itz-egizu!
WALTHER FURTS: A! Errukarria!
STAUFFACHER: Nor da? (Walther-ek kiñu dagio.)Semea* al duzu? Jainko zuzena!
MELCHTHAL: Eta ni orren urruti nintzan! Begi bietan?
WALTHER FURTS: Etsi ezazu! Gizonki jasan!
MELCHTHAL: Eta nigatik, nere erruz! Itxuturik! Zearo itxuturik?
STAUFFACHER: Esan dizut. Aren begien iturria agortu da. Arek ez du berriro eguzki-argirik ikusiko!
WALTHER FURTS: Orren miñari erruki zatzakio.
MELCHTHAL: Ez! Beiñere ez! (Eskuaz begiak estali ta lipar batez ixil da. Gero oni ta ari negar-zotiñezko abots eztitsuz itzegiten die.)Ori, zerutar emaitz bikaiña benetan begien argia! Argia da diranen bizi-emale, irazaki guzien zorion-ekarle! Landaratxoa ere, argiari gozoki makurtzen zaio! Eta arek betiko gau illunpean bizi bear? Zelai ezeak, lore litsak ez geiago pozera eragingo! Ezta elurte-izoztu gorrizkarik begiztatuko! Ez da illik. Baiña, bizirik eta ez ikustea ori negargarri! Neri orren errukiz zer dala-ta begiratzen? Nik bi begi ikustun ditut eta nere aita itxuari bat ezin eman: nere begi lilluratuak murgildurik dauden argizko itxasotik, argi-zirrinta bat ere ezin eskeiñi!
STAUFFACHER: Ene! Nik oraindik zure miña aunditu bear, sendatu ordez Oraindik bada geiago. Jaurlariak, dituanak lapurtu dizkio, eta esku-makilla bakarrik utzi, narrugorri ta itxuturik, atez ate eskale ibilli dedin.
MELCHTHAL: Begirik ez dun agureari esku-makilla bakarrik? Oro lapurtu, txiroen aberaski dan eguzki argia ere bai! Orain, iñork ez bezait itxadoteko ta ezkutatzekorik aitatu! Txokil errukarri bat naiz! Nere buruari lenago begiratu diot, zureari baiño! Gizatxar orren eskuetan zure buru maitagarria utzi nun. Utikan, ba, neureganako ardura zakar ori! Jaurlariaren odol ixurtzea besterik, ez nere gogo osoa. Joango natzaio Ez da galeraziko didanik: Jaurlari orri nere aitaren begiak eskatu bear dizkiot Bere zaldun barrena, nik arkituko dut Biziagatik ez zait ezer, nere oiñaze gogor betiko au, aren odolean itotzen badut. (Aldegin nai du.)
WALTHER FURTS: Ez zaite joan! Zu, zer arentzako? Ura Sarnen-en bizi da, goiko gaztelu baten eta andik zure asarre aulari irri dagio.
MELCHTHAL: Eta bera, "Schreckhorns-ko" elur jauregian bizi bada, edo oraindik gorago, betikotik laiñopean dan Jungfrau tontorrean aruntza ere bide egingo dut; eta nere gogokide diran ogei gazteekin aren gaztelua lurreratuko dut. Eta iñork lagundu ez arren, zuek guziok txabola ta artaldeak galdu beldurrez, Jaurlariaren uztarripera lepoak makurtu arren nik, mendiko, artzaiei batzarrera deituko diet. Eta an, ezagumena oso ta biotzak bizkor diran zeru estalpe artan, gogorkeri onen berri emango diet.
STAUFFACHER (Walther Fürst-eri): Gaitza burutzen ari zaigu Azken aldiraiño itxadon bear ote dugu?
MELCHTHAL: Zer geiago itxadon gentzake, begi-ninia ere betzuloan ezkier ez dagolarik? Izkillurik ez dugula? Gezia biurritzen eta aizkora astuna dardartzen zertarako ikasi dugu? Azken larrietan edonork asmatzen du norbere burua nola zaitu. Oreiñak, bein nekaturik gelditu, ta zakur-taldeari adar ikaragarriak darakuskio; orkatzak eiztaria leizera narraztatzen du; uztarripera lepo indarra jasanki makurtzen duan idiak gizon lagun orrek ere jauz egiten du asarrerazitzean; adar indartsuak dardartu, ta maxiatzallea an dioa goi-alderuntz.
WALTHER FURTS: Iru Erkiak, gu iruron ustekide balira, baditeke zerbait egin al izatea.
STAUFFACHER: Uri-k deitzen badu, ta Unterwalden-ek laguntzen, Schwitz-ek iraungo du artu-eman zarretan.
MELCHTHAL: Unterwalden-en lagunik ugari baditut eta norberak auzokoagan laguntza arkitzen badu beintzat, guziak odol ta bizia galtzorian pozez jarriko dute O! Errialde onetako guraso agurgarriok! Ara, ni zuen gogo zuurrentzat, gaztetxo bat nauzue oraindik Erri-batzarrean nere mingaiña ixil bear litzake, baiña gaztetxo banaiz eta zentzun gutxi badut ere, nere esan eta iritzia, ez ezetsi. Nere odol biziaren suak ez nau bultza; arkaitzak bigunduko lituzken miñ bizienaren indar ikaragarriak baizik. Zuek ere gurasoak zerate, sendi buruak, eta zuen zartzaro ille zuri kizkurrei begiramen izateko ta zuen begi niniak zaitzeko, seme onak nai dituzue. O! Zuen ogasun eta soiñak ezeren kalte izan ez arren, eta zuen begiak argi ta garbi betzuloetan izanik ere, orregatik beintzat gure neke miñetarako ardura gabeak ez izan! Zuek ere, buru gaiñean zintzilik daukazute Jauntxo orren ezpata. Errialde au Austriagandik zuek aldendu nai izan duzute, orrelakoa zenuten nere aitaren errua; zuek ere arek bezelako errua duzute ta neke berbera eraman bearko.
STAUFFACHER (Walther-i): Erabaki ezazue! Ni jarraitzera gerturik naukazute.
WALTHER FURTS: Sillesien eta Attinghausen-go nagusi altsuak zer uste duten jakin dezagun Nere ustez, aren izenak, lagunik asko bai dakarkigu !
MELCHTHAL: Baso auetan nun daude zuen izenak beziñ izen agurgarririk? Erria onelako izenen egizko garrantzi ta nausitasunean uste osoa dauka, ta lurralde ontan belarrientzat entzungarri dira. Zure asabengandik jasotako onbideak oraiñ zuk asko geitu dituzu Zertarako dugu aundikien laguntza? Egiteari geuk eman dezaiogun buru! Lurralde onetan geu baiño ez bagiña, geure etxeak aldezten ekingo genuke?
STAUFFACHER: Aundikiak ez ditute guk alako bearrak; ibarrak ondatzen dituan uroldea, ez da gaiñetara iritxi. Baiña ala ere, erritarrak gudara dijoazela ikusiki, aien laguntza ere baigenduke noski.
WALTHER FURTS: Gure ta Austritarren tartekorik bagendu, zuzena ta legea nere alde legozke. Baiña, gure zapaltzaillea oraindik, gure Kaisar eta gure epaille da ; orregatik, Jainkoa ta geure besoak dira gure itxaropen bakarra Schwitz-darren gogoak aztertu itzazu, eta nik Uri-n lagunak egingo ditut Unterwald-eruntz nor bidaliko dugu?
MELCHTHAL: Neu Nor, ni baiño egokiagorik?
WALTHER FURTS: Ez, ezin, ba, nik ori utzi Zu nere maikide zera ta, nere ardurapean dut zure bizia.
MELCHTHAL: Utzi ezaidazu Nik, ezagunak ditut bidexigor ezkutuak eta arkaitz bideak; eta alderdi guzietan ditut ostatu-eman eta ezkutauko nauten lagunak.
STAUFFACHER: Joan eta Jauntxoak lagun bekiola! Gaiñ aietan ez dago saltzallerik Jauntxoa orren gorrotogarri dalako, an arek ez du laguntzaillerik arkituko. Baumgarten-ek ere, erria guretzako irabaziko du, ta jeiki dedin bai lan egingo ere.
MELCHTHAL: Alkarrekiko artu-emanetan nola jardungo, Jauntxoak ezeren susmo izateke?
STAUFFACHER: Azokarien txalupak lurreratzen diran Brun-en edo Treib-en bildu gintezke.
WALTHER FURTS: Gure lana orren argitan egiterik ez dugu Ona emen nere iritzia: Brunnen-era goazela, aintziraren ezkerrera, Mythenstein-i buruz, basoan ezkutaturiko zelai bat bada. Artzaiak Rutli izendatzen dute, ango zugaitz guziak moztuak izan diralako. Gure ta zuen (Melchthal-i) lurraldearen muga antxe da, ta aldi laburrean Schwitz-etik ontziska arin batek eramango zaitu (Stauffacher-i) bertaraiño. Gabaz bidexigor bakartietan zear bertan bildu gintezke eta ixillik erabakia artu. Aruntza gurekin gogokide diran amar gizon zintzo era-man dezazke norberak. Orrela baturik guzion onerako aukerakoena autatu, ta Jauna lagun, gauz onena erabakiko dugu.
STAUFFACHER: Ala bedi, ba! Eta orain ekartzue biok zuen esku zindo ori! Eta guk irurok geron artean zintzoki ta gezurrik gabe eskuak alkar estutzen ditugun bezela, iru Lurraldeak ustetsu ta alkar aldeztuaz, gudaurka ta aldezkorako, bizi ta eriotzarako, alkarturik egongo dira.
WALTHER FURTS eta MELCHTHAL: Bizi ta eriotzan! (Eskuak elkarri estutuaz aldi batez ixil dira.)
MELCHTHAL: Ai! Nere aita zar itxua! Zuk ezin ikusi geigo askatasun eguna, baiña bai entzungo Alpez-Alpe su-berriaren garraldiak esnatzean eta Jauntxoen gaztelu sendoak lurra-jotzean, Suizotarrak, zure txabolaturik, berri pozgarria zure belarrietara jaulkiko, ta zure betiko gauan argiak argi egingo. (Itzaltzen dira.)
LENENGO AGERRALDIA
Attinghausen-go Jaunaren gaztelua. Ikurdi ta burezkolez apainduriko gotiko aretoa. Attinghausen, larogeta bost urteko agurea luze ta lerden, larruzko amillez jantzia; esku-lekua orkatz adarrezkoa duan eskumakillean tinkaturik dago. Kuoni ta beste sei morroi, eskuara ta segaz, inguruan zutik dauzka. Rudenz-ko Ulri zaldun-jantziz agertzen da.
RUDENZ: Osaba, emen ni! Zertarako nai nauzu?
ATTINGHAUSEN: Lenbizi morroiekin batera, goizeko txol-ardoa edaten utzi ezaidazu, antziñako oitura dedanez. (Txoletik txurrut dagi; gero, txola eskuz dijoa.)Len oiekin batera soro ta basora joaten nintzan; nere begiak ziran oien begien zuzendari ta gudaldian nere ikurriña aien aurrelari. Oraiñ, eziñ besterik agidun baiño, eta eguzki beroa niganatzen ez bada, aren billa nik ezin jo mendiruntz. Orrela, geroz eta estuago da lotzen nauan korapilloa, alik eta bizi guziak itzaltzen diran artan, zearo estutu arte. Ni ere, itzal baiño ez naiz; laister berriz, izen utsa besterik ez.
KUONI (Rudenz-i txola eskeiñiaz): Zure onerako, zaldun! (Rudenz txola artu ala ez, zalantzan dago.)Ots, mutil, edan ezazu! Emen, txola baiño ez duzu.
ATTINGHAUSEN: Ene semeok, zoazte; eta atseden eguna datorrenean, aberri gora-beretan jardungo dugu. (Morroiak badijoaz. Rudenz-i:) Jantzirik eta gerturik zagoz. Altdorf-eko Jaurlariaren etxera al zoaz?
RUDENZ: Zuk, nere bearrik ez duzula badakit; etxe onetan arrotza bezela naiz ni.
ATTINGHAUSEN (Rudenz-i luzaro begira egon ondoren): Bai, zoritxarrez, alaxe zera. Tamalez, Aberria atzerri biurtu zaizu Rudenz! Rudenz! Orain ez zaitut ezagutzen. Sedaz jantzirik zabiltz; arroki ta arrandiz indiollar lumak daramaizuz; sorbaldan bera purpur txabuxa. Nekazariari muziñ dagiozu, ta aren agurrak ere lotsa damaizu.
RUDENZ: Bear dan begiramena oldez damaiot; baiña, beretzat nai dituan eskubideak ukatu egiten dizkiot.
ATTINGHAUSEN: Aberri osoa Kaisarraren asarre gogorpean, negarrez dago; daramagun uztarpe latzean, zintzo guzien biotzak mingozturik Min orrek jotzen ez dun zakarra, zu Zuretarrengandik aldendurik, etsaiekin bat egiñik zabiltza; gure nekeakatik ezer ez zaizularik, atsegin zirtzillen billa zabiltz. Eta aundikiengandiko kutunkeri billa egiñalak egiten dituzu, zure Aberria zigorpean odola dariola dagon bitartean.
RUDENZ: Aberria zigorpean dagola diozu? Zergatik, orde, osaba? Nork bultza dio estualdi onetara? Itz bat aski litzake, ortik irteteko eta Kaisarraren onginaia gureganatzeko. Egizko zorionari aier egoteko, erriari begiak itxitzen dizkiona, zori gaitztoko! Berekoikeriz erriari aurka dagiote ta kantoi edo Lurralde oek ez dute Austriaren alde zin-egin nai, aldameneko beste erriak egin duten bezela. Martzal diranekin, aundiki aulkietan exeritzea maite dute Jauntzat Kaisarra nai dute, iñor ez izate arren.
ATTINGHAUSEN: Orrelakoak entzun bear ote nik, eta zure aotik?
RUDENZ: Zerorrek zirikatu nauzu, ta utzi jarraitzen Osaba, zein da emen zure egitekoa? Erri onen buru izan eta artzaiekin batera agintari izatea baiño, goragoko beste guraririk ez ote duzu? Ez ote zaizu aintzagarriago iruditzen Kaisarra jauretsita bere jarraigo ospetsuarekin ibiltzea, zure morroien kideko izan eta ausi-mausietan erritarrekin maipuru agertu baiño?
ATTINGHAUSEN: Ai, ene Rudenz, Rudenz! Lausengarien itz-otsa ezagun dut. Zure belarrietan barna txirrist eginik, biotza mikaztu dizu.
RUDENZ: Bai, alaxe da, ezin ukatu gure baserri zintzotasunari atzerritar oiek egindako ixeka latzak, biotz barrenean nabaitu ditut Gazte leiñargiak Hausburg-tarren ikurrinpean aintzarako biltzen diralarik, nik emen nere soroetan, artu-eman xeetan, nere bizitz udaberria ondatzea eziñezkoa zait Lurralde onen andik, nun-nai eta dizdiraz beterik, gizonak badute toki bat ospearentzat oso irikia Areto auetan ikurdi ta burezkolak erdoitzen dira. Ibar auetan ez da entzuten ez guda-turutots zolirik, ez burrukarako oiularien irrintzirik. Emen, betiko "Bei-lerro" aspergarria eta artaldeen dulun-dulun negartia baiño ez dut entzuten.
ATTINGHAUSEN: Dizdira txoragarriak itxuturik, aberria ezesten duzu! Antziñako zure gurasoen oitura on eta garbietzaz lotsaz zera! Aberriko mendietzaz oroiturik, egunen baten negar-minduko zera oraindik, eta orain arrokeri eroan muzin dagiozun bei-abesti eresi ori gogoraturik, erri-min illuna sortuko zaizu. Abertzaletasuna, benetan, bai indartsua dala! Atzerri gezurtia ez duzu zuretzat egiña. An, Kaisarraren lagun aro artean, zu zurekiko beti izango zera arrotz; zuk emen ikasitakoak, an nai dituztenengandik bestetsu baitira Zoaz, ba, saldu zure askatasuna; feudoan artu itzazu zure lurrak; zure Aberri askatuan jaun, eta zure ondaretakoen nagusi izan zindezkelarik, zaite Jauntxoen morroi. Ai! ene Rudenz! Rudenz! Aberkideekin gelditu zaite! Ez zaitez Altdorf-era joan Ene! Aberriko ikurriña ez bazterreratu! Nere belaun-aldikoetatik neu nauzu azkena nere abizena nigaz itzaliko da. Orra or zintzilik, nere illobian lagun izango ditudan ikurdi ta burezkolak. Eta nik, nere azken arnasetan oldoztu bearko dut; zu nere begiak itxi zai zagozala, maiztertza berri onetatik aldegin, eta nik Jainkoarengandik artutako ogasun guziak, zuk Austritarren bidez zureganatzeko!
RUDENZ: Kaisarrari alperrik gogor egingo diogu, arena baita lurbira; gogorki inguraturik gauzkan lurraldez egindako esia austen, alegiñez eta setaz jardungo ote dugu? Azokak, auzetegiak, salerosleen bideak arenak dituzu. Eta Gottardo deunera igo oi diran zamariak ere zerga ordaindu bear diote. Arek, bere erritartean, sarean bezela atxituta, bildurik gauzka Kaisalderriak aldeztuko ote gaitu? Gora-goraka dioan Austritarren indarragandik bere burua zaitzeko lain, bai ote da? Jainkoak ez laguntzekotan ezta iñongo Kaisarrek ere. Zer axola izan bear ote diogu Kaisar itzari, guda ta diru-larrialdietan, len bere babespera jarritako erriak saltzen baditu? Ez, osaba, ez! Naste-borraste aldi auetan, onuratsu ta zentzuzkoena auxe da: zuzendari altsu batekin alkartzea. Alemaniko agintaritza sendirik sendi dioa; orregatik zintzoen morrontza iñork ez du gogoan; Austriako bakaldunen morrontzan jardutea ordea, gerorako azi ona ereitea da.
ATTINGHAUSEN: Orren jakintsu ote zera, ba? Askatasun ederra zaintze arren ogasun eta odola eman zuten, zure asabak baiño burutsuago azaldu nai ote zera? Zoaz ontziz Luzernara, ta galdetu an Austritarren nausikeritzaz, eta jakiñen duzu zeiñen nekegarri dan. Onuntza etorriko dira zenbat ardi ta idi ditugun jakitera; gure barrutiak zabal-estuak ote diran ikustera; gure txoriei egan galeraztera; gure zelaietako eizea debekatzera; gure ate ta zubiak esitzera; gure txirotasunez aberastera; euren gudaketak gure odolez iraunazitzera Ez; guk gure odola ixuri bear badugu, gure aberriaren alde ixuri dezagun menpetza erosteko baiño, askatasuna iristeko gutxigo bearko dugu.
RUDENZ: Albertaren gudalosteen aurka zer dezakegu guk, artzaierri geranok?
ATTINGHAUSEN: Artzai-erri au obeki ezagutzen ikasi ezazu, mutil! Ongi ezagun dut nik: gudaketara eraman izan dut. Guri uztarria ezartzera, betoz: astintzeko gerturik gagoz-ta! Zer jatorri duzun gogora ezazu! Ez ezazu diztira lilluragarri ta urreantz utsagatik zure gogo ederra bazterreratu Biotz eta maitasunez zugana jotzen duan, eta guda ta eriotzan zintzoki zure ondoan dagon erri askatuaren buru izatea, orixe bedi zure arrotasuna; eta, zure burua gozartuko duan egizko aunditasuna Zure aberri maitearen odol-lokarriak tinko estutu itzazu; ora-tu zatzakio berari biotz eta gogo guziz. Emen, dauzkatzu zure indarraren zain eta erro mardulak; an, atzerrian, zu bakarrik, edozein ekaitz kaxkarrek austen duan seska izanen zera. Ene! Zatozkit, egun asko baitira ikusi ez gaituzula; egun bat gurekin egiten saiatu zaite baiña gaur ez zaitez Altdorf-era joan Entzuten? Gaur ez! egun batez bederen, izan zaite zuretarrentzat. (Eskutik eltzen dio.)
RUDENZ: Itz eman dut utzi ezaidazu loturik nago.
ATTINGHAUSEN (aren eskua lagata): Loturik zagozala? Bai, zoritxarreko ori, alaxe zagoz; ez, ordea, itz eman eta zin-egin duzulako, maite lokarriz loturik zagozalako baizik! (Rudenz beste aldera itzultzen da.)Nai duzun bezela ezkutatu zaite. Jaurlariaren etxera zaramana neskatil bat duzu: Brunek-ko Berte. Ori maitemintzearren, aberriari agur dagiozu Ez ezaiozu zure buruari iruzur biderik eman! Zu lilluratzearren, gerorako emaztetzat eskeintzen dizue, baiña ez duzu izanen zure gizaixotasunarentzat.
RUDENZ: Naiko entzun dizut. Agur! (Badijoa)
ATTINGHAUSEN: Zagoz geldi, gazte erotzar ori! Badijoa emendik! Ezin diot eutsi, ezin bide oneratu Wolfenechiessen-ek orrelaxe uko egin zion bere Aberriari orrelaxe beste askok ere egingo. Erbeste-miñ sorgin batek, gure gaztedia badaramakigu; ta galera ugari egiten du mendi oetan Arrotza gure oitura garbi ta aratzak usteltzera etorri zan eguna, zoritxarrekoa benetan! Gaur berrizalekeria indarrez sartzen ari zaigu aberrian; Lege-Zarreko esan eta oiturak badijoazkigu. Eta beste erako aldiak datozkigu; eta oraingo gizadia, buruz zearo aldatu zaigu. Zer egiten dut nik emen? Nerekin batera burrukatu ta bizi ziranak lurpean dagoz oro. Nere belaunaldia lurrak estali du; oraingo onekin bizi bear ez duana, bai zoriontsu! (Badijoa.)
BIGARREN AGERRALDIA
Arkaitz aundiz eta basoz inguraturiko zelaia. Arkaitzetan barandadun bidexkak; zurubiak ere bai, eta aietan bera norbaitzuk. Zokondoan, aintzira ikusten da: onen zear, agerraldi asieran illargiortzadarra ageri da. Mendi aundiak itxitzen dute ozertza ta urrutienekoak elurrez estalirik ageri dira. Gau illuna da; illargi argitan, aintzira ta izotz-mendiak bakarrik.
Melchthal, Baumgarten, Winkelried, Sarnen-go Meier, Bühel-tar Burkhardt, Sewa-ko Arnold, Flüe-ko Klaus ta beste lau menditar, guziak izkilludun.
MELCHTHAL (antzoki-atzean): Bidea zabaltzen ari da; jarrai ariñ; nik arkaitza ezaguna dut, baita gaiñeko gurutzetxoa ere. Bide buruan gera; Rutli emen duzute. (Kriseilluakin eltzen dira.)
WINKELRIED: Entzun!
SEWA: Guzia ixil zegok.
MEIER: Ez zegok aberkide bat ere. Unterwalden-tarrok geu gaituk lenen.
MELCHTHAL: Gaueko ze ordu ote diagu?
BAUMGARTEN: Selisberg-ko erri-zaiñak orain gutxi ordubiak deadar egin dik. (Urrutira joale-otsak entzuten dira.)
MEIER: Ixo! Entzun!
BÜHEL: Basoko baselizaren joalea duk; andikaldetik, Schwitz-tik otoira otsegiñaz, garbi entzuten duk gero.
FLÜE: Eguratsa garbi zagok eta otsa urrutira barreiatzen duk.
MELCHTHAL: Norbaitzuk sua piztu dezatela, datozenei argi egiteko. (Bi lagun badijoaz.)
SEWA: Illargi gau ederra diagu. Aintzira bare-bare lotan.
BÜHEL: Aiek bide lasaia izanen dute nunbait.
WINKELRIED (aintzira erakutsiaz): Jox! Ara! Begira aruntza! Ezer ez ikusten?
MEIER: Zer duk, ba? Ene, ta benetan! Ortzadarra gauerdian?
MELCHTHAL: Orren egille, illargi argia duk.
FLÜE: Ori bai ezaugarri bakan eta gelgarria! Asko dituk beiñere ikusi ez dutenak.
SEWA: Bikoitxa duk; ara bata, zerbait moteltxoagoa, goitik.
BAUMGARTEN: Begira oraintxe ontziska bat azpitik igarotzen.
MELCHTHAL: Orrako ori Stauffacher duk, bere ontzian. Gizon onak aldi luzean ez baidik itxadonerazten. (Baumgarten-ekin ertzera dijoa.)
MEIER: Uri-tarrak dituk beranduen zetorztekenak.
BÜHEL: Aiek Jaurlaritarren begiei iges egitearren, mendiaren biran etorri bear baiditek. (Bitartean menditar biak sua piztu dute antzoki erdian.)
MELCHTHAL (ertzetik): Nor dugu? Eman ezaugarria!
STAUFFACHER (beetik): Aberkideak!
Etorri datoztenen bidera guziak atzekaldera dijoaz. Ontziskatik Stauffacher, Itel Reding, Hans auf der Mauer, Hofe-tar Jorke, Konrad Hunn, Ulri Schmidt, Meiler-tar Jost eta beste iru, guziak izkilludun.
GUZIAK (deadarka): Ongi etorriak! (Besteak atzekaldean gelditu ta agurtzen diran bitartean, Melchthal eta Stauffacher aurreratzen dira.)
MELCHTHAL: Ene, Stauffacher jauna! Berriz ikusiko ez nauana ikusi dut. Nere eskuak aren begiei ikutu die, ta aren begien eguzki itzaliak odol-egarri bizia sortu dit.
STAUFFACHER: Ez aitatu odol itz ori! Emen ez gaituzu igarotakoa aspernaiez: datorkigun gaitzari gogor egin naiez baizik. Guzion eginkizun onetarako Unterwalden-tarrekin zer ar-eman izan dituzun, esan orain; zure aberkideak zer uste ditue? Iruzur bideetatik nola iges egin duzu?
MELCHTHAL: Sarnei-ko mendi izugarrietan zear, saiaren kurrunka baiño entzuten ez dan izotz-eremu zabaletan barna, Uri ta Engelberg-eko artzaiak irrintziz alkar agurtzen diran, eta artaldeak batera larratu oi dituen Alpen-eko barrutietara eldu nintzan. Izotz pitzatuetatik aparrez irteten zuten izotz-uraz egarria ase nun. Gizonak bizi diran etxeetaraiño eldu arte, nere gau-emaille bakarra txabola bakartia izan zan Ordurako ibar aietan barreaturik zegon, artean egin-berria zan gogorkeriaren zurru-murrua; eta, bidean deitzen nun ate bakoitzean, nere zoritxarrak begiramen ona niganatzen zidan. Aien biotz zuzenak egin-berri zan Jaurlariaren okerkeriz, asarreturik, arkitu nitun; Alpen mendiak beti belar berberak ematen ditue; ango iturriak betiko tokietan jariotzen; odei ta aizeak ere, aldatzeke, betiko joeraz ibiltzen. Orrelaxe emen ere, aitagandik semearengana beti oitura berdiñak aldatu izan oi dira; eta beti bizitza batera oiturik dagozelako, ez dute oitura zarretan aldaketa berririk nai. Euren esku latzak luzatu zizkidaten; ezpata erdoituak ormetatik eratxi zituten; eta nik menditarrentzat ain agurgarri diran, zure ta Walther Fürst-en izenak aitatu ala, kemen-pozez ñir-ñir zegiten aien begiak Zuri zuzen deritzaizuna egitea, zin-egin zuten eta, eriotzarako bazan ere, esan egitea. Orrela abegi onaren babesean, bordaz borda ibilli naiz eta, nere aideetariko ugari bizi diran, nere jatorriibarrera eldu nintzanean eta nere aita iñoren lasto gaiñean ezer gabe eta itxuturik gizon ongilleen errukiz bizi zala arkitu nuanean
STAUFFACHER: Ene Jainkoa!!
MELCHTHAL: Orduan, ez nun negarrik egin. Nere min biziaren indarra, ez nun malko utsetan urtu. Altxor ederra bailitzan, biotz barrenean ezkutatu nun, eta nere gogoa lanerako baiño ez zan. Mendietako bidexigor latzak igaro nitun. Eta ni ibilli ez naizen ibar ezkuturik ez dago. Elur-mendi oiñetan dauden gizonen azken txaboletaraiño eldu nintzan; eta, oiñak iritxi tokian, jauntxokeriari gorroto berbera ziotela oartu nun; izadiaren bizi-indarra eltzen dan azken-mutur aietan, eta lurrak zer jan emateko gizenik ez dun bazter artan ere. Jaurlariaren zekenkeriak lapurretan dagialako Nik, nere itzen eztenaz zirikatu nitun erri zintzo artako biotz guziak, eta guziak aoz eta biotzez, gutarrak dituzu.
STAUFFACHER: Egiteko aundiak burutu dituzu ain aldi laburrean.
MELCHTHAL: Geiago ere bai, oraindik. Rossberg eta Sarnen-go gazteluak dira menditarrei bildurrik geiena damakiena; arresi oien atzean etsaia kerizpetzen baita, ta andik, aberria sakailtzen baidute. Nere begiz ikusi nai izan nun; eta Sarnen-en egon nintzan eta gaztelua ikusi nun.
STAUFFACHER: Katamotzaren artzulora joaten ausartu zera?
MELCHTHAL: Bidazti-jantziz xomorroturik negon, eta Jaurlariaren jatekeriak ikusi nitun. Ortik atera nere biotzaren jabe ote naizen: Nere arerioa ikusi ta ez nun il!
STAUFFACHER: Egitan, zoria zure ausarpen alde izan zenduala! (Bitartean beste erritarrak aurrera egin eta auengana urbiltzen dira.) Orain esan nortzuk diran jarraitzen dizuen gizon zintzook. Azaldu ezazkidazu, on ustez ezagutu ta alkar artu dezagun.
MEIER: Iru Erki auetan nork etzaitu, ba, ezagutuko? Ni, Sarne-ko Meier nauzu; au, Winkelried-ko Struth, nere anaiaren semea.
STAUFFACHER: Zuen izenak ez zaizkit ezezagunak. Winkelried-tar bat izan zan, Weiler-ko osiñean irensugea il zuna ta burrukaldi artan berak bizia galdu zun.
WINKELRIED: Werner Jauna, ori nere aitona zenun.
MELCHTHAL (laguntzen dien bi erritar erakutsiaz): Wald-en onuzkaldetik bizi dira oek, eta Engelberg-ko lekaidetxearen menpekoak dituzu. Erdi-otseiñak diralako ta gu bezela euren ondarearen jabe ez diralako, ez itzazu nardatu. Oiek aberria maite dute ta gaiñera, oso zintzoak dituzu.
STAUFFACHER (biei): Bota eskua. Ludi onetan besteren soin-morroi ez dana goratua izan oi da, baiña zintzotasuna bizibide guzietakoa da.
HUNN: Ona emen Reding Jauna, antziña gure buru izana.
MEIER: Ondo ezaguna dut bai. Aspaldiko ondare bategatik, nerekin liskarrean dabillen arerioa da Reding Jauna, epailari aurrean arerio gera, emen biok adiskide. (Eskuak alkar estutuaz.)
STAUFFACHER: Ondo esana!
WINKELRIED: Entzun! Emen dira. Uri-turutotsa entzuten. (Ezker-eskubitik, krisailluz argi egiñaz, gizon izkilludunak arkaitzetan bera datoz.)
MAUER: Begira! Jainkoaren otsein zintzoa, txaunburu agurgarria, beraiekin ez al dator? Erriaren ona bide dala, artzai onari dagokionez, ez dagio izu, ez bidearean nekeak, ez gauaren illunak.
BAUMGARTEN: Sigrift eta Walther Fürst ondoren ditu; baiña aien artean Tell ez dakust.
Walther Fürst, Rösselmann apaiza, Petermann txadon-zaia, Sigrift, Kuoni artzaia, Werni eiztaria, Ruodi arrantzalea, ta beste bost erritar aurkezten dira. Guziak ogeita amairu. Aurrera egin eta sutondo biran jartzen dira.
WALTHER FÜRST: Gure asabengandik artutako lurrean eta gure Aberri berberan, argiak bildur damaien gaiztakin eta matxinagilleen antzo gaupean ibilli bear guk? Eguardiko eguzkia bezin argi ta garbi dan gure eskubidea orrela aldeztu bear dugula!
MELCHTHAL: Zer egingo dugu, ba? Gau beltzean erabakitakoa lasai ta pozik eguzki argitan azalduko da.
RÖSSELMANN: Entzun, adiskideok, Jainkoak burura dakarkidana! Gu batzar nagusi baten ordezpenez eta erri osoaren izenean gaude emen. Gure Aberriko oiturak gorde ditzagun, bada, aldiak pakezkoak balira lez. Batzar onetan lege-kaltezko dana arkitzen geran estutasunak itzalgaiztuko du. Baiña zuzentasuna nagusi dan tokian, Jainkoa antxe dago, ta orain zeru babesean gaude.
STAUFFACHER: Bai! Goazen, ba, Aberriko oituren jarraiki, lan egitera. Gaua bada ere, gure eskubidea argia da-ta.
MELCHTHAL: Zenbakia osatu ez bada ere, emen dago erri osoaren biotza ta errikide onenak bertantxe.
HUNN: Lege Zarreko idaztiak eskuetan ez baditugu ere, gure biotzetan idatzirik dagoz.
RÖSSELMANN: Ots! Baranoa egin dezagun, ta al ezaugarritzat, sartu erdian ezpatak.
MAUER: Lau Erkietako lendakaria bere tokira dedila; onulariak ere, aren ondoan exeri ditezela!
SIGRIFT: Erriak iru dira. Nori dagokio lendakari izendatzea?
MEIER: Schwitz eta Uri-tarrak erabaki dezatela; Unterwalden-tarrak gure eskubidea uzten dugu.
MELCHTHAL: Guk ere uzten dugu. Gu, lagun indartsuei laguntza eskatzen diegun eskaleak gera.
STAUFFACHER: Uri-k ezpata ar beza. Kaisalderri bideetan aren ikurriña izan oi dugu aurrelari.
WALTHER FÜRST: Ope ori berez, Schwitz-eri dagokio, guziok aren errotikoak baigera.
RÖSSELMANN: Eztabaida eder au erabakitzea nere gain bedi. Oar buru Schwitz izan bedi; guda buru ordea, Uri.
WALTHER FÜRST (ezpata Stauffacher-i aurkeztuaz): Artu ba!
STAUFFACHER: Nik ez, zarrenak.
HOFE: Schwitz-ko Ulri da zarrena.
MAUER: Gizon ona benetan, aske ez ordea; eta Schwitz-an aske ez dana, ezin liteke epaille izan.
STAUFFACHER: Reding jauna, antziñako lendakaria ez al da emen? Nor ori baiño gaiago?
WALTHER FURTS: Batzar-lendakari ta buru berauxe bedi. Uste onetakoak eskua jaso bezate! (Guziak eskubia jasotzen dute.)
REDING (erdira aurreratuaz): Nik ezin dut eskubia Ebaingeri gaiñean jarri; baiña izar betikoakatik zin-dagit, beiñere ez naizela zuzenbidetik aldenduko. (Bere aurrean bi ezpata sartzen ditue; inguruan baranoan jartzen dira; Schwitz erdian, eskubian Uri ta Unterwalden ezkerrean. Reding bere ezpatan tinkatzen da.)Xomorro ordu onetan, zerk biltzen ditu emen mendiko iru erri oek aintzira ertz onetan? Izarpe onetan egiten dugun alkartasun berri au zertarako ote da?
STAUFFACHER (baranoan aurreraturik): Orain ez dugu alkartasun berri bat egiten; gure asaben alkartasun zarra berritzen dugu; badakizute, ba, adiskideok, aintzira ta mendiak erditik izan arren eta erri bakoitza, bata bestearengandik, bere aburuz zuzendu arren, guziok belaun eta odol batekoak gerala, ta gure aberria bat-bera dala.
WINKELRIED: Gure abestiak diotenez, egia ote da, ba, gu onuntza urrutietatik etorri giñala? O! gai oni buruz, dakizuna esan, alkartasun berriak, zarra sendotu dezan.
STAUFFACHER: Ara, artzai zarrak diotena Ipar aldean, goseak jotako erri aundi bat bazan. Bear onetan erri batzarrak erabaki zun, txotx egiñaz, biztanleetatik, amarreko batek, aberritik aldegitea Orrela egin ere! Gizon eta emakumeak negarrez, talde aundian, Alemani zear, euren ezpataz bide egin zuten eta baso ta mendidun gaiñ auetara eldu ziran Eta orain Muota baratz eder artean dioan ibar atsegintsu onetara arte, gizataldea ez zan gelditu An ez zan gizon aztarrenik ezagutzen eta ertzean txabola bakarti bat baiño ez zegon. Etorri-berriak bestekalderatzeko, gizon bat zai zeukaten. Baiña, aintzira nasturik zegon eta ezin ontziratu. Orduan alderdia zeatzago aztertu zuten eta baso itzalak eta iturri ederrak arkitu zituen eta euren aberri maitean zegozala iruditu zitzaien. Bertan goxo egitea erabaki zuten. Schwitz-eko gaztelu zarra eraiki zuten. Eta lan gogorraren bidez basoak bai garbitu ere Gero, erria ugaritu ala, alderdi ura estuegia zala-ta, izotzaz beteriko tokietaraiño, mendi beltzetaraiño, barreiatu ziran. An, betiko elur azpian beste izkuntzadun erria bizi zan. Kernwald-en, Stanzko gaztelua, eraiki zuten eta Reuss ibarrean, Altdorf-koa. Baiña, beti gogoan izan zuten euren jatorria; orregatik, naiz gero onuntza bestelako erri batzuk sartu, suizotarrak alkar arkitu ta ezagutzen dira, bai odolez, bai biotzez. (Ezker-eskubira eskua luzatzen du.)
MAUER: Bai, gu biotz bat eta odol batekoak gera.
GUZIAK (eskuak elkar estutuaz): Gu erri bat gera ta batera lan egingo dugu.
STAUFFACHER: Beste errialdeak atzerritar uztarpean dagoz eta garaillearen mendean jarri dira. Gure lurraldean ere, biztanle asko atzerritarrarekin korapillatzen dira, ta gero, euren semeei, morroitza utzitzen die. Guk ordea antziñako suizotarren jatorri garbikoak baigera askatasuna beti zaitu dugu: ez gera beiñere jaurlari baten aurrean belaunikatu, ta gure asmoz eta gogoz Kaisarraren laguntza aukeratu dugu.
RÖSSELMANN: Guk, gure gogoz aukeratu genun Kaisarraren laguntasun eta itzalpea; onela, azaltzen da Frederik-en agirian.
STAUFFACHER: Baiña, askatuena ere nagusi gabe ezin legoke. Buru ta epaillari bat bearrezkoa da eskubidea nori dagokion, eztabaida danean. Orregatik, gure asabek Kaisarrari itzal izan zioten goldetu zuten lurragatik, Itali ta Alemanin zuten gorentasunagatik, eta Kaisalderripean zeuden gaiñerontzeko aberri askatuekin ere, gudaldiko morrontzara beartu ziran. Onelakoa baita gizon aske guzien eginbearra, zaitu ta geriztatu gaituenen alde irtetea.
MELCHTHAL: Gaiñerako guzia morroitz-ezaugarria da.
STAUFFACHER: Kaisarrak eskatzean, aiek Kaisalderriko ikurriñ ondoren jarraitzen zuten; eta izkilluak lagun Italira zioazen Erromako bureztuna ari bururatzearren. Jaioterrian, ordea, beraiek agintzen zuten euren antziñako oitura ta lege zarrez. Eriotz-zigorra Kaisarrari bakarrik zegokion. Artarako autatua zeukan ordezko zitzaion konde bat; bera ez zan gure artean bizi. Erru oietakoren bat gora-bera, deitzen zitzaion eta zelaian zeatz eta garbi, gizonen bildurrik gabe, bere epaia ematen zun. Morroi ezaugarririk nun ikusten duzute or? Norbait bada, nere iritxikoa ez dana, itzegin beza.
HOFE: Ez, zuk diozun bezela da guzia ta gutarteko iñork ez zuan jasango Jauntxokeririk.
STAUFFACHER: Apaizei laguntzearren, legeak ausi dituanean, Kaisar berari ere, esan-egiterik ez dugu nai izan. Lekaipuruak antziñako jauntza bat zala bide, ta Ensiedeln-eko lekaideak, aspalditik gureak ziran lur-zelaiak beraiengandu nai izan zituztenean, esan gendun: "Jauntza ori ixilpean lapurtua izan da. Gurea dana, iñori eman dezaioken Kaisarrik ez da; eta Kaisarrak zuzen jokatu nai ez badu, mendi auetan ez dugu Kaisar bearrik". Onela itzegiten zuten gure gurasoak. Beraz, orain atzerriko morroi batengandik, iñungo Kaisarrarengandik jasan ez dugun menpetasun lotsagarri ta berria, eraman bear ote dugu? Gure eskuen lanaz geureganatu dugu lurralde au: aspaldiko basoak, len otsoen zulo illunak baizik ez ziran, eta orain gizonen bizileku biurtu ditugu. Aintzira oetan bizi zan sugeenda pozoitsua garbitu gendun. Baso auek ituntzen zituan betiko odeiak urratu; arkaitzak zartatu ta bide egokiak idiki dizkiogu bidaztiari. Orretxegatik, gurea da bai lur au, millaka urtez eduki dugulako. Eta atzerritar jaun baten morroia etorriko zaigu gu katepetzera, ta gure-gurea dan lurra doillorkeriz betetzera? Nausikeri onen aurkakorik ez ote dago? (Biotz ukiturik arkitzen dira batzarkideak.)Ez, jauntxokeriak ere, badu bere azkena. Katepean dagonak zuzentasunik iñun billa ezin badu, ta kate oien nekeak eraman eziñak diranean Zeruari, laguntza ta biotz indarra eskatzen dio, ta lurrekoei izarrak bezin alda-eziñ eta galdu-eziña dan bere eskubide betikoa. Orduan, izadiaren lenen-izakera berritzen da, eta azken laguntzaz, besterik eziñean, ezpatari otsegiten zaio. Gu, eskubide aipagarriena zaitu bear dugu gogorkeritik gure aberri, emazte ta semetxoen alde burrukatzen gera!
GUZIAK (eskuak ezpata gaiñean ipiñiaz): Gure emazte ta semeak aldezten ditugu!
RÖSSELMANN (aurreratuaz): Ezpatari eldu baiño len, Kaisarrarekin pakebidez jardun ezazue. Itz bat aski zaizue, ta gaur zapaltzen zaitueten jauntxoak, biar agur egingo dizue Orrenbestetan eskeiñi zaizuena, artu ezazue; alde Kaisalderritik, lotu Austriari.
MAUER: Apaizak zer dio? Austriari zin-egiteko?
BÜHEL: Utzi orrelako ori!
WINKELRIED: Aolku ori saltzaillearena da, Aberriaren etsai batena.
REDING: Baretu, adiskideok!
SEWA: Austritarrei zin-egiteko, onelako kalte ondoren?
FLÜE: On-goseari ukatu dioguna, nai-ezean kentzen utziko ote genuke?
MEIER: Orduan, bai giñakela otsein, eta ala izatea irabazirik genuke!
MAUER: Suizo eskubideak galdu ditzala Austriari etsi bear zaiola dionak! Lendakari! Auxe bedi, guk orain damagun lenen legea!
MELCHTHAL: Ala bedi! Austriari etsi bear zaiola dionak, eskubide ta aipamenik gabe gelditu bedi, ta ez beza iñork bere etxean artu.
GUZIAK (eskubiak jasorik): Orrela izan dedilla agintzen dugu!
REDING (ixillune ondoren): Ala bedi!
RÖSSELMANN: Orain aske zerate; ta lege onen bidez, izan ere. Austriak ez du indarrez iritxiko maitekeriz ezin izan duana.
WEILER: Aurrera! Egunekora!
REDING: Adiskideok! Pakezko diran guziak ondo aztertu dituzue? Bear bada bakaldunak ez jakitea baliteke ta gure nekaldeak aren nai ezean izatea. Azkeneko au aztertu bear dugu ba; gure nekeen berri entzun dezala, gudara jo baiño len. Gudarako ori, beti ikaragarri baita, naiz ta zeregin zuzena izan. Gizonek baztertzen gaituenean, orduan Jainkoak laguntzen digu!
STAUFFACHER (Konrad Hunn-i): Orain zuri dagokizu mintzatzea. Itzegin, ba!
HUNN: Ni, Rheinfeld-en egon naiz Kaisarraren jauregian, jaurlarien jauntxokerien berri ematen, eta Kaisar berri bakoitzak beti eman oi zigun gure antziñeko Lege Zarren baietza eskatzen. Beste uri askotako ordezkariak an arkitu nitun: Suabia ta Rhin ertzetakoak. Guziek euren larrutxaz eta pozik, etxeratzeko gerturik. Ni ordea, zuen ordezkoa, Batzarrera bidali ninduten eta an poz-jario txoroz agur egin zidaten, esanaz: "Kaisarrak orain ez dauka aldirik; zure eskaera pozik entzungo du beste baten". Eta jauretxeko areto zear itunik nijoala, an ikusi nun Jon dukea txoko baten, negarrez, eta aren ondoan Wart eta Fegerfeld-eko jaun agurgarriak: auek neri deitu ta esan zidaten: "Alkar lagundu zaitezte; bakaldunaren zuzentasunari begira ez egon. Bere anaiaren semeari lapurtu ez dio, ba, aren ondarea bereganatuaz? Dukeak amagandiko aberastasunak eskatzen dizkio, orretarako urteak ditualako ta bere Aberria zaitzeko garaira eldu dalako. Eta zer erantzun zaio? Kaisarrak burestun bat ezarri dio buruan, esanaz: Auxe bai duzula, gaztaro apaingarria!".
MAUER: Entzun duzue. Kaisarragandik ez ezeren zai egon; ez eskubide ta ez zuzentasunik. Alkar lagundu zaitezte.
REDING: Ez dago, ba, beste biderik. Orain Batzarrak erabaki beza gure naia zurki lortzeko bidea.
WALTHER FURTS (baranora sartuaz): Guk morrontza nazkagarri onetatik irten nai dugu; gure asabengandik artutako Lege Zarrak zaitu ta itxumustuan ez dugu berririk eskatu nai. Bego Kaisarragan Kaisarrarena: jabe bat daukanak, bear bezela ordaindu bezaio.
MEIER: Baditut nik Austriaren ondasunak feudoz artuak.
WALTHER FURTS: Jarrai ta Austriari zor diozun itzala, orain arte bezela agertu ezaiozu.
WEILER: Nik, Rappersweil-ko jaunei petxea ordaintzen diet.
WALTHER FURTS: Jarrai, ba, zor diozuna ordaintzen.
RÖSSELMANN: Nik ere, Zurich-ko lekaime-buruari zin-egin diot.
WALTHER FURTS: Eman lekaidetxera berea dana.
STAUFFACHER: Ara nik Kaisalderriarena ez bada, besterik ez dut.
WALTHER FURTS: Bear dana egin bedi ta kito. Guk, jaurlari ta aien adiskideak bota nai ditugu ta euren gazteluak apurtu; baiña, odol-tanta bat ixuri gabe al bada. Ikusi beza Kaisarrak gure eginbearra ta aren begiramena austera bearrak beartu gaituela. Eta gure senean gaudela, berak ikusten badu, agian barruko amorrua azpiratuko du, badaezpadan-edo. Beldur osasungarria sortzen baitu, armak eskuan artu ondoren, bare-bare jartzen dan erri batek.
REDING: Baiña, jakin dezagun. Nola beteko gure zeregiña? Gure etsaia ondo gerturik dago ta ez du etsiko gudara jotzeke.
STAUFFACHER: Etsiko du, gudarako ikusten bagaitu. Bera gertu baiño len, aurreztuko gatzaikio.
MEIER: Azkartxo esan duzu baiña zailla da ori betetzea. Gure etsaien babeserako, bi gaztelu ditugu emen, eta beldurgarri litezke, Kaisarra lurralde onetara baletorke. Rossberg eta Sarnen egiñalean artu bear ditugu, ezpata bat ere, xorrotik ateratzeke.
STAUFFACHER: Geroko uzten badugu, etsaiak jakingo du, ixilpeko itza geiegitxok dakite-ta.
MEIER: Erkietan ez dago saltzaillerik.
WALTHER FURTS: Gure asmoa geroratzen badugu, Altdorf-eko gaztelua amaituko dute, ta Jaurlaria an indartsu egingo da.
MEIER: Zu zutzaz bakarrik arduratzen zera
SIGRIFT: Eta okerra zera.
MEIER (jeikiaz): Gu okerrak! Eta Uritarrak ditugu guri ori esaten digutenak?
REDING: Ixo! Ta zuen ziñari eutsi gogor.
MEIER: Bai, bai. Schwitz eta Uri-k alkar artzen badute, gu ixillik bearko.
REDING: Batzarraren aurrean oartu bear dizuet, zuen asarrez, guzion pakea uxatzen duzutela. Guzion onerako ez ote gera, ba, emen bildu?
WINKELRIED: Gabonak arte itxadoten badugu, orduan, oitura danez, menpeko guziek gaztelura dioaz, beren opariak jaurlariari eramatera. An bildu ditezke amar edo amabi gizon iñoren zuzmurrik gabe. Eraman lezazke bakoitzak ixillean mutur zorrozdun burniak, aztamakill muturretan berealaxe ezartzeko egokiak; eta onela adarra joko genioke gaztelura izkilludun ez sartzeko dion aginduari. Batzar aundiena aldameneko basoan izango litzake. Ta lenengoak atearen jabe egingo balira, turutaz, ots! eta guziek basotik irtengo luteke. Orrela gaztelua gurea litzake erraz askorik.
MELCHTHAL: Nere gain Rossberg-en sartzea; gazteluko neskatil batek maite nau, ta siñestarazi nentzaioket, gau ikustalditxo bat egiteko eskala bat eman dazakidala. Barrura ezkero, lagunei lagunduko diet.
REDING: Zer dio talderik aundienak? Gure asmoa gerorako uztea?
(Geienak eskua jasotzen dute.)
STAUFFACHER (autarkiak zenbatzen ditu): Ogeirek, amabiren aurka baietz diote.
WALTHER FURTS: Erabakitako egunean gazteluak azpiratzen baditugu, guk sutzarren bidez mendiz mendi ezaguneraziko dugu. Izkilluetarako gai diranak Eskualde bakoitzeko uri nagusienean bilduko dira Jaurlariek gudarako benetan gerturik gaudela ikustean, siñetsi ezaidazue, beraiek etsiko dute, ta pozik izanen dira, gure Aberritik iges egitea irixten badute.
STAUFFACHER: Neri, Gessler-en zaldizkoak damakite beldur; gogor burrukatu gabe, ez baitu aldegingo, ta aldeginda gero ere, kalte asko egin dezakiguke. Orri barkatzea zailla da ta agian arriskugarri.
BAUMGARTEN: Jarri nazazue bizitz arriskurik aundienean. Nere bizia Tell-i zor diot. Atsegiñez, Aberriaren aldez galbidean jarriko dut; zaitu dut nere izen garbia ta nere biotza pozik dago.
REDING: Aldia da aolkulari ona. Paketsu itxoin ezazue, ba. Adiona ondo bete bear da. Baiña, begira! Emen gaua egun egiten du-gun bitartean, egunsentiak tontor goienetik "erne, mutillak" esaten digu Alde dezagun, ba, egun argiak jo baiño len.
WALTHER FURTS: Ez beldurtu, gaua geldiro joaten baita ibar oetatik. (Guziak bapatean, txapelak artu ta ixillik egunsentiari begira egongo dira.)
RÖSSELMANN: An gure azpian, urietako lurriñaz, nekez arnasa artzen duten beste erri aiei baiño len agur egiten digun argi onegatik, guziok alkartasun berriaren ziña egin dezagun Gure bear edo arriskua edozein izan, beiñere aldenduko ez geran anaierri bat izan nai dugu. (Guziak berresaten dute, iru beatz jasorik.)Guk aske bizi nai dugu gure gurasoek lez; obe eriotza, menpekotza baiño. (Berresaten dute.)Guk Jainko Alguzidunean dugu gure ustea eta ez dugu gizon indarraren beldurrik. (Guziek berresaten dute ta besarkatzen dira.)
STAUFF: Orain bakoitza bioa paketsu bere bidetik bere lagun artera. Artzaia danak larreatu bitza lasai artaldeak negu ontan eta ixilpean egin bitza Alkartasunerako beste lagunak Ordurarte jasan bearra, nekez bada ere, jasan.
Utzi biribildu dedilla Jauntxoak eman bear duten ordaiña Alako egunean bapatean guzien eta bakoitzarena ordaindu bearko dute-ta. Zuetako bakoitzak ixildu beza gorroto bizi ta zuzen ori ta norkeri ori gorde beza guzien onerako; bada, Aberriarekiko lapur da, Aberriari baiño len, bere buruaren onari begiratzen diona.
Ixillik aldentzen diran bitartean, bata besteak iru bideetatik zear ereslari taldeak abesti bikain bat-edo jo beza; antzokia utsik geratuko da aldi batez ta eguzkiak elur-mendi gaiñetik igoko du diztiratsu.
LENENGO AGERRALDIA
Tell-ek eskuetan arotz-aizkora dauka ta Edubige etxeko lanetan ari da. Gualter ta Gulielma antzoki atzean arranbelaz jolasten.
GUALTER (abeslari): "Goizean argi-urratzean, eiztaria arranbela ta gezia lagun, mendi ta ibarretan barna dioa". "Egurats zabalean saia nagusi bezela, eiztaria ere, jarei, malkor eta mendiskaetako jaun". "Zabaldi aundia berea du, ta aren geziak jotakoa, egazti ala narrazti, garbitzen du". (Ikotika eldurik.)Aita, lokarria eten zait, taiutu ezaidazu!
TELL: Ez nik! Eiztari azkarra norbera alegintzen duk. (Aurrak urrutiratzen dira.)
EDUBIGE: Semetxo auek gazterik asi zaizkigu eiztaritzan.
TELL: Nagusi izan nai duanak, aurtzarotik jardun bearko.
EDUBIGE: Jainko arren!! Beiñere ikasiko ez baluteke!
TELL: Guzia jakin bear dute. Pakean bizi nai duanak, alde ta aurkarako bego gertu.
EDUBIGE: Ai ene! Norbere etxean ere, ez da iñor paketsu izango.
TELL: Emakume, bestela ezin nentzake iraun. Nere jatorrikoa ez duzu artzangorako. Atsedentzeke, elburu igeskor baten ondoren ibilli bear nik, eta berriro egunoro neureganatzean, orduantxe bai zaidala pozgarri nere lana!
EDUBIGE: Eta bitartean naigabez beterik eta larritan zure zai dagon emaztea ez duzu gogora. Zure ibillera arriskugarrien berri morroiek dakarkidatenean, beldur naiz. Agur egite bakoitzean, biotzak dar-dar dagit, geiago niganatuko ez zeralakoan. Askotan elur-mendietan galdurik, aitzez-aitz jauzi gaiztoz ikusten zaitut; edo basauntzak gibelerat dagianean, leizera narraztaka zaramala; edo elurmetak azpiratzen zaituela edo elur iruzurtia oinpean kraskatu, ta bizi-bizirik murgiltzen zerala leize ikaragarrian. A! Alpen-eko eiztari ausartiak, eriotza amaika eratan du zelatari. Beti galzorian amiltegi ondarrera zaraman lanbidea zoritxarrekoa zaizu.
TELL: Bere ingurukoetara begi-erne dabillenak, Jainkoagan eta nork bere indar aundian itxaropen dualarik, gaitzaldi ta bear guzietatik erraz dagi iges. Mendian jaioa, mendiak ez du izutzen. (Lana bukatu ta tresna lagatzen du.) Orain nere ustez, urteetarako badugu atea. Aizkora etxean arotzaren bearrik ez. (Txapela artzen du.)
EDUBIGE: Nora zoaz?
TELL: Altdorf-era, nere aitaren etxera.
EDUBIGE: Asmo galgarriren batek ez ote zaitu urduri? Esaidazu!
TELL: Zergatik diozu, emakume?
EDUBIGE: Jaurlarien kaltezko zerbait darabiltzue! Rutli-n bildu dira; badakit, eta zu ere alkartasun ortan zaude.
TELL: Ni ez nintzan an baiña aberriak bear banau, ez dut utsegingo.
EDUBIGE: Aiek toki txarrenean jarriko zaitue beti. Oi bezela, okerrena zuretzat izango da.
TELL: Bakoitzak al duanaz laguntzen du.
EDUBIGE: Ekaitz aldian, Unterwald-tar bat aintziraren bestekalderatu zenduan Mirariz, irten ziñaten Zure emazte ta semeetzaz ez gogoratzea bai ote leike?
TELL: Emazte maite, orduantxe ere zuetzaz oroitzen nintzan. Semedun aita bat, onez atera nun.
EDUBIGE: Aintzira nastuan arraunlari! Ori ez duzu Jainkoagan uste izatea. Ori zirikatzea duzu.
TELL: Zer egingo, ba? Luzaroan ausnartzen duanak, ezer ez dagi.
EDUBIGE: Bai, zu benetan ona ta morroilari zera; guzien lagunkide eta besteen bearrez zeranean, iñor ez datorkizu lagun.
TELL: Ene Jainkoa! iñoren bear ez banintz! (Arranbela ta gezia artzen ditu.)
EDUBIGE: Arranbela zertarako duzu orain? Utzi emen!
TELL: Arranbel gabe, besorik gabe naiz. (Aurrak berriz datoz.)
GUALTER: Aita, nora zoaz?
TELL: Aitdorf-eruntz, mutil; Ehni-ra Lagundu nai al didak?
GUALTER: Bai, bai orixe!
EDUBIGE: Jaurlaria antxe duzu orain. Ez zaite Aitdorf-eratu.
TELL: Gaur bertan aldegiten dizu andik.
EDUBIGE: Aurrenez berak aldegin dezala, ba. Ez akiozu gogait-eragin; dakizunez ez gaitu maite-ta.
TELL: Aren oker-naiak, ez dakarkit gaitz aundirik. Ni zintzoa naiz; eta ez dut iñongo etsairen beldurrik.
EDUBIGE: Ongilleei, oiei die gorrotorik aundien.
TELL: Iraintzeko ziorik arkitzen ez dualako zaldun orrek pakean utziko nauala deritzait.
EDUBIGE: Diozunaz, ziur ote zera?
TELL: Oraindik gutxi, Schachen ibarreko sakon oiantsuetan eizean nebillen; an, ez zan gizon aztarrenik ezagun; eta arkaitz artean ebakitako bideari lotua nijoala; atzera egiterik ez neukan, gaiñekaldetik aitz maldatsuak, eta azpikaldetik berriz, Schachen erreka burrunba ikaragarrian zijoalako. (Semeak urbiltzen zaizkio, ezker-eskubira, ta adi-adi begiratzen diote.)Jaurlaria ere, antxe zetorren bide beretik, neri buruz, ni bezin bakar; gizona gizonaren bekoz, eta gure aldamenean leizea. Lentxoago uskeri bategatik gogorki zigortua nindualako, orain begi eman eta ezagutu ninduanean, eta arranbel ikaragarriaz bere billa alderatzen nintzaiola oarturik, zurbil eta belaun-ikaraka, amildu zorian zegola antz-eman nion Orduan errukitu nintzaion; apalki urbildu ta esan: "Jaurlari jauna, neu nauzu". Txintik ere ezin atera izan zun Ixillune ixillenean, nere bideari jarraitzeko eskuz kiñu egin zidan; nik aurrera eginda, laguntzalleak igorri nizkion.
EDUBIGE: Zure aurrean ikaratu da? Ai zuri! Bere aulkeriaren ikusle izan zeralako, ez dizu beiñere barkatuko.
TELL: Orregatik aldegingo dut arengandik eta ark ez nau arkituko.
EDUBIGE: Gaur beintzat, andik urruti zabiltz. Obe duzu eizera jotzea.
TELL: Baiña, zer duzu?
EDUBIGE: Larri bizian nauzu. Zaude andik urruti!
TELL: Uskeriagatik zertan goibeldu?
EDUBIGE: Orregatixe, ba, Tell, geldi zaite emen.
TELL: Nere maiteño, aruntza joatea agindu dut.
EDUBIGE: Bearrezkoa bazaizu, zoaz baiña mutiltxoa utzi emen.
GUALTER: Ez, amatxo, ni aitakin noa.
EDUBIGE: Enetxo! ire ama bakarrik utzi nai duk?
GUALTER: Ehni-tik pitxi bat ekarriko dizut. (Aitakin badijoa.)
GULIELMA: Ni, amatxo, zurekin gelditzen naiz.
EDUBIGE (laztanduaz): Bai; i aiz nere seme kutuna; i gelditzen akitan bakarra. (Atarira badijoa ta luzaroan begiz laguntzen die.)
BIGARREN AGERRALDIA
Alderdi menditsu ta bakartia. Arkaitzetatik bera errekak apartsu. Berte, eiztari jantziz; eta geroxeago, Ruden.
BERTE: Badarraikit! Guenez, azaldu ninteke.
RUDENZ (bapatean sarturik): Andereño, orain beintzat bakarrik arkitzen zaitut eta alderdi guzietatik amiltegiz bildurik gaude. Basoarte ontan iñungo ikusleren beldur ez naiz eta ez dut uste oraindaiño samindu nauan ixilgune astun au austen iñork eragotziko ditanik
BERTE: Ziur ote zera, eiztarik ondoren ez ditugula?
RUDENZ: An urruti dituzu. Orain edo beiñere ez! Egokitasun au ez zait alperrik igaro bear Gaurtik betiko zure ondotik aldegin bear badut ere, nere zoriaren gora-bera erabakita ikusi bear dut O! Zure begi eztiak ez ezazkidazu asarrekor biurtu Nere arrokeria zuri adierazteko, nor naiz ni? Omenak ez nau oraindik aipatu ta nai zaituen zaldun aberats eta ospatsuen artean ezin nentzake nere bururik azaldu. Baiña maitasun eta zintzotasunez gaiñez dagian biotza dizut
BERTE (benetan eta betillun): Zure egiteko garrantzitsuenetan zabar zeralarik, maitasun eta zintzotasunaz mintzo zentzake, ala? (Rudenz atzeratzen da.)Austriaren morroia atzerritarrari saldurik, bere aberri zapaltzaille?
RUDENZ: Ene andereño, zugandik orrelakorik entzun bear? Alderdi artan noren billa ni, zure billa ezpada?
BERTE: Eta saltzaille artean arkituko nauzulakoan zera? Menpekoen zapaltzaille egiñiko, suizotar seme endekatuari baiño, pozikago nemaioke nere eskua Gessler ankerrari.
RUDENZ: Ene Jainkoa! Zer entzuten nik?
BERTE: Zer? Gizonarentzat aideak baiño urreagokorik bai ote da? Biotz zindoentzat, errugabeen zaindari ta lanpetuen aldezkari izatea bezelako betebear bearrenetakorik bai ote? Zure aberriagatik, nere biotzari odola dario; minkide natzaio; orren apala izanik ura maitatzea baitagokit. Arek daramakit nere biotza eta egunoro maiteago dut Baiña zu, izatez eta zaldun eskubidez ari laguntzera bearturik zaude; eta ala ere, bazterreratzen duzu. Eta zu etsaiarenganatuz, aberriaren kaltezko asmaketan zabiltzan gizatxarra zera. Zure izkerak nardatu ta minberatzen nau; eta zu ez gorrotatzeko nere gogoari gogor egin bear.
RUDENZ: Nere aberriaren ona ez dutala nai? Berari, Austritarren aginte-zigor altsupean pakea nik nai ez ote?
BERTE: Zuk aberria morroi-erri biurtu nai duzu. Askatasunari lurrean gelditzen zaion azken babesa ere, lapurtu. Erria da obekien aditzen duna bere zoriona, ta bere ezaguera xurra atzipetuko duan maltzurkeririk ez da. Sarean bilduko duzu.
RUDENZ: Berte!, zuk gorroto nauzu ta muxin dagidazu!
BERTE: Ala balitz obe Baiña gogo onez maite litekeana, gorrotatua ta gorrotogarri ikustea
RUDENZ: Berte! Berte! Zorionik aundiena erakusten didazu ta bapatean bertan murgildu nazu.
BERTE: Ez, ez; zintzotasuna oraindik zugan ez da itzali. Lo dago ta esnatu-erazi bear. Gogoaren jatorrizko indarra gogo barruan itotzeko, gogorki uko bear zera. Zorionez, zu baiño indartsuagoa da ura, ta zuk nai ezta ere, ona ta zintzoa zera.
RUDENZ: Nigan uste-onik bai al duzu? O Berte! Orain eta gero, zure maitasuna da neretzat oro.
BERTE: Zure jatorri zintzoak agintzen dizuna zaite. Zure aberri ta aberkideen artean, erakusten dizun lekua bete, ta zure eskubide zuzenen alde jokatu.
RUDENZ: Ai ene! Kaisarraren indarrari aurka banoakio, nola nai izango ta nola neureganduko zaitut? Senideen nai altsua ez ote da, ba, zure eskua aukeran eskeintzen duana?
BERTE: Nere onibarrak lau erkitan arkitzen dira ta Suizotarra aske balitz, ni ere ala nintzake.
RUDENZ: Berte, zer etorkizun eskeintzen didazu?
BERTE: Austriaren sari-bidez, ez uste gero ni zureganatzerik; Austritarrak nerekin ezkondurik, nere ondarea ta ori eralgiko du-ana baiño, ez du gogoan-ta. Zuen askatasuna betiko galdu nai duan lur-gose berberak, ni ere zematzen nau Ene adiskide! Ni kutunen baten sari-ordaiñez-edo, erruki-oparitako begiz jota egotea ere, baleike. Zurikeri ta gezurraren abira, Kaisar etxera, eraman nai naute; eta nere eztei gorrotogarrien lokarriak an izango ditut. Maitasunak zure maitasunak bakarrik estuasun ontatik atera nentzake.
RUDENZ: Eta emen bizitzera eta nere aberrian nerea izaten etsiko ote zenduke? O, Berte! ludi onetan nere nai bakarra, zugana jotzea ez ote da izan? Aintza bideetan billaka ibilli nazaizu, eta nere gogo osoa, nere maiteñoa Baiña, ibar paketsu one-tan nerekin alkartu nai baduzu, ta ludiko txorakeriei zaputz badagiezu orduan bai iritxi detala ertz gogor onetan Gaurgero, ez dut nere bizitzan beste zale igeskorrik nabaitzen. Naiago nuke aitz auek gure inguruan igaro eziñiko esi sendoa egingo baluteke ta ibar paketsu au, zeru ta argitara bakarrik zabaldua balegoke!
BERTE: Zu, orain ere, nere biotz igarleak amestu lakoxea zera; nere sinisteak ez nau atzipetu.
RUDENZ: Agur, ba, amets zoro! Nere aberrian arkituko dut nere zoruna. Emen aurtzaroa pozik igarotokian; zugaitz eta iturriak neretzat bizi-bizi diran onetan; emen, nere aberrian, zuk nerea izan nai duzu! Ai ene! Ori nai izan dut nik beti. Nere bizitzako eztialdi guzietan, orren bearra arkitu oi izan dut beti.
BERTE: Zorundun-ugartea emen, gizon xaloen abi onetan ez bada, nun izango ote? Gezurra ezezaguna eta antziñako zintzotasuna bere etxean lez bizi dan toki onetan bezela ezpada, nun? Gure zorion-iturria bekaitzak ez du lokatzatuko, ta orduak guretzat beti argitan dijoazke Benetako gizon nausitasunez ornitua zakust; zure kideko gizon askatuen artean, lenena; opari garbi, ederrez apaindua ta bere jaurerrian agintzen dun bakaldun bat bezin bikain.
RUDENZ: Eta nik emakume guzien erregiña bezela ikusten zaitut; zure etxelanetan zoragarri; nere etxea zeru-zati egiten; eta udaberria lore banatzaille antzo, zure gogo ederrez nere bizia apaintzen eta inguruko guzia bizkortzen.
BERTE: Orra esan, nere lagun maitea, zergatik negon itun, ikusiaz nere bizitz osoko azken nai au, zeure eskuz zaratatzen zenduala Ai ene! Nere aberriaren zapaltzaille dan zaldun arroxko orri bere gaztelu illunera jarrai bear banio, nere etorrera zer izango ote zan? Nik ainbeste maite detan erritik aldendu nentzaken gaztelurik ez da emen, ezta ere, arri-esirik.
RUDENZ: Baiña nola irtengo nik nere txorabioan, buru-biran neronek egindako korapilloak nola askatuko?
BERTE: Eten itzatzu gizonki! Gertatua gerta Zure erriarentzat zaite! Orra or zure tokia! (Urrutiruntz eiztarien turototsa.)
IRUGARREN AGERRALDIA
Altdorf ondoan zelaia; atzekaldean aurre xamarrean zugaitzak, eta atze-atzean, aga-buruan txapel bat. Baumberg-ek ozertzari muga egiten dio ta mendi-saldoen gaiñetik, elurrez estaliriko gailurra ageri da. Friesshardt eta Leuthold zelatari.
FRIESSHARDT: Alperrik gatxeudek emen. Txapelarengana ez duk iñor urreratuko, iñork ere ez agurrik egingo. Eta emen bestetan azoka baten ainbat gizakume izan oi ukan, eta orain, txorimalo ori or ipiñi ezkeroztik, zelai au utsik zegok.
LEUTHOLD: Gizatxarra besterik ez zetorrek, eta txapel zarrak aspertzeraiño astintzen zizkigutek. Gizon taiuzkoak, txapelaren aurrean makurtu baiño len, naiago ditek itzulinguru luzeagoa egin.
FRIESSHARDT: Eguardian udaletxetik irteterakoan, naitanaiez emendik igaro bear ditek. Orrela ba, txapelagatik iñori ezer ez zitzaiolako, eize ederra egiteko ustetan nindukan ni. Orduantxe, Rösselmann Apaiza bertaratu ukan gaixo baten etxetik Eleizakoakin zetorken eta gure Jaunarekin aga-oiñean gelditzen duk txadon-zaiak txintxarra jotzen dik eta guziak, ni ere bai, belaunikatu ta Eleizakoen aurrean auspeztu giñukan, ez ordea, txapelaren aurrean
LEUTHOLD: Aizak, adiskide, txapel orren aurrean egotea tentelkeria dala uste diat Bai, txapel zaintzen emen egotea txepelkeria duk zaldun gudalari batentzat Burudun guziak, naitanaiez, nardaz begiratzen gatxiaztek Txapel bat agurtzea! Kasketaldi eroa duk benetan!
FRIESSHARDT: Eta azpian bururik ez duan txapel utsa, zergatik ez agurtuko, ba? Amaika aldiz, ori bezin buru uts diranen aurrean, bapo makurtzen duk ik lepoa.
Hildegarde, Matilde ta Isabel semeekin datoz eta aga baranoan jartzen dira.
LEUTHOLD: Eta, i, orren zital utsa ote aiz, ba, gixagaixo auei, artez eta egitez kalde egiteko? Txapel ondotik nai duana igaro dedilla; nik begiak itxi, ta or konpon.
MATILDE: Orra or zintzilik, Jaurlaria! Mutilak, itzal izan ezaiozue!
ISABEL: Ai joango balitz eta txapela bakarrik utziko baliguke! Aberri onetan ez giñake txarkiago.
FRIESSHARDT (oek uxatuki): Utikan, emakume madarikatuok! Nork otsegin dizue? Biali zuen senarrak, ia gure aginduei ixeka egiteko lain ote diran.
Emakumeak badijoaz. Tell arranbelakin ta semetxoa eskutik duala azaltzen da; txapelaren ondotik, oni begiratzeke, antzoki aurrera egiten dute.
GUALTER (mendia erakutsiaz): Aita, egia ote da, an, mendi artan, zugaitzei odola darietela, aizkoraz zauritzen diranean?
TELL: Nork esan dik, mutil?
GUALTER: Hirt irakasleak esaten du Sorginduak dagozela dio, ta zauritzen dituanaren eskua bere illobitik ateratzen dala.
TELL: Zugaitzak sorginduak zeudekala egia duk Odei artean ezkutatzen diran mendi aiek, tontor zuri aiek ikusten?
GUALTER: Gabaz dardar dagiten eta guri elur-metak bialtzen dizkiguten elurte izoztuen tokiak dira.
TELL: Orrela duk; eta basoko zugaitz aiek babestu ez bazuten, Altdorf erria aspalditik aien zamapean zapaldurik ukan.
GUALTER (zerbait geroxeago): Aitatxo, mendirik gabeko erririk bai al da?
TELL: Gaiñ auetatik, ibaiari jarraituki jetxiaz-jetxiaz, lurralde zabal eta legunera elduko aiz; an, urak ez dik ez bitsik ez marrurik; eta, uraren laisterka benetan duk ixilla ta baretsua. Begiak, oztoporik gabe, zabalera neurrigabean luzatzen dituk, eta zelai luze ederretan garia azten duk, eta lurrak beti lorategi zirudik.
GUALTER: Aitatxo, eta emen beti zalantzan eta neketan egon bearrez, lenbailen zergatik ez gera lurralde zorundun orretara aldatzen?
TELL: Zerua ederra danez, lurra ere ederra ta emankorra duk; ala ere, ereinlariak ez dituk ondorengoen gozalari. GUALTER: Guraso-ondareetan, zu bezela ez ote dira, ba, aske? TELL: Lurrak, Gotzai eta Bakaldunarenak dituk.
GUALTER: Gogoak eman ala, basoetan eizatuko dute, ordea?
TELL: Egazti ta narrazti-eizea Jaunarena duk.
GUALTER: Baiña, gutxienez ibaian arrantzoan jardungo dute?
TELL: Ibaia, itxasoa ta gatza, Bakaldunarenak dituk.
GUALTER: Baiña, guziak beldur dioten Bakaldun ori nor da?
TELL: Berauxe bakarrik duk mantentzen dituana.
GUALTER: Beraiek ezin ote ditezke, ba, alkar babestu?
TELL: Auzokoak ez dik auzokoagan usterik.
GUALTER: Ene aita, bai estu nintzakela ni, orren lurralde zabalean!
Naiago dut elur-meta oien azpian bizi.
TELL: Bai, semetxo, sorbaldan elur-mendiak eukitzea obe duk gizatxarrak baiño. (Aurrerantza bezela dagite.)
GUALTER: Ara, aita, begira aga-muturreko txapel orri.
TELL: Guri zer? Ator eta goazik. (Ibiltzerakoan, Friesshardt-ek aztamakilla aurrez aurre jartzen dio.)
FRIESSHARDT: Geldi ortxe; ez oñik aurrera, Kaisarraren izenean!
TELL (aztamakillari elduaz): Zer nai duzu? Zer dala-ta geldierazten nauzu?
FRIESSHARDT: Agindua ausi duzu. Jarrai bear diguzu.
LEUTHOLD: Txapelari ez diozu agurrik egin.
TELL: Adiskide, utzi ezaiguzu joaten.
FRIESSHARDT: Ala, ala! Espetxera!
GUALTER: Nere aita espetxera? Lagun! Lagun! (Deadarka:) Lagunak, atozte onuntza, lagun gaitzatzue! Bidegabekeria! Bidegabekeria! Espetxera daramate!
Rösselmann apaiza ta Petermann txadon-zaia ta beste iru gizon, bertaratzen dira.
TXADON-ZAIA: Zer gertatzen da?
RÖSSELMANN: Zer dala-ta atzeman duzu gizon au?
FRIESSHARDT: Kaisarraren etsai da. Etoi!
TELL (gogorki astinduaz): Ni, etoi?
RÖSSELMANN: Oker zabiltz, adiskide. Tell duzu, erritar on eta zintzoa.
GUALTER (Walther Fürst ikusiaz, laisterka beragana dioa): Lagun, aitaita! Nere aitari gogor dagiote!
FRIESSHARDT: Ala, goazen espetxeruntz!
WALTHER FÜRST (laisterka urreratuaz): Neu natzaio erantzunkide. Geldi zaite! Jainko-arren, zer gertatu dan esaidazu Tell!
Melchthal eta Stauffacher etortzen dira.
FRIESSHARDT: Jaurlariaren agindu nagusienari muzin dagio ta ez du aintzat artu nai.
STAUFFACHER: Tell orrela ari izan al zaigu?
MELCHTHAL: Gezurti zera, mutil!
LEUTHOLD: Txapelik ez du agurtu nai izan!
WALTHER FÜRST: Eta orregatik espetxera bear ote? Orren erantzukidetzaz ar nazazu ta orri aske utzi ezaiozu.
FRIESSHARDT: Zuretzat eta zure aldezko gorde ezazu erantzun-gura ori. Guk egin bear duguna egiten dugu. Eramazute!
MELCHTHAL (bere aberkideei): Ene Jainkoa! Ez; au gogorkeri gaiztoa duzute! Gure aurrean orrenbesteko lotsagabekeriz, espetxeratzen utziko diogu?
TXADON-ZAIA: Oiek baiño geiago dezakegu! Ez etsi, lagunok! Alkar lagunduko gera.
FRIESSHARDT: Jaurlariaren aginduari nork gogor egiten dio?
BESTE IRU (etorriaz): Ona emen gu laguntzeko. Zer da? Eratxi ezazue lurrera! (Hildegarde, Matilde, ta Isabel itzultzen dira.)
TELL: Bakarrik aski naiz. Ene lagun onak, zoazte. Zer uste duzute, nik gogor egin nai izan ezkero, oien aztamakillen beldur nintzakela?
MELCHTHAL (Friesshardt-i): Ia, ausar zadi emendik erematen!
FÜRST eta STAUFFACHER: Utzi ezaiozue! Paketu!
FRIESSHARDT (deadarka): Zalaparta ta matxinada! (Eize-adar otsa entzuten da.)
EMAKUMEAK: Jaurlaria emen dator!
FRIESSHARDT: Zalaparta ta matxinada!
STAUFFACHER: Zital orrek, egizu deadar lertu arte!
RÖSSELMANN eta MELCHTHAL: Ixildu nai duzu?
FRIESSHARDT (deadar aundiagoaz): Laguntza, laguntza lege-zaitzailleei!
WALTHER FÜRST: Ai ama! Ara an Jaurlaria! Orain zer gertatu bear ote?
Gessler zaldiz, zapelaitza eskuturrean duala; Harras-ko Errudolf, Berte ta Rudenz; ondoren izkilludun morroi-talde aundiak; oiek antzoki osoan aztamakillaz baranoa egiten dute.
ERRUDOLF: Bide, bide Jaurlariari!
GESSLER: Sakabanatu itzatzue! Zertarako oste-talde au? Nor da laguntza eske? (Oro ixillik.) Nor zan? Jakin nai dut. (Friesshardt-i:) Atoz onuntza, zu! Nor zera ta gizon orrekin zer ari zera? (Zapelaitza morroe bateri damaio.)
FRIESSHARDT: Jaun altsu ori; zure gudalarietako bat nauzu; txapel onen zelatari zure aginduz. Txapel ori agurtu nai ezta, legeausitze agirian atzeman dut gizon au. Zuk agindu bezela, espetxeratu nai nun; baiña, erritarrok naitanaiez eraman nai di-date.
GESSLER (ixillune ondoren): Tell, orrela muzin dagiozu zure Kaisarrari ta aren ordezko naizen oni? Zuen lege zaletasuna ikustearren, aga orretan ipiñitako txapel ori ez duzu agurtu nai? Zure gogo gaizkillea orrela erakutsi duzu?
TELL: Barkatu ezaidazu, Jaun orrek; ixekaz ez, ustekabez izan baita. Aurrez gogarturik egin banu, orduan ez nintzake Tell izanen; barkatu ba! Berriz ez baita gertatuko.
GESSLER (ixillune ondoren): Arranbela zuzentzen esku ederra duzula diote, eta beti elburu-elburuan jotzen duzula.
GUALTER TELL: Egitan, jauna; nere aitak eun oin-bideko zuaitzetik sagar-alea lurreratzen dizu.
GESSLER: Tell, au zure seme al duzu?
TELL: Bai, Jauna.
GESSLER: Besterik bai al duzu?
TELL: Bi, Jauna.
GESSLER: Ta bietatik, nor duzu maiteen?
TELL: Biak berdintsu maite ditut.
GESSLER: Bapo, Tell; beraz, eun oin-bideko sagarrondoan alea jotzen duzunez, nere aurrean zure trebetasun orren erakuspen bat eskeiñi bear didazu Ar ezazu arranbela. Orra, eskuetan duzu eta zure semearen buruko sagar-alea jotzeko gertu zaite. Baiña zuzenki sagarreratzeko desaizut, eta lenengo ekiñaldian jotzeko; uts-egiten baduzu, ba, zureak ere egin du-ta. (Guziak ikaratzen dira.)
TELL: Jauna Zer erokeri da eskatzen didazuna? nik nere semearen buruko ez, eta ez. Jaun ona, obe zaizu orrelakorik ez gogoan artzea Jainko errukitsuak alakotik jarei nazala! Zentzurik baduzu, beintzat, guraso batentzat eziñezkoa zaizu agindu ori!
GESSLER: Zure semearen buruan ipiñitako sagar-ale bati jaurtiko diozu Nere nai eta agindua duzu!
TELL: Nik nere gezia neure seme kutunaren burura zuzendu bear detala Il naiago!
GESSLER: Edo jaurti ezazu, edo semearekin batera il bearko!
TELL: Neure semearen erailtzallea, neu bear ote? Jauna, edo zuk semerik ez duzu edo edozein aitaren biotza zenbat oiñazetuko dan ez dakizu.
GESSLER: Ain azkar orren zur biurtu zera! Ameslari bat zerala esan zidaten eta gaiñerontzeko gizonengandik beste azaldu nai zenduela. Oi-eza atsegin zaizu eta orra zergatik autu detan zuretzat eginkizun aundi au. Besteren bat gogaltzen jarriko litzake zuk begiak itxi ta gogotsu jo aurrera.
BERTE: Gixaixo auei ez egiezu ixekarik. Zurbiltasuna eta ikara zenbateraiñokoa duten bai dakuskezu! Zure itzak txantxetan artzen orren oituezak dituzu
GESSLER: Nork esan dizu, ordea, txantxetan ari naizela? (Urreurrean daukan sagarrondotik ale bat artzen du.)Ona emen sagar-alea. Toki oni!; larogei oin-tartea damaiot ez gutxigo, ez geigo Eunera gizona jotzen dualako bere burua ederresten du. Jaurti ezazu, ba, eiztari, ta elburutik ez saiestu.
ERRUDOLF: Ene Jainkoa! Oker zioak au! Belaunikatu ari, mutil; au egitan zioak; Jaurlariari bizirik utzi azala eskatu ezaiok.
WALTHER FÜRST (asarreari eutsi eziñik dagon Melchthal-i, berezi): Geldi zagoz, nik eskatzen dizut; bare egon zaite!
BERTE (Jaurlariari): Onuzkero aski duzu, Jauna. Guraso baten estutasunaz orrela par-egitea ankerra da. Gizon errukarri onek bere ogen ariñagatik eriotza irabazi badu ere, Jainkoarren, amar aldiz il duzula. Bere txabolara kalterik gabe joaten utzi ezaiozu. Orain ezagutu baizaitu; eta, berak bezela, semeak ere ordu au beti gogoan izango dute.
GESSLER: Alde egin toki! Zergatik zera eztabai? Eriotza irabazi duzu eta erail zintzaket; oartu ezazu, zure errukiz, zure zoria zeure esku-trebetasunean jartzen dizutala. Norbera bere zoriaren jabe egiten danean, epaiaren gogorkeria ez da marmarka artu bear. Elburua beti jotzen duzulako, ederresten duzu zeure burua. Orra, ba! Orain, eiztari, zure trebetasuna ikus-erazi bear diguzu. Elburua zure betekoa duzu, saria ere aundia. Biribillaren erdian jo, ori edonork egiten du. Nere ustez, ordea, beti beregan etsindurik dagona, eta maite-miñak begiak ez lausotzen eta eskuak ere dardartzen ez dizkiona, uraxe duzu egiz azkarra.
WALTHER FÜRST (aren aurrean balaunikaturik): Jaurlari Jauna, zure agindupean gaituzu; zuzena ez bazera ere, errukitsua izan zaite beintzat; nere aberaskietatik erdiak artu itzazu, guziak ere bai; baiña, nekaldi ikaragarri orretara ez ezazu beartu.
GUALTER TELL: Aitaita, gizatxar orren aurrean ez zaite belaunikatu! Nun jarri bear naizen esan ezaidazu. Ez naiz ezeren beldur.
Nere aitak egazti egalaria jotzen du; eta bere semearen biotzik ez du zaurituko.
STAUFFACHER: Jaurlari Jauna, aurtxo orren xalotasunak ez ote zaitu biotz ukitzen?
RÖSSELMANN: Zure egite guzien berri eman bear diozun Jainkoa zeruan dala gogora ezazu.
GESSLER (aurra erakutsiaz): Andiko astigarrondo ari lotu dezatela!
GUALTER TELL: Lotu? Ez, lotzerik ez dut nai. Ardiaren antzo geldirik negoke ta arnasik ere ez negike. Baiña lotzen banauzute, ezin etsi izango dut; ez, egiñalak egingo ditut lokarriak apurtzen.
ERRUDOLF: Begiak estaltzen utzi itzak, mutil!
GUALTER TELL: Zergatik gero, begiak? Nere aitaren eskuetatiko geziaren beldur naizela deritzazu ala? Adoretsu, itxoingo diot; eta ez dut betirikiko ere! Azkar, aita, arranbelari ona zerala erakutsi iguzu! Gessler-ek zugan ez du orrelako usterik, eta galduko zaitualakoan atsegiñez da. Jaurti ta jo ezazu, ba, gizon odolkoi au atsekabetzearren! (Astigarperatzen da, ta sa-gar-alea buruan ipintzen diote.)
MELCHTHAL (nekazariei): Zer? Gure begietan orrelako gaiztakeria egin bear ote? Gure zin-egiteak zertarako dira?
STAUFFACHER: Alperrik da! Ez dugu izkillurik. Aztamakillaz inguraturik gagozala ikusten duzute.
MELCHTHAL: O! Gure asmoak bereala bete bagiñuzen! Geroratze ori aolkutzat eman zigutenai Jainkoak barkatu bezaie!
GESSLER (Tell-i): Ekiozu! Arranbela ez duzu alperrikako-ta. Erio-izkillua erabiltzea, arriskugarri zaizu ta batzuetan gezia jaurtilariaren aurka itzultzen da. Agintariak bakarrik bear du izkilludun. Zure gezi ta arranbel ondotik aldentzen ez zeralako arrotzen bazera, beiondeizula! Elburua neuk eratuko dizut.
TELL (arranbela edatuki ta gezia bertan ipiñiaz): Alde! Toki!
STAUFFACHER: Baiña Tell! Naiko al duzu iñola ere ikaraz zaude eskuak dardarka, belaunak dal-dal
TELL (arranbela lurrera erortzen utziaz): Nere begiak txorabioz di-tut.
EMAKUMEAK: Jainkoa!
TELL (Jaurlariari): Nekaldi onetatik atera nazazu. Ona emen, nere biotza (kolkoa zabalduaz): Zure zaldunei otsegin ezaiezu erail nazaten!
GESSLER: Zure biziaren bearrik ez dut; zuk jaurtitzea nai dut, ordea. Guzialduna zera, Tell, ezerk ez zaitu beldurtzen; arraunketan eizean bezin iaioa zera. Iñor gaizkatu bear danean, ez da beldurtzen zaitun ekaitzik. Orain, gaizkatzaille, zeure burua gaizkatu ezazu. Zu besteen jareille zera.
Tell-ek burruka gogorra du bere buruaz; eskuak dardarka ta begiak aldiz Jaurlariari, aldiz, zerurontz zorroztuki. Bereala arranbeluntzia artu, bertatik gezi bat atera, ta kolkoan ezkutatzen du. Jaurlaria onengana zegon adi-adi.
GUALTER TELL (astigarrondo azpitik): Jaurti, aitatxo! Ez dut beldurrik!
TELL: Bearrezkoa zait. (Bizkortu ta jaurtitzera gertutzen da.)
RUDENZ (oraindaiño nekez etsi badu ere, astiñaldi gogorrenetakoak erasoki, aurreratzen da): Jaurlari Jauna, geiagora ez zoazke, ez jolasa zan zuk naitakoa lortu duzu Gogorkeri nabarmenegia, zuurtasunaren kaltezkoa da; eta uztai edatuegiak zart dagi.
GESSLER: Itzegiteko agindu arte, ixildu zaite.
RUDENZ: Nik nai dut eta itzegin bearko. Nere Kaisarraren izen ona gurgarri da neretzat, eta jardute au gorrotogarria da. Kaisarraren naia ez duzu ori Uste orretan nago Nere erriak ez du orren zigor gogorrik irabazi, ta zuk nekaltzeko eskubiderik ez duzu.
GESSLER: A! Ausartzen zera!
RUDENZ: Gaurdaiño ikusitako ainbat geikeriren aurrean txintik ez dut atera. Ikustun izanik, itxu egin naiz eta neure samin eta asarrea nere biotzean ezkutau ditut; baiña luzaroan ixillik egotea nere Kaisar eta nere aberriari uko egitea litzake.
BERTE (Rudenz eta Jaurlariaren erdira egiñaz): O Jainkoa! Asarrekor au, oraindik ere asarreago jartzen duzu.
RUDENZ: Zure morroi izatearren bakarrik, nere aberriari, nere senidetzako guziei agur egin diet Kaisarraren aginterria sendotzean, zuzen jokatzen nintzala uste nun Nere begi-laiñoak zarratatu dira, ordea Ikaraturik, leize aoraiño narrastaturik, ikusten dut nere burua. Jatorriz aske zan nere burua biurritu duzute; eta len mardua zan nere biotza zikoiztu duzute Iñongo gogorik onenaz, nere aberkideak ondatzeko zori-zorian negon.
GESSLER: Lotsagabe orrek, zure Jaunari orrela mintzatzen diozu?
RUDENZ: Nere Jauna, Kaisarra, ez zu Zu bezela, ni ere aske jaio naiz, emen; eta, gizonez gizon, zurekin berdin nauzu. Eta zuk iraindu ala, nik goraltzen detan Kaisarraren izenean emen ez baziña, "bai al aiz" arpegira bota, ta zaldun-legez ordainbidea eman bear zenidake Bai! Zure gudalariei kiñu egiezu, ez nauzu izkillu gabe oiek bezela (Erria erakutsiaz:) Ezpata bat badut eta urreratzen zaidana
STAUFFACHER (deadarka): Sagar-alea erori da! (Bertek Jaurlaria ta Rudenz bakantzen dituan bitartean, erria aienganatzen da. Ontan, Tell-ek gezia jaurti du.)
RÖSSELMANN: Mutilla bizi da!
BESTE ASKOK: Sagar-alea erori da! (Walther Fürst durdurikatu ta txorabio zorian dago. Bertek eusten dio.)
GESSLER (arriturik): Lurreratu duala? Nola? Ergel orrek!
BERTE: Mutiltxoa bizi da! Zatoz, aita gizaixoarengana!
GUALTER TELL (sagarrarekin laisterka elduaz): Aita, emen duzu sagarra! Banekin nik, bai, zuk zeure semea ez zenuala zaurituko. (Tell zutik, soiña makur dauka, jaurtitako geziaren ondoren joan nai balu bezela; arranbela lurrera erortzen zaio; mutikoa badatorrela ikusi ala, beso zabalik bideratzen zaio, ta maiteki bularretara estutzen du; onelaxe, indarrik gabe, erortzen da.)
BERTE: O, Jainko errukiorra!
WALTHER FÜRST (aita-semeai): Semeok, nere semetxook!
STAUFFACHER: Onetsia bedi Jainkoa!
LEUTHOLD: Ori da jotzea! Orretzaz gero ere beti mintzatuko dira.
ERRUDOLF: Tell arranbelaria mendi oek dirauteiño gogoratua izango da. (Sagarra Jaurlariari damaio.)
GESSLER: Erdi-erdian jo du, ala Jainkoa!
RÖSSELMANN: Jotze jatorra izan da; baiña, ai Jainkoa zirikatzera beartu duan ari!
STAUFFACHER: Bizkortu zaite, Tell! Jeiki; gizonki jokatu duzu; eta orain lasai-lasai etxeratu zindezke.
RÖSSELMANN: Zoaz, zoaz; aurtxo ori emaiozu amari. (Eraman nai dute.)
GESSLER: Aizazu, Tell.
TELL (atzera itzuliaz): Zer nai duzu, jauna?
GESSLER: Beste gezi bat kolkoan ezkutatu zenduan Bai, bai; ondo ikusi nun Zer dala-ta?
TELL (nastuki): Jauna, arranbelarien oitura ala duzu.
GESSLER: Ez, Tell; ori ez duzu egia. Zure naia beste izan da. Tell, lasai ta agirian egia esan ezaidazu. Dana dala, bizia eskeintzen dizut. Zertarako, ba, bigarren ori?
TELL: Ondo, jauna, bizia baiezten didazunez egi osoa dasaizuket! (Kolkotik gezia atera ta Jaurlariari begirasun ikaragarria zorrozten dio.)Aurrenez nere seme kutuna zauritu izan banu, bigarren gezi onekin batetik beste zeu zulatuko zindudan, eta zure onek elburutik ez zuan ez uts-egingo.
GESSLER: Bapo, Tell! Bizia eskeiñi dizut eta nere gizonitza ez dut malmuzkauko Ala ere, zure eginai biurriak ezagutuki, geigo eguzki ta illargiak argituko ez zaituan tokira eramanen eta ezkutaturen zaitut; eta orrela ez naiz izango zure gezien beldur. Ene mutillak! Eutsi oni! Lotu ezazue! (Tell lotzen dute.)
STAUFFACHER: Nola, Jauna? Jainkoak orren argi zaindu duan gizonarekin orrela jardun Bai ote dezakezu?
GESSLER: Bigarren aldiz zaintzen ote dun ikusi dezagun Nere ontzira eraman dezatela. Berealaxe darraikioket eta Kussnachtera neronek daramaket.
RÖSSELMANN: Zu, ta ez Kaisar berbera ere, ez zaitezte orretara ausartu; gure Lege Zarrak galerazten baidute.
GESSLER: Nun dituzue Lege Zar oiek? Kaisarrak siñestu al dizkitzue? Ez Esker ori zuen otxantasunez iritxiko duzue. Kaisarrarekin biurriak zerate, eta gurari zaratalariak eta asmo burugabeak berotzen dituzue. Guziok ondo ezagun zaituet Zuen biotzetan gertau-ala, bai dakust Zuen artetik gizon au badaramat; onen erruaren errudun guziok zerate. Zuurrak ixilla ta esangiña izaten ikasi dezala. (Badioa, Berte, Rudenz, Harras-ko Errudolf eta morroiak ondoren dituala: Friesshardt eta Leuthold atzean gelditzen dira.)
WALTHER FÜRST (samin zorrotzak artuki): Guzia egin da! Ni ta nere sendia ondatzea erabaki du.
STAUFFACHER (Tell-i): Asarrekor au zergatik asarreagotu?
TELL: Nik nuan miñaz, nor bere burutzaz jabe al izan?
STAUFFACHER: O! guzia, guzia galdu duzu! Zurekin guziok giltzaperatuak gaituzu.
BESTE SUIZOTARRAK (Tell inguraturik): Zurekin daramazu gure azken poza.
LEUTHOLD (Tell-engana urbilduaz): Erruki zaitut, Tell! Ala ere agindua bete bearrean naiz.
TELL: Jainkoak zaitu zaitzala!
GUALTER TELL (miñik bizienaz, bere aita laztanduaz): O, aita! Aita! O, nere aita maitea!
TELL (besoak zerura jasoaz): An goian dago zure aita! Ari otoi!
STAUFFACHER: Tell, zure emazteari, zure ordez, ez diot ezer esango?
TELL (mutilla bularretara jasoaz): Mutilla osorik dago. Neri Jainkoak lagunduko dit! (Arin urrutiratzen da ta Gessler-en morroiei jarraitzen die.)
Lau-Erki-aintziraren sorkaldeko ertza: Sarkaldetik arkaitz izugarriak mugatzen dute. Aintzira naasirik ta olatu dunbadaz batera tximista ta ostotsak.
LENENGO AGERRALDIA
Gersau-ko Kuntz, Arrantzale bat eta bere Semea.
KUNTZ: Nere begiz ikusi nun; siñistu dezakezu. Nik esan dizudanez gertatu zan guzia.
ARRANTZALEA: Tell, atzeman eta Kussnacht-era eraman dute. Askatasun alde jokatzekotan lurralde onetako gizonik onena, besorik indartsuena beraxe zan.
KUNTZ: Jaurlari berak eraman du aintziraruntz. Ontziratzeko zeuden, eta ni Fluen-dik aldegiteko; baiña, gaiñera zetorkigun ekaitzak, neri emen lurra artuerazi dit; eta aren irteera ere galeraziko zun, noski.
ARRANTZALEA: Tell giltzapean eta Jaurlariaren eskuetan! O! Etsi, etsirik zaitezte! Egun argiak egundaiño ikertuko ez duan alako zulo sakonean lurperatuko du. Ankerki zirikatu duan gizon askearen asarre zuzena, bildurgarri baizaio.
KUNTZ: Gure aspaldiko Ibar-Jauna ere, Attinghausen-go nagusia, diotenez, azkenetan omen dago.
ARRANTZALEA: Gure itxaropenaren argi-ontzi bakarra orrela itzaltzen da! Erri-eskubideen aldezka itzegiten ausar zan bakarra uraxe zan.
KUNTZ: Ekaitza gogortzen dioa. Jainkoakin izan! Erriskara noa, ostatu billa, onuzkero irteterik ezin uste diteke-ta. (Badijoa.)
ARRANTZALEA: Tell espetxean ta Attinghausen-go nagusia illik! Nausikeri, jaso ezak ire bekoki arroa! Lotsa bazterreratu! Egia, ixillik! eta len argi zan begia orain itxu! Beso gaizkatzaillea loturik!
SEMEA: Au da au, kazkabar erasoa! Aita, atoz txabolara, egoaldi txarrean egotea ez zaizu on-ta!
ARRANTZALEA: Aska zaitezte aizeak! Argi, tximistak! Odeitzarrok ler zaitezte! Ugoldeak zatozte! Lurra itxasotu bedi! Oraindik ernegabeko gizadiaren azitxuak zearo zuztarretik atera. Zuek, izaki ezikaitzak, izan zaitezte emengo nagusi ta jabe! Artz eta otso zarrok, zatozte berriro lur-uts onetara; zuena da lurraldea. Nork emen bizi naiko askatasunik gabe?
SEMEA: Entzun, lur-sabelak dunbaka ta zurrunbilloa orruka. Olatu auek beiñere ez ditu astindu onenbesteko ekaitzak.
ARRANTZALEA: Bere semetxoaren burutik sagar-alea geziaz lurreratzea, len beiñere etzitzaiokan guraso bati agindu. Ludi guzia asarre bizian ez duk, ba, jeikiko ? O! Arkaitzak aintzirara oldartuko balira! Sortegunetik ementxe dauden erpiñ izoztuak urtuko balira, mendi oek zati-zati egin, arpe zarrak suntsitu ta ugolde berriak, izaki bizi oroen etxeak irentsiko balitu, ez dut zergatik arriturik!
SEMEA: Mendiko joale-otsa entzuten da. Ontziren bat arriskuan ikusi dute noski, eta bere alde. Jainkoari otoi egiteko diote. (Gaiñ batera igotzen da.)
ARRANTZALEA: Ai! Olatu ikaragarri auen artean itxasoturik dan ontzia! Orain lema ta lemariak ezertarako ez dira; zurrunbilloa nagusi da ta aize ta olatuak iruzur dagiote gizonen indarrari Ez urrean, urrutian ere ez du babesleku erosorik. Arkaitz ebaki, elkaitz, xurrak, bere arrizko bular gogorra soilik eskeintzen diote itxas-gizonari.
SEMEA (ezkerraldea erakutsirik): Aita, Fluelen-dik itxasontzi bat dator.
ARRANTZALEA: Jainkoa lagun betorkiela gixagaxo oiei! Ekaitza bazter onetan zokoratzen danean, orduan bai abere basatia kaiolako burnien aurka bezela dardartzen dala. Orruka, alperrik dabil sarrera billa; zeruraiño jeikitzen diran arkaitzak ezi ta estutzen baidute eztarri estu onetan. (Gaiñera igotzen da.)
SEMEA: Uri-ko Jaurlariaren ontzia duzu, aita. Estalki gorri ta ikurriñera ezagun dut nik.
ARRANTZALEA: Jainko ona. Bai, berauxe duk, Jaurlaria duk itxasoz datorrena An zioak bere errua ontzian duala Asperkorraren eskuak azkar atzeman dik, eta orain bai zekuskek bera baiño indartsuagorik badala. Olatu auek ez zegitek aren esanik; arkaitz auek ezta ere bere txapelari burua makurtzen Mutil, ez otoirik; Jainkoaren zigorra ez eik geldierazi.
SEMEA: Nere otoitza ez duzu Jaurlariarentzat Ontziska orretan berakin datorren Tell-alde Jainkoari otoi dagiot.
ARRANTZALEA: A! Itxaso erotzar eta itxua! Errudun bat zigortzearren, ontzi ta lemaria irentsi bear ote ditu?
SEMEA: Ara, begira; eta Buggisgrat aisa igaro dute; baiño Tefelmunster-etik itzuliz datorren ekaitz indarrak, Axenberg aitzeruntz narraz daramazki Orain ez ditut ikusten!
ARRANTZALEA: An nun daukaken Hackmesser; itxasontzi bat baiño geiago lertu duk antxe. Zurki arraun ez bazegitek, aintzira azpitik jeikitzen dan aitz-muturrean ezpal-egingo duk Lemari argia zeramatek ontzian! Bizirik iñork ateratzekotan, Tell-ek aterako, baiña beso ta eskuak loturik ditxik.
Wilhelm Tell, azkona lagun, arinka eldu da; arriturik, ingurura begiratzen du, larri azaltzen da. Antzoki aurreraiño nekaturik eltzen da; etzan, eta eskuak, lurra ikutuz gero, zerurontz jasotzen ditu.
SEMEA (begiztatzean): Aita, or belaunikatu dan gizon ori nor da?
ARRANTZALEA: Eskuaz lurra ikutuaz-ta, burutik dagola zirudik.
SEMEA (aurreraturik): Zer dakust, Aita? Etorri ta begira, Aita!
ARRANTZALEA (arreraturik): Nor da? Goiko Jauna! Zer? Tell? Onuntza nola etorri zera?
SEMEA: Baiña, an ontziskan baitu ta loturik etziñan, ba, zu?
ARRANTZALEA: Kussnacht-era ez zeramazten, ba?
TELL (zutiturik): Oraingoz aske naiz!
ARRANTZALEA ta SEMEA: Aske? Jainkoaren alatza!
SEMEA: Nundik zatoz?
TELL: Andik, ontzitik!
SEMEA: Eta Jaurlaria nun da?
TELL: Olatuen besoetan.
ARRANTZALEA: Benetan? Baiña emen nola zagoz? Aren aserre ta ekaitzari nola igesein diozu?
TELL: Jainko errukitsuaren eskuari esker Entzun!
ARRANTZALEA ta SEMEA: O! Itzegizu! itzegin!
TELL: Altdorf-en gertatuaren berri badazauzu?
ARRANTZALEA: Oro dakit; itzegizu!
TELL: Kussnact-ko gaztelura eraman nairik, Jaurlariak atzeman eta lotuerazi ninduala badakizu?
ARRANTZALEA: Eta Fluelen-en zurekin ontziratuko zala ere badakigu! Esan, nola igesein duzu, ordea?
TELL: Ontzian etzanik nengon, gogor lotuta, batere izkillu gabe, zearo galdurik Geiago ez nuan uste eguzki argi alaia ikusterik; ezta ere nere emaztearen arpegi maitea ta semeak. Antxe poztu eziñik ur utsa ikusten
ARRANTZALEA: A! Gizaxo ori!
TELL: Jaurlaria, Harras-ko Errudolf ta morroiak itxasoz onela gentozen, ba. Nere gezi-untzi ta arranbela txopan, lema ondoan zeuden. Axen-go arkaitz txikiari urbil dagon zulokote artara ordukoxe, Jainkoak nai-ta, Gothard Deunaren eztarrietatik ekaitz izugarri ta eriotzgarria sortu zan. Arraunlariak indargeturik, aienak egin zuala uste zuten Orduan morroi bat Jaurlariarenganatu ta onela mintzo zitzaiola entzun nun: "Ondo dakusu, Jauna, gure ta zure larria, baita ere eriotz atzaparretan gaudela Arraunlariak beldurrez ez dakite zer egin, eta nora jo Baiña Tell gizon indartsua duzu, ta txalupa zuzentzen badaki. Ondo al derizkizu, larrietan onelako onen bizkortasunean uste izatea?". Orduan Jaurlariak neri: "Tell, zurrunbillo onetatik gaizkatuko gaituzula zugan uste baduzu, lokarriak askatuko nizkitzuke". Eta nik diotsat: "Bai Jauna, Jainkoari esker neregan uste dut, larrialdi onetatik aterako zaitudala". Askatzen naute, eskuratu dut lema ta gizonki daramat ontzia. Bitartean inguruan begiraturik, ertzean jauz egiteko mutur bat baneukala ezagutu nun Eta aitz maldatsu bat itxas-barreneratzen zala oarturik
ARRANTZALEA: Ezagutzen dut; Axen arroaren oiñetan datzan arkaitza; baiña gezurra dirudi orren elkaitza izanik, ontziska batetik jauziaz atzeman al izatea
TELL: Arraunlariei oiu egin nien, axolaz aitz-ertz artara urreratzeko: "Bertaratzen bagera esan nien, arrisku aundienetik at gera-ta". Eta bikainki arraun egiñaz, bertaratu ala, Jainkoari otoi eta nere indar guziz baztertzen dut txopa arkaitz muturrera Jauzka naiz arkaitz maldatsura, ostiko gogorrez ontziskari atzera bultz egiñaz; orrela aiek olatu indarrari ta Jainko naiari utzirik. Ona ba, emen, zurrunbillo zakar eta gizonen txarkeri bildurgarrienetik aske.
ARRANTZALEA: Tell, Tell; Jaunak alatz agiri bat egin du zugan. Nere begiei ia ez diet siñesten Baiña esan, norako ustea duzu oraiñ? Jaurlariak ekaitz orri bizirik iges egiten badio, zu ez zeundeke lasai iñun ere.
TELL: Ontziskari loturik nindutenean, Brunnen kairatu ta Schwitz zear, bere gaztelura eraman nai ninduala esaka somatu nitun.
ARRANTZALEA: Beraz, aruntzarako legor-bidea artu nai ote du, ba?
TELL: Ark ala uste.
ARRANTZALEA: O! Orduan ezkutatu lenbailen. Jainkoak bitan laguntzerik ez duzu-ta.
TELL: Arth eta Kussnacht-era biderik motzena, zein detan esan ezaidazu.
ARRANTZALEA: Nagusiena, arkaitz artekoa duzu; baiña nere semeak Lowerz-era eramango zaitu beste bide ezezagun eta motzagotik.
TELL (eskua emanaz): Zure ona Jainkoak sari bezakizula! Agur! (Joan eta berealaxe berriro burua itzultzen du.) Rutli-n ere ez al duzue zin-egin? Zu ere aitatu zenidatela deritzait.
ARRANTZALEA: An nintzan eta alkartasunekoaz zin-egin nuan nik ere.
TELL: Beraz, sari onez, lenbailen Burglend-eratu zaite nere emaztea naretzera; ta esan, osasunez eta oso ezkutuan naukala.
ARRANTZALEA: Baiña ezkutu-lekua nun duzula esango diot?
TELL: Nere aitagiarreba ta Rutli-ko zinkideak an arkituko dituzu. Poztu ta adorez ditezela, Tell aske dala; bere besoen jaun eta laister nere berri izanen dutela.
ARRANTZALEA: Zer asmo darabiltzuz? Azaldu argiro.
TELL: Egiña, ta orduan jakiña. (Badijoa.)
ARRANTZALEA: Jenni Bidea erakutsi akiok Jainkoak lagun bezaiola Asitakoari buru eman dezaiola. (Badijoa.)
BIGARREN AGERRALDIA
Attinghausen gazteluko txaki ederra.
Nagusia aulki batean illotzik; Walther Fürst, Stauffacher, Melchthal eta Baumgarten lagun ditularik, eta Gualter Tell, aren aurrean belauniko.
WALTHER FÜRST: Aitu da! Il da!
STAUFFACHER: Oraindik ez dago illik Arnasak axalki ikara eragiten die ezpaiñei. Lo berea du ta irri maitea arpegian. (Baumgarten atera urreratu ta norbaitekin itz-dagi.)
WALTHER FÜRST (Baumgarten-i): Nor da?
BAUMGARTEN (etorriaz): Edubige, zure alaba. Zuri itzegin eta semetxoa ere ikusi nai du. (Gualter Tell jeikitzen da.)
WALTHER FÜRST: Nork poztu al nentzake, ba? Neuk ere bai ote dut pozaldi? Min guziak nigan bildu dira.
EDUBIGE (barruratuaz): Nun da nere semea? Utzi, ikusi bear dut.
STAUFFACHER: Nare zadi! Ildakoaren etxean zaudela oroi zaite.
EDUBIGE (semearengana laisterka): Ene Gualteriotxo! O! Bizi da neretzat. GUALTER (zintzilika jarriaz): Nere amatxo laztana!
EDUBIGE: Beraz, egia dala? Miñik gabe autala? (Kezka leiatsuz azterkaturik:) Bai ote leike? Gezia iri jaurtitzea? Nola egin zezakean? O! Biotzgabea! Bere semearen burura gezia jaurti al izatea ere!
WALTHER FÜRST: Naigabeturik egin zun, biotz-erditurik. Beartuta; biziaren gora-bera eman bai zioten.
EDUBIGE: O! Aren biotza aita batena balitz, ori egiñ baiño len, amaika aldiz il naiagoko zun.
STAUFFACHER: Jainko-errukia goratu bear zenduke, gezia orren ondo zuzendu zualako
EDUBIGE: Baiña nola nik aztu an jazo zitekena? Ene Jainkoa! Larogei urtez banirau Larogei urtez ikusten nengoke, mutikoa loturik, aita jaurtilari, ta gezia beti nere biotzera letorke
MELCHTHAL: Emakume, jakiñen bazendu Jaurlariak nola zirikatu zun?
EDUBIGE: O! Gizonen biotza bai gogorra! Gizon arrokeria zapaltzen bada ez diote ezeri oar; eta asarre itxuan, ez damakie ardura, ez seme-buruak, ez amaren biotzak ere.
BAUMGARTEN: Zure senarraren atsekabea ez ote da aski larri, zuk esan astunez aunditu gabe? Aren miñarentzako ez zera biotzbera?
EDUBIGE (arengana itzuli ta begi-zabalik begiratuaz): Eta zuk, malkorik baiño ez duzu, zure lagunaren zoritxarrerako? Gizonik onena lotu zutenean nun ziñan? Nun zure laguntza? Antxe ziñan eta gogorkeriari aurka egiteke, zuen laguna eramaten erraz utzi zenduan. Zurekiko orrela izan al da Tell? Batetik, Jaurlariaren zaldunak ondoren; eta, bestetik, aintzira zure aurrean orruka zenduelarik, erruki utsa baiño ez ote zizun erakutsi? Zure zoria malko utsaz etzuan tamal izan; aitzitik jauzkatu ontziskara, ta emazte-semeak azturik, gaizkatu ziñuzan eta
WALTHER FÜRST: Izkillu gabe ta lagun gutxi izanik, zer egin gentzakean aren alde?
EDUBIGE (besarkatuaz): Aita! Zuk ere galdurik duzu! Aberriak, guziok galdu dugu. Guziok, ai ene! Bear dugu, eta bera gu guzion bearrez dago. Aren biotza Jainkoak aske dezala ustegekeritik. Gela zulo ondarreraiño elduko zaion lagun-itz goxorik ez da Eta gaixotuko balitz? A! Espetxeko illunpe ezoan, gaixotuko da Alpen-eko larrosa istingan zurbildu ta jaulkitzen dan bezela, ura ere, ezin ba bizi eguzki izpitan ez bada, eta aize gozo eta lurruntsua arnastuz ezezik. Espetxeratua ura? Aren arnasa askatasuna da; ta ezingo da bizi lurpeko egurats artan.
STAUFFACHER: Baretu zaite! Ari espetxeko ateak irikitzen guziok saiatuko gera.
EDUBIGE: Bera gabe, zer dezakezute? Tell aske zan aldian bai, bera zan itxaropen bakarra; zintzoak lagun bat zeukaten; nekepekoak laguntzalle bat, eta Tell guzien adiskide Eta guziok batera, aren kateak zatitzeko lain etziñaten izan zuek! (Nagusia esnatzen da.)
BAUMGARTEN: Ixo, igitzen da-ta!
ATTINGHAUSEN (jeikiaz): Nun dago bera?
STAUFFACHER: Nor?
ATTINGHAUSEN: Ez dut emen. Eta nere azken arnasetan ere, uzten nau!
STAUFFACHER: Bere illoba du gogora ! Aren billa joan dira.
WALTHER FÜRST: Bai, aren billa joan dira. Poztu zaite Bere biotzdeia entzun du ta gurea da.
ATTINGHAUSEN: Bere aberri alde itzegin ote du?
STAUFFACHER: Bikainki ala ere!
ATTINGHAUSEN: Nere azken onespena jasotzera, zergatik ez dator? Arnasa geroago eta estuago dut Ni banoa
STAUFFACHER: Ez orren azkar, Jaun altsu ori. Lo kuluska orrek bizkortu eta zure begiak argi dagoz.
ATTINGHAUSEN: Miña ere, bizitza da; eta, au ere badijoakit. Nekea, itxaropena bezela itzali da. (Mutikoari begira:) Mutiko au nor dugu?
WALTHER FÜRST: Onetsi ezazu, Jauna! Nere illobatxoa duzu-ta. Aitarik gabeko umezurtza. (Edubige semeakin nagusi-aurrean belaunikatzea da.)
ATTINGHAUSEN: Guziok umezurtz uzten zaituet, guziok! Ai ene, nere azken begi-ziztak Aberriaren galera ikusi dute! Bizitzaren azken maillaraiño igo bear nuela, nere zale ta guzti iltzeko?
STAUFFACHER (Fürst-i): Atsekabe itun onetan ilko ote zaigu? Bere azken orduan, ez ote dugu poztuko, itxaropenaren izpi ederrez? Nagusi martzal ori! Bizkortu zaite! Erabat bazterreraturik ez gaituzu, ezta ere laguntzarik gabe galduta!
ATTINGHAUSEN: Nork gaizkatuko zaitue?
WALTHER FÜRST: Geuk gu! Entzun! Jauntxoak botatzeko Iru Erkiak itzeman dute; Alkartasuna egiñik duzu ta gu zin nagusi bidez baturik. Urte bururako, gure naia egiña izango da ta zure ezurrak Aberri askatuan atseden artuko dute.
ATTINGHAUSEN: O! Esaidazute! Alkartzea, egiñik al da?
MELCHTHAL: Egun berberan jeikiko dira Iru Erkiak. Guzia gerturik dago, ta askok eta askok jakin arren, ixiltza ondo zaitzen dugu. Jauntxo azpiko lurra koloka dago; aien agintaritzako egunak zenbaturik, eta laster ez da aien aztarrenik izango.
ATTINGHAUSEN: Eta Aberrian diran arri-gazteluak?
MELCHTHAL: Egun berberean lurra joko dute!
ATTINGHAUSEN: Aundikiak ere alkartasun onetan sartu al dira?
STAUFFACHER: Bear bada, oien laguntza ere izango dugu. Oraindaiño ordea, erritarrak bakarrik zin-egin dute.
ATTINGHAUSEN (arriturik eta geldiro jeikitzen da): Nekazaria aundikien laguntza gabe eginkizun onetara, bere aburuz, ausartu bada, orrenbestean bere indarrean uste izan badu, benetan ez du gure bearrik, eta gu pozik illobiratu gintezke. Ondorengoak izango ditugu Gizon-nausitasuna beste bidez goretsia izango da. (Aurrean belaunikaturiko aurtxoari eskua buruan ipiñiaz:) Sagar-alea kokatu zan buru ontan, askatasun berri ta kutsugea erneko zaizue. Aintziñatea badijoa, aldia aldakorra da, eta bizi berria etorri dator ondakiñak-zear.
STAUFFACHER (Fürst-i): Begira, nola dizdiz dagioten begiak! Ez duzu iltzen ari dan bizia, beste berriaren izpia baizik.
ATTINGHAUSEN: Antziñako Jauregietatik jetxi dira aundikiak, eta erritarrak bezelaxe zin-dagite. Uchtlandia ta Thurgau-n ere ala egiten asi dira. Berna jatorrak bere buru arroa jaso du; Friburg gizon askatuen estalpe ziurra duzue; ta Zurich biziak bere langilleak gudarako gertu ditu Kaisarraren almena arresi iraunkor auen oiñetan lertzen da (Geroko au igarleigurtziz dasa, bere itzak bero-bero irteten dute:) Nagusi ta audikiak guda-jantziz, artzai erriarekin burrukatzera datozela, bai dakust. Nai-ta-nai-ezko borroka izango da. Azken odoltsuagatik mendi sakonean batzuk aipagarri egiñen dira. Nekazaria, kolko-zabal, oldez, burua opaldurik, aztamakiltzara oldartuko da. Ausiko du ta aundiki lorea jaulkiko da, eta askatasunak garaille jasoko du ikurriña. (Fürst-en eta Stauffacher-en eskuak artuaz:) Iraun ba, elkarturik gogor ta betiko ez dezaiola lurralde batek besteko askatasunari zabarrez begira. Zuen mendi gaiñetan jarri zelatariak, alkartasuna azkar osatu dedin Beti alkarturik, beti, betiko! (Burukoaren gaiñera erortzen da; bere esku otzak besteenak estutzen ala ere; Fürst eta Stauffacher-ek ixillik luzaro begiratzen diote; gero alkar banandu, ta zearo naigabeak jotzen ditu. Bitartean morroiak ixilki sartu ta ari alboratzen zaizkio, atsekabe garratza azaldurik. Batzuk ondoan belaunikaturik ta bestetzuk malkoz eskuak bustitzen. Aldi ixil onetan, gazteluko joalea gelditu gabe ariko da.)
RUDENZ (lengoei; itxumustuan barruraturik): Bizi al da? O! esan, entzun ote nentzake?
WALTHER FÜRST (burua itzulirik kiñu dagio): Orain gure zaindari ta erki-nagusi zu zaitugu ta gaztelu onek beste izen bat du.
RUDENZ (gorputz-illari begira ta atsekabe latzean): O! Jainko errukiorra Beranduegia ote nere damua? Nere biotz aldakuntza ikustearren, onen biotzak une batzuk geiago ezin iraun ote zezakean? Oraindik bizi-argitan zalarik, bere oar zintzoak ezetsi nitun Orain, orrenak egin du! Joan da betiko, eta astun eta ordaingabeko zor au nere bizkar lagatzen dit O! esan, nereganako asarrez il al da?
STAUFFACHER: Il zorian, zuk egiña entzun zun, eta zure itzaldiaren adorea onetsi ere bai.
RUDENZ (illotzaren aurrean belaunikaturik): Bai, gizon maitearen gorputz gurgarria! Gogo gabeko soiña! Emen zin-dagit izozturiko zure esku oneitan atzerritarrekiko lokarriak betiko eten ditut, nere aberkideekin batu naiz, suizotarra naizta, eta ala izango nere biotz guziz (Jeikiaz:) Negar bai lagunari, guzion aitari, baiña ez itxaropenik galdu. Nik ondaretzat ez ditut onen aberaskiak bakarrik, bai bere biotz eta gogo ere niganatu da, nere gaztetasun mardulak zueri eman aren zartzaroak zorretan utzi zizuenak. Aiton agurgarria! Ekartzu, zure eskua, eta zuk ere bai, Melchthal! Ez kezkarik izan, O! Etzaitezela itzuli; nere ziña jaso ezazu; eta nere gogo-naiak ontzat artu.
WALTHER FÜRST: Esku emaiozu! Orren damuak uste osoa irabazi du-ta.
MELCHTHAL: Nekazaria gutxitzat izan duzu. Esan, zugandik zer itxadon gentzake?
RUDENZ: O! Nere gazte-utsuneak ez gogora!
STAUFFACHER (Melchthal-i): Alkarturik egoteko, aitaren azken itza ori izan da. Gogoan artu!
MELCHTHAL: Emen nere eskua! Nekazariaren esku-estutzea ere, Jaun altsu ori, zin-itza duzu. Zaldun bat zer, gu gabe? Gure mailla, zuena baiño zarragoa duzu.
RUDENZ: Nik itzal diot-eta, nere ezpata onek zaituko du.
MELCHTHAL: Jaun altsu ori, lur gogorra irauli eta aren sabelak narotzen dituan besoak ere, gizonaren aldezkari izan ditzazke.
RUDENZ: Zuek ibilli bear duzute nere alde, eta ni zuen alde. Orrela alkarrekiko indartsuago izango gera. Baiña zer dala-ta jar-dun gai onetzaz, Aberria atzerritar uztarpean dagolarik? Gure lurraldeak etsairik ez duanean, orduan bai paketsu, jardunean egon gintezkela. (Ixilgune ondoren:) Ixillik zaude? Zer esanik ez didazu? Zer? Oraindik ere ez al naiz zuen uste osokoa? Zuen alkartasunaren ixillean nai-ezta, sartu bearko ote dut? Zuek bildu zerate Rutli-n zin-egin duzue badakit an erabilli dituzutenen berri badut. Eta neri esan gabekoa, gauz maitea bezela, ixilpean dut gorderik. Siñistu, beiñere ez naiz nere Aberri etsai izan, eta iñoiz ere ez nuan zuen aurkakorik egiñen Baiña oker ari izan zerate, zuen asmo burutzea gerokoraturik. Aldia egokia da, ta azkar jardun bearra dugu. Tell-enak egin du onuzkero, zuen luzapenagatik
STAUFFACHER: Gabon jaiak arte itxadotea zin-egin gendun.
RUDENZ: Ni ez nintzan an, eta ez nuan zinegin! Itxadon zuek, eta ni ekitera nua.
MELCHTHAL: Zu ekitera?
RUDENZ: Aberriko aundizkienetakoa nauzu ta nere lenbiziko eginbearra, zuek zaitzea.
WALTHER FÜRST: Gorputz-il maite au lurperatzea, orra gure eginbear nagusi ta onena!
RUDENZ: Aberria askatzen dugunean, garaitza-burestuna illobi gaiñean jarriko diogu. Ene adiskideok! Ez zuen etxea bakarrik, nerea ere zaitu bear dut jauntxoarengandik Entzun eta jakin! Nere Berte, nik ez dakit nola, ezkutatu zait, geure artetik ikaragarrizko ausardiz lapurturik.
STAUFFACHER: Aundiki askatuen aurka jauntxoak orrelako bidegekeria egiten, ausartu da?
RUDENZ: O! Nere adiskideok! Nere laguntza eskeiñi dizuet eta aurrenez nik orixe zueri eskatu bear. Nere emaztegaia orainorain ostu ta eraman didate. Zantar orrek nun ezkutatzen duan nork jakingo? Eta, ze lotsagabekeritara ez du joko! Bere lei lizunaren indarrez, sasi-ezkontza gorrotogarrira beartzeko! Ene! Lagun zaidazue, ura gaizkatzen! Berak maite zaitue, ta abertzaletasunagatik irabazia dauka, guzion indarrak aren laguntzarako gertutzea.
WALTHER FÜRST: Zer asmo duzu?
RUDENZ: Neuk al dakit ba? Nun dagon ez jakin onetan, aren zoria biltzen duan gau onetan, zalantzaren estuasun ikaragarri one-tan, ezertzaz ezin arduraturik, auxe bakarrik dakust argi: Jauntxokerien zabor artetik, neretzat berpiztuko dala, gaixoa; eta gaztelu guztitzaz jabetuko gerala aren espetxeraiño eltzeko.
MELCHTHAL: Atoz eta garamazuz bertara! Guziok darraikezugu. Gaur egitekoa, zergatik biarko utzi? Rutli-n zin-egin genduenean, Tell aske zan, eta oraindik etziran orrenbeste txaldankeri egin. Aldiak lege berriak dakarzkigu. Orain ere, gure asmoei buru ematea gerokorako uztea nai duan oillorik bai ote da?
RUDENZ (Stauffacher eta Fürst-i): Bitartean tiñel zaudete lanerako. Mendietako su-zantzuaren zai egon, ontziska oial-egadunak baiño len, gure garaikundearen berri emango dizue-ta. Eta berri-oneko su-zantzu oien garra dakusuteneko, tximista bezela, jo etsaietara ta lurreratu Jauntxoen arri-gaztelua. (Badijoaz.)
IRUGARREN AGERRALDIA
Kussnacht-eri urbil, mendi arteko bidea. Aitzetatik bertara duzu bide ta bidaztiak; antzokiratu baiño len, gaiñetan ikusten dira. Arkaitzak nun-nai eta aietako bat saparrondoz estalia, besteak baiño aurrerago.
TELL (arranbelaz aurreraturik): Bide sakon onetatik igarotzea bearrezkoa zaiok, Kussnacht-erako beste biderik ez baitzegok. Emen burutuko dut nere asmoa Garai egokia. An saparrondo ark ezkutuan natxiak, ta nere geziak andik atzemango ziok. Bakar ibiltzera bidearen estuak beartuko dik. Jaurlari! Jainkoarekikoak zuzendu itzak, ireak egin dik. Ordua etorri zaik. Ni paketsu ta kezka gabe bizi nindukan Nere geziak basapiztiak zauritzen zitxian eta erail asmoak etzian nere gogorik loitu. Nere pakea ik urratu duk. Nere bizitz eztian ik sartu ukan ikara, ta gogorkerietara oituaz Nere semearen burura jaurti al izan zuanak etsaiaren biotza ere jo zezakek. Jaurlari, nere semetxo maiteak, nere emazte erruge ta zindoa, ire asarretik, zaitzera bearturik naukak Nik nere arranbela edatzean Nere eskua dardaraz zala, eta, ik, atsegin gordin gaiztoz, nere semearen bururuntz zuzentzera beartu nindukanean, ni ire aurrean zurbil eta arrenka negolarik, antxe, nere baitan, Jainkoak bakarrik entzundako zin ikaragarri au egin nikan: nere geziaren lenen elburua, ire biotza izanen zala eta une larri gaitz artan eskeinia ordain atsegiña zakidak eta orain kitatu nai Nere Jaun eta Kaisar ordezkoa i aiz; ala ere, Kaisarra bera ez ukan ausartuko i alakora Bazter ontara biali indukan zorrozki eta zuzenbidez jarduteko, asarre gorritan zegon-ta ez, ordea, apen-bildurrik gabe ikaragarrizkoak egiñaz, ire gizerailgura asetzeko. Oiek zigortu ta aspertzeko baduk ordea Jainko bat. Atoz, ba, onuntza, min garratzak eugan ditukan nere pitxirik maiteen, nere altxorrik aberatsen ori Oraindaiño, arren xamurrenetara makurreza izan dan elburu bat eskeintzera noakik eta etzaik muker izango Eta i, nere arranbelaren lokarri zintzo ori, ainbeste aldiz jolas alaietan, nere morroe izan aizen ezkero, ordu ikaragarri onetan, ez nazak utzi! Gezi zurra ainbestetan egadun biurtu dukan nere arranbel zintzo ori, egon akit tinko. Orain nere eskuetatik indarge egatuko baintz beste ordezkorik ez dit jaurtitzeko. (Bidaztiak antzoki zear igarotzen dira.) Bidaztiak alditxo atseden artzeko, gerturik dagon zuzuillu ontan exeri nai dut emen ez baitago etxerik Bakoitza aurrera-atzera alkarri begiratzeke igarotzen da, eta ez dio batak besteari euren nekeen berri eskatzen Emendik igaro oi da salerosle araztia ta bidazti jantzi-ariña lekaide jainkozalea, lapurtzar bekozkoduna; bertsolari alaia eta zaldia ondo zamaturik, urrutiko lurraldeetatik etxeruntz datorren pitxi-saltzaillea. Ludi mugara alderdi guzietatik da bide. Orok, norbere artu emanetarako bide berezi dagite ! Eta nerea, erail-bidea duk! (Exeritzen da.)Len, nere seme maiteok, aita etxetik zijoanean, eta gero itzulaldian, guziok pozaldi zenuten; beiñere ez baizan berretortzen esku-uts: bidaztiak mendian arkitzen duanez, naiz Alpeneko larrosa eder bat, naiz txori bakan edo barakulua gaur bestelako piztiaren billa dago, lekore basetian exerita, erailasmoz. Bere arerioaren bizi-ataizean dago Eta ala ere, zuengan bakarrik du orain ere gogoa, semetxo maiteok Zuek zaitzearren, zuen erru-eza, Jaurlariaren gorrototik babeste arren, arranbela eriotzarako gertutzen ari da. (Zutik jartzen da.)
Arrapagai goren bat atuxatzen dut Eiztaria ez aspertzen negu-miñean egun osoz arat-onatean ibiltzen; aitzez aitz jauzika ta arresietara izatuz, bertan odolatzak uzten ditula Oro berriz, aberetxo txatxar bategatik! Orain ordea, beste sari bikaiñagoa nai du; nerau galtzeko amorraturik dagon arerio beltzaren biotza. (Urrutira, urreratzen ari dan soiñua entzuten da.)Gezia erabiltzea edo arauz jaurtitzea nere bitzitz osoko iñarkuna izan da; maiz terreillean jo ta nere jaurtitze bikaiñak sari onik ekarri didate. Gaur berriz, gezi-jaurtitze berebizikoa egin nai dut; ta mendiak eskeiñi ditzakedaken saririk onena, erdietsiko dut. (Eztai-talde bat antzokian bide zear igarotzen da. Tell-ek arranbelan tinkaturik begiratzen dio. Stüssi basozaia urbiltzen zaio.)
STÜSSI: Morlischachen lekaidetxeko nekazaria duzu; gaur ezkontzen baita Alen-en amar artalde dituan gizon aberatsa. Emaztegaia Jinseetarra du eta gaur arratsean Kussnacht-en jai aundia da. Zatozkit lagun; gizon on guziak deiturik dagoz-ta.
TELL: Maikide itunik ez dago ondo ezteietan.
STÜSSI: Kezkaren batek oiñazetzen bazaitu, uxa arin zure biotzetik. Aldi egoki oni eldu ezaiozu. Gaurko egunak txarrak dira, ta orregatixe gizonari eskuratzen zaizkion atsegiñak pozez artu bear dira. Emen ezteietan, eta an eortzetan.
TELL: Eta sarritan bata bestearen ondotik.
STÜSSI: Orrela dabil gizadia. Zoritxarrik ugari bada bazterretan Ruff mendietako bat erori, ta Glaemich errialdeko zati bat zapaldu omen du.
TELL: Mendiak ere dardar dagite? Ludian ezer ez tinko.
STÜSSI: Diotenez, beste alderdietan ere arrigarrizkorik gertatzen da. Baden-dik etorri-berri bategaz mintzatu naiz. Kaisar billa zioan zaldun bat; bidean listor-zuloa arkitu omen zun; listorrak zaldiari ekin zioten eta oiñaze artean illik lurreratu zuten. Eta zaldunak, Kaisar aurreraiño oiñez etorri bear izan omen zun.
TELL: Aulak ere badute beren eztena.
Hermengarde aur batzuekin etorri ta bide sarreran jartzen da.
STÜSSI: Dirudienez, orrek adierazten du oi ez bezelako kalteak Aberri gaiñeratuko dirala.
TELL: Orrelakoak egunero gertau oi diranak dituzu; eta, ala ere, zantzu arrigarrizkorik ez dute aurrelari.
STÜSSI: Bai, bere soro-lanean pakez diarduna ta nekerik gabe etxetarren artean bizi dana, uraxe zorioneko!!
TELL: Auzotar gaiztoari atsegin ez badamaio, gizonik onena ere ezin diteke atsekaberik gabe. (Tell-ek maiz artega ta urduriz, bideburura begiratzen du.*)
STÜSSI: Agur Norbaiten zai zaude, nunbait.
TELL: Alaxe da.
STÜSSI: Atsegiñez etxera zaitezela Uri-tarra al zaitugu? Gure Jaurlari, Jaun ona gaur duzute an.
MENDIGOIZALE BAT (bertaratuaz): Gaur ez egon onuzkero Jaurlari zai. Euri aundiaz ugoldea izan da, eta, ur-indarrak zubi guziak ausi ditu. (Tell zutitzen da.)
HERMENGARDE (aurreratuaz): Jaurlaria, ez datorrela?
STÜSSI: Arengandik zerbait nai zenduan?
HERMENGARDE: Bai, noski!
STÜSSI: Bere igaro bidean, bide onetara zergatik irteten ez diozu?
HERMENGARDE: Emen ez dit iges egiterik eta entzun bearko dit.
FRIESSHARDT (bidean bera arinki etorriaz antzoki aldera ta deadar egiñaz): Alde bidetik! Jaurlari, nere Jauna zaldiz darraikiteta. (Tell-ek aldegiten du.)
HERMENGARDE (biziki): Jaurlaria dator! (Semeekin antzoki aurreratzen da Gessler era Harras-ko Errudolf, zaldiz, bide-buruan agertzen dira.)
STÜSSI (Friesshardt-i): Urak zubiak eraman baditu, zuek nola zatozte ibaiak igaroz?
FRIESSHARDT: Uiñaz eta ugoldeaz burrukan ibili gera, adiskide, eta Alpen-etan ez da bildur damaikegun ibairik.
STÜSSI: Ekaitz ikaragarri ori bitartean, ontzian ziñaten-edo?
FRIESSHARDT: Ala izan da. Nere bizian, baduket aren gogo.
STÜSSI: O! Gelditu eta edes zakidazu!
FRIESSHARDT: Utzi nazazu; aurreratu bear naiz, Jaurlaria laister datorrela Jauregian adierazteko. (Badijoa.)
STÜSSI: Ontzian gizon onak joatekotan, ondatuko zan ziur, gizon ta guzti; baiña suak eta urak kalterik egiten ez dien norbaitzuk badira. (Inguruetara begiraturik.) Baiña, nerekin izketan ari zan eiztaria nora joan zait. (Badijoa.)
GESSLER (Errudolf-kin izketan azaltzen da): Nai duzuna esan, baiña Kaisar-morroi nauzu ta ari atsegiñ eman bear diot. Onuntzara, erria txurikatzera ta gozoki jardutera ez nau biali. Aren esanak egitea eskatzen du, eta Lurralde onetako nagusi, nekazaria ala Kaisarra izan bear dan, orixe da gere auzia.
HERMENGARDE: Auxe nere garaia! Orain banoakio. (Bildurti urreratzen zaio.)
GESSLER: Altdorf-en ez nuan txapela ixekaz jarri; ezta ere erriaren usteak nora jotzen zuan jakitearren, aspalditik ezagun dituteta aga-bururatu nuan, garaitxo daramaten burua eratxi zezaten Eta bestela aztuta idukiko zuten Jauna gogora zezaten, zoztor ori igaro-lekuan ipiñi nien.
ERRUDOLF: Ala ere, erriak badite eskubide batzuk
GESSLER: Ez duzu au aldi egokia oiek noraiñokoak diran neurtzeko. Gauz garrantsitsuagoak ditugu esku artean. Kaisarrak bere aginterria zabaldu nai du. Aitak orren jatorki asitakoa, semeak amaitu nai du Erri txiki au, aren biderako zoztor bat da Menpean jarri bearko du. (Aurrera jo nairik, Hermengarde aurrean belaunikatzen zaio.)
HERMENGARDE: Erruki, Jaurlari Jauna! Esker! Esker bat!
GESSLER: Bide erdian zer dala-ta? Atzera!
HERMENGARDE: Nere senarra espetxean duzu! Nere semeak ogi eske Errukitu jaun gogor ori, gure zoritxar aundi onetzaz!
ERRUDOLF: Nor zera? Nor da zure senarra?
HERMENGARDE: Rigiberg-ko egurgile gizaixo bat, Jaun-ona, auntzak ere igo eziñiko pendizetan, arkaitz malkarretan, belar ebakitzen zuana
ERRUDOLF: Arrayia! Orren bizia txiro ta errukarri benetan! Gizaixo ori askatu ezazula, arren dagizut. Errua aundiena izanik ere, bere ogibide arriskugarria zigorbide aski du. (Hermengarde-ri:) Entzungo zaitue Gaztelu barruan azaldu zure naia Au ez duzu aldi egokia
HERMENGARDE: Ez, ez; Jaurlariak nere senarra eman arte, ez noakizue emendik. Sei illabete ditu espetxean, eta alperrik nago epai-erabakiaren zai.
GESSLER: Gogorkerira jo nai duzu, emakume? Alde!
HERMENGARDE (zaldiaren ao-ugalak atzemanik): Ez, ez; galtzekorik ez dut ezer! Jaurlari, nere eskari zuzena ontzat eman arte, ez duzu aldegiterik Bekoztu zure bekaiña; begiaz nai ainbat kiñu egin Gu orren errukarriak izanik, zure aserrea guri zer
GESSLER: Aurrera egiten utzi ezakidazu, edo naitanaiez nere zaldi azpian zera.
HERMENGARDE: Zapaldu, ba Begira. (Semeak lurrean etzanerazten ditu eta aiekin batera, bide erdian jartzen da.). Emen naukazu ni semeekin. Zure zaldiaren azkazal-kozkorrez zapaldu umezurtz gixaixo auek. Ez duzu okerren egiña izango
ERRUDOLF: Eroturik al zaude, emakume?
HERMENGARDE (biziago): Aspalditik zapaltzen duzu bai zure oiñaz Kaisarraren Lurraldea O! Ni emakume utsa nauzu. Gizon banintz, emen auts artean etzatea baiño geiago egiñen nuke. (Berriro bide buruan ixillki soiñua entzuten da.)
GESSLER: Nun dira nere mirabeak? Eraman dezatela emendik emakume au, edo neugan azturik, naiezkoren bat egingo dut.
ERRUDOLF: Zure mirabeak ezin dute daramakiegun tartea egin, eztaikideak eragozten baidie.
GESSLER: Jaun onegia naiz erri onekiko Mingaiñak aske ditue oraindik. Oraindik ez dut bear ainbat estutu Baiña aldatuko da, zin dagizuet. Nik ezereztuko dut bein betiko orien burugogorkeria. Nik makurreraziko diet askatasun-gogo ausarditsu ori; ta lagi barriak egingo ditut Lurralde onentzat; nai dut (Gezi batek zauritzen du; eskua biotzeratu ta erori zorian dagola, abots aulaz dasa:) Jainkoa, erruki nitzaz!
ERRUDOLF: Jaurlari Jauna! Ene Jainkoa! Au zer da? Gezi ori nundik dator?
HERMENGARDE: Il dute! Zanbuluka erori da! Zauritu dute, gezi batek biotz erdian jo du!
ERRUDOLF (zalditik jauzkatuz): Au gertakizun ikaragarria! Jainko! Zaldun!! Jainko errukiari otsegiozu! Il zera-ta.
GESSLER: Tell-en eskutikoa da au. (Zalditik Errudolf-en besoetara erortzen da, ta onek arri-zuzuluan uzten du.)
TELL (arkaitz gaiñean aurkezturik): Eiztaria ezagun duk! Ez besteren billa ibilli. Txabolak aske dira orain; errugeak ire eskupetik urrun dituk. Bazter au ez duk geiako nekalduko. (Ezkutatzen da gaiñetik, eta erritarrak barruratzen dira.)
STÜSSI (aurrenatarikoa): Zer dugu? Zer gertau da?
HERMENGARDE: Jaurlaria geziaz zauritu dutela!
ERRIA (barrura pilloan): Nor izan da zauritua? (Eta aurreko ezteikide batzuk antzokira datozen bitartean, atzekoenak gaiñean dira eta soiñua jo ta jo.)
ERRUDOLF: Odolusten dijoa! Azkar, lagundu! Xaka eraileari! Zoritxarreko onek orrela il bear duala! Ez bai zenduan nere aolkurik entzun nai!
STÜSSI: Arrayia! Zurbil dago ortxe eta illik!
ABO ASKO: Nork egin du ori?
ERRUDOLF: Erri au eroturik ote, erailketa bat soiñuz jaitzeko? Ixildu ditezela! (Bereala danboliña ixildu ta oste geigo dator.) Itzegin al baduzu, Jaurlari Jauna! Ez duzu neri esateko geigorik? (Gessler-ek esku-kiñua dagi eta esan nai duana ulertzen ez diotela oarturik, zalez berriro dagi:) Nora joan bear dut? Kussnacht-era? Ez dizut ulertzen. O! Ez zaite artega izan Utzi lurkoiak; zeruakin paketzea bedi orain zure uste osoa. (Ezteikide guziak arriturik, baiña errukitzeke, illotzik dagona inguratzen dute.)
STÜSSI: Ara zurbiltzen Eriotzak orain artzen dio biotza Bere begiak orain ez dute diztirarik!
HERMENGARDE (semetxo bat gora jasorik): Orra, semetxo, gizatxarra nola iltzen dan!
ERRUDOLF: Emakume txepelok! orren ikaragarrizkoetan jolasteko, zuek ez duzue biotzik Lagun zatozkidate ezarri emen zuen eskuak. Biotzetik gezi mingarri au ateratzen iñork ez ote dit lagunduko?
EMAKUMEAK (atzera-ta): Jainkoak zauritutakoari guk ikutu?
ERRUDOLF: Birao ta madarikapena zuengan! (Ezpata ateratzen du.)
STÜSSI (besotik eutsiaz): Ausartzen zera, Jauna? Zureak egin zun! Aberri uztertzaillea lurreratu da. Besterik ez dugu jasango! Gizon askeak gera.
GUZIAK (zarataka): Aberria aske da!
ERRUDOLF: Ontara ere eldu al gera? Menpetasuna eta bildurra orren azkar itzali al dira? (Barruratzen diran mirabe izkilludunei:) Emen egin dan erailketa ikaragarri onen lekuko zerate Alperrik da laguntza eskatzea; gizeraillari alperrik jarraituko zaio. Beste arazoak ditugu Kussnacht-eratu gaitezen, eta Kaisarrari gaztelu ori zaitu dezaiogun; ordu onetan betebear guzien lokarriak eten baidira, eta agindutako arauak orra ausi, eta gizonaren zindotasunean ezin diteke sinistu. (Izkilludun mirabeekin aldegitean, sei Urrikaltasun-Anai agertzen dira.*)
HERMENGARDE: Alde! Alde! Anaiak badatoz-ta!
STÜSSI: Or nun duzuten gizona! Belak ere badatoz!
ANAIAK (illaren baranoan eta abots illunaz abesten): Erioak laister atzitu oi du gizona, ta ez dio aldirik ematen. Bide erdian jotzen du, ta bizitzaren loraldian badarama. Epaitokira bearrean da, gerturik egon edo ez.
Azken itzak esan bitartean, zapia bera.
LENENGO AGERRALDIA
Altdorf-ko Zeia. Barrenean, eskubitara Uri-gaztelua begitan dugu oraindik oltzak an diralarik; lenengo ekiñaldiaren irugarren agerraldian bezelaxe. Ezkerrera, mendi asko ta gaiñak sutzarrez ageri dira. Eguntzen ari da, ta urrutietara joale-otsak. Ruodi (arrantzalea), Kuoni (artzaia), Werni (eiztaria), Argin-nagusia ta beste zenbait nekazari; emakume eta aurrak ere bai.
RUODI: Su-zantzuak mendietan ikusten?
ARGIÑA: Baso bestaldetik datozkigun kanpai-otsak entzuten?
RUODI: Etsaiak oilduak izan dira.
ARGIÑA: Gazteluak gure esku dauzkagu.
RUODI: Eta guk, Uri-ko biztanleok, Jauntxoen gaztelua geure Lurraldean irauten oraindik jasango ote dugu? Azkenen geu askatu bear ote gera?
ARGIÑA: Zapaltzen gaituen uztarriak iraun bear ote? Eup! Autsi dezagun.
GUZIAK: Autsi, bai, autsi, autsi!
RUODI: Uri-ko turuta nun dugu?
URI-KO TURUTA: Ementxe! Zer egin bear dut?
RUODI: Gaiñera igo ta jo turuta. Ots ori mendietan barreatu dedilla ta aitzuloetan anots-egiñaz, menditarrak lenbailen bildu ditzala.
Uri-turuta itzali, ta Walther Fürst dator.
WALTHER FÜRST: Geldi, lagunak, geldi! Oraindik Unterwalden eta Schwitz-en gertatuaren berri ez dugu-ta. Gauden geznari zai.
RUODI: Zertarako itxadon gero? Jauntxoa il da. Askatasun eguzkia basotik irten da.
ARGIÑA: Mendi guzietatik argiz ari zaizkigun sutzar-geznari egariñok ez ote zaizkigu aski?
RUODI: Goazen guztiok, gizon eta emakume, goazen lanera! Bera oltzak? Bota arresiak! Zartatu jauregi-sapaiak ere! Ez dedilla arririk arriaren gaiñ!
ARGIÑA: Atozte lagunok! Jaso degunok lurreratu dezakegu.
GUZIAK: Atozte, lurreratu dezagun! (Orok gaztelurontz dioaz.)
WALTHER FÜRST: Onenak egin dik! Ezin dut geldierazi.
Melchthal eta Baumgarten sartzen dira.
MELCHTHAL: Zer? Sarne-ko jauregia ikazturik, Rossberg porrokaturik eta oraindik gaztelu au zutik?
WALTHER FÜRST: Melchthal-da al zerate? Askatasuna al dakarkiguzute? Esan! Etsairik ez ote daukagu Aberrian?
MELCHTHAL (besarkatuaz): Ez! Etsairik ez da an! Poztu zaitez, agure on ori! Mintzo geran bitartean, Schwitz-en Jauntxorik ez daukagu.
WALTHER FÜRST: Baiña, esan, gaztelutzaz nola jabetu zarete?
MELCHTHAL: Rudenz-ek ustegeko jazar ausarditsu bidez, Sarne-ko gaztelua bereganatu zun. Aurreko gaban nik, Rossberg artu nun Baiña, entzun gertaturikoa. Gazteluari su-emanaz, etsaiak andik atera genituanean, eta su-lumak arroki odeietara bitartean, Diethelin Gessler-en morroia etorri zan oiuka esanaz Bruneckoa ere sutan zegola.
WALTHER FÜRST: Jainko maitea! (Oltzak zarataz bera datozela entzuten da.)
MELCHTHAL: Bera zan! Beraxe bai, Jaurlariaren aginduz ixilpean atxilotua Rudenz ero antzo, barrura oldartzen da abe ta ate lodien otsa ere erortzean entzuten baigendun eta ke artean errukarriaren karraxiak argi nabaitzen ginduzen
WALTHER FÜRST: Onez atera al zan?
MELCHTHAL: Ausarditsu ta kemenez jardun bearra zegon Bera martzal baiño izan ez bazan, geure bizitzaren axolaz izango giñan; baiña bera zinkidetako bat zitzaigun eta Bertek erriari beti begiramen zion Orregatik eriotz zorian guziok pozez jarri giñan, eta bai surtaratu ere!
WALTHER FÜRST: Eta onez irten ote zun?
MELCHTHAL: Bai; Rudenz eta biok gar artetik atera genun, eta gure ondoren abeak zarataz erori ziran Eta bere burua aske ikusi ala eta aren begiak eguzki argitara iriki ziranean, Attinghausen nere besoetaratu zan; eta su-bidez zildaitu ta sendoturik etorkizuneko jazarpen gogorrari bekoz beko egingo zion, ziña egin zun ixillean.
WALTHER FÜRST: Landenberg nun dago?
MELCHTHAL: Brunnig-en aita itxutu zidana oraindik begi bien jabe izatea ez da neregatik. Jazarka erabilli nun, atzitu ta nere aitaren oiñetaraiño narraz eraman nun. Lepoa moztutzera nijoakiola, ark agureari errukia eskatu, ta bizia ere bai utzi zion. Erri onetara beiñere etzala etorriko zin-egin zun; eta ala eginen du, gure indarra zenbateraiñokoa dan ezagutzen baitu.
WALTHER FÜRST: Goragarri zaizu Aberri garaipen au odolez orbandu eza.
MUTIKOAK (antzokira antxintxika oltza abarrak narraztatuz): Askatasuna! Askatasuna! (Uri-turutak gogor jotzen du.)
WALTHER FÜRST: Ikusi jai au! Aur oiek, zartzaroan, egun goragarri onetzaz oroituko dira, noski. (Neskatxak aga-buruan txapela dakarte, ta erritarrak antzokia betetzen dute.)
RUODI: Au da agurtzera beartzen giñuzen txapela.
BAUMGARTEN: Esan, orretzaz zer egin bear dugun.
WALTHER FÜRST: Nere Jainkoa! Txapel orren azpian egon zan nere illobatxoa.
ABO ASKO: Jauntxokeri agiri ori, bera ortik! Surtara ori!
WALTHER FÜRST: Ez, iraun dezala! Gogorkeriaren ikur izandakoa, askatasunaren agiri betiko izan dedilla. (Guziak, gizon, emakume ta aurrak oltz-abarretan zutik edo exeririk daude, barano-erdi ikusgarri egiñaz.)
MELCHTHAL: Ara gu orain pozik, jauntxoen ondakiñak zapaltzen. Adiskideak! Rutli-n zin-egiña gizonki betetzen dugu.
WALTHER FÜRST: Lana asi dugu; bukatu ez ordea. Adore ta adiskidetasun iraunkorra bear dugu; jakiñen gaiñean zaudete, bada, Kaisarrak ez duala utziko aspertzeke Jaurlariaren eriotza Baita ere, naitanaiez aberriratuko dizkigu lenago erritik iraitzitakoak.
MELCHTHAL: Betorkigula gudaloste guziz. Etxeko etsaia bota dugu, eta atzerritarra ere laster jaurtiko.
RUODI: Lurralde onek sarrera mearrak dauzka ta geure soiñez itxiko ditugu.
BAUMGARTEN: Betiko lokarriz alkarturik gauden ta aren taldeak ez damakigute beldurrik. (Rösselmann eta Stauffacher datoz.)
RÖSSELMANN (sartuaz*): Ikaragarria egitan Jainkoaren epaia!
NEKAZARIAK: Zer dugu?
RÖSSELMANN: Gaurkook, bai dirala aldiak!
WALTHER FÜRST: Esan zer gertatzen dan. A! Zu al zera, Werner Jauna? Zer berri?
NEKAZARIAK: Zer dugu?
RÖSSELMANN: Entzun eta arritu!
STAUFFACHER: Arrisku aundi batetik irten dugu
RÖSSELMANN: Kaisarra il dute!
WALTHER FÜRST: Jainko ona! (Erritarrak jeiki ta Stauffacher-en baranoan moltsokatzen dira.)
GUZIAK: Il dutela? Nola? Kaisarra? Entzun! Kaisarra?
MELCHTHAL: Ori ezin diteke. Nundik jakin duzue?
STAUFFACHER: Egia benetan! Alberta Kaisarra gizeraille baten eskuetan, Bruck inguruan erori da Muller Jon, gizon egitiak, Schaffhausen-dik berri au ekarri digu.
WALTHER FÜRST: Nor ausartu zan eriotz ikaragarri ori egiten?
STAUFFACHER: Eginkizun au, erailleari bagaude, oraindik ere ankerrago da; bere illoba izan baizan, bere anaiaren semea, Suabiako Jon.
MELCHTHAL: Zerk bultza dio eginkizun orretara?
STAUFFACHER: Kaisarrak aitaren ondaretik zegokion lagiña etzion eman nai eskatzen zionari. Gaiñera, Gotzaigora eraman nai zun, arenak betiko egin zezan. Dana dala gazteak izkillukideen aolku gaiztoak entzunik, eta Eschenbach, Tegerfelden, Wart eta Palm Jaunekin mintzatuta, oker ori bere eskuz zuzendu nai izan zun, bidezkoa beste iñola ere ezin iritxirik.
WALTHER FÜRST: O! gertakizun ori nola izan zan, esaiguzu.
STAUFFACHER: Stetlin-dik Baden-era, Rheinfeld-eruntz jarraigoa emen baizeukan Kaisarrak bide zegin. Berakin zetozen Jon eta Leopold bakaldunkiak eta bai beste gizon aundiki asko ere. Reuss-era, ontzizkaz igaro leiken lekura eldu ziranean, Kaisarra lagunetatik aldentzearren, erailleak arekin batera txaluparatu ziran. Gero, Kaisarra soroetan barna jentil uri zanaren ondotik zaldiz zioala bere abenda aipatuaren jatorri zan Augsburg-ko gaztelu zarraren aurrean Jon dukeak lepoa sastakaiaz zauritu; Palm-eko Errudolfek aztamakilla sartu ta Eschenbach-ek burua erdibitu zion; eta antxe beretarrak ilda, beraien artean odolez bustirik erori zan. Beste ertzekoak gertatzen zana bazekusten; baiña, ibaia bitarte, negar baiño ezin egin. Andra gaixo bat bide ertzean exerita zegon eta aren besoetan Kaisarra odol-ustu zan.
MELCHTHAL: Orrela, berberak zabaldu zun bere goiz-illobia, bere diru-zalekeriak aruntza eramanaz.
STAUFFACHER: Erri guzian ikara izugarria dabil. Mendietako bide guziak itxi dituzte ta Erki bakoitzak bere mugak zaitzen ditu. Antziñako Zurich-ek ere, ogetamar urte luze auetan zabalik idukitako ateak, itxi ditu erailtzailleen eta aspertzailleen bildurrez. Geiago: Hungriako Bakal-andere Ines xamurra, bere aitaren eriotza aspertzearren, birao ta madarikapenez beterik, emakumeei dagokien emetasuna are aztuta, urrean dugu. Erailleen errotiko guziak, baita auen mirabe, seme ta illobak ere, il naiez dator. Ez omen du aien gazteluetan arririk arriaren gaiñ utziko. Zin ere egin du, belaunaldi osoak bere aitaren illobian sakailduko ditula eta odolez, orrilleko intzez bezela, soiña ezotuko dula.
MELCHTHAL: Bai ote dakite erailleak nora jo duten?
STAUFFACHER: Gaiztakeria egin-ala, bost bideetan zear, norbere aldetik igesi joan ziran; eta geigo alkar ez ikusteko banandu ziran. Jon dukea mendi auek barna omen dabil.
WALTHER FÜRST: Beraz Kaisarraren erailtza etzaie ezertarako izango; aspertzeak ez du ondoren onik. Bere burua du janari; eriotza aren atsegin bakarra, eta ankerkeria aren asegarri.
STAUFFACHER: Euren egite nekalgarriak erailtzailleei ez die onik egingo; baiña guk, geure orban gabeko eskuz, gaiztakeri orren zitu ederra bilduko dugu. Beldur aundi batetik at gera. Gure askatasunaren etsairik aundiena erori da; eta, diotenez, Augsburg-tarren aginte-zigorra beste bakal-jatorrira aldatuko da. Kaisalderriak bere auteskunde eskubideak zaitu nai ditu-ta.
WALTHER FÜRST ETA BESTE ASKO: Orrelako zerbait entzun duzute ala?
STAUFFACHER: Luxenberg-ko Kondearentzat omen dira autarkirik geienak.
WALTHER FÜRST: Onez gertuako zaigu Kaisalderri alde izana; dagokiguna, bada, itxadon gentzake.
STAUFFACHER: Kaisar berriari benetako lagunak bearrezkoak zaizkio eta Austriaren asperkundetik zaituko gaitu. (Nekazariak alkar besarkatzen dira.)
TXADON-ZAIA (Kaisarraren geznari batekin dator): Ona emen Lurraldeko agintari jatorrak.
RÖSSELMANN ETA BESTEAK: Zer duk, Txadon-zai?
TXADON-ZAIA: Eskutitz au dakarkigun Kaisar-geznaria.
GUZIAK (Walther-i): Zabaldu eta irakurri.
WALTHER FÜRST (irakurriaz): "Uri, Schwitz eta Unterwalden-go biztanle jatorrei Elisabete Kaisar-andereak, agur eta zorion".
ASKOK BATERA: Zer nai du Kaisar-andereak? Orren agintaritza amaitu zan.
WALTHER FÜRST (irakurriaz): "Senarraren eriotz gogorrak Kaisarandereari sortu dion atsekabe ta alarguntasunean, suizotarren maitasun eta zintzotasunez oroitzen da".
MELCHTHAL: Zorionez zanean, beiñere ez zan lenago oroitu.
RÖSSELMANN: Ixo! Entzun!
WALTHER FÜRST (irakurriaz): "Eta orri onek eginkizun onen eraille nazkagarriak zurki biraotuko ditula uste du. Beraz, iru erkiok, erailtzailleoi iñoiz ere ez diela lagunduko ditxaro; epaikariaren eskuetaratzeko lan gogorki egingo dutela baizik, Errudolfen etxeak beti agertu dien maitasun eta etengabeko ordaiñez. (Nekazariak ezezkoa egiten dute.)
ASKOK: Maitasun eta onginaia?
STAUFFACHER: Aitak, egiz, on egin digu; baiña semeak beste orrenbeste egin al du? Kaisarrak len egin bezela, gure Lege Zarrak baitetsi al ditu? Zuzenez jaurritu ta errugabeak aldeztu al ditu? Gure larrialdietan, gure Aldunei entzun nai izan al die? Ez orrelakorik, eta gure eskuz eta gure kemenez, geure eskubideak jaretsi ez bagenitu, gure zoriaz ez zun aixola izango Ibar auetan eskerrona ernetzekorik ez du erein. Bere jarleku garaitik, errien aita izan zitekean; baiña ez zuan nai izan; beretarrei bakarrik lagundu zien. Berak aberastutakoak negar egin dezaiotela!
WALTHER FÜRST: Ez gera aren zoritxarrez pozten, ezta ere ez gera jasandako gaitzez oroitzen. Jainkoak aldendu gaitzala orrelakotik! Alaz ere, onik egin ez zigun Kaisarraren eriotza aspertzea ta kalte egin ez digunari jazarritzea ez zaigu egoki, ez ospegarri ere. Betebear bearrezkoetatik eriotzak askatzen gaitu Arekiko gure zorrak kitaturik dagoz.
MELCHTHAL: Kaisar-andereak bere gelan negar egin arren, eta atsekabe asekaitzean goitarren aurka jeiki arren, lanaren lanez askatasuna lortu ta Jainkoari esker dagion, erria duzu emen Maitasuna erein bear da malkoak biltzeko. (Geznaria badioa.)
STAUFFACHER (erriari): Nun da Tell? Berak uts-egingo ote, gure askatasun-irasle izanik? Garrantzizkoena arek egiña da; aren samin-aldiak ere aundienak. Goazkio, goazkion guziok bere etxera eta agurtu dezagun gure gaizkalea. (Oro dijoaz.)
BIGARREN AGERRALDIA
Tell-en etxe-ataria.
Sukaldean sua txinpartaka. Zabalik dagon atetik barrukaldea ikusten da. Edubige, Gualter Tell eta Gulielma.
EDUBIGE: Seme, semetxo maiteok, gaur datorkizute aita. Bizirik, aske da, bai gu ta beste guziak ere. Zuen aitatxo aberriaren askatzaille.
GUALTER: Ni ere izan naiz, Amatxo. Ni ere aitatu bear naute. Aitaren geziak il nentzakean; nik ez ordea dardara.
EDUBIGE (besarkatuaz): Bai! neretzat berpiztu aiz! Birritan sortu aut. Birritan igatik aur-miñak izan dizkiat. Igazi ziran ordea biak neugan dauzkat eta gaur etxeratzen aita maitea. (Atean lekaide bat agertzen da.)
GUALTER: Ama, ara begira! Eskean dabillen lekaide bat dago ortxe atarian. Zeozerren billa dator noski.
EDUBIGE: Sartuerazi ezak jakin dezala zorionez beteriko etxera etorri dala. (Barruratu ta berealaxe txol-ardoa dakar.)
GULIELMA (lekaideari): Atoz, lekaide on ori! Nere amatxok txurrust bat eskeiñi nai dizu-ta.
GUALTER: Atoz eta emendik zuzpertuago zoazke.
LEKAIDEA (ingurura lotsati arpegi naasiaz begiraka): Nun nago? Ze errialde dugu au?
GUALTER: Bide galdurik-edo, nun zauden ez dakizu? Burglen-en zaude, Jauna; Uri errialdean, Schachental ibarreko sarreran.
LEKAIDEA (berriro datorren Edubige-ri): Bakarrik al zaude? Zure senarra etxean al duzu?
EDUBIGE: Unetik unera zai nagokio Baiña zer duzu zuk, gizon? Gauza onik ez dakarkizu Edonor zerala ere, bearrez arkitzen zera. Artu! (Ardo-txurrusta eskeiñiaz.)
LEKAIDEA: Nere biotza egarriz da egiz, eta gozagarri zerbait nai du; ez du artuko ordea, neri entzun arte
EDUBIGE: Nere jantzirik ez ikutu, ezta urreratu ere; zaude tarte-xamarrez nik entzutea nai baduzu.
LEKAIDEA: Emen dagon su ederrezko sukalde onegatik; laztantzen ditudan zure semetxoen buruakatik (Aurtxoak bereganatzen ditu.)
EDUBIGE: Baiña zer nai duzu, gizon orrek? Utzi nere semeak Zu etzera lekaide, ez! Zure jantzia pakezkoa da, baiña ez zure arpegia.
LEKAIDEA: Gizonetan errukarriena nauzu.
EDUBIGE: Zoritxarrak biziki itzegiten die biotzei; baiña zure begiak nere biotza samintzen dute.
GUALTER (ikotika): Ama, aitatxo or da! (Antxintxika atarira dijoa.)
EDUBIGE: O! ene Jainkoa! (Aldegin nai du, baiña eztabaika gelditzen da.)
GULIELMA (laisterka): Aita!
GUALTER (atarian): Berriro emen!
GULIELMA (atarian): Aita, aitatxo maitea!
TELL (atarian): Emen nauzute berriro eta amatxo? (Barrura dijoaz.)
GUALTER: Atean dago, eta ezin du aurrera jo, ikara ta pozak galerazten dielako.
TELL: O! Edubige, Edubige! Nere semetxoen ama! Jainkoak lagundu digu gure tartean ez dago jauntxorik.
EDUBIGE (besarkatuaz): O, Tell, Tell! Zuregatik eraman ditudanak! (Lekaideak adi-adi begiratzen die.)
TELL: Orain aztu guzia ta pozaldira zaite osoro! Emen naukazu berriro! Ona emen nere txabola. Berriz ere neuretarren artean naiz.
GULIELMA: Aita, zure arranbela nun duzu? Ez dizut ikusten
TELL: Ez duk geigo ikusiko ere. Toki deun baten ezkutaturik zegok. Aurrerantzean ez duk eizerako izanen.
EDUBIGE: O, Tell, Tell! (Atzeratu ta eskua eskatzen dio.)
TELL: Zerk damakizu beldur, emazte maite?
EDUBIGE: Nola berriro nola zakust! Esku au! Estutzen ausartuko ote naiz?.. esku au Ene Jainkoa!
TELL (oso xamur ta gizonki): Zuek aldeztu ta Aberria askatu du Zerurontz aske jaso nentzake. (Lekaideak imintzio bat dagi ta Tell-ek begiztatzen du). Anai onek zer egiten du emen?
EDUBIGE: A! Azturik neukan. Zuk itzegin ezaiozu, neri beldur damait-eta.
LEKAIDEA: Izatekoz, Jaurlari Jauna erail zun Tell ote zaitugu?
TELL: Neu, eta iñoren aurrean ez naiz lotsaz ezkutatuko.
LEKAIDEA: Tell zaitugula? A! Jainkoaren eskuak zuzendu nau onuntza.
TELL (adi-adi begiraturik): Zu etzera lekaide. Nor zaitugu?
LEKAIDEA: Kalte egin zizulako Jaurlaria erail zenduan Nik nere etsaia erail dut; nere eskubidea ez zidan eman nai zure arerioa ere bazan, nerea bezela Lurralde onetatik garbitu dut.
TELL (atzeratuz): Zu zera ai ene! Semetxook barrura joan Joan emazte maite! Zoaz, zoaz! Errukarria! Zera
EDUBIGE: Ene Jainkoa! Nor da?
TELL: Ez galdetu. Alde, alde! Semetxoak ez dezatela entzun. Zoaz nere etxetik urrun! Nerekin aterpe berberan ezin zintezke gelditu.
EDUBIGE: Ai ene! Au zer ote? Atozte. (Semeekin badijoa.)
TELL (lekaideari): Austriako dukea al zaitugu? Ala zera! Zure osaba ta zure jaun eta Kaisarra erail duzu.
JON AIDERAILLEA: Nere ondarea lapurtu zidan.
TELL: Zure osaba ta Kaisarra erailtzea! Eta lurrak ez zaitu iresten? Eta eguzkiak oraindik argitzen?
AIDERAILLEA: Entzuidazu, Tell, zuk lenbizi
TELL: Eta zure aide ta nagusiaren odolez kutsuturik zerala, nere etxe garbira sartzen ausartzen zera? Zure arpegia gizon zintzo bati azaltzen eta ostatu eskatzen ausar zera?
AIDERAILLEA: Zugan errukia neukalakoz nengon, zuk ere zure etsaiaren odola ixuri baiduzu.
TELL: Zoritxarreko ori! Zure diru-zalekerizko egite odoltsu ori eta guraso bati bidezko zitzaiona berdindu nai al dituzu? Semetxo kutunak edo sukaldearen ederra zaitu bear ote ziñuzen? Zuretarrak zoritxar ikaragarritik eta azken gaitzetik askatu dituzu? Nik izadiari dagozkion eskubide agurgarriak aspertu ditut; zuk, ordea, aiek narriotu. Beraz, guk biok ez dugu zer ikusirik zu gizeraille utsa, ni itzalgarrien zaindari.
AIDERAILLEA: Beraz, pozik gabe gogaiturik jaurtitzen nauzu?
TELL: Zurekin itzegiteak ere ikara damakit Zoaz! Ikaretan, zure bideari jarrai ezaiozu! Txabola au, tolesgabeen abi au, garbi utzi ezazu.
AIDERAILLEA (irtetekotan biraturik): Ezin ba, ta ez geiago bizi nai.
TELL: Eta ala ere, erruki dizut Zeruko Jainkoa! Orren gazterik, orrelako etxe oneko seme, Errudolf nere jaun eta Kaisarraren illoba, aideraille igeslari egiñik, emen nere etxe atarian arrenez eta ustegeturik! (Arpegia eskuz estaltzen du.)
AIDERAILLEA: O! Malkorik baduzu, erruki zaite nere zorigaitzez, aundia baita. Bakaldun-seme nauzu ala nintzan eta, nere gurarien errekeria otzandurik, zoriontsu izan ninteken. Bekaitzak irentsi zun nere biotza Leopold nere lengusu gaztea ogasun eta omenez saritua ikusi nun; eta bitartean ni, aren urteetakoa, zaintze astunpean mindutzen
TELL: Zorigeko ori, lur eta menpekorik ematen ez zizunean, ondo ezaguturik zinduan zure osabak; eta zeuk erokeri anker orren bidez aren ebazpen zuzena egiztatu duzu Zure ogenkide odolzaleak nun dira?
AIDERAILLEA: Lamiña asperkorrak narraztatu dituzan tokian. Gure egite okerra ezkeroz, ez diet begi eman.
TELL: Bai al dakizu madarikapena ondoren duzula? Lagunarentzat galerazita ta etsaiaren eskuetan utzita zagozala?
AIDERAILLEA: Orregatik nauzu giza bideetatik urruti, ta iñungo ate-an jotzen ere, ez naiz ausar Ni neuretzat bildurgarri izanik, nera oiñak eremuetara naramate; mendietan nere beldurrak ditut lagunkide; eta iturriko urak nere irudia ematen didanean, ikaraka, neuregandik igesi noa. O! Errukirik eta biotzik baduzu (Aurrean auspezten zaio.)
TELL (itzuliaz): Jeiki! jeiki zaite, aideraille!
AIDERAILLEA: Ez, esku onartsu ori luzatzen ez didazun bitartean
TELL: Baiña, lagundu al naizuke? Ogenlari gaixo onek ori egin nentzake? Jeiki, ala ere zure ogena, ikaragarriena izanik zu ere gizona zera ni bezelaxe. Iñor ez da Tell-ganatuko atsegiñik artzeke Al nezakena eginen dut
AIDERAILLEA (bizi jeiki ta Tell-en eskua atsegiñez estuturik): O Tell! ustegekeritik nere gogoa atera duzu!
TELL: Askatu nere eskua urrutiratu bear zera! Agertzeke emen ezin iraun zenezake; eta arkitzen bazaitue, nere laguntzan ez uste izan Norako ustetan zera? Eztialdia nun arkituko duzu?
AIDERAILLEA: Nik al dakit, ba? Ai ene!
TELL: Ara Jainkoak bururatzen ditana. Italira joan bear duzu, Kepa Deunaren urira: an auspeztu Doipuruaren oiñetara, aitor zure errua ta garbitu zure biotza.
AIDERAILLEA: Ez ote nau arek etsaien eskuetaratuko?
TELL: Arek egiña Jainkoarengandik dator.
AIDERAILLEA: Eta lurralde ezezagun orretara ni nola elduko? Biderik ez dakit. Eta beste bidaztiren batekin biltzen ez naiz ausartzen.
TELL: Bidea nik adieraziko dizut. Ikus ondo. Menditik bera laisterka basatian oldartzen dan Reuss ibaiari gora joango zera.
AIDERAILLEA (bildurturik): Berriro Reuss ikusi bear nik? Aretxen ondoan gaiztakeria egin nun.
TELL: Bidea amiltegi ertzean dijoa, eta bertan gurutza asko dagoz, elur-meta azpian zapaldurik il diran bidaztien oroigarri.
AIDERAILLEA: Lurralde latzak ez nau ikaratzen, nere barru-neke eramangaitzak ezi al banentzazke.
TELL: Gurutza bakoitzaren aurrean belaunikatu, ta damu-malko beroz zure ogena negartu eta bidexigor ikaragarri ori eroso egiten baduzu; mendiak bere tontor izoztutik aize-bisutsak bururatzen ez badizkitzu, autsez beteriko zubira elduko zera. Zure ogen-zamaz zarratatzen ez bada ta oztopo gabe zearkatzen baduzu, aitzarteko sarrera illuna aurrez aurre egingo zaizu. Egun-argiak ez du an beiñere dizdiz egin sartu bertara ta ibar paketsu ta alai batera zaramazke Baiña, orduan, oinariñaz ibilli, pakearen abi artan gelditzeke.
AIDERAILLEA: O, Errudolf! Errudolf! O nere aiton burestundua! Zure aginterriko lurraldea orrela zearkatu bear zure illoba onek!
TELL: Gero, beti goi-goruntza Gotard Deunaren gaiñetara elduko zera, betiraunetik, zeruko euriz betetzen diran bi aintzira dituzu an. Aleman lurrari antxe agur egingo diozu; eta andik ibai baten ibillera naretsuak Italira zaramazke, zure ibillaldi azkenera. (Bei-dulundi otsa, ta turuta askoren soiñua entzuten dira). Norbaitzuk datoz. Zoaz!
EDUBIGE (laisterka): Nun zaude, Tell? Nere aita dator! Matxinada egilleak, lagunarte alaia lagun dutela!
AIDERAILLEA (arpegia estalirik): Ai ene! Zorundunekin ezin gelditu!
TELL: Joan, emazte maite, zerbait emaiozu anai oni bizkortu dedin; biderako janariz ornitu ezazu, bere bidea luzea baita ta ostaturik gabea. Leiatu zaite, urrean ditugu-ta.
EDUBIGE: Nor da, ba, ori?
TELL: Ez galdetu. Irteterakoan ere, norat jotzen dun ikusi ez dezazun, itzuli arpegia.
Aideraillea arinki Tell-i urreratzen zaio; onek eskuaz kiñu bat dagio ta badijoa. Biak, sorbaldari sorbalda emanaz itzaltzen dira. Antzokia aldatuta ikusten da.
Tell-en etxe aurrean ibar zoko guzia; urrera, inguraturik daukaten gandorrak suizoz beteak. Ikusgarri polita egiten dutelarik. Besteak tontorretatik datoz, Schachen-erako bidetik. Walther Fürst aurtxo biekin aurreratzen da; Melchthal, Stauffacher eta lagunak. Tell azaltzean, guziak goraka alaiz agurtzen dute.
GUZIAK: Gora Tell! Gora eiztaria! Gora gure askatzaillea!
Aurrenengoak Tell-engana urbilduaz, besarkatzen dutelarik, Rudenz eta Berte agertzen dira. Rudenz-ek nekazariak agurtzen ditu, eta Bertek, Edubige. Agerraldi ixil onek danbolin-soiñua du lagun. Bereala, ixiltzen. Berte, guzien erdira aurreratzen da.
BERTE: Nekazari ta zinkideok! Zuen alkartasunean artu ezazue, Askatasun Aberrian laguntza arkitu duan lenengo emakumea. Zuen esku kementsuetan uzten ditut nere eskubide oro; zuen aberritar bat bezela aldeztu nai al nauzute?
NEKAZARIAK: Bai, gure ogasun eta gure bizia zorian izanik ere, ala eginen dugu.
BERTE: Ongi da! Nik nere eskubideak gazte oni damaizkiot; nik suizotar askatu onek, nere eskua gazte aske oni damaiot.
RUDENZ: Eta nik, nere menpeko guziei askatasuna damaiet. (Tanboliña berriro; biribilketa bizi bat jotzen du.)
OHARRAK:
1) Gela-zuloak (parentesi artean itzultzaileak jarria).
2) Arroñak (parentesi artean itzultzaileak jarria).