'Shakespeareren hiru amets' mahai-ingurua
Hirugarren saio bat antolatu genuen Donostiako Udal Liburutegian, 2014ko azaroaren 20an. Mahai baten bueltan, A Midsummer Night's Dream komediaren euskarazko hiru bertsioez jardun zuten Elizabete Manterolak, Karlos del Olmok eta Juan Garziak.
Izan ere, 2014an egindako itzulpena ez baita Shakespeareren obra horren itzulpen bakarra. Aurrez, beste bi itzultzailek emana zuten euskaraz, Bingen Ametzagak eta Bedita Larrakoetxeak, joan den mendearen erdialdean.
Elizabete Manterola EHUko irakaslea aritu zen Ametzagarenaz –Uda gau bateko ametsa (1952)–, eta Karlos del Olmo itzultzailea, berriz, Larrakoetxearenaz – Uderdiko gau-ames (1976)–.
Bingen Ametzagak Shakespeareren lau antzerki-lan euskaratu zituen Amerikako erbestean, 40ko eta 50eko hamarkadetan: Uda gau bateko ametsaz gainera, Macbeth, Hamlet eta Julius Caesar. Orain artean, Hamlet baizik ez dago argitaratuta. Hain zuzen ere, hitzarmen honen barruan, Bingen Ametzagaren Uda gau bateko ametsa paperean argitaratzeko asmoa du EIZIEk 2015an.
Bedita Larrakoetxeak, berriz, Shakespeareren antzerki-lan guztiak itzuli zituen, oso urte gutxian eta presaka itzuli ere. Euskara salbatzeko helburuz egin zuen hori, garai hartan lan unibertsalak euskarara ekartzea jotzen baitzen horretarako bide nagusitzat. Berak onartzen zuen askoz ere hobeto egin zitekeela, baina lehenbailehen argitaratzeari eman zion garrantzia.
Aitzindari haiek ikaragarrizko lana egin zuten, ez baitzuten oraingo baliabiderik. Ez da erraza gaurko egunetik imajinatzea zein zaila izan zitekeen hori garai hartan, euskara estandarrik ez zegoenean, internetik ez zegoenean, ez gaur egun ditugun hiztegi digitalak, ezta idazle zaharren obrak ere hain eskura… Itzultzaile haiena bai izan zela benetan bakarlana. Teknologiaz gainera, giro politikoak bakartuta, elkarrekin ia harremanik izateko aukerarik gabe jardun zuten, bakoitzak ahal zuen erara.
Ametzagak eta Larrakoetxeak prosaz eman zituzten beren bertsioak, nahiz eta Shakespearek hitz neurtuetan idatzi komediaren parte asko eta asko, eta hitz neurtuetako gehienetan errima erabiliz gainera. Hain zuzen ere, esan daiteke obra hau dela, proportzioz, Shakespeareren lanen artean, bertso-lerro gehien duena.