Eguarri abestia

2003 Urria 7
Eguarri abestia

Itxura guztien arabera, Charles Dickens-en A Christmas Carol da, Biblia alde batera utzita, literatura lanik euskaratuena. 1931z geroz, lau aldiz itzuli da euskarara. EIZIEk 2003ko urriaren 9an aurkeztuko du Ander Arzelus, Luzearrek 1931n egindako itzulpenaren berrargitarapena.


Arrazoi du edizioaren prestatzaile Inazio Mujika Iraolak. Charles Dickensen A Christmas Carol ipuinak badu zerbait, euskal itzultzaileak bultzarazi dituena behin eta berriz euskaratzera. Izan ere, guk dakigula, 1931z gero lau aldiz euskaratu da.

Itzultzaileak ez ezik, argitaratzaileak ere prest agertu dira lan hau kaleratzeko. Eta ez da harritzekoa, gogoan hartzen badugu Mendebalde osoan lanik itzuli eta salduenetako bat dela, batez ere herri anglosaxoietan. Izan ere, ez da izango gure egunetako literaturan beste lanik, hainbesteko eraginik izan duenik nola ulertu eta ospatzen ditugun Gabonak.

Lau itzulpen, hiru izenburu

  1. Ander Arzelusen itzulpena. Orain jakin izan badugu ere, Ander Arzelus, Luzear kazetari eta itzultzaileak 1931n kaleratu zuen lehen aldiz Eguarri Abestia, El Día egunkarian, Donostian. EIZIEk, berriz, oraintxe argitaratu du berriro, Itzultzaile Aitzindariak bilduman.
  2. Xabier Mendiguren Bereziarturen itzulpena. «Luzearren saioaren berri izan ez -diosku Inazio Mujika Iraolak-, eta Xabier Mendiguren Bereziartuk ingelesa ikasi eta zerbait itzultzea bururatu zitzaionean, Dickensen lan horrekin abiarazi baitzuen bere itzulpengintzako bide oparoa». Erein argitaletxeak kaleratu zion, 1990eko abenduan, Gabon Kanta Bat izenburua zuela.
  3. Iñaki Mendigurenen itzulpena. Elkarlanean argitaletxeak argitaratu zuen 1993an, Irakurmendi bildumaren barruan. Bertsio laburtua da, euskara ikasten ari den jendearentzat moldatua. Honek ere, anaiak bezala, Gabon Kanta Bat izenburuarekin plazaratu zuen.
  4. Nerea Mujikaren itzulpena. Aurten Hiria argitaletxeak kaleratu du berriro Dickensen lana, Eguberri Kanta izenburuarekin.

Eguarri Abestia

Inazio Mujika Iraola idazle eta argitaratzaileak prestatu du edizio hau, zoragarri prestatu ere: berak bilatu eta aurkitu du testu originala, berak idatzi sarrera paregabea berrargitarapenari, berak ukitu eta gaurkotu testua, berak ezarri ingelesezko bertsioa atzealdean eta berak prestatu hiztegitxo bat, hobeto ulertzeko Luzearren testua.

Gaur egungo ikuspegitik, badu testu honek bitxikeria bat: zenbait pertsonaiaren izenak aldatuta ageri zaizkigu. Pertsonaia nagusia, adibidez, Ebenezer Scrooge, Iñaki Ezkurra da Eguarri Abestian. Zer dela eta? «Ez dut uste aliritzira egokitutako izena denik –dio Inazio Mujika Iraolak–. Kontuan hartu behar dugu, Scrooge abizena xuhurkeriaren sinonimo bihurtu dela ingeles tradizioan, Harpagon bezala Frantziakoan. Ezkurra, euskal abizena izateaz gain, bada jakina haritzaren edo artearen fruitua, baina baita diruaren sinonimo ere».

Bitxikeriak bitxikeria, hasi naiz Eguarri Abestia irakurtzen eta, egia esan, gustura. Eskerrik asko Inazio Mujika Iraolari eta EIZIEri, egindako lan bikainarengatik.

Aurkezpena urriaren 9an

Inazio Mujika Iraolak EIZIErentzat prestatu duen edizioa (Itzultzaile aitzindariak bildumaren barne) 2003ko urriaren 9an aurkeztua izango da, eguerdiko 12:30etan Donostiako Udaleko Gobernu Batzordearen aretoan.