Itzulpen Antologia I

antolo1.jpg

Aurkibidea

Hitzaurrea
JUAN SAN MARTIN

Txalupak jaberik ez
MARIA DOLORES AGIRRE

Gau iluna
LINO AKESOLO

Don Kijote Mantxa'ko
PEDRO BERRONDO

Salmoak
JEAN DIHARCE “IRATZEDER”

Domiku Garat. Biltzarraren defendatzaile
YON ETXAIDE ITHARTE

Itunben ekonomikoaren legea
EUSEBIO ERKIAGA

Esakunak
JAIME KEREXETA

Illargi barria
SANTIAGO ONAINDIA

Aurkezpena

Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpretarien Elkartea (EIZIE) 1987an sortu zenean, itzultzaile gazte edo hasberrien eta zahar edo esperientziadunen belaunaldien artean zubi egin zuen taldetxo batek ere parte hartu zuen aipatutako sorreran. Elkarteak bere ibilbideari ekin eta handik gutxira, gerra aurrekoa dei dezakegun belaunaldiko idazle-itzultzaileen lana aitortzeko eta ilunbeetatik atera eta ezagutzera emateko asmoa piztu zen gure artean. Izan ere, horietako batzuek idazle gisa oihartzun handia zeukaten, baina beraien itzulpen lanekiko aitorpena ia beti bigarren mailan uzten zen. Horrela, hirurogeita hamar urte beteak zituzten itzultzaileen zerrenda osatu eta 1991ko otsailaren 16an gure asmoekin ados azaldu zirenak Elkarteko Ohorezko Bazkide izendatu genituen. Jaime Kerexeta, Santiago Onaindia, Jean Diharce «Iratzeder», Yon Etxaide, Lino Akesolo, Pedro Berrondo, Maria Dolores Agirre eta Eusebio Erkiaga izan dira lehenak.

Baina hori ez da nahikoa beraien itzulpen lanei zor diegun aitorpena emateko, eta horregatik EIZIE elkarteak beraien lanekin itzulpen antologia hau osatzea erabaki zuen, haien lanarekiko aitorpen bezala ez ezik, beste itzultzaileontzako eta lan honetan hasiko direnentzako ikasbide bezala ere.

Antologia prestatzeari ekin genionerako Lino Akesolo eta Eusebio Erkiaga zenduak ziren. Horregatik, itzultzaile omenduen lanen artetik antologia honetarakoak aukeratzeko orduan, beste seiekin banan-banan hitzegin genuen gure asmoak azaldu eta beraien lanen artekik gustukoena zutena azal ziezaguten; aldiz, Akesoloren eta Erkiagaren lanak aukeratzeko, bizitzan haien adiskide edo lankide izandakoengana jo genuen.

Askoren lanak, ordea, luzeegiak ziren osorik antologian argitaratzeko. Horregatik, atalak aukeratu behar izan ditugu, bi kasutan izan ezik.

Jaime Kerexetak Bibliatik Esakunak aukeratu zituen, eta guk Esakunen artetik atal bat argitaratzen dugu.

Santiago Onaindiak R. Tagoreren The Crescent Moon poema aukeratu zuen antologia honetarako. Illargi Barria izenburupean Iru poema liburuan argitaratu zen poema hau, eta gaur egun agortuta dago, biblioteketan bakarrik aurkitu daitekeelarik.

Jean Diharce «Iratzeder» Belokeko monastegian bisitatu genuen eta Salmoak argitaratzea proposatu zigun. Kasu honetan ere, salmo batzuk aukeratu behar izan ditugu, liburua oso luzea delako. Salmoak abesteko itzuli-egokitu zituen Iratzederrek, eta jatorriz partitura eta guzti argitaratuta daude, baina guk letra soilik ematen dugu.

Yon Etxaidek Isidoro Fagoagaren Domiku Garat. Biltzarraren defentzaile liburua itzuli zuen, eta 1979an argitaratu zen. Moldiztegiko errakuntzak zirela eta, itzultzaileak goitik behera errepasatu zuen berriro bere lana. Liburu osoaren argitalpen berri bat egingo dion argitaletxeren baten zain dagoen bitartean, guk ezinbestez liburu horretako lehen atala argitaratzen diogu.

Lino Akesolori Joan Kurutzekoa liburutik berak itzuli zituen ataletako bat aukeratu diogu. Liburu zail bezain mardul horren itzulpena hiru itzultzaileren lana izan zen, baina esan bezala, Akesolo jaunari berak itzulitako zatietako bat, Gau illuna hain zuzen, aukeratu diogu bere adiskideekin hitzegin ondoren.

Pedro Berrondo Cervantesen itzultzaile gisa da ezaguna gure artean. Beste liburu batzuk ere itzuli dituen arren, *Don Kijote Mantxa’ko* liburutik atal batzuk argitaratzea erabaki dugu berarekin batera. Gainera, aukeratu ditugun atalen artetik lehenengoaren beste dozenerdi bat itzulpen ere badira euskarara eginak. Bestalde, mende honen hasieran Don Kijote obraren beste zenbait atal ere euskaratu ziren. Azterketa konparatuak egiteko material ugari, beraz.

Maria Dolores Agirre oso ezaguna da euskal kulturaren munduan eta batez ere antzerkigintzan, 50eko eta 60ko hamarkadetan antzerki lan asko itzuli zituelako. Tamalez, ordea, haren lanak oso gutxik ezagutzen dituzte gaur egun, bi obra bakarrik baitaude argitaratuta itzuli zituen guztien artetik. Eta ez hori bakarrik, haren lanak aurkitzea ere zaila da. Guk Eugenio Arozena Antzertiko zuzendariari esker eskuratu genuen hemen argitaratzen dugun Txalupak jaberik ez obra. Garaiko idazmakinetan kalko-paperarekin sei kopia batera egiteko zegoen ohituraren ondorioak nozitu behar izan ditugu lana transkribitzerakoan. Horregatik, hitzen batzuk ulertu ezin izan ditugunean [...] zeinua erabili dugu. Gainontzean, beste kasu guztietan bezala, jatorrizko testua osorik errespetatu da, egin den aldaketa bakarra grafiari dagokiona delarik, hori bai eguneratu egin delako.

Azkenik, Eusebio Erkiaga zenaren lan bat aukeratu dugu. Belaunaldi horretako itzultzaileen artean bera izan zen 80ko hamarkadan gure herrian administrazioko testuak itzultzeko sortu zen beharrean murgildu zen bakarra. Horrela, Bizkaiko Foru Diputazioak aro demokratikoari ekin eta gutxira argitaratu behar zuen Itunben Ekonomikoa itzuli zuen Erkiaga jaunak, eta esan bezala testu horretako atal bateko zati bat aukeratu dugu antologia honetarako.

Jatorrizko testuei dagoekienez, azalpen batzuk. Testuak aukeratu ondoren itzultzaileei beraiei galdetu genien zein hizkuntzatatik eta zein argitalpenetatik egin zuten itzulpena. Beraiek emandako argibideez baliatu gara, beraz, argitalpen elebidun honetan azaltzen diren jatorrizko testuak ere aukeratzeko; horrela, nahi duenak aukera izango du beste garai bateko itzulkera sakon aztertzeko.

Hauxe da antologia honen historia laburra. Uste dugu itzultzaileontzat eta itzulpenaren irakaskuntzari begira material oso baliagarria izango dela gure aurrekoek literatura nahiz administrazioko testuak itzultzeko zein baliabide erabiltzen zituzten ezagutzeko. Baina baliagarria izan daiteke hizkuntzalarientzat ere, hizkuntzen arteko harremanak, interferentziak, hizkuntzaren beraren bilakaeraren nondik norakoak aztertzeko eredu baliagarriak aurki daitezkeelako. Eta azkenik, literaturaren munduan murgilduta daudenek edo murgildu nahi dutenek ere aurkituko dute antologia honetan irakurgai ederrik.

Irakurle askorentzat baliagarria izango dela pentsatuz egin dugun omenaldi-lan honek, ordea, ez zuen argirik ikusiko Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura, Kirol eta Turismo Sailak eta Euskal Herriko Unibertsitatearen Euskararako Errektoreordetzak eman diguten laguntza gabe. Beraiei esker argitaratzen da beraz Itzulpen Antologia hau. Gure eskerrik beroenak, halere, bertan jasotzen diren itzulpenen egileei eman nahi dizkiegu. Eskerrak, orobat, lan horietako batzuen argitalpen eskubideak dauzkaten argitaletxeei ere, antologia honetan argitaratzeko baimena emateagatik.

EIZIE Elkartearen izenean
Lurdes Auzmendi eta Koldo Biguri