«Mundutik euskarara labur-labur» - Literaturia 2019
Udaberriko ohitura bihurtua dugunez, Zarautzen izan ginen maiatzeko bigarren asteburuan, Literaturiako egitarau mardularen barruan EIZIEk antolatzen duen itzulpen lantegian. Aurreko edizioetan poesia azpititulatzen ibili ostean, mikroipuinen bidea urratu genuen iaz, eta aurtengoan edozein literatur generotako testu laburrak itzultzeko proposamena egin genuen. Argia zen erronka: euskarara hurbildu nahi genituen mapa gainean urrutiko diruditen arren gure artean bizi-bizi dauden hizkuntzak.
Larunbat goizean, 10:00etaik 12:00etara, bi orduko lantegia egin genuen Modelo aretoan, ateak itxita. Parte-hartzaileek landuak zituzten itzulgaiak taldekideekin partekatu zituzten. Hamaika sorburu hizkuntzatatik, egile hauen lanak ekarri zituzten euskarara: Andrei Platonov, Marina Tsvetaeva, Constantin Brâncuși, Karel Čapek, John Berger, Savita Singh, Bocar Diong, Léopold Sedar, Inaya Jaber, Saïda Menebhi, Pere Calders, Luis Felipe Lomelí, Juan José Arreola, Ángel García Galiano, Nora Alarcón eta Elvira Espejo. Itzultzaile lanetan eta itzulpenaren nondik norakoak aletzen aritu ziren Aroa Uharte, Iñigo Onandia, Amaia Apalauza, Ainara Maya, Amelia Pérez, Ane Garcia, Ibai Sarasua eta Garazi Ugalde.
Eguerdian, jatorrizko hizkuntzetako zarauztarrekin bildu ginen jendaurreko irakurraldia prestatzeko. Haiei esker, euskaraz ez ezik, berezko hizkuntzan ere entzun ahal izan genituen testu itzuliak. Errusiera, errumaniera, txekiera, ingelesa, hindia, arabiera, frantsesa, katalana, gaztelania, kitxua, aimara… Makina bat hots eta ahots desberdin izan ziren taula gainean, Iñaki Alberro txelo-jotzaileak lagunduta.
Eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu saioan parte hartu zuten itzultzaileei, eta, bereziki, jatorrizko testuei ahotsa jartzera hurbildu ziren zarauztarrei.
Argitalpena
Hemen duzue Mundutik euskarara labur-labur lantegiaren uzta koloretsua. On dagizuela!
Garazi Ugalde Pikabea