Poesia azpititulatzeko tailerra: Literaturia 2015

Maiatzaren 30ean, Zarauzko udaletxeko areto batean elkartu ginen Poesia azpititulatzeko tailerrean, Literaturia jaialdiaren baitan. Antolatzaileoz gain, hamalau parte hartzaile aritu ziren poesia azpititulatzen.

poesia_azpi1.jpg
 








Itzultzaileak Itzulgaiak
Ane García Poem About My Rights (June Jordan)

Amaia Arakistain eta Uxue Agirre

Dream Deferred (Langston Hughes)

We real cool (Gwendolyn Brooks)

Joannes Jauregi

I have a rendez-vous with death (Alan Seeger)

The Road not Taken (Robert Frost)

Alba Palenzuela eta Sara Kiteber

Speak White (Michèle Lalonde)

Roberto Serrano eta Ekaterina Kisel

Dinosauria, we (Charles Bukowski)

Iñigo Roque

Digging (Seamus Heaney)

Nagore Tolosa

Somebody Blew Up America (Amiri Baraka)

Mikel Garmendia, Carmen Valois,
Joxemari Sestorain eta Raul Lopez

Te espero (Mario Benedetti)*

*Ezin izan zuten lana bukatu; beraz, ez dago bideorik.

Goizeko 10etan hasi zen tailerra, eta ia hiru orduz egon ginen lanean. Nor berean ibili zen batez ere, batzuk bikoteka, eta beste batzuk banaka. Testua aurretik landu gabe etorri zirenek batera jardun zuten "Te espero" poemarekin, eta prozesu osoa bertan egin zuten, hau da: itzulgaia bilatu, bideoa jaitsi, testua euskaratu eta azpitituluak jarri; denbora faltaz, ezin izan zituzten azpitituluak sinkronizatu.

Beraz, nor berean buru-belarri zebilenez, ez zen espero bezalako eztabaidarik egon; bai itzulpenarekin bai azpitituluekin sortzen ziren zalantzak guztion artean eztabaidatzea genuen asmo, gogoeta sustatzeko, baina ez zen horretarako tarte handirik egon. Bukaeran bai, bukaeran prozesuaz pixka bat mintzatu ginen. Hauek dira han azaldutako gogoeta batzuk:

  • Egokitzapenik apenas egin behar izan zuten; ez zuen denbora askorik eman besteek lanak ikusi eta proposamenekin aldaketak egiteko.
  • Izatekotan, nori izan behar zaio fidel, poemari (ez ezer laburtu...) edo irakurleari (erraz eta lasai irakurtzeko moduko azpitituluak)?
  • Poemaren musikalidadea ez dugu zertan azpitituluetara ekarri; batetik, hizkuntza arrotzean entzunda ere, musikalidadea jasoko dugulako, eta, bestetik, lerroz lerro irakurtzean batzuetan ez dugulako jasoko, edo beste zerbaiten kaltetan izanen delako.

Bukatu aurretik, besteen lanak ikusi genituen ordenagailuetan bertan. Batzuek ez zuten bukatzeko denborarik izan, besteak beste, itzulgaia luzeegia zelako. Bukatutako lan guztiak (zazpi) USB batean gorde eta Modelo aretoan ikusi genituen, jendaurrean. Parte hartzaileak ez ezik, beste ikus-entzule aunitz hurbildu ziren.

Parte hartzaileon arteko eztabaida urria gorabehera, esperientzia polita izan zen, eta bai parte hartzaileak bai Modeloko ikus-entzuleak gustura geratu zirela esanen genuke; hala adierazi ziguten, behintzat. Hurrengo baten atarikotzat har daiteke lehen esperientzia hau, eta besterik bada, eztabaida sustatzeko moldeak pentsatu beharko ditugu.

Hemeroteka

Lizardiren Baratza irratsaioak tarte bat eskaini zion proiektuari. Bego Montorio elkarrizketatu zuen Jose Luis Padronek, eta zenbait poesia jarri zituen entzungai. (EITB, 2015-11-03)

Bideoak

Literaturia 2015eko bideo guztiak EIZIEren Youtubeko kanalean daude ikusgai.

Azken eguneratzea: 2021-11-15