«Mundutik euskarara mikroipuinez» - Literaturia 2018

Aurtengo udaberrian ere, maiatzeko azken asteburuan, itzulpen tailerra antolatu zuen EIZIEK Zarauzko Literaturian. Aurreko urteetako poesia azpititulatzeko tailerra berritu, eta mikroipuinak izan genituen aurtengo honetan langai.

Ostiralean, hilak 25, bi orduko lantegia egin genuen Etxezabalan. Parte-hartzaileek aurrez etxean itzulitako mikroipuinak izan zituzten hizpide eta eztabaidagai. Frantsesa, katalana, italiera, portugesa, gaztelania, alemana, ingelesa, errusiera eta arabiera sorburu hizkuntzetatik, egile hauen lanak ekarri genituen euskarara: Félix Fénéon, Marie-Reine Castonguay, Pere Calders, Gianni Rodari, Gonçalo M. Tavares, Gabriel García Márquez, Régis Jauffret, Rocío Peñalta Catalán, Alejandra Pizarnik, Enrique Anderson Imbert, Juan Rodolfo Wilcock, Bertolt Brecht, Cristina Peri Rossi, Oscar Wilde, Lydia Davis, Dave Eggers, Daniil Kharms eta Mahmoud Shoukair. Itzultzaile lanetan aritu ziren Aroa Uharte, Ines Castiella, Eneko Arzallus, Amelia Pérez, Lamia Filali-Mouncef, Arantzazu Royo, Ibai Sarasua, Carmen Valois, Sara Goiria, Amaia Apalauza, Ane Garcia, Bego Montorio, Iñigo Roque eta Garazi Ugalde.

literaturia_oholtzan2018.jpg
Marrazkia: Martin Royo Telleria // Argazkiak: Iurre Telleria Goya

Larunbat goizean, hilak 26, jendaurreko irakurraldia prestatzen aritu ginen buru-belarri. Eguerdiko ordu batean eskaini genuen Mundutik euskarara mikroipuinez irakurraldi musikatu eleaniztuna Antoniano aretoan, hamaika esku eta ahotsetara, Iñigo Bereziartua gitarra-jotzailearen laguntzaz, eta jatorrizko hizkuntzetan irakurtzera hurbildu ziren zarauztarren parte-hartzearekin. Susan Bremner ingelesez aritu zitzaigun, Susanna Llavina katalanez, Kathrin Cabianca alemanez eta Sidya Bodian, berriz, frantsesez. Esker mila guztiei!

euritanblai2kopia.jpg

Segidan, plazako postuetan banatu genituen lantegian findutako testuak. Eguneko ekintza poetikoa ez zen hor bukatu, ordea: bazkaltzen ari ginela, kostaldeko euri-erauntsi batek aireratu, eta blai eginda utzi zituen mundutik euskara ekarri berriak genituen mikroipuinak.


Hemen duzue lantegiaren uzta, dastatu nahi izatera: Mundutik euskarara mikroipuinez.

Garazi Ugalde

2018-05-29

Aurreko tailerrak