Poesia azpititulatzeko tailerra: Literaturia 2017
Pantailan ere, gure isla
Aurten ere, Literaturian izan gara, Poesia azpititulatzeko tailerrean. Maiatzaren 27an, larunbatez, Zarauzko udaletxe berrian elkartu ginen bederatzi itzultzaile-zaletu poesia-bideoei euskararako itzulpena txertatzen. Jaialdiaren aurtengo leloa «Gure isla da» izan zen, eta gaia, berriz, ispilua. Iazko bideari heldu, eta bat egin genuen gaiarekin; beraz, proposatutako ikus-entzunezko guziek, gehiago edo gutxiago, ispilua zuten hizpide, horren interpretazio anitzetan.
Aurten askotarikoak izan ziren sorburu-hizkuntzak: errusiera, ingelesa, frantsesa, gaztelania, portugesa, txekiera eta katalana, hain zuzen.
Hauek izan ziren azpititulaturiko poesia-errezitaldiak, itzultzaileak eta autoreak:
Itzultzaileak | Itzulgaiak |
Aroa Huarte | Чёрный человек (Sergei Jesenin) |
Garazi Ugalde | Home (Warsan Shire) |
Oihane Lizarraga | Le miroir brisé (Jacques Prevert) |
Ane Garcia | For women who are difficult to love (Warsan Shire) |
Bego Montorio | Espejo (Octavio Paz) |
Garazi Arrula | Caminos del espejo (Alejandra Pizarnik) |
Amaia Arakistain | Mirror (Sylvia Plath) |
Iñigo Roque | Versos de natal (Manuel Bandeira) |
Amaia Apalauza | Alìcia travessa l'espill (Gràcia Jiménez) |
Amaia Apalauza | Espill (Anna Urioste) |
Ohi bezala, goizeko hamarretan ekin genion saioari, eta ia hiru orduz aritu ginen horretan. Antolatzaileok hala eskatuta, parte-hartzaileek poesiaren itzulpena egina ekarri zuten, eta gehienek (aurreko saioetan ere parte hartu zutelako zeregina ezagun zutenek, zehazki) azpitituluak erdi sartuta zituztela etorri ziren saiora. Bakarkako lanari ekin aitzin, azpititulazioaz eta poesia-itzulpenaz eztabaidatu genuen, bukaerarako utziz gero denboraz larri ibiliko ginela aurreikusita.
Hainbat gai izan genituen hizpide:
- Lehenik eta behin, poesia itzultzeaz jardun genuen, beste genero batzuekin alderatuta dituen berezitasunez. Edizio elebakarretan elebidunetan baino libreago aritzeko aukera zegoela eta poesian sorkuntza nabarmentzen dela aipatu genuen. Prosarekin alderatuta, poesiak beste tempo batzuk behar dituela eta jolas moduan hartzeko aukera dagoela maiz. Gainera, dokumentazioa funtsezko(ago)a dela aipatu genuen, kasurako, sinbologia interpretatzerako orduan lagungarria baita.
- Poesia itzultzean, batetik, eta azpititulatzean, bestetik, zeri eman behar zaion lehentasuna eztabaidatu genuen. Neurria/errima gordetzea itzultzailearen luzimendurako ote den, efektua den bilatu beharrekoa, galera handia ote den errimatutako poema errimarik gabe euskaratzea, forma aunitz aldatu arren euskaraz funtzionatzearekin aski ote den Hots, oreka non dagoen izan genuen eztabaidagai.
- Azkenik, euskarak dituen baliabide poetikoak izan genituen hizpide; labur esanda, helburuaren araberakoak izanen dira bitartekoak eta itzulpen-hautuak. Azpititulazioetara etorrita, norberak bere poesia-itzulpenari zer egokitzapen egin behar izan zizkion aipatu zuen, hala nola, puntuazioa eta esaldiaren ordena.
Eztabaidaren ondoren, nor bere ordenagailura bildu zen, batzuk azpititulazio programarekin lehen hartu-emana izateko, eta beste batzuk, berriz, etxean egindako lana txukuntzeko. Hiru orduren, arazo tekniko batzuen eta glutenik gabeko pastel gozo baten buruan, zortzi poesia-bideo genituen euskarazko azpitituluekin. Guziak USB batean gorde, eta Modelo aretoan ikusi genituen jendaurrean, 13:00ak aldera. Ikus-entzule apurrek txaloka hartu zituzten bideoak, eta parte hartzaileek beren lana pantaila handian ikusi ahal izan zuten.
Hurrengo batean zabalkundean ahalegin handiagoa eginen dugu, aretoa hutsik samar geratu baitzitzaigun aurten. Bestalde, parte-hartzaile batzuek aipatu zuten beharbada komeni dela poesien gaia ez mugatzea, bideo hobeak aurkitzeko aukera izanen dugulakoan. Izan ere, interneten aurkitutako ikus-entzunezkoak hartzen ditugu azpititulatzeko, eta alde handia dago batzuen eta besteen artean, formatutik hasi eta kalitateraino. Horrela, bada, hurrengo urteetan azpititulazio tailerrarekin ganoraz segitzeko, parte-hartzaile zein ikusleen iritziak eta proposamenak gogoz entzunen ditugu.
Bideoak
Hemen dituzue Literaturia 2017ko tailerrean itzulitako poemen bideoak, azpititulatuta. EIZIEren Youtubeko kanalean daude ikusgai.
Aurreko tailerrak
Azken eguneratzea: 2021-11-16