Poesia azpititulatzeko tailerra: Literaturia 2016

Plazer betea zilegi balitz

Maiatzaren 21ean, larunbatez, Zarauzko udaletxean elkartu ginen Poesia azpititulatzeko tailerrean, Literaturia jaialdiaren baitan. Antolatzaileoz gain, zortzi parte hartzaile aritu ziren poesia bideoak euskararako itzulpenaz janzten. Jaialdiaren aurtengo leloa «Plazer hutsa» izan zen, eta gaia, berriz, larrua. Guk ere bat egin genuen gai iradokitzailearekin, eta proposatutako ikus-entzunezko guziek larrua zuten hizpide, horren adiera zabalean.

literaturia_2016.jpg

Hauek izan ziren azpititulaturiko poesia-errezitaldiak, itzultzaileak eta autoreak:

Itzultzaileak Itzulgaiak
Amaia Apalauza Nire gorputzaren larrua (Laura Dalmau)
Garazi Ugalde Larrua (Philip Larkin)
Katya Kisel & Roberto Serrano Ez nauzu maite, gupidagabea zara nirekin (Sergey Esenin)
Ane Garcia Burua aurretik (Ocean Vuong)
Joannes Jauregi Romiosini (Yannis Ritsos)
Ion Olano & Garazi Arrula Larru hau ikasten (Amy Leon)
Aiora Jaka & Bego Montorio & Elizabete Ronnie, inoiz ez zinaten esan zergatik (Connie Fife)
Garazi Ugalde Hostoa haizetan (Mascha Kaléko)

Goizeko hamarretan ekin genion saioari, eta ia hiru orduz aritu ginen horretan. Antolatzaileok hala eskatuta, parte hartzaileek poesiaren itzulpena egina ekarri zuten, iazko saioan ikusi baikenuen ez zuela bestela denborarik ematen itzuli eta azpitituluak sartu eta egokitzeko. Bakarkako lanari ekin aurretik, itzulpen-prozesuan izandako zalantzak eta azpitituluak sortzerakoan gerta zitezkeen arazoak izan genituen hizpide. Iaz, bukaerarako utzi genuen eztabaida, eta denboraz estu ibili ginen; horregatik aurten horrekin eman genion hasiera tailerrari, azpititulazioaz guztion artean eztabaidatzeko eta elkarlanak dakarren iritzi-trukeaz baliatzeko.

Hainbat gai izan genituen hizpide:

  • Papererako (edo poesia osoa aldi berean ikusteko aukera ematen duen beste edozein formatu) eta ikus-entzunerako itzultzea ez da gauza bera: ezin da modu berean eman itzulpena, segmentuka iristen zaigulako ikus-entzunezkoan eta, beraz, unitateek bere horretan ulergarri izan behar dute.
  • Bideoa lagungarri bezain mugatzaile izan daiteke: esaterako, zer egin errezitatzen duenaren keinu eta enfasiek bat etor daitezen xede-testuko hitz egokiekin, esaldien ordena aldatu-behartu…?
  • Puntuazioa moldatzeaz ere jardun genuen, ulermenaren mesedetan.
  • Abiadurak ere baldintzatzen du itzulpena. Izan ere, bizi-bizi mintzatzen bada, azpitituluak laburtu eta, beraz, itzulpena trinkotu egin beharko da batzuetan.
  • Irakurterraztasunaren alde, inoiz edukia gal daitekeela ere aipatu genuen.
  • Azkenik, hitz eta esamolde batzuen itzulpenaz ere jardun genuen.

Eztabaidaren ondoren, nor berera jarri zen, nahiz eta noiz edo noiz elkarri zalantzak galdetu genizkion, itzulpena bera inoiz ez baita guztiz bakarkako lana. Hiru orduren buruan, sei poesia-bideo genituen euskarazko azpitituluekin. USB batean guziak gorde, eta Modelo aretoan ikusi genituen jendaurrean, 13:30ak aldera. Goseari eta kaleko giro oraindik eguzkitsuaren tentazioari aurre egin eta zinemaren ilunean geratu ziren ikus-entzuleek txaloka hartu zituzten bideoak, horietako bat ikusteko izan ziren arazo teknikoak gorabehera.

Ez zen alferrik bigarren aldia, eta gauza batzuk hobetu genituen iazkoarekin alderatuta (eztabaida hasierara aldatzea, bereziki). Alta, hurrengo batean hobeki ere egin dezakegu, eta horretarako, aurten ikasitakoak aintzat hartzeaz gainera, parte-hartzaile zein ikusleen iritziak gogoz entzunen ditugu. Batzuk jaso ditugu honezkero; hala, tailerraren hasieran nork bere itzulgaiaren berri partaideei ematea eta Modeloko emanaldiaren aurkezpenean bideoak zer hizkuntzatik itzuli diren aipatzea izan dira proposamenetako bi.

Gaur egun ikus-entzunezkoek duten pisuaz jakitun, eta tailerrak izandako harrera beroa ikusita, esanen genuke poesia azpititulatzeko tailerrak leku goxoa egin duela Literaturiak eskainitako plazan.

Literaturia 2016ko bideo guztiak EIZIEren Youtubeko kanalean daude ikusgai.

Bego eta Garazi
Azken eguneratzea: 2021-11-15

Aurreko tailerra

2015eko Literaturian