ItzuL posta-zerrenda

itzulb.jpg

Zer da ItzuL?

ItzuL EIZIEk sortutako posta zerrenda da. Bere helburua da euskal itzultzaileen lagungarri izatea, eguneroko lanean sortu ohi diren arazoak beste lankide itzultzaileen laguntzaz konpondu eta eztabaidatzeko foro elektronikoa eskaintzen baitu.

Bereziki, gai hauek eztabaidatzen dira ItzuL zerrendan:

  • itzulpen arazo praktikoak: terminoak, esamoldeak, jatorrizko testua ulertzeko zailtasunak, kontzeptu ilunak, izen propio ezezagunak, eta abar;
  • erreferentziak, hiztegiak, hitz zerrendak eta beste zernahi gisako informazio iturriak non aurki daitezkeen;
  • softwarearen globalizazioari eta lokalizazioari lotutako arazoak;
  • itzulpen teoriari buruzko gaiak;
  • egindako itzulpenen ordainketa arazoak, itzultzaileen lan baldintzak, lanbidearekin lotutako gaiak;
  • itzulpen munduko berri jakingarriak;
  • itzultzaileak erabili ohi dituen tresna nahiz programa informatikoen gaineko zalantzak, galderak, konponbideak, berriak, eta abar;
  • itzulpen lan eskaintzak.

ItzuL zerrenda publiko, ireki eta moderatu gabea da. Harpidedunek zerrendara ( itzul [a bildua] postaria.com ) bidalitako mezuak automatikoki banatzen zaizkie zerrendakideei, inolako giza ukiturik gabe.

Aipagarria da, munduko bestelako posta-zerrenda batzuk ez bezala, urte asko martxan daraman arren, ItzuLek bizi-bizirik jarraitzen duela eta itzultzaileen eguneroko lanean sortzen diren zalantzak argitzeko aukera ematen duela.

ItzuL-ek irakurtzeko hainbat aukera eskaintzen ditu

  • Helbide elektroniko batean mezuak jaso eta bidaltzeko aukera ematen du, zerrendara harpidetuz gero.

  • Zerrendara bidalitako mezuak irakur daitezke Interneteko helbide honetan.

  • Euskalbar tresna-barran integratuta dago.