Enblemak (2010)

enblemakazala.jpg

Clara Janés poetak espainolez idatzitako Emblemas liburuaren itzulpena duzu hemen aurkezten dizugun Enblemak liburua. Juan Mari Lekuona zenak euskaratu zituen liburuko poemak, jatorrizko alean bertan, eta Jon Kortazarri oparitu zion liburua 1991. urtean. Itzulpen argitaragabe horren faksimilea atera du orain EIZIEk, Oiartzungo Udalaren eta Kultura Sailaren laguntzarekin, EIZIEren lehenengo lehendakari izandakoaren omenez.

Azal gogorreko edizio dotore honek, itzulpenaren faksimileaz gain, Jon Kortazarrek eta Paulo Kortazarrek prestatutako edizioa jasotzen du, baita itzulpen honi eta Juan Mari Lekuonari buruzko sarrera bat ere. Bertan aipatzen dutenez, eztabaidaezina da Juan Mari lekuonaren Enblemak liburuak itzulpengintzaren arloan duen garrantzia:

"Gaur egun ezin dugu jakin argitaratzeko egin ote zuen itzulpena, eta beste barik, keinu pribatu gisa, eskuzabaltasunaren agerbide gisa. Era berean, ez dago jakiterik, argitaratzekotan, dagoen moduan argitaratuko ote zuen ala ez. Baina ez da zalantzarik, eskuizkribuak interesa duela, bai Juan Mari Lekuona itzultzailearen lanaren berri ematen duelako, bai eta itzulpengintza eta sorkuntzaren artean zubiak eraikitzen ari zen poetaren lana hobeto ezagutzen lagun dezakeelako ere. Alde horietatik, interesgarria dugu Emblemas liburuaren Enblemak euskal aldaki hau."

2010eko abenduaren 3an egin zen aurkezpen ekitaldia, Oiartzunen.