Euskal Liburuaren Gaua - 'dabilen elea' saria - 2013
Aurten ere, Euskal Liburuaren Gaua ospatu dugu, abenduaren 19an, euskal liburugintzaren inguruko bost elkartek antolaturik: Euskal Editoreen Elkartea (EEE), Euskal Idazleen Elkartea (EIE), Euskal Irudigileen Elkarte Profesionala (APIE-EIEP), Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea (EIZIE) eta Galtzagorri, Haur eta Gazte Literaturaren Elkartea.
Urtero bezala, dabilen elea saria eman da ospakizun gau honetan, liburugintzaren alorrean ibilbide jakin bati egiten zaion errekonozimendu gisa. Aurten, Xabier Olarra itzultzaile eta editoreak jaso du saria.
Euskal Liburuaren Gaua urtero egin izan da 2008. urteaz geroztik, bi helburu nagusirekin: batetik, euskal liburugintzaren sektorea gizarteratzea eta ikusaraztea, kultur industriak euskal gizarte eleanitzaren garapenari egiten dion ekarpena agerian jarriz, eta, bestetik, sektore horretan parte hartzen duten eragileen bilgune eta topaleku izatea: argitaratzaileak, idazleak, irudigileak, itzultzaileak
Aurtengo ekitaldia
Ohi bezala, Idoia Noble itzultzaile eta interpreteak aurkeztu eta gidatu du ekitaldia, eta, aurten, ongi-etorri deklamatua eskaini digu, Juan Garziak berariaz idatzitako testua baliaturik, Shakespearek ere toki berezia izan baitu ekitaldian.
Ander Iturriotz EIEko lehendakariak hartu dio hitza Nobleri, elkarte guztion izenean, ekimenaren beraren gaineko gogoeta bat eskaintzeko, eta Iñaki Iñurrieta EIZIEko lehendakariak, berriz, Sheakespeareren presentziaren zergatia kontatu digu, pelikula baten gidoi gisara kontatu ere.
Izan ere, ekitaldiaren baitan, Mikel Laboa Katedraren proiektu baten aurrerakina eskaini da. Erakunde horrek Shakespeareren soneto guztiak biltzen dituen liburua argitaratzeko asmoa du datorren urtean, eta aukera horretaz baliatzea pentsatu zuten antolatzaileek, ikusirik egitasmo horrek bete-betean egiten duela bat Euskal Liburuaren Gaua ekitaldiaren zentzuarekin: liburugintzaren inguruko proiektua da, eta sektore horretako eta, oro har, euskal kulturako hainbat eragile bilduko ditu, ekinbide kolektibo bihurturik.
Juan Garzia da sonetoen euskaratzailea, 1995eko edizioa osatu eta hobeturik; Joxean Goikoetxeak musikaz eta Koldobika Jauregik irudiz hornituko dute argitalpena; eta ehundik gora lagunen ahotsetan grabatuko dira Sonetoak CD batean. Egitasmo kolektiboa, inondik ere, euskal kulturaren eremuan dabiltzan hainbat itzultzaile, idazle, aktore, kazetari, irakasle biltzen dituena; era, joera eta kolore askotako jendeak hartuko du parte.
Euskal Liburuaren Gaua ekitaldian, proiektu horren lagin bat eskaini da. "Shakespeareren soneto musikatuak - Zeru horren infernuak" jarri zaio izena berariaz ekitaldirako prestaturiko saioari, eta honako musikari eta kantari hauek hartu dute parte: Joxean Goikoetxea, Olatz Prat, Josune Marin eta Oriol Floresek.
Soneto kantatuak ez ezik, soneto errezitatuak entzuteko parada ere izan dugu, gure artean ezagunak diren lagunon ahotsetan: Juan Garzia, Jexuxmari Mujika, Itziar Zubizarreta eta Xabi Payá.
dabilen elea saria
Aurten, Xabier Olarra Lizaso itzultzaile eta argitaratzailea izan da saritua, eta, besteak beste, berarentzat bereziki egindako oroigarria jaso du Aitziber Alonso ilustratzailearen eskutik.
Ilustrazioaz gain, beste opari batzuk ere eraman ditu Tolosako itzultzaileak oroipen gisa: Fernando Rey lagun eta lankideak hitz hunkigarri bezain umoretsuak irakurri dizkio gu guztion aurrean, eta, Joxan Goikotxeak Lluís Llachen Ítaca abestiaren bertsio eder bat oparitu dio Juan Garziak euskaraturik.
1983an itzuli zuen bere lehen lana Olarrak, eta harrezkeroztik hainbat eta hainbat lan euskaratu ditu. Bere itzulpenetako zenbait dira: Antropologo bat Marten (Oliver Sacks); Postariak bi aldiz deitzen du beti eta Iruzurgilea (James M. Cain); Azken hitzordua (Sandor Márai) eta Deabruaren Hiztegia (Ambrose Bierce). Aipatutakoez gain, beste hainbat autore ezagun ere itzuli ditu: hala nola Ernest Hemingway, Robert Louis Stevenson, Jack London, William Faulkner, Jim Thompson, Saumerset Maugham, Truman Capote eta Madox Ford.
Raymond Queneauren Estilo-ariketak liburuaren itzulpenari esker jaso zuen 2006an Euskadi Saria, eta 2012an ere sari bera jaso zuen, Arantzazu Royorekin batera, Alaa Al Aswaniren Jakobian eraikina lanaren itzulpenagatik.
Filosofia eta Letretan lizentziatua da (Filologia Erromanikoan, hain justu) eta, hainbat urtez euskarako eta euskal literaturako irakaslea izan ondoren, 1988tik 2010era bitartean Nafarroako Gobernuko itzultzaile izan zen. Itzultzaile gehienek ez bezala, Olarrak literatur itzulpengintzaren lubakiaren bi aldeak ezagutzen dituela esan daiteke: alde batetik, hogei urte egin ditu literatura itzultzen, bere kutuna duen genero beltzeko eleberriak batez ere; bestetik, editore lana zer den ere ondo ezagutzen du, 1989ko apirilean Joseba Urteagarekin eta Jose Manuel Gonzalezekin batera Igela argitaletxea osatu zuenetik.
Seigarren edizio honetan, EHUko Mikel Laboa Katedra, DSS2016 Fundazioa eta Donostia Kultura (Donostiako Udalaren Kultura departamentua) izan ditugu laguntzaile bost elkarte antolatzaileok.
Parte-hartzaileek irakurritako testuak
- Idoia Noble. Ongi-etorri deklamatua (Juan Garziak idatzia).
- Ander Iturriotz.
- Iñaki Iñurrieta. Toteltasuna sendatzeko ariketak (31 eskutik blogean argitaratua 2014ko urtarrilaren 3an).
- Fernando Rey. Xabier Olarrari eskainitako hitzak.
- Xabier Olarra. Esker-hitzak.
Hemeroteka
Ekimenaren berri iragartzen:
Xabier Olarra itzultzaileak jasoko du Dabilen Elea saria Euskal Liburuaren Gauean (Irutxuloko Hitza, 2013-12-18).
Xabier Olarra tolosarrak Dabilen Elea saria jasoko du, bihar (Tolosaldeko Ataria, 2013-12-18).
Xabier Olarra recibirá el premio Dabilen Elea en Eukal Liburuen Gaua (Diario Vasco, 2013-12-17).
Xabier Olarrak jasoko du Dabilen Elea saria (Berria, 2013-12-16).
Xabier Olarrari egindako elkarrizketak, sariaren harira:
Teknologia berriek ez dute irakurlerik sortuko (Deia, 2014-01-11).