Euskal Liburuaren Gaua - 'dabilen elea' saria - 2014

Aurten ere, Euskal Liburuaren Gaua ospatu dugu, abenduaren 18an, euskal liburugintzaren inguruko bost elkartek antolaturik (irudigileena, editoreena, idazleena, itzultzaileena eta Galtzagorri).

Urtero bezala, dabilen elea saria eman da ospakizun gau honetan, liburugintzaren alorrean ibilbide jakin bati egiten zaion errekonozimendu gisa. Aurten, Jon Zabaleta irudigileak jaso du saria, Xabier Olarra itzultzailearen eskutik, iaz berak irabazi baitzuen sari bera. Antton Olariagak eginiko erretratu bat jaso du Zabaletak, berarentzat baino izan ezin zitekeena.

dabilen14.jpg








Aurtengo ekitaldia

Ohi bezala, Idoia Noble itzultzaile eta interpreteak aurkeztu eta gidatu zuen ekitaldia, eta, hasiera emateko, EEEko lehendakari Jexux Mari Mujikak hartu zuen hitza bost elkarteon izenean.

Ondoren, hainbat lagun izan ziren mikrofono aurrean, bata bestearen atzetik, esker eta zorion hitzak opatzen irudigileari. Ainara Azpiazu Axpi, Miel Anjel Elustondo, Bernardo Atxaga eta Enkarni Genuak emozionatu egin zuten artista saritua, aurrez aurre, eta Fernando Morillok, berriz, bideoz lortu zuen Zabaleta lagun eta lankideari irribarre goxo bat eragitea.

Dena ez zen hitza izan, ordea. Peter Roberts mimoa agertu zen oholtzara, keinuz beteriko opariz. Irribarrea zerien Zabaletaren begiei ere.

Xabier Olarrak saria eman aurretik, Jon Zabaletari egin berri dioten elkarrizketa ikusteko aukera izan genuen ekitaldian, Donostia Kulturak egina Aieteko kultur etxean artistaren erakusketa bat estreinatzeko. Amaitzeko, kopatxo baten inguruan izan genuen aukera han bildu ginenok hitz aspertu bat egiteko elkarrekin, eta saritua zoriontzeko.

Euskal Liburuaren Gaua urtero egin izan da 2008. urteaz geroztik, bi helburu nagusirekin: batetik, euskal liburugintzaren sektorea gizarteratzea eta ikusaraztea, kultur industriak euskal gizarte eleanitzaren garapenari egiten dion ekarpena agerian jarriz, eta, bestetik, sektore horretan parte hartzen duten eragileen bilgune eta topaleku izatea: argitaratzaileak, idazleak, irudigileak, itzultzaileak……

Antolatzaile izan diren bost elkarteok: Euskal Editoreen Elkartea (EEE), Euskal Idazleen Elkartea (EIE), Euskal Irudigileen Elkarte Profesionala (APIE-EIEP), Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea (EIZIE) eta Galtzagorri, Haur eta Gazte Literaturaren Elkartea.

Ikus Hitzen Uberan atariko kronika.