Zuzenketa-lana: tipula zuritzen - 2018
EIZIEk Zuzenketa-lana: tipula zuritzen ikastaroa antolatu du 2018ko udazkenean. Orain arte bi talde aritu dira, azaroaren 21ean eta 22an lehenbizikoa, eta abenduaren 11n eta 12an bigarrena, Euskaltzaindiaren Donostiako egoitzan biak. Irene Arrarats eta Maialen Berasategi aritu dira ikastaro-emaile.
Hasteko, gogora ekarri zituzten bai euskarazko testugintza eta bai euskal idazkien zuzenketa baldintzatzen duten nondik norako batzuk, eta, gero, bide honi heldu zioten bi egunetan: lehenik, zuzentzean kontuan hartu beharreko alderdi teoriko funtsezko batzuez aritu ziren (une oro gogoan izanik jardun praktikoa), eta, bigarrenik, zenbait testu jorratu zituzten denen artean.
Teoria lantzean, zuzenketa zer den eta zer ez den eztabaidatzeaz gainera, testuaren, egilearen eta lan-prozesuaren araberako zuzenketa-motak, helburuak eta irizpideak jorratu zituzten, eta, besteak beste, zuzentzailearen soslai egokiaren eta subjektibotasunaren mamuaren inguruko jarraibide zenbait ere azaldu zituzten. Haien erakusgarri, adibide errealak jorratu zituzten, kasuistika zabalak zuzenketatxo bakoitza zenbateraino baldintzatzen duen erakusteko eta estrategia batzuk aplikatzeko.
Alderdi praktikoan, berriz, teoria hori guztia gogoan harturik, bizpahiru testu landu zituzten denen artean, parte-hartzaile guztien proposamenak, dudak eta galderak aintzat harturik.
[Senez aldizkariaren 50. zenbakian, Miren Iriarte ikasleak artikulu bat idatzi zuen ikastaroari buruz: Tipula zuritzen: zuzenketa lanari buruzko gogoeta bat].