«Prosaren pulamentuak: izena ardatz denekoak» - 2018
«Prosaren pulamentuak: izena ardatz denekoak» ikastaroa antolatu du EIZIEk maiatzean, Euskaltzaindiaren Donostiako egoitzan, Juan Garzia irakaslearekin.
Eskola-egunak maiatzaren 28an eta 30ean, eta ekainaren 1ean izan dira.
Helburuak
Idaztean lehenik senak gidatzen bagaitu ere, komeni da, zuzen eta egoki ari garela ziurtatuko badugu, eta kasuan-kasuan ditugun bestelako aukerak ere aintzat hartuko, testua hezur-mamitzen duen egitura sintaktikoaren berri izatea. Analisi gramatikala, izan ere, ez dago etsaiturik, aitzitik baizik, intuizioarekin.
Esaldien barneko osagaien antolaeran, funtzio gramatikalen gainetik, funtzio informatiboek agintzen dute (mintzagai/galdegai jokoak bereziki); horrek, euskararen morfologia aberatsa lagun, ordena-malgutasun handia ematen digu; besteak beste, subjektuak eta objektuak ez dute zertan posizio jakin batean joan.
Makro-maila horretan ez bezalako zurruntasuna agintzen du gramatikak, ordea, perpausaren osagaietara jaistean; batez ere, izena ardatz duten egituretan. Eta maila horretan da euskara gure auzo-erdararekiko guztiz bestelakoa osagaien hurrenkerari dagokionez (alda ezazu Aldapeko kanta ospetsua auzo-erdarotara, eta horratx simetria: justu alderantzizko ordenan doaz osagaiak). Ez da zer harritu, bada, horren ingurukoa izatea itzultzailearen buruhausterik sarrienetarikoa. Arlo horri ekin nahi izan diogu mintegi-ikastaro honetan: zer joko-aukera ematen dizkigun izen-joskera horrek, eta zer eragozpen; eta ea zer puntutatik aurrera ez zaigun komeni erdara prepositiboen ereduari jarraitzea horretan (eta, jakina, zein diren alternatiba zuhurrak).