Itzulpen-lehiaketa 2023

LU_bilduma_irudia.png


Ikus esleipena


Lehiaketaren oinarriak

Itzulgaiak

Honako hiru obra hauek dira aurtengo itzulgaiak:

  • Dostoievski, Преступле́ние и наказа́ние [Prestupléniye i nakazániye] (Crimen y castigo, Crime et Châtiment, Crime and Punishment… )*
  • Anne Carson, Autobiography of Red
  • Xohana Torres, Tempo de ría

(*) Jatorrizko hizkuntzatik egiten ez bada, gutxienez bi sorburu-hizkuntza erabili beharko dira. 

Lehiatzaileak

Itzultzaile profesionalak zein hasi berriak izan daitezke lehiatzaile.

Aurkeztu beharrekoak

a) Paperean aurkeztekotan, honela aurkeztu behar dira:

1. Lehiatzaileen eskura jarritako testuaren itzulpena, ezizen batekin.

2. Gutun-azal itxi baten barruan, itzultzailearen datuak adieraziko dira, eta ezizen bera errepikatu gutun-azalean. Hauek dira adierazi beharreko datuak: itzultzailearen izen-deiturak, helbidea, telefonoa, helbide elektronikoa, izenpea. Nortasun agiriaren fotokopia ere sartu behar da gutun-azal horretan.

Biak gutunazal berean sarturik.

b) Posta elektronikoz bidali nahi izanez gero,  idazkaritza@eizie.eus helbidera bidali behar da mezua, gaia adierazirik: 'Literatura Unibertsala itzulpen-lehiaketa'.

Bi dokumentu bidali behar dira mezuaren barruan: batean, testuaren itzulpena bera, ezizen batekin; bestean, ezizen horren atzean dagoen itzultzailearen datuak (gorago adierazitakoak).

Itzulpenen bat obraren jatorrizko hizkuntzatik egin ezean, erabili diren sorburu-hizkuntzei dagozkien testuak aurkeztu behar dira. Nolanahi ere, jatorrizko hizkuntzatik itzultzea hobetsiko da.

Itzulgai bat baino gehiago hautatuz gero lehiaketarako, gutunazal / mezu bana erabili behar da aurkezteko.

Proiektuak aurkezteko lekua eta epea

Epea 2023ko maiatzaren 8an amaituko da, eguerdiko 12:00etan.

EIZIE elkartearen egoitzan aurkeztu behar dira itzulpen-proiektuak. Helbidea: Zemoria 25, behea - 20013 Donostia. Postaz edo mezulariz bidaliz gero, «Literatura Unibertsala» lehiaketarako dela adierazi gutun-azalean.

Epaimahaia

Hiru lagunek osatuko dute epaimahaia, jasotako itzulpenak aztertu eta esleipena egiteko. Itzulpengintzaren munduan aitorturiko gaitasuna eta prestigioa duen pertsona bana izendatuko dute Eusko Jaurlaritzak, itzulpenok argitaratuko dituzten argitaletxeek, eta EIZIE elkarteak. EIZIEk idazkari bat ere izendatuko du, hizpiderik eta botorik gabe arituko dena. Epaimahaiaren erabakia atzeraezina izango da.

Esleipenaren jakinarazpena

EIZIE elkartearen webguneko albistegiaren bidez jakinaraziko da epaimahaiaren erabakiaren berri. Esleituak izan diren proiektuen itzultzaileei zuzenean jakinaraziko zaie.

Esleipenaren osteko kontratazioa

Esleipenaren ondoren, obra osoaren itzulpena egiteko kontratua sinatuko dute EIZIEk eta itzultzaileak, eta obra hori hirugarren batek argitaratzeko baimena emango dio itzultzaileak Elkarteari (Erein eta Igela argitaletxeek argitaratuko dituzte paperezko liburu eta e-book forman, bilduma honetarako bat eginik).

Ordainsaria

Prestupléniye i nakazániye: 18.068,00 euro | Autobiography of Red: 2.633,00 euro | Tempo de ría: 840,00 euro

Bildumarako finkaturiko ordainsariak erabili dira, sorburu-testuaren eta hizkuntzaren arabera. Gaztelania: 24 euro orriko. Frantsesa, ingelesa, katalana, galegoa, portugesa, italiera: 27 euro orriko. Gainerakoak: 30 euro orriko.

Itzulpena jatorrizko hizkuntzatik ez den beste batzuetatik egiten bada, sorburu hizkuntzei dagozkien tarifen batez bestekoa erabiliko da.

Obrak itzultzeko epea

Liburuak itzultzeko epea orri kopuruaren araberakoa izango da, esleipena jakinarazten denetik hasita: 125 orri - 6 hilabete. Proportzio horren arabera kalkulatuko dira epeak.

Argibide gehiago, helbide honetan.

2023ko ekaina