Bildumari buruz
Ibilbidea
Duela 30 urte ez zegoen apenas literatura unibertsalik euskarara itzulita, eta inguruko hizkuntza handietara jo behar genuen literatura unibertsaleko obra klasikoen bila: gaztelaniara edo frantsesera. Gabezia hori ikusita, eta literatura unibertsalaren ondarea euskaratu eta argitara emateko asmoz, plangintza bat egin zuten garai hartan EIZIEk, Euskal Editoreen Elkarteak eta Eusko Jaurlaritzaren orduko Kultura eta Turismo Sailak.
1989. urtean sinatu zuten Literatura Unibertsala izeneko bilduma sortzeko lankidetza-hitzarmena, eta, hitzarmen horren bidez, munduko literaturako obra klasiko eta kanonikoak gurera ekartzeko bidea zabaldu zen. Gaur egun, oso bestelakoa da egoera. 30 urtetik gorako ibilbidearen ondoren, uzta oparoa utzi digu bildumak, argitaletxe desberdinen eskutik (lehiaketa publikoz hautatu ziren argitaratzaileak).
- 1. aroa (1990-2002). 100 liburu itzuli ziren, Ibaizabal argitaletxearen eskutik.
- 2. aroa (2002-2010). Beste 52 liburu kaleratu zituzten Elkar eta Alberdania etxeek.
- 3. aroa. 2011n abiarazi zen, eta Erein eta Igela argitaletxeek hartu zuten beste 50 liburu argitaratzeko ardura.
Bide luze eta emankorra egin du Literatura Unibertsala bildumak urte hauetan guztietan: munduko literaturako obra garrantzitsu ugari eman dizkio euskarari, jatorrizko 20 hizkuntzatatik eman ere (albaniera, alemana, arabiera, daniera, errusiera, frantsesa, galegoa, gaztelania, katalana, ingelesa, italiera, japoniera, latina, norvegiera, poloniera, portugesa, serbiera, serbokroaziera, turkiera eta txekiera). 90 itzultzaile inguru aritu dira guztira lanean.
Urrezko Biblioteka
Horrez gain, lehen aroko liburuak agortuta zeudela ikusirik, liburu horiek berrargitaratzeko bilduma bat ere jarri zen martxan 2011. urtean: Urrezko Biblioteka izeneko bilduma. 20 liburu berrargitaratu ziren, itzulpena eguneraturik, Elkar argitaletxearen eskutik.
eLiburutegia
Bestalde, lehen eta bigarren aroetako hirurogei bat liburu eLiburutegian jarri dira jendearen eskura, Kultura Sailburuordetzarekin lankidetzan, jabetza publikoan ePub formatuan, doan eta denbora mugarik gabe deskargatzeko moduan.
Zenbait ekimen
Bilduma beste zenbait proiektutarako abiapuntu edo oinarria ere izan da: Batxilergorako testuliburuak argitaratu dira, udako ikastaro bat baino gehiago antolatu dira eta corpusak ere elikatu dira bildumako testuekin.
Itzulpen-lehiaketa
Bildumarako itzulpenak lehiaketa publiko bidez hautatzen dira. Horretarako, itzuli nahi diren obren zerrenda bat plazaratzen du EIZIEk, eta itzulpen-lehiaketa antolatzen.
Hemeroteka
Artikulu eta erreportajeak hedabideetan
- Letren bidaia, bide berrien bila. Ander Perez (Berria, 2016-06-19)
- Literatura unidirekzionala. Hedoi Etxarte (Argia, 2011-06-05)
- Literatura bilduma, unibertsala... eta urrezkoa. Anartz Bilbao (Gara, 2012-11-04)
- Ekarpena eta ekarkizuna. Juan Luis Zabala (Berria, 2011-02-18)
- Euskarara ekarriak. Anartz Bilbao (Mugalari, Gara, 2011-02-04)
- Itzulpenak irakurle bila. Miren Ibarluzea (Argia, 2010-10-17)
Senez aldizkarian
- Literatura Unibertsalari buruzko mahai-ingurua, Senez 53, 2022
- Itzulpengiltza: mundura zabaltzeko eta mundua ekartzeko, Senez 52, 2021
- Literatura Unibertsala bildumaren ebaluazioa. Iñigo Errasti (ELI dossierra, Senez 37, 2009)
- Zenbait gogoeta Literatura Unibertsala bildumaz. Iñaki Aldekoa eta Marijose Olaziregi (Senez 23, 2001)
31 eskutik blogean
- Literatura Unibertsala bilduma, buru osasunerako ona. Karlos del Olmo (31 eskutik, 2013-11-21)
Azken eguneratzea: 2023-12-29