Itzulpen-lehiaketa 2019
Literatura Unibertsala bilduma osatzen jarraitzeko deialdia antolatu du EIZIE elkarteak.
Esleipena
Aurkezturiko proiektu guztiak aztertu eta gero, honako hau izan da epaimahaiaren erabakia:
- Aroa Uharte Zubillagari esleitu zaio Aleksandra Kollontairen Liubov pchel trudovyj (El amor de las abejas obreras)
- Koro Navarro Etxeberriari esleitu zaio Ernest Hemingwayren The Sun Also Rises
Epaimahaia honako hauek osatu dute: Mirentxu Larrañagak (Eusko Jaurlaritzak izendatua), Inazio Mujikak (Erein eta Igela argitaletxeek izendatua) eta Roberto Serranok (EIZIEk izendatua).
Lehiaketaren oinarriak
Itzulgaiak
Honako bi obra hauek dira aurtengo itzulgaiak (eta lehiaketan parte hartzeko itzuli beharreko laginak):
- Aleksandra Kollontai, Liubov pchel trudovyj (El amor de las abejas obreras)
Lehiaketarako lagina, hemen (pdf) eta hemen (word) - Ernest Hemingway, The Sun Also Rises
Lehiaketarako lagina, hemen (pdf) eta hemen (word)
Lehiatzaileak
Itzultzaile profesionalak zein hasi berriak izan daitezke lehiatzaile.
Aurkeztu beharrekoak
Lehiatzaileen eskura jarritako testuaren itzulpena (lau kopiatan), ezizen batekin.
Horrekin batera, gutun-azal itxi baten barruan, itzultzailearen datuak adieraziko dira, eta ezizen bera errepikatu gutun-azalean. Hauek dira adierazi beharreko datuak: itzultzailearen izen-deiturak, helbidea, telefonoa, helbide elektronikoa, izenpea. Nortasun agiriaren fotokopia ere sartu behar da gutun-azal horretan.
Obra baterako baino gehiagorako laginak aurkeztekotan, bakoitzari bere ezizen eta gutun-azal itxia erantsi behar zaio.
Itzulpenen bat obraren jatorrizko hizkuntzatik egin ez bada, gutxienez bi sorburu-hizkuntza erabili beharko dira, eta horiei dagozkien orrialdeen fotokopiak aurkeztu. Nolanahi ere, jatorrizko hizkuntzatik itzultzea hobetsiko da.
Proiektuak aurkezteko lekua eta epea
Epea 2019ko maiatzaren 23an amaituko da, eguerdiko 12:00etan.
EIZIE elkartearen egoitzan aurkeztu behar dira itzulpen-proiektuak. Helbidea: Zemoria 25, behea - 20013 Donostia. Postaz bidaliz gero, «Literatura Unibertsala» lehiaketarako dela adierazi gutun-azalean.
Epaimahaia
Hiru lagunek osatuko dute epaimahaia, jasotako itzulpenak aztertu eta esleipena egiteko. Itzulpengintzaren munduan aitorturiko gaitasuna eta prestigioa duen pertsona bana izendatuko dute Eusko Jaurlaritzak, itzulpenok argitaratuko dituzten argitaletxeek, eta EIZIE elkarteak. EIZIEk idazkari bat ere izendatuko du, hizpiderik eta botorik gabe arituko dena. Epaimahaiaren erabakia atzeraezina izango da.
Esleipenaren jakinarazpena
EIZIE elkartearen webguneko albistegiaren bidez jakinaraziko da epaimahaiaren erabakiaren berri. Esleituak izan diren proiektuen itzultzaileei zuzenean jakinaraziko zaie.
Esleipenaren osteko kontratazioa
Esleipenaren ondoren, obra osoaren itzulpena egiteko kontratua sinatuko dute EIZIEk eta itzultzaileak, eta obra hori hirugarren batek argitaratzeko baimena emango dio itzultzaileak Elkarteari (Erein eta Igela argitaletxeek argitaratuko dituzte paperezko liburu eta e-book forman, bilduma honetarako bat eginik).
Ordainsaria
- Liubov pchel trudovyj: 5.790,00 €.
- The Sun Also Rises: 5.400,00 €.
Bilduma honetarako finkaturiko ordainsariak aplikatu dira, sorburu-testuaren eta hizkuntzaren arabera. Ingelesa: 27 euro orriko; errusiera: 30 euro orriko.
Obrak itzultzeko epea
Obrak osorik itzultzeko epea: 2020ko apirilaren amaiera.
Argibide gehiago, helbide honetan eta 943 277 111 telefonoan.