Isabel Etxeberria (2014): Idazle bat, lau ahots eta itzultzaile bat: Pessoaren heteronimoak itzultzen

Poemak pluralean
Egilea: Fernando Pessoa
Itzultzailea: Iñigo Roque
Denonartean, 2012

1935eko urtarrilaren 13an, Fernando Pessoak gutun bat idatzi zion Adolfo Casais Monteiro idazle eta literatur kritikariari, non, besteak beste, Alberto Caeiro bere heteronimoa noiz-nola sortu zen deskribatu baitzion. Gutun horretan azaltzen duenez, beste heteronimo batzuk sortzeko bizpahiru saiakera eginak omen zituen lehenagotik, arrakastarik gabe, eta hara non 1914ko martxoaren 8an, inspirazio sukarraldi batek harturik, Alberto Caeiro poeta sortu eta hezurmamitu zitzaion barrenean, eta, haren atzetik, bere beste bi heteronimo garrantzitsuenak: Ricardo Reis eta Álvaro de Campos.

Aukera ezin hobea eskaintzen digu Fernando Pessoaren obrak konprobatzeko nola egiten duen itzultzaileak hausnarketa eta analisi lana, nola aztertzen dituen jatorrizko testuen ezaugarriak eta zer erabaki hartzen dituen ezaugarriok bere hizkuntzan emateko. Heteronimoen jolas literarioaren bitartez, hezur-haragizko pertsona berak hainbat alegiazko idazleren lekua hartzen du, eta bakoitzarentzat ahots eta adierazmolde zehatz eta identifikaerraz bat asmatzen du. Eta probaleku ezin hobea dugu Iñigo Roque itzultzaileak Denonartean argitaletxerako prestatu duen antologia, aukera ematen baitigu lehenengoz euskaraz Pessoaren hiru heteronimoren poema mordoxka bat batera aztertu eta erkatu ahal izateko. Izan ere, ezaguna genuen Pessoa euskaraz lehenagotik ere; Joseba Sarrionandiak, Ana Iribarrek, Josetxo Azkonak, Joakin Balentziak, Gerardo Markuletak, Xabier Galarretak eta Luigi Anselmik argitaratuak zituzten han eta hemen, zenbait liburu eta aldizkaritan barreiaturik, Pessoaren poema solte batzuk euskaraz. Baina lehenengoz topatzen dugu Iñigo Roqueren Poemak pluralean liburu honetan heteronimo bakoitzaren ahotsa ezagutzeko behar adina poema, itzultzaile berak euskaraturik: Alberto Caeiroren 14 pieza, Ricardo Reisen 23, Álvaro de Camposen 8 eta Fernando Pessoa ortonimoaren 19.

Irakurri artikulua