Kalean da SENEZ aldizkariaren 54. zenbakia
Oparo eta mamitsu dator urteroko aldizkaria orain ere. Editorialean dioenez, «inoiz baino beharrezkoagoak ditugu maitasuna, pasioa eta erotismoa. Eta jarrera horixe erakustera gatoz aurtengo SENEZ aldizkarian ere, musuak banatzera, begiak kliskatzera, bihotzean atximur egitera».
30 egile ekarri ditugu 54. ale honen festara; bakarka, binaka zein taldean aritu dira, eta 23 musu, begi-kliska eta atximur utzi dizkigute guztira. Aurtengo elkarrizketa ibilbide luzeko itzultzaile bati egin dio Garazi Ugaldek, Bakartxo Arrizabalagari: horra lanbideari eta konpromisoari grinaz eta pasioz heltzearen adibide ezin hobeago bat. Iaz joan zitzaizkigun itzultzaile maiteez ere oroitu gara ezinbestean, eta, hala, Miren Iriarte gogoratu dute Uxue Alberdik, Amaia Apalauzak eta Samara Veltek, eta Joseba Urzelai, Iñigo Errastik.
Ohi bezala, tartea egin diogu oraingoan ere literatura-itzulpenari: Ane Garciak poesia-itzulpenarekin jolasean paratu ditu hiru poeta, transkreazioan, bai eta emaitza zinez gustagarria lortu ere; bere burua biluzi eta batere lotsarik gabe erakutsi dizkigu Xabier Olarrak Ulisesen itzulpenaren barne-zoko guztiak; Angel Erro, Irati Jimenez eta Manu López Gaseni hirukoak Literatura Unibertsala bildumari buruzko zenbait gogoeta partekatu zituen iazko Literaturia jaialdian, eta orriotara ekarri nahi izan ditugu; hizkuntza-bikotea aldatuz, Mayi Peloten zientzia-fikzio feminista euskaratik ingelesera itzultzeak zer zapore uzten duen azaldu digu Arrate Hidalgok; gauza berriak probatzeko gonbita eginez, gaur egun literatura-itzulpenak argitaratzeko baliatzen diren beste bideak aztertu ditu Leire Vargasek; eta, Antxeta argitaletxearen historiari kliska, komiki-itzulpenaz jardun du Esti Unanuek.
Saiakera-itzulpena amu gisa jarri eta aise kosk egin diote Ane Garciak, batetik, eta Amaia Astobizak, bestetik, baita gogoeta mamitsu eta freskoak utzi ere. Astobizak ederki gogorarazten digu zein premiazkoa dugun testu feministak itzultzeaz harago joan eta ikuspegi feministaz itzultzea, eta begirada hori hiztegigintzan ere beharrezkoa dela erakutsi digu Eneko Sagarzazuk. Festa-giroan musikarik ezin falta, eta Leonard Cohenen abestien itzulpenen azterketa xehea ekarri digu Alejandro Ros-Abaurreak. Zineman edo etxeko sofan, azpidatziekin edo bikoiztuta: Netflixeko azpidatzien hizkuntza-kalitateari erreparatu dio Josu Barambonesek, eta bikoizketaren alde besoa altxatu dute Itziar Diez de Ultzurrunek eta Fermin Zabaltzak. Ikuspegi pertsonalago batez eta barneranzko begiradaz baliatuz, amatasuna eta interpretazioa uztartzeaz idatzi du Garazi Biainek, eta hogeita zazpi urtean Administrazioko itzultzaile gisa bildutako amodioez eta desamodioez Mikel Tabernak.
Ikastaro eta jardunaldietan ikasitakoa partekatzea ere maite baitugu, zuzenketa-lanaren garrantzia gogora ekarri eta zuzenketa-ikastaro batean jasotako ohar eta gogoetak bildu ditu Alaitz Zabaletak, zuzen eta artez; itzulpengintza eta teknologia bikote dagoeneko bereizezinari buruzko uda-ikastaro baten kronika osatu du Leire Segurak; eta euskarazko kataforen erabilera ekarri du mihira Amaia Lasherasek, EIZIEn gai horri buruz eman zuen ikastaro bat abiapuntu gisa hartuta.
Eta, festa orok azkenburuko goxoa behar duenez, liburu-gomendio bana egin digute Claudia Torralbak, Idoia Santamariak eta Anjel Lertxundik.
EIZIEren webgunean dira artikuluen laburpenak.