Itzulpengintzaren Nazioarteko Eguna
Zorionak itzultzaile guztioi!
Itzulpengintzaren Nazioarteko Egunaren bezperan hasi ginen ospakizunetan, Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan. Interesgarria izan zen «Zeinu-hizkuntzako interpreteak» solasaldia (ikus bideoa), besteak beste beren lana, kezkak, asmoak… gertuagotik ezagutzeko parada izan baikenuen, ESHIE/ZHIE elkarteko gidari-interpreteei esker.
Senezen azken zenbakia ere itzultzaileon egunean atera dugu webgunera, eta laster jasoko dute EIZIEko bazkideek etxean. Opari eta guzti jasoko dute, gainera.
Merezi dugulako oparia. Halaxe dio Amaia Apalauza Senez aldizkariaren zuzendariak editorialean:
Iluntasunean argi egin nahian gatoz, ordea. Zailtasunak zailtasun eta prekarizazioak prekarizazio, esan dezagun ozenki gero eta gehiago garela, gero eta hobeki itzultzen dugula, gero eta hobeki interpretatzen, gero eta hobeki zuzentzen, eta gero eta gehiago pentsatzen, hausnartzen eta ikertzen dugula. Eta Senez plaza ezin hobea dugu horretarako. Zer egiten dugun erakusteko, partekatzeko, geure buruaz harrotzeko.
Gaurko eguna, bestalde, aproposa izan liteke Itzulpengintza ikusgai atalari begiratu bat emateko. Azken 9 hilabete hauetan, artikulu, audio eta bideo asko bildu ditugu, gehienak urteko edozein egunetan irakurtzeko modukoak. Itzultzaileok gara protagonistak, batez ere, eta hor ikusten da, egun bereziak egun berezi, egunero dela beharrezkoa itzulpengintza. Hortxe dugu, besteak beste, atzoko aurkezpenaren berri, Literatura Unibertsala bildumako azken «perlatxoaz» Itziar Ugarte kazetariak jasotakoa (Berria, 2022-09-29), eta, tartean, Joxean Muñozen hitzak: «Literaturaren eta euskal kulturaren alde egiten ari zareten lana paregabea da, eta inpresioa daukat gizarteak gero eta garbiago duela hori; gero eta zentralagoa da itzulpena».