Konferentzia-interpreteen Nazioarteko Egunean
Interpreteei gorazarre
Konferentzia-interpreteen eguna aitzakia ona da hizkuntzen eta kulturen arteko ahozko eta zeinuzko zubi-lanak egiten dituzten profesionalak hizpidera ekartzeko. Nor edo zer gara interpreteok? Zer egiten dugu? Batzuetan, aktoreak garen galdetzen diguzue. Eta barre egiten dugu, baina, neurri batean, egia da. Izan ere, geure burua izateari uzten diogu beste batzuen oinetakoetan, jantzietan eta larruan jartzeko. Ikusi eta entzun egiten gaituzue, baina, paradoxikoki, ikusezinak gara ia beti. Gaitz erdi. Ikusezina izateak dena ondo atera dela esan nahi du; izan ere, gu edo gure lana aipatzea seinale txarra izaten da askotan.
Hilabete honetan bertan egin den COP26 konferentzian ia 200 herrialdetako goi-mailako ordezkariak bildu dira. Imajinatu zenbat interprete aritu diren lanean, bertatik bertara eta pandemiak ekarri duen urrutiko modalitatearen bitartez. Zenbat eta zenbat ordu, zenbat eta zenbat esfortzu, zenbat eta zenbat ahots. Eta hala eta guztiz ere, zerbaitek huts egin du, eta albiste izan da: ez da zeinu-hizkuntzako interpreterik egon. Aldiz, ezer gutxi entzun da interpreteek egindako ekarpenei eta lan onari buruz.
Muturrerago joanda, duela gutxi jakin dugu Afganistanen lanean aritutako interpreteek heriotza-mehatxuak jaso dituztela eta arrapaladan atera behar izan dutela herrialdetik beren bizitzak salbatzeko. Herrialdearen kanpo-harremanetarako gako-eragileak etsai bihurtuta. Komunikaziorako ezinbesteko tresna izatetik, traidore izatera.
Baina ez dugu horrelako albiste txarrik behar komunikaziorako eta elkarbizitzarako ezinbestekoak diren profesionalez oroitzeko. Ez horixe.
Nurenbergeko epaiketen hasieraren urtemugan aukera zoragarria dugu konferentzietatik eta fokuetatik urrun, ospitaleetan, eskoletan, polizia-etxeetan, elkarteetan, gobernuz kanpoko erakundeetan, gatazka-eremuetan, bileretan, instituzioetan, kongresuetan eta munduko txoko guztietan lan egiten duten interpreteen lana gogora ekarri eta eskertzeko.
Handiak zarete zuen txikitasunean. Zorionak guztioi!
Claudia Torralba
2021eko azaroaren 20an