EIZIEren Batzar Nagusia, telematikoki aurten
Maiatzaren 30ean elkartu ziren bazkideak, giro ederrean.
Joan den martxoaren 28rako egina zen deialdia, baina egoerak hartaraturik, telematikoki elkartu ziren bazkideak, ezinbestez jorratu eta ebatzi beharreko kontuei heltzeko eta, bidenabar, elkarren berri izateko.
Giro ederrean jardun zuten parte hartzaileek, pantailaz bestaldetik, Jitsi plataforman. Itziar Diez de Ultzurrun lehendakariak ongietorria egin zien denei, eta bileraren nondik norakoak aurkeztu.
Iazko batzarraren akta onartu ondoren, Zuzendaritza Batzordea berritzeari ekin zioten: Aritz Branton eta Idoia Santamaria batzordekideak bildu dira taldera aurten. Leire Otxotorenak, berriz, kargua utzi du, eta eskerrak eman zizkioten gainerako kideek, elkartean egindako lanagatik.
Aurtengo egitasmoak izan zituzten hizpide, nagusiki: asmoak asmo, jarduerak egoera ezohiko honi egokitzen ari da elkartea, eta horren adibide batzuk adierazi zituzten: esate baterako, lanbideari dagokionez, urruneko interpretazioari buruzkoak jorratzea lehentasun bihurtu da (gomendio batzuk argitaratzekoa da EIZIE webgunean, «jardunerako gidak» biltzen dituen atalean); azken urteotan Liburuaren Egunean egin ohi den ekitaldiaren ordez, sare sozialetan gauzatu da itzulpengintza sustatzeko ekimena; aurreikusiriko prestakuntza-saioetako bat baino gehiago telematikoki egingo dira aurten… Bada bere bidea egiten ari denik ere, jakina: «Itzulpengintza Ikusgai» atala eguneratzen da etengabe, Senez aldizkariaren aurtengo alea bidean da, Literatura Unibertsala itzulpen-lehiaketarako deialdia ere bai…
Diru-kontuei errepasoa egin ondoren, parte-hartzaileek beren ekarpenak egiteko tartea izan zuten, eta, batzarrari amaiera emateko, irailean Literaturian aurrez aurre elkartzeko gonbita egin zien lehendakariak.
Batzarra amaiturik ere, gelan jarraitu zuten batzuek, solasaldi goxoan.