«Esaldiak josten» - 2016

2016ko apiril-maiatzetan, «Esaldiak josten» ikastaroa antolatu genuen, Juan Garzia irakaslearekin, eta, ikusirik zenbat jendek eman zuen izena, hiru talde osatu genituen: bi Donostian, eta beste bat Bilbon. Donostiakoak Euskaltzaindiaren egoitzan egin genituen, eta Bilbokoa, berriz, Euskararen Etxean.

esaldiak1.JPG

esaldiak2.JPG

Helburuak

Testu bat idazten hasi den edonork daki horretarako ez dela aski lexikoa eta sintaxia menderatzea. Gramatikaren eta hiztegiaren piezak zein diren ez du berak erabakitzen, aurrez finkatuak baitira; bai, ordea, pieza horiek nola antolatu kasuan-kasuan adierazpide egokiak sortzeko, horixe baita testugilearen lana. Eta horretan lagundu nahi izan du ikastaro honek.

Esateko duena gogoan garbi daukala jota, bada, eta hizkuntzaren gramatika menderatzen duela, informazioa antolatzeko aukerak ongi kudeatzea da testugilearen eginkizuna. Edukien banaketa nagusiarekin batera (testuaren atal eta azpiatalak, paragrafoen banaketa), baditu testugileak beste bi kontu xehe, garrantzi handikoak, berak erabakitzekoak.

Alde batetik, paragrafo bakoitzaren barneko esaldien banaketa eta esaldion arteko loturak. Eta, bestetik, esaldi bakoitzaren osaera, kasuan-kasuan komunikatu nahi denerako egoki den informazio-antolaeraren araberakoa.

Edukiak

Aurreko ikastaro batean, esaldiaren antolaeraz aritu ginen, testuaren esanahi-unitate oinarrizkoa den aldetik, eta sintaxiaren eta semantikaren arteko uztardura gauzatzen duena. Oraingoan, esaldiak –eta baliokide diren bestelako elementu batzuk– bata bestearekin kateatuz joateko prozedurak hartu ditugu langai. Alegia, esaldiak elkartuz testua josteko prozedurak eta esaldien arteko diskurtso-loturak. Horietariko batzuk guztiz bistakoak eta ezagunak dira (juntadura, lokailuak…); beste batzuk, berriz, ez hain agerikoak eta are ezkutu samarrekoak formalki, hala nola esaldi-balioa hartzen duten bestelako egitura gramatikalak (perpaus sasimenderatu, nominalizazio, adjektibo…). Azken saileko horietariko asko estilo-aukera bereziak dira –hizkuntza bakoitzaren araberakoak, beraz, definizioz–, eta oso tentuz ibili behar da halakoen kalko hutsal edo kaltegarriak saihesteko. Beste prozedura batzuk unibertsalagoak dira (juntadura, alborakuntza, anafora), eta besteren bat, berriz, euskaraz barra-barra erabiltzen dena eta inguruko erdaretan bere horretan lekurik ez duena (aditz-isiltzea). Horiek guztiak landu ditugu.

Metodologia

Atalez atal eman dira aplikazio praktikorako behar diren oinarrizko azalpenak (ez da behar inolako gramatika-jakituria berezirik: hizkuntza menderatzea aski). Horiek garbi utzi ondoren, testu errealak adibide harturik egin da lana: jokabide egokiak seinalatu, erabilera okerrak detektatu, halakoek irakurketan eragiten dituzten kalteak nabarmendu, zuzendu edo konponbide egokiak saiatu, aukera anitzeko kasuak ikusi eta bakoitzaren abantailak aipatu…

Egitaraua

  • • anaforak
  • lokailuak
  • • aditz-isiltzea
  • • sasimenderakuntza
  • nominalizaziozko joskera
  • • esaldi-adjektiboak
  • • joskeren aukera
  • • puntuazioa elkargailu
    •


    •