Wordfast Classic eta +Tools aurreratua eta Wordfast Pro - 2010
2010eko ekainaren 14, 16 eta 17an UEUren Ikastetxe Nagusian, Markeskua jauregian, EIZIE elkarteak Wordfast itzulpen programan oinarrizko prestakuntza zuten elkartekideentzat antolaturiko ikastaro bat izan zen. Ikasle gehienak elkartekideak ziren, banaka batzuk izan ezik. Guztiak baziren, aldez edo moldez, itzulpen memoriak kudeatzeko programaren baten erabiltzaileak, eta gehienek Wordfast Classic programaren gainean zer edo zer bazekiten. Horrelako oinarrizko prestakuntzaren jabe izatea ezinbesteko baldintza zen ikastaroan esku hartu ahal izateko, ikaslana, hasi bidez, elkarteak irailean eskaini behar duen oinarrizko Wordfast ikastaroa osatzeko pentsatuta baitzegoen. Antolamendu zioak zirela bitarte, ikastaldien hurrenkera alderantzikatu beharra izan zen, horra zergatik izan den aurrena, berez, beste ikastaro baten segida izateko pentsaturiko hau.
Edukiei gagozkiela, ia saio oso bat, lehenengoa, +Tools doako aplikazioaren gainekoa izan zen, beste eginkizunak beste, programak aukera ematen duelako lehengo itzulpenak lerrokatu eta haien bitartez itzulpen memoriak lortzeko. Horrezaz gain, glosarioak lortzeko eta hainbat testu artxibo batera lantzeko menuak ere landu zituzten ikasleek. Lehenengo saio horretan, +Tools eta Wordfast Classic aplikazioetako txantiloiak instalatzeko urratsak eta erabilera doitzeko zenbait teknika ere egon ziren aztergai, baita Word programako makroak jorratzeko prozedura ere.
Bigarren saio osoa eta hirugarrenaren zati handi bat Wordfast Classic txantiloiaren agindurik erabilgarrienak eta zenbait lan baliabide aurreratu aztertzen eman zituzten ikasleek, euskara sorburu nahiz xede hizkuntza izateari begira eratuak. Azkenik, Wordfast Pro aplikazioaren aurkezpen labur bat izan zen, testu prozesagailuaren beharrik ez duen programa beregaina denez gero, egungo itzulgai bereziek dakartzaten formatu aldetiko arazoak gainditzeko modu erraza eskaintzen baitu.