Alfontso Mujika, euskaltzain oso

2021 Azaroa 29
Alfontso Mujika, euskaltzain oso

2021eko azaroaren 26an izendatu zuen Euskaltzaindiak euskaltzain oso.


Euskararen modernizazioan eta estandarizazioan egin du bide profesionala, eta erreferente bat da euskarazko hiztegigintzan, itzulpenetan eta euskara egoki erabiltzeko irizpideak jartzen dihardutenentzat.

1990etik Elhuyarren ari da lanean, eta arlo askotan jardun du Elhuyarren barruan. Itzulpen- eta zuzenketa-zerbitzuan ari da 2002az geroztik.

2002tik, Euskaltzaindiaren Exonomastika batzordeko kidea da, eta 2007tik batzorde horretako idazkaria. 2006ko maiatzaren 26an izendatu zuten euskaltzain urgazle, eta Onomastika batzordeko kidea da 2016tik, eta 2017tik idazkaria.

Eusko Jaurlaritzako Terminologia Batzordeko kidea da 2008tik, eta Nafarroako Unibertsitateko Donostiako Tecnun Ingeniaritza Goi Eskolako irakasle 2017az geroztik.

Aspalditik ari da euskara zuzen eta egoki erabiltzeko gomendio eta irizpideak ematen euskara darabilten profesionalei, bai zuzeneko trebakuntza-saioen bidez, bai argitalpenen bidez.

Besteak beste, EIZIEren sareko baliabideetan ere aktiboki parte hartu du azken 20 urteotan, hala nola Itzul posta-zerrendan eta 2tzuL eta 31 eskutik blogetan. 

Iturria: Elhuyar eta Euskaltzaindia

Irudia: Elhuyar