Esaldiaren antolaera: funtzio informatiboak gako - 2014
Lagun asko animatu zirenez ikastaroa egitera, bi taldetan jardun genuen Donostiako Kirol Etxean, maiatz-ekainetan, Juan Garzia irakasle genuela.
Helburuak
Gramatikak agindu egiten du; halako egitura zuzena da, eta bestea ez. Gramatika hutsarekin, beraz, testugileak ez du aukeramenik. Aukeratu, hala ere, etengabe aukeratu behar du nola adierazi adierazi beharrekoa. Testu osoaren antolaeran bezala, izan ere, egile da testugilea, hots, sortzaile (itzultzean ere berdin). Esaldiaren mailan, bada, informazioaren antolaera da testugileak kudeatu beharrekoa (erabakimenarekin, erantzukizuna), eta esaldian-esaldian erabaki beharreko horretarako irizpideak argitzea eta lantzea da ikastaroaren helburua.
Edukia
Lehenik eta behin, funtzio informatiboak funtzio gramatikaletatik bereiztea da kontua: gramatikaren fabrikak ematen dizkion adreilu gordinekin etxea (esaldia) egoki antolatzea, semantikaren eta pragmatikaren eskakizunen arabera. Adierazi nahian dabilen hori irakurleari argi ematea da testugilearen eginkizuna. Horretarako, hainbat alderdi zaindu behar ditu, eta, bereziki, kohesioari hots, diskurtsoko osagaien arteko loturari dagozkionak: hitzordena, galdegai/mintzagai katea, anaforak, puntuazioa
Metodologia
Azalpen orokor labur batean eman ziren aplikazio praktikorako behar ziren oinarriak (ez zen behar inolako gramatika-jakituria berezirik: hizkuntza menderatzea aski). Horiek garbi utzi ondoren, testu errealen gainean egingo zen lana: erabilera okerrak detektatu, irakurketan eragiten dituzten kalteak nabarmendu, zuzendu edo konponbide egokiak saiatu, aukera anitzeko kasuak ikusi eta bakoitzaren abantailak aipatu...
Egitaraua
- esaldien arteko mugak
- oinarrizko perpaus ordena eta esaldiaren osaera
- gramatikaren betebeharrak eta informazio-antolaeraren aukerak
- funtzio informatibo edo pragmatikoak
- baieztapenezko esaldiak eta bestelakoak
- mintzagaiaren rola
- anaforen rola
- aposizioak
- nominalizazioen auzia
- bestelako zalantzak