«Esan osteko eta aldibereko interpretazio praktikak» ikastaroa - 2017

«Esan osteko eta aldibereko interpretazio praktikak» ikastaroa antolatu zuen EIZIEk azaroko lau arratsaldetan, Gasteizko Letren Fakultateko interpretazio laborategietan (EHU). Bi saiotan esan osteko interpretazioan jardun zuten ikasleek, Jaione Arregi irakaslearekin, eta beste bi saiotan aldibereko interpretazioan, Idoia Gillenearekin.

Esan osteko interpretazioa

inter_17_1.jpg

Lehen egunean, aurkezpenen ondoren, parte hartzaileek esan ostekoan zuten eskarmentua azaldu zuten. Maila oso desberdina izaki, hurbilpen teoriko txikiarekin hasi zen saioa, bereziki esan ostekoa osatzen duten faseak barneratzeko: entzumen aktiboa, analisia, notaketa eta birformulazioa. Notaketari heldu aurretik, beste gaitasunak lantzeko ariketak egin zituzten ikasleek, besteak beste diskurtsoak inprobisatu, hitz gakoetatik abiatuta diskurtso bat eratu edota notaketa gabeko interpretazioa egin. Ariketa horien bitartez esan ostekoan analisi gaitasunak eta memoriak duten garantzia azpimarratzea zen helburua. Lehen eguna bukatzeko, notaketaren nondik norakoak azaldu ziren. Ikastaroak xede praktikoa izanda, eta ikusita parte hartzaileen maila desberdina, notaketari buruzko bibliografia baliabideak eta etxean ikusteko bideoak aipatu ziren, bigarren egunean praktikan sakontze aldera.

Esan ostekoaren bigarren saioan, hainbat gairi buruzko mintzaldiak interpretatu zituzten, EU-ES eta ES-EU norabideetan; hala nola konposta, gozagarri artifizialak edo lokaboroei buruzkoak. Denon artean egindako interpretazioak baloratu zituzten, edukia, forma eta aurkezpena kontuan hartuta, eta, betiere, kontuan izanda komunikatzea dela interpretazioaren helburua. Egindako ariketez gain, nork bere kasa lan egiteko irizpide eta jarraibideak aurkeztu zituen labur labur irakasleak.

Aldibereko interpretazioa

Aldibereko interpretazioaren lehen saioan aurkezpen orokorra egin zen. Batetik, ikasleek beren burua aurkeztu, eta interpretazio arloan egiten duten lanaren berri eman zuten. Bestetik, irakasleak, bere burua aurkezteaz gainera, aldibereko interpretazioaren nondik norakoak eman zituen, besteak beste ogibidearen deskribapen xehea eta tresna eta baliabide nagusien azalpena.

Behin azalpenak amaitu ondoren, lehen aldibereko praktikari ekin zitzaion: Gipuzkoako Batzar Nagusietan aurrekontuei buruz egindako aurkezpen bat. Ikasleak binaka jarri ziren kabinetan, eta txandaka egin zuten ordu laurdeneko saioa, euskaratik gaztelaniara. Interpretazioa lantzeaz gain, lankideari txanda nola ematen zaion praktikatu zuten. Ondoren, ikasleek irakaslearen feedbacka jaso zuten, eta guztien artean aurkitutako zailtasunak eta gainditu beharrekoak komentatu zituzten.

Aurrekontuen gaia amaitu ondoren, euskalkien alorra lantzeko, Durangoko Azokako Gogoetaren Plazan izeneko saioko bi elkarrizketa interpretatu zituzten ikasleek, euskaratik gaztelaniara. Honako hauek ziren hizlariak: Bernardo Atxaga, Anari Alberdi, Maialen Lujanbio eta Niko Etxart. Segidan, egindako lanaren feedbacka jaso zuten ostera ikasleek.

inter_17_2.jpg

Eguna amaitzeko, gaztelaniatik euskararako interpretazioa lantzeko, Bernardo Atxaga eta Maialen Lujanbioren bi saiotxo itzuli zituzten.

Bigarren saioan, ikasleek aldibereko interpretazioan sarritan egin behar izaten diren bi eginkizun landu zituzten: bistara egindako interpretazioa, hau da, irakurriko den testua aldez aurretik prestatu eta ondoren interpretatzea, eta relay prozedura, hau da, lankide batek interpretatukotik itzultzea.

Saioa amaitzeko, Bizkaiko Batzar Nagusietako bi hitzalditxo politiko interpretatu zituzten. Lehenean, hizlariak kargu hartzen zien bere kideei, eta, bigarrenean, hizlariak, kargu hartzeaz gainera, hizkuntza aldatzen zuenez gero etengabe, ikasleek kontsolan hizkuntza batetik bestera nola aldatzen den praktikatu zuten. Horretaz gainera, egoera korapilatsuetan interpreteak izan beharreko jokabidea ere praktikatu zuten.

Betiere, saio bakoitzaren ondoren, ikasleek irakasleen feedbacka jaso zuten. Saio trinkoak izan ziren, eta, betiko moduan, denak gelditu ziren gehiagoren faltan. Praktikatzera, beraz!