Itzulpen-lehiaketa 2024
Ikus esleipena hemen
Lehiaketaren oinarriak
Itzulgaiak
Honako hiru obra hauek dira aurtengo itzulgaiak:
- Fatima Mernissi, Dreams of Tresspass
- Artur Pestana 'Pepetela', A Geração da Utopia
- Sheridan Le Fanu, Carmilla
Lehiatzaileak
Itzultzaile profesionalak zein hasi berriak izan daitezke lehiatzaile. Nolanahi ere, aurreko urteko lehiaketan itzulpenen bat esleitu zaien itzultzaileek ez dute parte hartzerik izango.
Proiektuak aurkezteko lekua eta epea
Lanak aurkezteko epea 2024ko maiatzaren 2an amaituko da, eguerdiko 12:00etan.
Aurkeztu beharrekoak:
a) Paperean aurkeztekotan, honela aurkeztu behar dira:
1. Lehiatzaileen eskura jarritako laginaren itzulpena, ezizen batekin.
2. Gutun-azal itxi baten barruan, itzultzailearen datuak adieraziko dira, eta ezizen bera errepikatuko da gutun-azalean. Hauek dira adierazi beharreko datuak: itzultzailearen izen-deiturak, helbidea, telefonoa, helbide elektronikoa, izenpea. Nortasun agiriaren fotokopia ere sartu behar da gutun-azal horretan.
Biak gutun-azal berean sarturik.
EIZIE elkartearen egoitzan aurkeztu behar dira lanak. Helbidea: Zemoria 25, behea - 20013 Donostia. Postaz edo mezulariz bidaliz gero, «Literatura Unibertsala» lehiaketarako dela adierazi behar da gutun-azalean.
b) Posta elektronikoz bidali nahi izanez gero, idazkaritza@eizie.eus helbidera bidali behar da mezua, gaia adierazirik: 'Literatura Unibertsala itzulpen-lehiaketa'.
Bi dokumentu bidali behar dira mezuaren barruan: batean, testuaren itzulpena bera, ezizen batekin; bestean, ezizen horren atzean dagoen itzultzailearen datuak (gorago adierazitakoak).
Itzulpenen bat obraren jatorrizko hizkuntzatik egin ezean, erabili diren sorburu-hizkuntzei dagozkien testuak aurkeztu behar dira. Nolanahi ere, jatorrizko hizkuntzatik itzultzea hobetsiko da.
Itzulgai bat baino gehiago hautatuz gero lehiaketarako, gutun-azal / mezu bana erabili behar da aurkezteko.
Epaimahaia
Hiru lagunek osatuko dute epaimahaia, jasotako itzulpenak aztertu eta esleipena egiteko. Itzulpengintzaren munduan aitorturiko gaitasuna eta prestigioa duen pertsona bana izendatuko dute Eusko Jaurlaritzak, itzulpenok argitaratuko dituzten argitaletxeek eta EIZIE elkarteak. EIZIEk idazkari bat ere izendatuko du, hizpiderik eta botorik gabe arituko dena. Epaimahaiaren erabakia atzeraezina izango da.
Esleipenaren jakinarazpena
EIZIE elkartearen webguneko albistegiaren bidez jakinaraziko da epaimahaiaren erabakiaren berri. Esleituak izan diren proiektuen itzultzaileei zuzenean jakinaraziko zaie.
Esleipenaren osteko kontratazioa
Esleipenaren ondoren, obra osoaren itzulpena egiteko kontratua sinatuko dute EIZIEk eta itzultzaileak, eta obra hori hirugarren batek argitaratzeko baimena emango dio itzultzaileak Elkarteari (Erein eta Igela argitaletxeek argitaratuko dituzte paperezko liburu forman eta e-book forman, bilduma honetarako bat eginik).
Ordainsaria
Dreams of Trespass: 5.677,00 euro | A Geração da Utopia: 10.741,00 euro | Carmilla: 2.278,00 euro
Bildumarako finkaturiko ordainsariak erabili dira, sorburu-testuaren eta hizkuntzaren arabera. Gaztelania: 24 euro orriko. Frantsesa, ingelesa, katalana, galegoa, portugesa, italiera: 27 euro orriko. Gainerakoak: 30 euro orriko.
Itzulpena jatorrizko hizkuntzatik ez den beste batzuetatik egiten bada, sorburu hizkuntzei dagozkien tarifen batez bestekoa erabiliko da.
Obrak itzultzeko epea
Liburuak itzultzeko epea orri kopuruaren araberakoa izango da, esleipena jakinarazten denetik hasita: 125 orri - 6 hilabete. Proportzio horren arabera kalkulatuko dira epeak.
Datu pertsonalen tratamendua
Deialdi honen garapenean jasotzen diren datu pertsonalak 2016/679 Araudian (EB) jasotakoaren arabera tratatuko dira. Araudi horrek pertsona fisikoak babesten ditu datu pertsonalen tratamenduari eta horien zirkulazio askeari dagokionez.
Lehiaketa honetan parte hartzeak oinarri hauek ontzat ematea dakar. Zalantzarik sortzen bada, antolatzaileari dagokio erabakia
Argibide gehiago, helbide honetan.