«Nola erabili corpusak modu eraginkorrago batean?» - 2016

Corpusek itzultzailearen eguneroko jarduna nola erraztu dezaketen aztertzea helburu hartuta, hogei bat lagun elkartu ginen Donostian, Euskaltzaindiaren egoitzan, urriaren 25ean eta 26an, Isabel Etxeberria Ramírez irakasle genuela. Interneten edonoren esku dauden euskarazko askotariko corpusen artean gutxi batzuk aukeratu, eta eskaintzen dituzten bilaketa-aukerak arakatu genituen. Orotariko corpusak ziren batzuk; espezializatuak, beste batzuk.

corpus1.jpg

Lehen egunean, EHUren Ereduzko Prosa Gaur eta Egungo Testuen Corpusa aztertu genituen. Bakoitzaren osaera azaldu, eta bilaketa-aukerak aurkeztu zituen, xehe-xehe, irakasleak: hitza, lema, bi osagai edo gehiagoren arteko distantzia eta, batez ere, morfologia-informazioa bilaketetan baliatzeko modua. Itzul posta-zerrendan agertutako zalantzak eta galderak erabili zituen adibide modura, bere uztako beste zenbait adibiderekin batera, zalantza horiek corpusen bitartez nola kontsulta daitezkeen erakusteko. Ondoren, beste adibide sortatxo bat aurkeztu zien ikasleei, bakoitzak bere ordenagailuan bilaketak egiten praktika zezan. Hala, bada, zerri/tonto/ergel… + halakoa eta zerria/tontoa/ergela… + halakoa aukeren artean zein erabiltzen den gehiago aztertu genuen; gezur hitza zer adjektibok lagunduta (handia, galanta, borobila, hutsa...) erabili ohi den bilatu genuen; Itzul posta-zerrendako abierto a las lenguas y las culturas galderatik abiatuta, zeri irekita/zabalik eta zertara irekita/zabalik erabilerak konparatu genituen; edo atzamar, behatz eta hatz lemen artean zein erabiltzen den gehien eta nork (itzultzaileek ala idazleek) erabiltzen duen aldaera bakoitza gehien aztertu genuen.

corpus2.jpg

Bigarren egunean zientzia arloko eta zuzenbide arloko corpus bana ezagutu genituen: Elhuyarren Zientzia eta Teknologiaren Corpusa eta EHUren Zuzenbide Corpusa. Bezperako prozedura berari jarraituz, hainbat adibide baliatuta bataren eta bestearen aukerak arakatu genituen. Hiztegiek proposatzen dituzten ehun konjuntibo eta ehun konektibo aukeren artean zein den erabiliena kontsultatu genuen, adibidez; edo zer bilakaera izan duten urteetan zehar garapen jasangarri eta garapen iraunkor terminoek; alderantziz proportzionala esapidea esaldi barruan nola erabili ohi den (tenperaturari alderantziz proportzionala zaio?, tenperaturarekiko alderantziz proportzionala da?, tenperaturaren alderantziz proportzionala da?…); datos de carácter personal izaera pertsonaleko datu ala datu pertsonal ematen den gehiago; edo nola/zenbat erabiltzen diren salbu eta… denean/duenean/dutenean… eta salbu eta… bada/badu/badute… joskerak. Ondoren, Elhuyarren Web-corpusen Ataria eta Euskaltzaindiaren Lexikoaren Behatokiaren Corpusa orotariko corpusak aztertu genituen, eta gaur egungo zenbait termino berriren inguruan kontsulta egiteko baliatu genituen: empoderamiento, aprendizaje basado en problemas, hacer un minuto de silencio eta beste batzuk.