Pierre Andiazabal ohorezko EIZIEkidea zendu da
2002an, ohorezko bazkide izendatu zuen EIZIEk.
Joan den larunbatean, maiatzak 16, hil zen Pierre Andiazabal apaiz eta itzultzailea (Urruña, 1923 – Kanbo, 2020). 1947ko ekainaren 22an apez ordenaturik, bikario-irakasle hasi zen Hazparnen urte berean eta, 1953az geroztik, Uztaritzeko Seminario Ttipian ere aritu zen irakasle. 1979an Elizbarruti arteko Seminarioaren administratzaile eta Baionako Elizbarruti Etxearen arduradun bihurtu zen. 1994an izendatu zuten Baionako Katedraleko kalonje tituludun.
Berrogeita hamarreko hamarkadaz geroztik zenbait hedabidetako kolaboratzailea izan zen (Gernika aldizkaria, Herria astekaria, Lapurdi Irratia…), eta Gogoeta Astearen sortzaileetako bat.
Garrantzi handia izan zuen meza euskaraz ematearen aldeko mugimenduan. Izan ere, hasiera-hasieratik jardun zuen liturgi liburuak itzultzeko elizbarrutiarteko taldean. Xipri Arbelbideren hitzetan, “euskarazko liturgiaren aita” izan zen.
2000. urtean, ohorezko euskaltzain izendatu zuen Euskaltzaindiak, eta, 2002an, ohorezko bazkide egin zuen EIZIE elkarteak. Itzulpen antologia III liburuan eman zigun Eustasio Etxezarretak eliz testuen itzultzaileen berri.