'Deserria itzultzen' - Itzulpen mintegia

Deserria.jpg


Mintegia

Arantxa Urretabizkaiaren Koaderno gorria eta Joseba Sarrionandiaren hainbat poema oinarri hartuta, Itzultzaile Berriak programako itzultzaileak lanean jarri genituen hiru egunez, idazleen ekarpenak lagun: Laura Liubinavičiῡte (Lituania); Mariya Petrova Pachkova (Bulgaria); Barbara Pregelj (Eslovenia); Katarzyna Sosnowska (Polonia); Karina Mischenkova (Errusia); Merilin Kotta (Estonia) eta Lenka Nižnanská (Txekiar Errepublika).

Itziar Otegi izan zuten lantegiaren koordinatzaile, eta Garazi Arrulak jaso zuen egunez egun han gertatzen zenaren berri.

Ekainaren 20an

Parte-hartzaileei ongietorria egin eta mintegiko saioak eta parte-hartzaile guztiak aurkeztu ondoren, Arantxa Urretabizkaia bere itzultzaileei zuzendu zitzaien, bere lanari buruzko argibideak emateko. Segidan, Miren Ibarluzea berriki egindako azterlan batez mintzatu zen, eta euskal idazle batzuek itzulpenari buruz duten jarrera eta ohiturak azaldu zizkigun. Gaian sartuz, Koaderno gorriari buruzko literatur solasaldi bat egin genuen, itzultzaile bakoitzaren irakurketa eta idazlearen ikuspegia partekatzeko asmoz.

Arratsaldeko saioa Joseba Sarrionandiari eskaini genion. Hasteko, idazlea bere itzultzaileei zuzendu zitzaien, testu bidez, bere obrari buruzko argibide batzuk emateko. Jarraian, Aiora Jaka eta Miren Ibarluzea Joseba Sarrionandiaren itzultzaile jardunaz eta itzulpenarekiko duen jarreraz mintzatu zitzaizkigun. Ondoren, mintegirako Josebak berak hautatu zituen hamabi poemei buruz solas egin genuen, nor bere irakurketa pertsonaletik abiatuta.

Sarrionandia, itzultzaile
(Aiora Jakaren bideoa)

Ekainaren 21ean

Idazleak eta itzultzaileak buru-belarri sartu ziren itzulpen prozesuan. Goizeko saioa Joseba Sarrionandiaren poemei eskaini genien, eta arratsaldekoa, berriz, Arantxa Urretabizkaiaren Koaderno gorria lanetik hartutako pasarte bati. Itzultzaileek lan horiek itzultzerakoan izan dituzten zalantzak eta zailtasunak, egin dituzten bideak eta hausnarketak, hartu dituzten erabakiak jarri zituzten mahai gainean, eta idazlearekin berritu.

Ekainaren 22an

Iñaki Iñurrieta eta Eva Linazasoro izan genituen gonbidatu, Urretabizkaiaren eta Sarrionandiaren lan batzuk (hurrenez hurren) gaztelaniara itzultzean izandako esperientziaz hitz egiteko.

Estilo ertainaren bila
(Iñaki Iñurrieta, Senez aldizkarian)

Jendaurreko ekitaldia

Azken egunean, ekainaren 22an, arratsaldeko 19:00etan, solasaldi baten bidez hiru eguneko jardun horren emaitzak plazaratu genituen, eta zortzi hizkuntzaren soinuak aireratu zituen irakurketa eleaniztun bat egin genuen, Xabi Strubellen musikaz jantzita.

Amaitzeko, mokadutxo bat eskaini genuen, parte-hartzaileen eta saiora bertaraturikoen artean solaserako abagune gisa.

Egitaraua

Egitarau honetan dago zehazturik nola jardun zuten parte-hartzaileek egunez egun.

Argitalpenak

Urretabizkaiaren Koaderno gorriaren pasarte bat eta Sarrionandiaren Hamabi poema argitaratu ziren gero, hainbat hizkuntzatan. Hemen.