Idazlea itzultzaileen lantegian - 2012

Euskaratik beste hizkuntzetarako literatur itzulpengintza sustatzeko ahaleginari jarraituz, Idazlea Itzultzaileen Lantegian ekimena antolatu zuen EIZIEk berriro ere 2012an.

Txartela2012.jpg
Lantegiaren kartela

Bederatzigarren edizioan, Frantziara eraman zuen elkarteak lantegia, Etxepare Euskal Institutuak eta EIZIEk sinatu zuten hitzarmenaren ondorioz. Pauen egin zituzten hiru egun (urriak 16, 17 eta 18) idazleak eta bost itzultzailek, UPPA Unibertsitateko LLC-Arc Atlantique laborategia bidelagun zutela.

Idazlea eta langaia

Mintegian, mahai beraren inguruan eseri ziren Eider Rodriguez eta bost itzultzaileak, Katu jendea ipuina ardatz hartuta, eta, Itziar Otegik koordinaturik, itzultzeko hiru bide desberdin aztertu zituzten: zuzenekoa, zeharbidezkoa eta lankidetzakoa.

Itzulgaia kokatzeko, Eider Rodriguezek bere literaturaren nondik norakoak azaldu zituen mintegiaren hasieran, eta Katu jendea ipuin sorta gaztelaniaratzeko prozesuaz ere hitz egin zuen.

Itzultzaileak

  • André Gabastou, Bernardo Atxagaren lanak frantseseratu dituen itzultzailea. Gatos ipuina izan zuen abiapuntu (Eiderrek berak gaztelaniaratua).
  • Henrike Olasolo eta Peter Smaardijk, Herbeheretako Zirimiri Press argitaletxeko kideak. Tandemean lan eginez, euskaratik nederlanderara itzuli zuten testua.
  • Joana Pochelu eta Gabi Schwab. Euskarazko jatorrizkotik zuzenean itzuli zuten Katu jendea ipuina frantsesera eta alemanera, hurrenez hurren.

Bidelagunak

Bazen beste berezitasun bat edizio honetan: Paueko Unibertsitateko Itzulpengintza masterreko ikasle eta irakasleek mintegi paralelo bat egin zuten, aldi berean eta itzulgai beraren gainean, eta saio pare batean bi taldeak elkartu ziren, esperientziak trukatzeko.

Amaiera ekitaldia jendaurrean, Paueko Gazteluan

Mintegiaren azken egunean, urriaren 18an, jendaurreko saioa izan zen ohi bezala, eta han azaldu zituzten mintegiaren esperientzia eta zenbait ondorio. Amaitzeko, Katu jendea ipuinaren pasarte bat bost hizkuntzatan irakurri zuten bai idazleak, bai itzultzaileek, bai UPPAko irakasle batek.

Lantegiaren emaitza

Aurreko edizioak