«Ingelesa-euskara itzulpen-mintegia» - 2018

tolare2.jpg

Hiru testu-motarekin, hiru irakaslerekin eta hiru saiotan aritzeko itzulpen-mintegia antolatu zuen EIZIEk ekainean, Donostiako Euskaltzaindiaren Luis Villasante Ikergunean. Zientziako testuak itzultzen jardun zuten zortzi bat ikaslek Ane Goenagarekin, literaturako testuak itzultzen Iñigo Errastirekin eta kazetaritzakoak/nazioartekoak Itziar Otegirekin.

EN>EU_Ane.jpg

Lehen saioan, ekainaren 19an, zientziako testuen itzulpenaz jardun zuten Ane Goenaga irakasleak eta ikasleek. Testu zientifikoek darabilten hizkerak zer ezaugarri izan behar lituzkeen aipatu ondoren, testu-lanketari ekin zioten, giro atseginean. Ingelesak dakarzkigun trabetako batzuk gogorarazteaz batera, euskararen baitatik ateratako irtenbideak aipatu zituzten, nork bereak. Saioan bidelagun izan zituzten euskara zientifikoak bere ibilbide labur bezain emankorrean estandarizatu dituen erabilerak, joerak, irizpideak…, albo batera utzi gabe euskal komunitateak Internet baliabidez hornitzeko egin duen eta egiten diharduen lan mardula, dela hiztegigintzan, dela terminologiagintzan… Saioa motz geratu zen aipatzea merezi zuten guztiak aipatzeko.

Bigarren saioan, ekainaren 20an, ingelesetik euskararako literatura-itzulpenaz jarduteko elkartu ziren ikasleak Iñigo Errasti itzultzailearekin. Bakoitzak bere burua aurkeztuta, Errastik, ikastaroaren deialdian ohartarazitakoaren haritik, literatura-itzulpenean egindako ibilbidetxoaren berri eman zuen: nola hasi zen literatura itzultzen, zer liburu itzuli dituen, nola egiten duen lan, zer kezka/arazo izan eta izaten dituen eta nola saiatzen den halakoak konpontzen, nori zer ikasi dion… Saio-gidariaren ikuspegitik abiatuta, taldeko guztien iritziak agertu ziren ikastaroan, asmoa hasieratik izan baitzen denak aritzea bizipen- eta iritzi-trukean.

Gero, Truman Capoteren testu bat landu zuten, The Grass Harp nobelaren zatitxo bat. Alde batetik, aukera izan zuten ingelesezko literatura-testu moderno bat itzultzeko eta, bide batez, autorearen zein egungo ingeles amerikarraren ezaugarri batzuk aipatzeko. Bestetik, testuaren xehetasunek hainbat aldiz eman zieten aukera gai orokorragoak ukitzeko, eta, hala, une oro aritu ziren zehatzetik orokorrera eta orokorretik zehatzera joan-etorrian.

Horren ostean, Charlotte Brönteren Jane Eyreren hasierako pasarteak landu zituzten. Guztiz bestelako testua, aurrekoaren aldean. Testu klasikoa izanik, beste era bateko idazkera, tonua eta hizkuntza izan zituzten esku artean, eta, Capoteren testuan ez bezala, esaldi luze eta korapilatsuak lantzeko parada egokia izan zen.

Azkenik, orduek bizkor-bizkor ihes egin baitzieten, gain-gainetik pasa zuten gai bat literatura-itzultzailea sarri kezkatzen duena: nola itzuli dialektoak, hizkera zabarra, pertsonaia jakin baten hitz egiteko modu berezia?

Hirugarren eta azken saioan, ekainaren 29an, Itziar Otegik hartu zuen ikastaroaren txanda. Hasteko, Ostiral Santuko Hitzarmenaren garrantziaz bi hitz esan zituzten, eta azkenaldi honetan hedabideetan hain sarri agertzearen arrazoiez mintzatu. Hurrena, ingelesetik itzultzeko baliabide nagusien errepasoa egin zuten: hiztegi elebakarrak, metabilatzaileak, hiztegi elebidunak, terminologia datu-baseak, corpusak… Eredu gisa baliatzeko moduko testuen urritasuna aipatu zuten, baina baita adibide batzuk zerrendatu ere. Bestalde, aldez aurretik hautatuak zituzten hitzarmenaren testu osotik hamar zati esanguratsu, parte-hartzaile bakoitzarentzat bat, gutxi gorabehera. Nork bere zatiaz egina zuen itzulpen-proposamen bat eta termino eta esapide esanguratsuenen entresaka. Horiek abiapuntu hartuta, itzulpenak fintzen saiatu ziren, zailtasun lexiko, sintaktiko eta ortotipografiko nagusiak eztabaidatu ahala. Arratsalde osoz jardun zuten horretan, eztabaida bizian. Emaitza gisa, glosario osatu bat eta hitzarmenaren pasarte interesgarri batzuen euskarazko itzulpena, auzolanean eginak. Bere laburrean, emankorra izan zen saioa, nahiz gehiago sakontzeko hari eta pasarte ugari geratu zitzaizkien. Beste baterako, agian.

2018-07-03